Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Eman dirua eta utzi bakean

Eman dirua eta utzi bakean

mzap 2007/04/29 21:19

1-Espainiako Gobernuak, oposizioak, Eusko Jaurlaritzak eta ezker abertzaleak ezikusia egiten diete politikan erabil ez ditzaketen biktimei. Espainiako Gobernuak eta gaur egungo oposizioak, Gobernuan zelarik, zuzen-zuzenean eragin dituzte hainbat biktima. BVEren biktimek, GALen biktimek, torturaren biktimek Estatu espainola dute erantzule.

Basatiki torturatu dituzte arestian Endika Zinkunegi eta besteak. Imazek indarkeria kondenatzeko aukera ederra galdu du.

Espainiako Estatuaren azpiegitura politiko gordea tortura da. Estaltzen ahalegintzen dira eta ez dute zigortzen, espainiar gehienek onartzen baitute.

Hala ere, Estatuaren biktima hauek badute kontra-botere baten babesa, ezker abertzalearena. Honek ere bere biktimak oroitarazten ditu eta besteak ez horrenbeste.

Larriena hirugarren taldearena da. Itxuraz Mikel Aramendik baino ez ditu paria zokoratu horiek gogoratzen: Alonsotegikoak, Ametzola plazakoak, errorez hiliko ijitoak, komisariatik igaro eta bizia hautsi dieten izengabeak…

2-Ibarretxe barka eske etengabea bilakarazten ari da politika. Eta bere Jaurlaritza eroso, katoliko baitira bertako ezkerraldeko komunistak ere. Besteak beste, barkazioa eskatu berri dio tentuz aukeraturiko biktima talde bati. Zapaterori berriz Gernikakoagatik euskaldunoi barkamena eskatzeko exijitu dio. Bestalde, beti eskatu izan dio Batasunari ETA kondenatzeko.

Politikagintzaren bihotzean hizkera erlijioso hori eta barkamena eskatzeko halako grina kokatu dituenez, zilegi dirudi Ibarretxeri berari iradokitzeak, atrebentziarekin, zein litzatekeen barkamen eskaera bat bere kasuan handitasun moral jator petoa leukakeena, amorragarri zaion zerbait gaindituko lukeen heinean:

“2004ko martxoaren hamaikan modu larrian tronpatu nintzen. Madrilgo atentatua ETAri leporatu nion, oso mintzamolde zakarra erabiliz. Giro histeriko bat sortzen lagundu nuen. Zenbait orduren buruan, giro horrek bultzatuta, Iruñean, Polizia Nazional batek okin umil bat, Angel Berrueta, hil egin zuen. Tamalez, onartu behar dut badudala, hilketa hori dela eta, nolabaiteko erantzukizuna, nahi gabe eta zeharka izan arren. Barka eskatzen diet senideei eta bereziki alargunari.”

3-Baliteke Euskaldunakoa bezalakoen bidez biktima batzuen mina zintzoki arindu nahi izatea, baina aldi berean gure kontzientzia ausikia goxatu beharrak, bide batez gure zintzotasuna espektakulu bilakatuz, ez ote du errotik uhertzen asmo eder horren gauzatzea?

ETAk hilikoen senideei barkamena eskatzea, politikoki egin beharrekoa izango da ziurrenik, baina Ibarretxerentzat errazkeria hutsa ematen du. Ibarretxe bera bi bider ageri baita halatan txintxo, eta hauteskunde bezperan: batetik, “nik ez nituen hil, nik ez dizuet minik egin” adierazten du; baina gainera “eta orain barkazioa eskatzen dizuet, isilik egon naizelako.”

Ikaragarria da biktimaren patua: aurrena, maitea hiltzen dizute edo zeu zauritzen. Eta hurrena hor datozkizu politikariak eta enparauak barka eske: errudun sentitzen omen dira, isilik egon direlako.

Hori ez da batere delikatua ordea. Diskrezioa isila izaten da. Eta biktima guztiak desberdinak, halaber mina toreatzeko bakoitzaren era. Jaurlaritzatik eta jendartetik espero dutena edo jaso nahi luketena legetxe.

Horrela, biktima askori on egingo dion arren Euskaldunako aitorpen publikoak, zoritxarrez ongi dakit ETAren beste zenbait biktimak honelako zerbait sentitzen duela: “gainditzen hasia nintzen hildura, burutzen dolua, eta orain, zure arazo psikologiko bat dela eta, isilik egoteagatiko zure erru sentimendua dela eta (zeure sentimendua, ez nirea), zaurian ozpina bota eta oinazea berpiztu didazu. Noiz eta hauteskunde bezperan eta jendaurreko telebista ikuskizun batez.

Utzi bakean. Errudun sentitzen bazara, emadazu dirua, ahalik eta gehien. Baina ez nazazu erabili. Doazela pikutara onkeriazko zeremonia lizun horiek oro.”

etiketak: kalakakoak
Benino edo Benito
Benino edo Benito dio:
2007/05/03 16:25

Ederki ibili zara oraingo honetan (halaber) Markos. Bejondeizula!

leire
leire dio:
2007/05/02 15:38

Aupa, Markos!

Fenomeno itzela zara! Esandako guztiakin bat nator. Danen ahotan dabill oin barkamena eskatziana. Tematuta dagoz, gero! Moral katolikuangaittik izango da. Baiña bekatu guztien barkaziñua jasotzeko, damua benetakua izan bihar da, eta ez aho txikixakin. Gaur egun barkamena, zetako?

oier g
oier g dio:
2007/05/01 12:13

Ene heyoka maittia:

Ez ete zaittue ETB-tik bialduko halakuak esatiagaittik?

Nere partez, askotan gogoratzen naiz gerrako biktima batzukin, baiña ez dakitt zeiñi tokatzen jakon euren oroimena erreibindikatzia: 1936ko Uztaillan 25an, Arrasateko kuarteleko Guardia Zibillak Beasainera juan ziran Errepublikian alde burrukatzera. Euren komandante Alejo Beñaran izango zan, Eibarko Udaltzainburu Amós Ruiz-ekin batera, herriko defentsia antolatuko zebana Naparruatik zetorren apisonadora militarrari eusteko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.