Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Tabua etakide baten amets batean

mzap 2006/11/09 11:09

Tabu politikoa literaturan bilatzekotan, hilketa, inbasio militarra eta tortura tarteko direnez, zentzuzkoena etakideen artean bilatzeak dirudi.

Bestalde, sarritan egunez eta ohartuki baino zorrotzago eta zintzoago urratzen ditugu geure tabuak, politikoak barne, gauez eta ametsetan.

Halatan, euskal eleberrietako etakideen ametsak azterturik, nabari da “Labartzari Agur”eko Antton Ihartzegarairen bigarren ametsa dela tabuak urratzeko orduan aberatsena, batez ere Ihartzegarairi berari tabu zaizkionak.

Hain zuzen, egunez bere buruari berak onak eta etsaiak gaiztoak direla eta etakidea odola aberriaren alde ematen duen martiria dela azpimarratuko liokeen Anttoni berari, bigarren ametsak gauez Enrique kartzelaria eta bera azken batean berdinak direla eta martiritzaren irrigarria ikusaraziko lioke.

Dena den, eta egunez, atzo aipatu tabu nagusi biak ageri dira eleberrian apurturik: batetik, Ihartzegarai borroka armatuaren alde dago; bestetik, Enrique kartzelari espainolaren aiurria ohikoa da torturatzaileen artean, eta etsaiaren lurra militarki inbaditu eta okupatzearen aldekoen artean. Gainera, Ihartzegarairen kontrafigura eta osagarri gisa duen garrantzia azpimarratzekotan Enriquerenak dira eleberriko lehen hitzak, eta bigarren ametsaren protagonismoa, Ihartzegarai amesgilearenarekin batera noski.

Antton Ihartzegarai bakarrik dago, bere taldearen tabu nagusiak aldatu direlako. Egoera tragikoetara eta eromenera eraman dezake tabuaren aldakortasunak eta erlatibitateak. Berriki arte Anttonek bere taldetzat duenak borroka armatua beharrezkotzat jo izan du. Baina dotrina nagusia aldatu da honezkero, Anttonen ikuspuntua ez bezala. Bakardade horrek, iraganarekiko obsesioaz gainera, ez dio nerbioak baretzen batere lagunduko.

Espainian ere tabu aldaketa nabarmena gertatzen ari da. Dagoeneko nik dakidala behintzat hedabide nagusietan ez da behin eta berriro aldarrikatzen euskaldunen asmo politikoak militar okupazioaren bidez suntsitu beharra, orain dela zenbait urte, bigarren aznarraldian zehazki, Ibarretxe planaren karietarat Gregorio Peces Barba batek “El Pais”en egiten zuen bezala.

Polita litzatekeen arren aldi berean desagertzea hilketa politikoa eta inbasioaren eta torturaren zemaia, ematen du militar espainolen mehatxuak, ETAren sorrera baino lehenagokoa, luzaroago iraungo duela ETAk baino.

Tabu politiko nagusiak geurean

mzap 2006/11/08 08:15

Tabuak erlatiboak izan arren, taldearen mintzamoldearen eta neurri apalago batean jokabidearen araberakoak, erabaki liteke beharbada erlatibismo hori baztertu gabe zein diren gurean, hots, Espainian, tabu politikorik hedatuenak.

Alde batetik, “borroka armatua berpiztu beharra dago, bortxak libertatera garamatza, ez dago aberria askatzerik etsaia hilez baino.”

Bestetik, “Konstituzioaren zortzigarren artikulua baliatu eta ama Espainiaren gorputzaren zatitzea eragotzi eta separatismoaren mehatxua uxatzearren espainiar armada bidali behar dugu lurralde traidoreetara, eta torturatu behar izanez gero aurrera bolie.”

