Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibar sutan eta Frankistak Eibarrera sartzen, 1937ko apirila amaieran (bideoa)

Eibar sutan eta Frankistak Eibarrera sartzen, 1937ko apirila amaieran (bideoa)

Asier Sarasua 2022/05/22 08:50
1937ko apirilaren 24-25 bitartean frankistek Eibar bonbardatu zuten, miliziano eta gudari Errepublikazaleek 7 hilabetez Eibarren ezarritako gerra-frontea hautsiz. Eibartarrek herria hustu zuten, Bilbo alderantz ihesi, eta soldadu frankistak, Mola eta Soltxagaren agindupean, Eibarrera sartu ziren (apirilaren 25-26 inguruan). Frankistak Eibarrera sartzean grabatutako irudi historikoak hartu eta bideo txiki bat editatu dut, irudiak nolabait ordenatuz, lekuen izenak erantsiz eta musika gehituz. Horrela sartu ziren frankistak Eibarrera.
Eibar sutan eta Frankistak Eibarrera sartzen, 1937ko apirila amaieran (bideoa)

Mola eta Soltxaga Eibarren (Eibarko Udal Artxiboa).

1936ko uztailean altxatu ziren matxino frankistak Errepublikaren aurka eta handik gutxira ezarri zen Eibarko Frontea izenez ezagutzen dena, 1937ko irailerako: Gipuzkoa frankisten esku zegoen eta errepublikazaleek Ondarroa - Eibar - Elgeta - Otxandio arteko lerroan eutsi zioten Frankoren gudarosteari (laburpen txiki bat egin nuen Gerra Zibila Eibarren beste post honetan).

Eibar erdi-inguratuta geratu zen: Kalamua, Arrate, Elgoibar, Karakate eta Bergara frankisten esku zeuden eta 7 hilabetez eraso zuten bonbaz eta tiroz Eibarko herria. Negu osoan erasoei eutsi ostean, 1937ko apirilean gainditu zuten frankistek errepublikazaleen defentsa. 1937ko apirilaren 20an Mola jeneralaren armadak gogor eraso zuen Intxorta, Elgeta eta Elorrio aldea eta apirilaren 24-25 artean jaso zuen Eibarrek bonbardaketarik gogorrena. Hegazkin italiarrek 7 tona bonba baino gehiago jaurti zituzten eta herria txiki-txiki eginda laga zuten. Eibartarrek ihes egin behar izan zuten Bilbo alderantz, bai oraindik herrian geratzen ziren azkenengo zibilek, bai errepublikaren aldeko soldaduek ere.

Apirilaren 26 inguruan sartu omen ziren frankistak ordurako hutsik zegoen Eibarrera eta irudiak grabatu zituzten garaipena lekukotzeko. Pelikula horiek (edo zati batzuk) Youtuben ikusi daitezke. Uste dut orijinalak Espainiako Filmategian daudela, baina ez dut lortu ez erreferentziarik, ez egiletzaren daturik. Ezta data zehatzik ere (Eibar sutan ikusten da eta apirila amaierako irudiak izan behar dira, baina ezin jakin zehatz noiz grabatutako irudiak diren).

Frankistek Eibarrera sartzean grabatutako irudi horiek hartu eta editatu egin ditut, musika eta azpititulu batzuk gehituta. Irudiak berrantolatu ere egin ditut, ahal izan dudan modurik egokienean ordenatuz. Garbi dago irudiak gutxienez 2 egun ezberdinetan daudela grabatuta (ezin jakin irudi guztiak 1937ko apirilekoak direnik ere), eta lortu ditudan irudien kalitatea ere ez da oso ona. Hala ere, uste dut gertatutakoaren lekukotza moduan baliagarri direla, lehendik ere eskura daukagun beste material askorekin batera, gertatutakoa hobeto ezagutu eta ahaztu ez dezagun. 

Ohar batzuk:

  • Esan bezala, irudiak Youtuben aurkitu ditut. Uste dut Espainiako Filmategikoak direla, baina ez dut lortu ez erreferentziarik eta ez egiletzaren daturik.
  • Sarean aurkitu ditudan irudi horiek nahiko anabasa dira (irudiak errepikatuta, orden zehatzik gabe...). Seguru asko irudi gehiago eta hobeak ere egongo dira. Esate baterako, frankisten irudi gehiago egotea espero daiteke, garaipena ospatzen (plano motz txikiren bat besterik ez dago, matxinoak Untzagan eta, ondoren, UGTren Pablo Iglesias batailoiaren bandera bat eskuan).
  • Irudiak 3 multzo handitan banatu daitezke: 1.- Maltzagako irudiak (zubia errekan dago, errepublikazaleek botata, seguru asko); 2.- Eibar sutan agertzen den irudi-multzoa, plano batzuetan urrundik eta gehienetan herriaren erdialdeko planoekin (Txirixokale, Ifarkale, Elgetakale...); 3.- Traveling bat, Azitainen hasi eta San Andreseraino, Bidebarrietan gora. Azken irudi horietan ez da ikusten surik eta kerik; seguru asko egun batzuk geroagokoak dira (nahiz eta irudi-multzo berean dauden eta nik besteekin tartekatu ditudan).
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz