Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Bertikaletik horizontalera

Bertikaletik horizontalera

mzap 2007/03/07 09:23

Gure gaztaroan kulturaren adierazpenik indartsuena kontrakultura zen eta lehenagoko belaunaldien aurka egituratu zen. Orain berriz belaunaldien arteko aurrez aurreko gatazkari muzin egiten zaio oro har eta nerabeek gugandik ihes egiteko bide eragingarriagoak erabiltzen dituzte, gatazkak estu lotzen baititu aurkakoak. Orain ezikusi dotore bat da nagusi: dirua eskatu eta lehenbailehen alde.

Bestalde, Aristotelesek bere buruari galdetzen dio nola bultzatu ikastera berez zale ez dena. Helduen, arbasoen eta gizartearen aurrean itxura ona eman nahi dutenak ikusten ditu Filosofoak ikasteko gertu, herabetasun edo “laidos” hori dutenak. Gaur egun ordea lotsatzeko gaitasuna duten gazteak taldekideen aurrean lotsatuko zaizkizu baina deus gutxi gurasoen, irakasleen eta helduen aurrean.

Era berean, oraingo gazteek gurea baino autonomia handiagoa dute gurasoengandik etxe barruan, mugikorrari eta txatari esker besteak beste. Gurasook ez dugu inolaz ere sartzerik esparru sekretu horietan, ezin ditugu kontrolatu.

Gure alabek esaterako eskura eta kontrolpean dute etxe osoa; ez bakarrik gure tiraderak eta armairuak eta irensgailuaren sabela; gure mugikorrak eta ordenagailua ere bai. Aldiz, gu ezin gara inondik inora haien mugikorretan edo ordenagailuan sartu, egundoko harresiak baitituzte eta pasahitz esoterikoak.

Aitzitik, gune opaku horiek lagunez gainezka izaten dituzte, ia beti adinkideak.

Izan ere, mundu osoan aldiberekotasun horizontala nagusitzen ari zaio arbasoengandik datorkigun lerro bertikalari. Hamalau urteko euskal nerabe batek hurbilago du Minnesotako, are Bonbayko beste edozein nerabe, aitite eta amuma baino: denek dakite gutxi gorabehera ingelesez, txikitandik ikusi dute The Simpsons, Dragoi Bola eta Shin Chan... Eta hedabideek sakonkiago eragiten diete guri baino. Mugikorraren eta interneten erabiltzeak garunen mutazioa ekartzen ari da.

Berebat, hiri handietan odola garrantzia galtzen ari da herentzia emateko orduan, gero eta maizago uzten zaio seme-alabei beharrean lagunari edo telebistako aurkezle gogokoenari.

Oso orokorra da mugimendu hori. Jendarte tradizionalean, dirudienez, funtsezkoa zen jatorrirantz atzera egiten zuen lerro bertikala; hiri modernoetan berriz garaikideekiko harremana da nagusi.

etiketak: kalakakoak
Ugutz
Ugutz dio:
2007/03/09 17:15

Markos, gaur klasien hitza irakurten... ta zeu portadan! irakurri elkarrizketie ta... Izaro Mundakarrari emonbilekitzagule???? Ezta pentsa bez!!!

Zeure Errua eta Maitasuna gudot erosi baie eztaitz non, Luman salduko dauie? edo Bilborarte junbiko nai Elkar megadendan erosten?

Zeure erantzunaren zain Harribolaseko Karramarrue

PD: Ta spamaren aurkako galderie... letratakue nazela!

Patxi
Patxi dio:
2007/03/08 02:40

Markos, ez dago gauza errezagorik gune opakuak zeharkatzea baino. Ez daukazu euren txatetan sartzea besterik, ezizen bat erabiliz, noski. Zuk beste inork baino hobeto ezagutzen dituzu, beraz, badakizu nola iritsi euren bihotzaren erdiguneraino.

Hauen konfidantza irabazitakoan, euren lagun bihur zintezke, sekreturik gordeenak jakin, aita gisa inola ere lortuko ez zenukeena.

Erantzun honek nolabait erne mantenduko ditu bolara batean, ez dituzte ezezagun berriak euren zerrendan onartuko, baina ezin dira ilusioaren ateak betirako itxita mantendu...

Zorte on.

Eli
Eli dio:
2007/03/07 14:20

Baudrillarden heriotza ez zen inoiz gertatu.

Halere haren simulakro bat desagertu zen atzo Parisko erietxe batean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.