Hau da, gaur egungo tabu politiko nagusia litzateke helburu politikora etsaia hilez edo inbadituz eta torturatuz hurbil gintezkeela aldarrikatzea. Hain zuzen, hainbat tradiziok du “ez duzu hilko” debeku nagusi. Eta tabu hauslea gizarteak zigortu egiten du, errudun sentiarazi. Freudek dioenez, urratzaileak sarritan bere burua hiltzen du, hain sentitzen baita gaizki eta errudun. Hala ere, hausleari aldi berean gozamen iturri ere izan dakioke zigorraren arriskua eta gizartearen gaitzespena.

Politika bortxaz ezarri behar dela aldarrikatzeak ez du dena den ezein taburik urratzen. Guztiok onartzen dugu gutxi-asko edozein Estatuk, Nafar Estatuak ere bai, zilegi lukeela bortxa erabiltzea, hein batean bederen.

Baina dirudienez honezkero bada tabu etsai politikoa militarki inbaditzea, torturatzea edota zuzenean garbitzea onerako izan litekeela.

Dena den, tabu politikoaren erlatibismoa are gehiago nabaritzen du aintzat hartzeak gurean zenbait talde txikitan etsaia hiltzea espreski onartzen eta goraipatzen dela, nahiz eta gero jendaurrean tentuz ibili behar izan.

Torturaren kasuan berriz alderantziz gertatzen da. Inork ez bide du jendaurrean aldezten baina denboran gehiago luzatu da hilketa politikoa baino. Azkeneko tortura salaketa Sandra Barrenetxearena izan da, apirilaren 24an atxilotua. Suetenaz geroztik gutxiago torturatzen da.

Esan liteke ETAren ekintzei dagokienez luzaroago iraun duela hilketaren hitzezko defentsak hilketak berak baino, eta espainolen aldetik berriz gehiago luzatu dela torturaren praktika torturaren jendaurreko eta hitzezko defentsa baino.

Por fin en castellano, qué alegría

mzap 2006/11/07 10:36

Qué tranquilidad, poder escribir en una lengua tan rica y flexible como el español, instrumento con el que gracias al arrojo de nuestros ancestros puedo comunicarme incluso con Evo Morales, no como el gallego y el catalán, esos dialectos menores, o el vascuence, menuda almorrana.

Horrelako zerbait esatea Galeuscan, nahiz idazle katalan, galego eta euskaldunak gehien espainoltzen dituen jardunaldia izan, tabu bati hurbiltzea izan liteke. Ordea, berton aldarrikatuz gero Espainia gaiztoa dela ez genuke inongo taburik urratuko: espainolek ziurrenik ez lukete aldarri horren berririk eta agian geure autoestimua sustatzeko balio lezake.

Tabua erabat erlatiboa baita, ageri den taldearen uste nagusien araberakoa beti ere. Aznarrek gehiengo absolutuz irabazi eta bere jarraitzaileek “Pujol, enano, habla en castellano” garrasi egin zutenean, orduan han megafono batez “Visca Catalunya lliure!” oihukatuz gero bertako tabu bat urratuko zatekeen. Blokeko talde frankotan Fraga goraipatzea tabu da, baina beste batzuetan are tabuago Ferrin goraipatzea.

Erabateko esklusibotasunik ere zaila da aurkitzen: txinpantze talde batzuetan intzestua tabu da.

Ez taldeei dagokienez bakarrik, gizabanakoak kontuan hartuta ere tabuak erlatiboak dira, eta aldatzen dira ez soilik lagun batetik bestera, baizik orobat garaiz garai. Uzki sarketa bat urratze gorena izan liteke orain, baina aspergarri geurtz. Urratzearen errepikatzeak tabuaren aura ahultzen du, uzkiaren harridura bezainbeste, eta gizakiok berehala gogaitzen gara, tabu haustea segituan bilakatzen zaigu inertzia edo automatismo.

Orduan ageri da jarduerarik goibelenari ekiteko arriskua, alegia, zein tabu hautsi bilatzeari. Haustea nahimenak eta adimenak zuzentzen baldin badu negargarri gertatzen da, aberaskumea iraultza-olgetan aitatxok paga jaisteaz mehatxatu arte. Profanazioa sinesgarri eta estimagarri grinak egiten du, tabu jakin bat hausteko behar apasionatuak, behar politiko, afektibo, estetiko edo dena delakoak, erremediorik ezak.

