Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Arrosako billera orokorra

txiko 2006/01/02 21:25
Urtarrilaren 14an, larunbatean, Arrosa proiektuan parte hartzen duten irratien Bilera Orokorra egingo da Eibarren, Matrallako Irratixak antolatuta.

 

Hitzordua goizeko 11.00etan da, Untzagako enparantzan, Udaletxearen arkupetan. Hor behean dituzue mapa batzu urrunetik zatoztenentzat. Puntualak izan mesedez, gero bilera beste leku batean izango baita.

Gero bazkaria egongo da soziedade baten, beraz komeni da jakitea zenbat pertsona izango garan bazkaltzeko. Erantzun mezu honi apuntatzeko.

Aholkuak:

  • Ordua kalkulatzerakoan, kontuan hartu aparkatzea zaila dela Eibarren (Udaletxe ondoan parking bat dago -ordaintzekoa-; bestela, auzo periferiko batean aparkatu eta 10 minutu oinez duzue zentrora).
  • Inor berandu ba dator, bilera (eta gero bazkaria) Beti Galdu soziedadean izango da, apuntatu telefonoa: 943 201 932

Edozein zalantza argitzeko, erantzun hemen hor beheko botoia sakatuta.

Momorro txiki bat sortzen (III)

orakulua 2005/12/26 22:55
Bakarrik, jolastu ez!

Izakera patolojiko eta irresponsablia jorratziaz gain, ez dogu ahaztu bihar, guraso amantisimo hori, zuen umian bizitza soziala etxetik kanpo. Gure momorro txikixa benetako momorrua izateko, bihar-biharrezkua idaten da zuen zamatik txintxilizk mantentzia urte luzez, "gogoaren zilbor hestearen" katia motz, sendo eta osasuntsu.

Horretara, lehelengo pausua partikularrak izango dira: solfeua, inglesa, balleta... eskolako etxeko lanekin batera, astegunetako 24 orduak programatu ahal izango detzazuez, nagusixon munduko stressa umetzarotik dastatu ahal izan deixan. OK: sigurtatuta dozue beraz, astelehenetik barixakurako kontrola.

Asteburuetan ostera, gero eta laguntza gehixago daukazue erakunde desbardiñen partetik umiak zibilizatzeko: eskolako txangoak, asteburu-pasak, bisitta gidatuak... udal txikiparkiak, ludotekak... kirol partiduak, konpetiziñuak, konzentraziñuak... Halako laguntzekin, askoz errezagua dozue "txintxilizk" geratzen jatzuezen 48 ordu hórretan umiak entretenitzia; nahikua izango dozue merkatalgunera osteratxo bat, zinian pelikulan bat ikusi, amamanera bisittia... eta zapatu-domekako hutsunia gaindittuta!. Aisialdixan be, asteguneko stress mailla bera mantentzeko eskubidia daukazue. Kasualidadez edo ustekabez etxian zeregin barik egotia tokatzen bajatzue, lasai: beti dago bideua, playstationa edo gabon/urtebetetzeko opariz betetako armarixua zabaltzia, konpromisua gainditzeko.

Umia kalera bakarrik bidaltzia? Ezta pentsatu be: bortxatzailliak, kotxiak, eurixa... beti izango dogu atxekiren bat umiak etxian mantentzeko; hala erakusten badetsezue txiki-txikittatik, eurak eskatu be ez detzue egingo, jakiña. Asko lagunduko dau umian lagunak be halako ohitturetan hezittakuak izatia: ze ume juango da kalera, bakarrik egoteko?

Halan, gauzak ondo badoiaz laster baten entzun ahal izango dozue esaldi majikua:

- "Aitta, ama... eta orain zetan jolastuko dot?".

Zorionak! "Operacion momorro"ko hirugarrengo fasia gaindittu dozue: zuen umiak ez daki bere kabuz jolasten.

****

EGUNERAKETA: 2023-I-14ian, amaittutzat emoten dot nere "guraso estreinatu berri" fasia; atzetik etorriko dirazenendako, erabilgarrixa izan leikialakuan, momorró txiki bat sortzeko aholku guztiak hamentxe ipiñi dittudaz.

Porno gogorra euskal blogosferan??

orakulua 2005/12/24 17:05

Eskandalizatuta dabil euskal blogosferia, porno gogorreko hainbeste blog agertu dirala eta. Gai politta, mamintsua, nabarra.

Entzundako kontrako argumentu batzu: - Internetian euskeriak daukan hedapen murritza, gehixago murriztu leikela. - Eskolako umiak euskal webguniak bisittatzen hasi diran honetan, ideia txarra dala.

Ustez e, blogari.net sistemako arduradunak atzera bota dabela euskerazko blog pornografiko bat; sustatu.com-en argitaratu daben azalpenangaittik, edukiña desegokixa izatiangaittik ezabatu dabe. Hamen be, atxekixa eskolako erabilpenian arazuak sortu leikezela izan da, eta blogian "eduki explizituaz" abisatzen daben azalpenik ez egotia. EEBBetako puritanismuan lorpena izandako "Parental advisory: explicit lyrics" etiketian bidetik...

Orain arte azaldutako aurkako argudixuak inkonsistentiak begittantzen jataz. Baiña oso interesgarrixa eresten detzat gure kontradikziñuetan sakondu eta estropozu egittiari, hamendik asko ikasi eta maduratzen dalako.

Pornografixiangaittik iraintzen diran gizarte sektoriei, normalian, etxakuelako halako protestarik entzutzen telebisiñoko biolentzia fisiko nahiz moralangaittik... hain zuzen be horrengaittik naiz ni pornografixian aldekua. Oso sanua eta atsegiña begittantzen jatalako sexuari buruzko jarduna.

Beste gauza bat da pornografixa horren harira agertu leikezen: - Emakumian degradaziñua. - Fantasia irrealak "normaltzat" hartzia. - Matxismuan isladia - ... Egunotan ikusittako "artista" hónen blogetan -iruzkiñetan behintzat; nahiz eta pornua irudi asko eta testu gitxi izaten dan...-, ikuspegi indeseable hónetako zantzuak be ikusi leikez. Eta horretan ni, puritanuekin buruz buru, blogari hórretxen jarduna kritikatzeko problemarik ez dot izango.

Hala, kaltegarrixa eresten detzat pornografixiak euki leikian efektudistortsionantiari. Ekoizten diran produktu gehixenak ez dira naturalak (40 minutuko sarketak, titi eta zakil izugarrixak, malabarismuak, korputz perfektuak... ) edo behintzat ez dabe islatzen jentian gehixenguan bizitza sexuala. Horretara, bere sexualidadia pornografixa soillan bittartez bizi dabenak sexu errealari buruzko irudi okerra asimilatuko dau, ez dau jakiña halakorik bizitza normalian topatuko, eta nahixago izango dau, biharbada, bere hode edo paradisu artifizialian bizi izatia. Gehittu honi zakillozentrismua eta emakumian gauzifikaziñua, eta emaitzia ez jata gustatuko. Ez jata sanua irudittuko, hobeto esanda.

Horregaittik gustatzen jata neri gehixen halako pornografixia: http://tinyurl.com/afyjg

Halako irudixak ugalduko balitzaz ¡bai ondo!. Eta “pornografixa” etiketatik (ghettotik) iges eginda, bizitza normalian era natural eta indiskriminatuan integratuko balitza sexua –grafiko nahiz erreala-, askoz hobeto. Ez giñake txorradatan ibilliko, erruduntasuna eta konplejuz beteta oraingo moduan, ezkutuan mantentzeko gauza lotsagarrixa balitza legez.

Esanguratsua da gune pornografikuetako %99an emakumien argazkixak dagozela bakarrik. Gizonezkuak agertzen ba dira, emakumiekin txortan dagozelako izango da (nahiko neuke jakin porno kontsumitzaillietatik zenbat geratzen diran abdominal gixartsu hórretara begira nahi barik...). ¿Emakumiak ez ete dauke eskubiderik, gizon lerdenak biluzik, euren desiotara egokitzeko prest, ikusteko? Egon, ba dagoz halako guniak, baiña publiko homosexualari zuzenduta normalian. Publikuan gehixengo absolutua gizonak osatzen dabe, sexu aukeria dana dalakua izanda be.

Hezkuntza edo gene kontua, ez dakitt: baiña argi ta garbi dago gizon nahiz emakumien sexu portaera “estandarretan” alde haundixa dagoala. Gaur egunian, pornografixa merkatu osua gizonak gizonendako egindakua da. Honek zer esan gura dau, ¿andrazkuei ez jakezela lizunkeririk gustatzen? ¡Bai, eta zera bebai! Neskekin konfidantza pizkat hartu dabenak ba daki zenbat eta zelako fantasiak darabixen: mutillenak besain sarri eta lizun, gehixago ez ba da.

Horretara egokittasun kontua izan leike; gaur egunian dagoen pornografixia ez ba da andrazkuengana heltzen, euren fantasia eta desiuekin konektatzia lortzen ez daben seiñale. ¿“Beste” porno horren giltza zein dan? Batek daki; baiña susmatzen dot, klabia topatu ezkero, emaitzia asko be gehixago gustatuko lejatakela orain daukaguna baiño.

HONEN titi haundi eta biribillak... HORREN gerri argal eta gixartsuak... HAIN zakil brillante eta luziak... HAINBESTEKO plazerrezko kiñuak arpegixetan, ze... azkenian aspertu egitten dabe, perfekziñuan perfekziñoz. Gizatasuna galdu egitten da okelazko kopin hórrekin. Neu behintzat, halako argazki sorta batek ordu laurden inguru entretenitzen nau. Hortik aurrera interesa jaitsi egitten da (tartian kanpaijotze barik, jakiña) eta azkenian asper-asper eginda egitten dot alde.

