Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Kromletx edo mairu-baratzeen adibide eder bi: Oieleku (Gipuzkoa) eta Ilarrita-Okabeko (Nafarroa Beherea) harrespilak

Kromletx edo mairu-baratzeen adibide eder bi: Oieleku (Gipuzkoa) eta Ilarrita-Okabeko (Nafarroa Beherea) harrespilak

Asier Sarasua 2022/01/30 21:50
Azken hilabeteotan Euskal Herriko harrespil edo mairu-baratze ederrenetako bi ezagutuko ditugu: Oieleku (Gipuzkoa) eta Okabe-Ilarrita (Nafarroa Beherean). Egitura megalitikoak eurak ez ezik, inguruak ere eder-ederrak dira.

Euskal Herrian ditugun monumentu megalitikoen artean ugarienak dira harrespil edo cromlechak. Orain dela 4.000-5.000 urte inguru eraikitako egiturak dira, zutarriekin edo menhirrekin sortutako monumentu zirkular-eliptikoak. Euskal mitologiaren arabera jentilak (edo mairuak) izan omen ziren harrespil hauek sortu zituztenak eta horregatik ezagutzen ditugu jentil-baratze edo mairu-baratze izenez.

Kromletxak egitura funerarioak ziren, antzinako hilobiak, eta erabilera erligiosoa omen zuten. Hala ere, badirudi garai hartako gizakien bilgune ere izan zitezkeela, nolabaiteko topagune eta bizitza sozialaren erdigune; nahiko sakabanatuta bizi ziren komunitateen topaleku.

Kromletx hitza galesetik dator (crwm+lech, 'harri zapalen zirkunferentzia'); euskarazko harrespil, aldiz, harri + hespil elkartzetik (hespila, esparrua, artegia edo itxitura).

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (1).jpg

Oielekuko kromletxa edo mairu-baratzea (Bianditz mendilerroa, Oiartzun).

Europa mendebaldeko eta iparraldeko hainbat herrialdetan aurkituko ditugu antzekoak, Frantzian eta Erresuma Batuan hasi eta Eskandinabiaraino (denok ezagutzen dugu Stonehengeko harrespil ezaguna) eta Euskal Herrian ere nahiko ugariak dira, nahiz eta gure lurraldeko ekialdean bakarrik aurkituko ditugun, Pirinioetan hasi eta Oria eta Leitzaran eskualdeetaraino.

Azken hilabeteetan Euskal Herrian ondoen kontserbatuta dauden jentil-baretzeetako bi ezagutzeko aukera izan dugu: Oielekuko harrespila (Gipuzkoan) eta Okabe-Ilarritako harrespila (Nafarroa Beherean).

Oielekuko harrespila Bianditz mendilerroan dago, Aiako Harriak parke naturalean. Inguruan hainbat harrespil edo cromlech aurkituko ditugu, baina Oieleku Iparra izenez ezagutzen dugun hau da guztien artean zabal eta ikusgarriena.

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (2).jpg

'Oieleku iparra' izeneko harrespil edo kromletxa, Euskal Herriko handi, zaindu eta ikusgarrienetakoa. Mairu-baratze honetako harriek erdian elkartzen diren bi elipse osatzen dituzte.

oieleku-mairu-baratza-2021eko-abendua (3).jpg

Oielekuko jentil-baratzea. Barrenean Aiako Harriak.

oieleku-txabola-2021-abendua.jpg

Leku ederra da Oieleku, harrespilak ez ezik, baita inguruko paraje, mendi eta basoak ere, Bianditz mendilerroan (Oiartzun).

Toponimo honek hainbat forma ditu (Oieleku, Oienleku, Oihanleku...), baina Oiartzungo udalak egindako azterketa toponimikoaren arabera, Oieleku da bere forma estandarizatua.

Esan dugun moduan, Oieleku Iparra izeneko harrespila handienaren inguruan beste zenbait monumentu megalitiko ere badaude, horien artean Basateko beste harrespil hau.

basate-kromletxa-2021-abendua (1).jpg

Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun). Atzean Munagirre mendia (781 m).

basate-kromletxa-2021-abendua (2).jpg

Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun).

Okabeko edo Ilarritako harrespilak

Eta Gipuzkoatik Nafarroa Beherera, hantxe aurkituko ditugulako Ilarritako harrespilak, Okabeko harrespila izenez ere ezagunak, Okabe mendiaren magalean daudelako (Lekunberri, Nafarroa Beherea), Iratiko basoaren gainean.

Harrespil edo cromlech asko isolaturik agertu ohi dira, baina Ilarritako harrespilak bereziak dira, 26 harrespil baitaude elkarrekin. 1956. urteaz geroztik monumentu historiko izendapena daukate.

Oielekun gertatzen den moduan, Okabe-Ilarrita aldean ere, mairu-baratzeak ez ezik, inguru guztia da benetan ikusgarria eta bisita gozagarri baterako leku aproposa.

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (2).jpg

Ilarritako kromletx nagusia, Okabe mendiaren magalean (Nafarroa Beherea).

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (1).jpg

Ilarrita inguruko bista orokorra Okabe mendi tontorretik. Atzean Lapurdi inguruko itsasalde, lautada eta mendiak.

Okabe-mairu-baratza-2020-abuztua (3).jpg

Okabe mendia (1466 m); Lekunberri, Nafarroa Beherea.

Amatiño
Amatiño dio:
2022/01/31 10:51
Ederra, Asier. Oieleku, bai, baina Okaberen berri ez nuen. Eta, tristeagoa dena, ezta Codesyntaxek kudeatzen bide duen mendiak.eus delakoaren berri ere. Noizdanik dago weborri hau indarrean?
Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2022/01/31 11:47
Bikaina Asier. Eskerrik asko eta besarkadia
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2022/01/31 21:32
Serafin, aspaldiko! Pozten nau zure barri izatiak! Besarkada haundi bat!
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2022/01/31 21:37
MENDIAK tresnia eta webgunia aittatzen dozunian, honetaz diharduzu, ezta?
https://mendiak.eus/

Urtetxo batzuk badakaz, bai ;)

Biharbada, erabilgarrixagua eingo jatzu APPa bera: https://play.google.com/[…]/details?id=com.codesyntax.mendiak

Honezkero 5 urte daukaz; ointxe dihardugu barrizten (aste batzuk barru atarako dogu bertsiño barrixa). Bittartian, informaziño pixkat, hementxe: https://www.codesyntax.com/eu/bloga/tag/mendiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Bai, horretxegaittik ekarri juat blogera, ... Asier Sarasua, 2022/06/05 21:54
Eibarko euskalkixa euskera sabindarrian emonda! ... Oier G, 2022/06/05 18:20
Zorionak 'centenario'! 🤣 Mikel, 2022/03/06 20:25
MENDIAK tresnia eta webgunia aittatzen dozunian, ... Asier Sarasua, 2022/01/31 21:37
Serafin, aspaldiko! Pozten nau zure barri ... Asier Sarasua, 2022/01/31 21:32
Bikaina Asier. Eskerrik asko eta besarkadia Serafin Basauri, 2022/01/31 11:47
Ederra, Asier. Oieleku, bai, baina Okaberen berri ... Amatiño, 2022/01/31 10:51
irati tome tena segurola ponze irati, 2022/01/02 20:24
tome tena segurola ponce irati, 2022/01/02 20:22
oso ona Asier aspaldiko! Serafin Basauri, 2021/10/01 16:27