Etorkinak eta borondate ona

mzap 2006/11/06 12:18

Lehen Hezkuntzan D ereduan sartzen diren etorkinei behar bezala lagunduz gero euskaraz ondo ikasi eta maiz aurrera egiten dute Bigarren Hezkuntzan. Etorkinak berez ez du arazorik euskaraz ikasteko. Gertu izaten da edozer ikasteko, oso jarrera zabala izaten du. Aldiz, bertoko ikasle-irakasleak maiz apoltronatuegi gaude, esne mamitan bizi izan gara eta ez dugu ikasteko aukera merezi legez baloratzen, ez dugu eguneroko bizitza kordokatua, mehatxatua eta arrakalatua sentitu.

Etorkin askok sorterriko ikastetxea suntsitua du, bere adinkideak iskilua eman eta gerrara behartzen dituzte. Eta garbi dute: aukeran nahiago eskola gerra baino. Euskara ikasi behar izan arren.

Euskaraz ikasteari dagokionez benetako arazoa euskararen aurkako aurreiritzi politikoak dituzten gurasoen seme-alabek sortzen dute eta horrelakoak gehiago dira bertokoak etorkinak baino.

Bestalde, ez du ematen Euskal Herria bereziki xenofoboa denik. Baina bai neurri batean txirofobo. Bill Gates, Armando Ortega edo Ronaldinho ondo hartuko genituzke, baina diru laguntza behar duena ez zaigu horrenbeste gustatzen.

Gure ikastetxean etorkinen integrazioa nahiko ondo doa. Kopuruak ere zentzuzkoak dira: 350 bertoko, 10 etorkin. Badugu ikasle errumaniar bat, Elena Luminita Tanase, zuzendaritzaren eta ez euskaraz ez espainolez ez dakiten guraso errumaniarren artean itzultzaile lanak egiten dituena. Errumaniera-euskara, euskara-errumaniera.

Dena den, arazoak izan ditugu. Bai baitira nolabait esateko berezko etorkinak. Baina beste batzuk irudi luke CESIDak edo CNIk gure gizartea oraindik gehiago desegituratzeko erabiltzen dituztela.

Bermeon orain ez dugu D eredua baino. Duela bizpahiru urte bazen B eredua, eta Etika euskaraz eman behar zen. Han baziren euskaraz zekitenak, tutik ere ez zekitenak eta ez euskaraz ez gaztelaniaz ez zekien australiar bat. Neska hori Bermeora bidali zuten... espainolez ikastera! Con lo ancha que es Castilla. Eta B ereduan sartu. Ikasturte osoan izan genuen B ereduan espainolez ikasten.

Benetan erabakigarria da gaur egungo jarrerak sendo finkatzea etorkizunari begira. Gero eta etorkin gehiago iritsiko zaizkigu. Karrikan ez dute euskaraz ikasiko. Eskolan badute aukera. Ez dago ordea erantzukizun osoa irakasleen borondate onaren esku uzterik.

Gure ikastetxean lanik astunena irakasle batek egiten du gratis et amore, ordutegitik at, bihotzak eta etikak bultzatuta, Xabier Santamaria-Amurriok. Zenbat buruhauste, zenbat telefono, zenbat bilera! Eta gero gainera funtzionarioen alferkeriaz sarkasmoak jasan behar!

Jaurlaritzak dirudienez espero du irakasleok santutasunaren bideari ekingo diogula, irakasleon borondate onaren bizkar utzi bide du konponbidearen funtsa. Eta egia da makina bat dabilela arabierazko, errumanierazko eta portugesezko Assimil-ak erosten eta ikasten, bere dirutik eta bere aisialdian.

