Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Arantxa Iturberen menpekotasuna kili-kolo

Arantxa Iturberen menpekotasuna kili-kolo

mzap 2007/03/18 09:05

Arantxa Iturbek “Txarli” txinpantze tabakozalearen gaineko artikulu bat idatzi zuen "Berria"n, 2005eko apirilaren 24an. Hemen duzu

Bertan aitortu zigun osasun erakundeek eragin beldurra eta poltsikoko zuloa gorabehera, ezin izan duela tabakoa utzi. Edozer probatuko zuen ziur aski Iturbek: partxeak, hipnosia, pilulak...

Halako batean, telebistan, Rosset-ek “le miroir animal” deritzona: Txarli txinpantzea zigarreta esku-ezpainetan estilo handiz erabiliz.

Iturbe luzaro gelditu zaio begira, harriturik. Badirudi azkenik nikotina partxeek eta autosugestioak lortu ez zutena eskura duela, Iturbek bere buruari erretzeko orduan Txarlirekin sumatu dion antzaren kezkagarriak drogamendetasunetik askatuko duela.

Iturbek ilunki uste baitu zigarretak pertsonago egiten gaituela, ziminoagandik bereizi, animalia gainditu, gizatasunera igo.

Baina horra Txarlik telebista ispilu bihurtu. Eta Iturberen lehenbiziko erreakzioa: baldin erretzeak ziminoarekin berdintzen banau, utzi egingo dut.

Adikzioa ikaragarria da ordea. Iturberen defentsa mekanismo guztiak alerta gorrian jarriko ditu, abante arrazoimena eta irudimena. Atxikia atxiki beharrak, alegiarra ikerlari, detektibe eta filosofo bilakaraziko du.

Iturberen galdara dardaratiaren arrazoibideen ondorioetako bat izango da Txarlik ezin duela erre ez bada gizakiaren bitartez. Erabateko aberetasunarekin parekatuko balu erretzeak, Iturbek utziko omen luke. Baina gizakiak nolabait esku hartu behar duenez, Iturbek erretzen jarraituko du.

Txillardegirengan eta bere hainbat pertsonaiarengan animaliatasunaren nostalgia nabari den bitartean, giza konplikaziotik atseden hartuta aberearen patxada sinplera itzultzeko jorana, Arantxa Iturbek urduri aldenduko du txinpantzearekin identifikatzeko aukera, amesgaiztotzat joko du.

Halatan, “Txarli”ren ostean Orain “Congo” eman digu.

“Congo” txinpantze pintorearen hiru margolan enkantean jarri dituzte. Aldi berean Iturbek berak eta hainbat adituk giza jendearen tximutze orokor bat diagnostikatu dute.

Eta berriro ere Iturberi gizatasuna galtzeko aukera gogorregi egingo zaio nonbait, eta artikulua burutuko du eskatuz, jendea eta ziminoa nahastuko liratekeen etorkizunean, bezatzaileak berari banana luzatzean, eskuan haginka egiteko aski buru argitasun.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2007/04/17 20:23

arano, susmoa diat margolan modernoa alderantziz eskegi eta inor ez konturatzearena ez ote den zimino margolariarena bezain errekurrentea, nik behintzat kandinsky eta mondriani buruz istorio berdin-berdina irakurri diat

guztiok nahasten diagu guztia: herorrek gernikan ken zazpi umberto tozzirekin nahastu huen gau eder hartan, "gintonic" beharrean "anttoni" eskatzen huen hartan, eta kamareroek ulertu!

horixe ditek gernikako tabernariek, oso belarri fina eta edalearen nahiari hizkuntzatik at antzemateko ahala, trebetasun polit hori ez ote den galtzen ari espainiako gainerako probintzietan...

zeruetan bezala infrentzuetan ere arin bipil ibiliko haizelakoan, agur t'erdi jon

jon arano
jon arano dio:
2007/03/24 21:11

Kaixo Markox eta konpani: Bizi direnak agertzen direla! Txiripaz topatu diat hire bloga (bahuenik ere ez nekian, ala bai...?!)eta tximino pintoreen berri ematen didak. Bada, etzekiat kontura datorren ala ez, baina gure soldadutza garaian irakurri nizkian halako kasu batzuk, eta geroztik ere bai, noizbehinka. Batzutan pentsatzen diat halako notiziak errekurrenteak deritzotenak direla, agentzia izenik, datarik eta halakorik gabe etortzen baitituk eta garai batekoen errefritoak ez ote diren... Kontua duk, orduan ere bazela tximino margolari bat nonbait, eta etzekiat zer eta badakit non (ala alderantziz)eta kriston pintorea zela; Dalik edota Mirok baino hobeto pintatzen zian. Akats bat zian General Jauna: ez zekian sinatzen. Pikutara dena! Dalik bazekian sinatzen, eta bere bizitzaren atzenaldera sinatzen besterik ez zekian. Etekin multimillonarioak. Miro, berriz,... abuskarlo: Santanderen nengoela Amada Españolarekin, bere erakusketa bat antolatu ziaten, koadroak eskegi eta ireki zien. Handik 15 egunetara etorri duk komixarioa (erakusketarena, ez politikoa) eta non ikusten duen koadro bat buruz behera edo gora edo alderantziz ukan zutela 15 egunez. Izugarrizko eskandalua. Bertako kulturetak gu bezalaxe geratuko hituen. Lotsagorriturik. Eskumuinak eta hanketako igurtziak, jonarano

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.