Lunbago maite
Lehengo txandan Bilbo inguruan lan egiten duen detektibe pribatu batek kontatu zidan orain dela hamar urte batez ere bikotekidea zertan ote zebilen kontrolatzeko ordaintzen ziotela. Oroitzen zen behin batean harakin bati harategian bertan erakutsi behar izan zizkiola emaztearen infideltasunaren frogak, argazkiak. Egundoko ikara pasa zuen, harakinak garrasika labana eta zerra hartu eta dena txikitzeari ekin ziolarik, eta saltxitxak eta san jakoboak hormaren aurka jaurtitzeari.
Orain dela bost bat urtez geroztik ordea infideltasuna ez omen da inolaz ere kezka nagusia. Orain detektibe pribatuei batik bat langileen bajak egiazkoak ote diren kontrolatzeko eskatzen diete. Bai baitira lunbagoa bezalako eritasunak, gaixoaren hitza dutenak berme bakar. Horregatik zabaldu da horrenbeste “lumbago, la enfermedad del vago” esamoldea.
Gure gizartea nekatzen ari dela adierazten ote du aldaketa horrek?
Ez dut uste.
Egia da desleialtasunari dagozkionak oro har komedia kutsuko kontu bizi-biziak izaten direla (halaber barregarriak, protagonistentzat izan ezik), eta maitaleei kemen handia eskatzen dietela.
Baina lunbagoa asmatu eta eri itxurak eginez enpresaren detektibeari arrastoa galarazteko ere bizi indar handia behar da…
Edozein gisaz sintesia da inongo ahulezia zein atsedenik onartzen ez duena, sintesia, hots, amoranteaz luzaro gozatu ahal izateko asmatzea lunbagoa eta eustea iruzurrari.
gogoeta egiteko moduko kontu bat da, ze itxura izan behar duten ikertzaile pribatuek.
Gaur hogeitabost bat urte izango zituen neska benetan zoragarria tokatu zait parean hondartzan, tanga hutsez, titi zoragarriak, dana bere tokian, dana erakargarri... Eta horixe pasa zait burutik: ikertzaile pribatua izateko itxurarik eraginkorrena litzatekeela.
Nik izan nezakeen iruzurti itxuraz egin det gogoeta ondoren. Egia esan, nere flotagailu-sofa berde fosforitoaren gainean, oso itxura eraginkorra, ikertzaileari ziria sartzeko.