Baina hori oso hauskorra da. Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin beharko luke etorkinak ganoraz euskalduntzeko baliabideak zaintzeko orduan. Alegia, dirua behar da. Zeregin handia dago eta aski baliabiderik ez. Hezkuntza Saila galduta bezala dabil, arazoari ez dio benetan duen garrantzia aitortzen, ez du nahiko laguntzarik ematen. Gurean laguntzarako astean 9 ordu baino ez dugu lortu, asko kostarik gainera, gogor negoziatu ostean. Oso gutxi da halere.

Hezkuntza Sailean inprobisazio handia nabari da, ez dago etorkinei behar bezalako harrera egiteko azpiegitura sendorik.

Edonola ere, ez da ahaztu behar eskolak bakarrik ezin duela hizkuntzaren ezagutza sakona bermatu. Berebiziko garrantzia dute orobat etxeak, lagunarteak, inguruak, hedabideek. ISEI-IVEI-k DBHko laugarren mailan, 15-16 urte, proba bat egin du euskararen ezagutza neurtzeko. A ereduak ez duela inor euskalduntzen egiaztatu du. Bagenekien. Baina B eta D ereduek ere ez dute euskararen ezagutza bermatzen: horien artean ehuneko 60, eskolan txikitatik B eta D eredu euskaldunetan ikasi ondoren, ez dira euskaraz moldatzeko gai.

Saharar baten fandangoa

mzap 2006/11/05 19:01

Ikasgelan gerta daitekeen berrikuntzarik zoragarrienetako bat etorkin komunikatibo atsegin baten agerpena da. Isilen eta lotsatien xarma bestelakoa da, eta badira bestalde batere xarmarik gabeko franko, autoktonoen artean bezalaxe.

14-18 urteko ikasleen obsesio bat izen ona izaten da, populartasuna laguntaldean eta ikastaldean. Eta ikasle taldeak betearazten dituen arauak talde klandestinoenak eta sekta apokaliptikoenak baino zorrotzagoak izaten dira, besteak beste zaletasunei, mintzamoldeari eta janzkerari dagokienez. Arrastotik apur bat bereiziz gero, akabo eta fini: iseka, baztertzea eta abar. Taldeari goitik behera egokitzen zaio nerabea, ikaskideen onarpena behar du, gatazkarik ez.

Eta hara hor etorkin zoriontsua, beste arraza batekoa, bestelako ohiturak eta balioak dituena, umore bertokoontzat arraro eta sarritan ulergaitza batere lotsarik gabe erakutsiz, sorterriko gorabeherak sekulako graziaz kontari, ikastaldeko jauntxoek eta harroxkoek abiarazten dituzten irainak eta trufak nahi gabe bezala ebakiz. Inozentzia saindu batek mugitzen ote du, edo azerikeria goxo batek, edo biak nahasirik?

Gali Muhamedek berehala deuseztatu ditu taldearen uztarri lodiak. Apurtu dira kateak. Biba Berango.

Etorkinari euskarak aukerak zabaldu

mzap 2006/11/03 19:00

Hego Euskal Herrian espainola ia berez ikasten da. Bestalde, Hego Euskal Herrira datozen etorkinen %65 Latinoamerikatik datoz, badakite espainolez.

Hala ere, ikasle horiek ia beti A ereduan eskolatzen dituzte.

Alde batetik, errukiz mozorroturiko gurasokeria ergel batek bultzatuta: ume gizajoa, ez al du ba aski arazo orain gainera euskaraz ikasten hasi behar izateko, ikas dezala hizkuntza gorenean, denok ulertzen duguna, telebistan eta zineman nagusi dena.

Bestetik, badira zenbait irakasle etorkinen interesa eta etorkizuna bost axola zaiena baina aurreiritzi ideologikoengatik euskara zokoratu dutenak. Bertoko guraso eta umeek euskal irakaskuntzaren alde gero eta nabarmenago egiten dutenez, lanpostua kolokan ikusi eta etorkinak salbabide bilakarazi nahi dituzte: “Estos para mí y no me quedo sin horas.”

Etorkinei ordea egia osoa zor diegu. Eta egia bada ere Euskal Herrian ez dela zaila euskara barik bizitzea, lan aukera zabalagoa izango dute euskaraz jakinik, erosoago biziko dira Hegoaldeko bi hizkuntzen jabe izanik, telebistako programa batzuekin barre egin ahalko dute eta bertsolariei ulertu, noizbait lehendakari izango balira euskaraz ikasteko lana aurreraturik leukakete.

Izan ere, makina bat lagun ikusi dugu gorriak errezatzen, bere garaian eskolaren bidez modu natural samarrean euskaraz ikasi ez eta gerora helduaroan ahaleginak eta bi egin behar izateagatik, hainbat zereginetarako euskara behar dutela eta.

Hego Euskal Herriko ikasle gehienek euskaraz ikasten dutelarik, etorkinari euskal gizartean txukun txertatzeko baliabideak lapurtu egiten dizkiogu eskolako euskara ukatuz. Kulturartekotasuna baitugu helburu, integrazioa, eta ez asimilazioa, baina ezta marjinazioa edo ghettizazioa ere. Eta euskara ukatuz marjinazioa eta ghettizazioa ari zara sustatzen.

Zabor kutuna

mzap 2006/11/02 07:28

Zaborrak begirunea merezi du, biziak ezinbestean sortzen baitu zaborra. Parmenidesek Sokrates gazteari aholkatu zion gauzarik xumeenak eta baztertuenak ez arbuiatzeko, esaterako zaborra. Lévi-Straussek zaborrak hiriaren eta oihanaren artean egiten duen bitartekaritza lana nabaritu du, lanbroak lurraren eta zeruaren artean egiten duenaren gisakoa, edo errautsak etxearen eta ortziaren. Horrela, hainbat tributan ohikoa duzu errautsezko, lanbrozko edo zaborrezko amuleto edo kutunak erabiltzea.

Edozein gisaz, errauskailuen arazoa dugu orain, zaborra nola desagerrarazi. Roman Garmendia filosofoak gutun bat idatzi dio “Berria”ko zuzendariari hiena saldoak inportatzea proposatuz, zaborra jan dezaten.

Telezaborra deiturikoan, ordea, zein da zaborra, zein hiena? Kazetaria, ospetsua, programa, ikuslea? Ospetsu hil berri zenbaiten kaka nola ari diren astintzen kontuan hartuta, esan liteke telebistaren eta ikuslearen arteko harremana, zaborraren edo gorpuen eta hienen edo saien artekoa bezalakoxea dela.

Izan gintezkeen urretxindorrak, oreinak edota ziminoak; izan gintezkeen, Chandler-ek zioenez, “urrezko tximeletak hodei larrosetan jirabiraka” (“Ez adiorik”, Igela, 38 or., Olarra itzultzaile).

Baina hienak gara.

Ziaboga jaiak

mzap 2006/11/01 12:17

Frantziako Iraultza, Maiatzaren Lehena eta antzekoak ederrak dira bakanak direlako, salbuespenak horrenbeste sainduren artean, eta aurrerapauso eta hobekuntza zehatzak ospatzen dituztelako. Baina jaien artean urtearen ziabogak sentitzen ditut barru-barruan, neguko solstizioa eta udakoa, Gabonak eta San Juanak.

Udako solstizioak, San Juan Gauak eta, eguzkiaren gainbeheraren hasiera ospatzen badute ere sentimendua indartsua da eta zoragarria, behetik gora, lurretik eguzkirantz nagusitzen zaizun bultzada bero onuragarri bati ongi etorria.

Aldiz, neguko solstizioko jaiek, eguzkialdiaren luzatzearen eta indartzearen hasiera ospatzen dutenek, sentimendu eta musika goxo baina goibel bat eragiten dute, oso lirikoa, ilunabarrez herri ezezagun batean sartzen zarenean bezala.

Jaiegun berriak

mzap 2006/10/25 18:32

1-Bai Hispanitatearen egunean eta bai Konstituzioarenean beti ireki izan dugu lantokia. Zaila baitzaigu Guardia Zibilaren eguna ospatzea, nahiz Pilarikarena ere izan. Gestaporena ospatu beharra ere gogorra egingo litzaiguke, edota Kadirov-ena eta Anna Politkovskaia akabatu zuten Putinen lekaio edo esbirroen eguna.

Pilarreko Ama Birxinak mesede handiak egin dizkigu gizakioi, batez ere euskaldunoi. Nafarroako Blanka hiltzat jo zuten eta Pilarrek berpiztu zuen. 1637an eskale bati zangoa anputatu zioten eta hiru urte barru Ama Birxinak mirariz eta tanpez berregin zion. Pedro Apaolaza artzapezpikuak aldarrikatu zuen gertakizunaren mirari izaera. Beti ibili gara Pilarikarekin harremanetan. Begirunea zor diogu.

Badut lagun bat (izena nahiago du gordean), Fernando Arrabalen dizipulu eta ateo gogorra, Jainkoagan ez baina Pilarikagan aitzitik fede sutsua duena. Mirarien inguruko ironiarik ez haren aurrean. Pilarikak asko lagundu ei dio bere lanean, ordutegi onak lortzen, lantoki egokiak.

Aspaldion Pilarikari eskatzen ari zaio Diputazioak zentzuna eskuratu eta “Hitza”k diruz lagun ditzan.

2-Horrenbestez, Pilarikaren jaia ez da Egutegitik kendu behar. Ezta pentsatu ere. Gehienez ere ordeztu. (Joan den mendeko pentsalari politikorik garrantzitsuena izan dugun Hannah Arendt-en jaiotza ospatuz esaterako urriaren hamalauan.)

Bistan da lan gehiegi egiten dugula eta jai egun gehiago behar ditugula. Daudenei eutsi eta berriak asmatu. Arabiar eta txinatar etorkin ugari dauzkagu, eta abegi on egiteko era dotore bat litzateke esaterako Ramadanaren hasiera eta amaiera ospatzea, edota Bruce Leeren eta Txin Furen jaiotza. Beti ere hobe jaiotzak ospatzea heriotzak baino. Kezkagarria baita bataila galduak ospatzeko dugun joera: Noain, Amaiur, karlistadak, Gerra Zibila. Beti galtzen dugunez badugu non aukeratu.

Gainera, Irun eta Hondarribiko Alardeetan, dirudienez, irabazi zigun etsaiaren soinekoak janzten ditugu. Fredi Paiak “Berria”n idatzi zuen horrela jarraituz gero aurki Gasteizko Katedralean 1975an Fragak eta Martin Villak akabatu zituzten bost langileen hilketa ospatu egingo dugula pikoletoz jantzita.

Hannah Arendt eta kontsumo gizartea

mzap 2006/10/16 09:07

Hannah Arendt izan da kontsumo gizartearen kritika hitzez hitzezkoa egin duen lehenbizikoa. Ez du, ohi bezala, behar aizunak eta faltsuak artifizialki sortzen dituen heinean kritikatu, baizik “kontsumo” gizarte den heinean.

Arendtek lana, fabrikazioa eta ekintza bereizten ditu.

“Lanak” bizitzako prozesuak barnebiltzen ditu. Lanak ez du hasierarik ez amaierarik, kontsumo-gaiak ekoizten baititu, eta kontsumo-gaiak hain zuzen kontsumituak izatera daude destinatuak, alegia suntsituak, eta kontsumituak ez badira denborak akabatzen ditu. Halatan, lanean amaierarik ez ezik helbururik ere ez dago, bizitzaren helburu bakarra kontsumoa baita. Bizitzarenak errepikatzen diren prozesuak dira, eta ziklikoak: etengabe ekoitzi behar dira behin eta berriro kontsumo-gaiak. Bizitzeko kontsumitzen dugu baina hein handi batean baita kontsumitzeko bizi ere. Zentzu honetan betiereko itzulera dugu, ekoitzi eta kontsumitu, prozesu aseezin bat, gizakia errepikatze azkengabe horretan irenstearekin mehatxatzen duena.

Kontsumo-gaia, bestalde, ez zaigu bere horretan ageri, ezin dugu benetan ikusi, ez baitzaigu bulka baten korrelatu baino, berehala geureganatu beharrekoa.

Oso bestelakoa da “fabrikazioa”: batetik, badu hasiera, baita helbururen bat ere. Fabrikazioak eredu bat aurreikusten du, proiektatzen du, eta behin obra eginikoan bukatu egiten da. Horrela, lanean ez bezala giza denbora sortuko da fabrikazioan, etorkizuneko proiektuari lotua.

Bestetik, bizitzako prozesuetatik bereizte bat ere badago, askatze bat, fabrikazioak obra bera ikustea ahalbidetzen baitigu: izan ere, kontsumo-gaia ez bezala, fabrikaturiko obra ez da pultsio eta behar baten korrelatu huts; aitzitik, jarrera naturala kako artean zintzilik gelditu eta zabaltze bat gertatzen zaigu obraren aurrean, irekitze bat. Bertan obra bera ageri zaigu. Heideggerren berbetan, erleak ez du lorea lore den heinean ikusten; kitzikapen bati, kolore bati erantzuten dio. Gizakiak aitzitik zenbaitetan bai. Eta obrari bere horretan begiratu ahal izateak zure burua beharraren prozesu naturaletik askatu duzula adierazten du, obraren aurrean pentsatu egin bailiteke, ez soilik erreakzionatu.

Arendtentzat hori mirari antzeko bat da. Konrad Lorenz bizitzaren mirariaz mintzo zen: adaptazioa zen Lorenzentzat miraria. Arendten miraria berriz prozesu naturalaren etetea da, edo bestela esanda giza ekimena, hasiera. Hasiera horrek zabaltzen digu aurrean duguna.

Hala ere, fabrikazioa itzul daiteke erabiltze hutserako gauzen ekoizpen izatera; horrela, fabrikazioaren esparruan berriro ager liteke gizakiek erantzun eta erreakzionatu baino egin ez dezaketen kontsumo-gai bilakaturiko gauza mordoa. Kasuotan gauzak berriro opaku bilakatzen dira, ez zaizkigu beren horretan ageri, baizik bitartekoen eta helburuen kateamendu naturalean harrapatuak.

Azkenik, “ekintzak” pluraltasuna babesten du. Ekintzak ahalbidetuko liguke jasorikotik eta ekonomiatik bereiztea eta askatzea. Baina gure garaiak aukera hori gero eta nabarmenago ukatzen digu. Balirudike ekintza desagertu dela, lanaren eta kontsumoaren txandakatze monotonoaren mesedetan. Egia da aukerak sortu ditugula lan gutxiago eginez gehiago kontsumitu ahal izateko, baina bizitzaren zikloan harrapatuak jarraitzen dugu haatik. Zentzu horretan deritzo Arendtek gureari “kontsumo gizarte”. Arendtek kontsumoan naturaren mendekua ikusten du, kontsumo gizartean bizitza, biologia, gainerako giza esparruez nagusitu bailitzan.

Totalitarismoaren ezaugarri baldin bada politika eza, edo ororen politizazioa, Arendtentzat gure gizarteetan kontsumoa bizitza aktiboaz jabetu da. Gizakien arteko harreman politikoa beharrean agertoki publiko batean, kontsumoa kitzikatzeko publizitatea dugu, eta politika bera publizitatearen menpe.

Paradoxaz, zenbat eta teknikak bereganatuagoa gizartea, hainbat eta nabarmenago itzultzen da gizakia “animal laborans” huts izatera, dinamismo bizi eta bortitz batera, bizi prozesuaren etengabeko zikloan preso, beti lanaren eta kontsumoaren beharraren menpe. Halatan, gaur egun ekintza guztiak kontsumoaren arabera mamitzeko joera genuke, “kontsumo” hitzaren zentzu biologikoan.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.