Maria Jesus, Jesus eta Maria...

txiko 2005/12/24 09:55

Susmatzen juat atzo Batzoki aurrian jeguazen Marijes gehixenak, bisoi narruzko berokixetan Jerusalemeko Maria eta Jesusi gorazarre egitten, alai eta fededun... ostikadaka hartuko leukiela gaur egunian, garajian sartzeko baimen eske etorriko balejakoz. Kontsekuentzia pizkat daukan kristiñauak kartoipian lotan dagozenetan ikusi biharko leuke bere jangoikua.

Argentinako ibillaldixa Tagzanian

txiko 2005/12/14 18:35

Momorro txiki bat sortzen (II)

orakulua 2005/12/14 18:25
Jatia, mesede haundi hori.

Zure umiak ez dau jan nahi. Batek daki zein arrazoigaittik, baiña kontua da zeu prisaz zabizela, eta pazientzixia agortu jatzuala. Musua papilla-kostraz zikinduta dauka umiak, eta inguru guztia be txipristiñez ondo. Orduan dozu, guraso amantisimua, umia momorro bat bihurtzen laguntzeko beste une bat:

  • Benga, maitxia, “mesedez”, jan, ¿vale? Lau tenedorkada gehixago ba da be. “Mesedeeeez!”.

Arpegi tristia, suplikantiakin arren, otoi, mesedez, faborez eskatzen jartzen zara, eta halako baten kakanarruak “onartu” egitten dau. Zuri faboria egittiarren, jan egitten dau. Eta jakiña: fabore bat egitten dan guztietan legez,zu, zorretan geratzen zara berakin.

Gaurko ikasgaixa: jan, lo egin, eskolara formal juan, geldirik egon,... eta halako gauzak egitten dittuanian, umiak fabore haundi bat egitten ei detsa gurasuari, eta sari bat eskuratzeko eskubidia dauka. Gauza normalekin hala bada, etara kontuak zelako sarixa mereziko daben gauza exzepzionala egin ezkeriok...

*************

EGUNERAKETA: 2023-I-14ian, amaittutzat emoten dot nere "guraso estreinatu berri" fasia; atzetik etorriko dirazenendako, erabilgarrixa izan leikialakuan, momorró txiki bat sortzeko aholku guztiak hamentxe ipiñi dittudaz.

Momorro txiki bat sortzen (I)

orakulua 2005/12/09 20:35
Errua, bestiena beti.

Zure ume txikixa korrikan dator pasillotik, ordenadorian endredatzen ibiltzen zaran gelara bidian. Halako baten, mueble haundi horren ertzera heltzen da (bere begixen alturan geratzen dana), ez dau kurbia ondo neurtzen eta ¡konkkk! bekokixan hartzen dau hartu biharrekua. Reboluziñua; guraso bat dator etxeko alde batetik, bestia ordenadoretik... “Oi enneeee.... gure txikixak zer hartu dau.... mua mua mua.... puf puf pufffff.....”. Umiak ez detze jaramonik egitten despiste maniobra hónei, eta negar baten lehertzen da: “Gueeeee.... gue, gue, gue, gueeeeeeeeeeeee!!!!”.

Orduan dozu, guraso, monstruo txiki bat sortzeko aukera parebakua. Nahikua dozu esatia:

  • Zein izan da? Zein izan da? Mueble haundi hau? Mmmmm....! Gero.......! Mueble gaiztua! Ta, ta, ta! To, mueble gaizto halakua! Ta, ta! (muebliari plastateko batzu emonda).

Halan, zure ume maittiak zera ikasiko dau: berak ez daukala sekulan errua. Kolpia ez da izan bere zazkartasun edo deskuido batengaittik, ez: muebliana izan da kulpia. Horretara, muebliak pagau bihar dau penitentzixia.

Imanoltxu, Asier eta beste guraso amantisimuei dedikatuta.

****

EGUNERAKETA: 2023-I-14ian, amaittutzat emoten dot nere "guraso estreinatu berri" fasia; atzetik etorriko dirazenendako, erabilgarrixa izan leikialakuan, momorró txiki bat sortzeko aholku guztiak hamentxe ipiñi dittudaz.

Eusko-kataluniar parranda Sâo Paulon

orakulua 2005/12/08 00:20

Eusko-brasileroak Kataluniarrekin batera urte bukaerako festa bat antolatu dute Sâo Paulon, ¡txikiok indarrak elkartu behar! "Encontro Cultural Euskal Herria-Catalunya" deitu diote eta aspaldidanik kataluniarrekin duten elkar lanaren fruituetako bat da, ez lehenengoa eta ez azkenekoa.

Hor behean doa kartela, programa zehatz eta kontaktuekin.

Ertzain bat daukat paziente.

orakulua 2005/12/07 00:20

Behin baiño gehixagotan esan dot nik ez detzatela “certificado de buena conducta” eskatzen nere kontsultako atetik sartzen danari. Hasiko banintza nere ideekin bat egitten ez daben jentia baztartzen; edo zapaltzailliak; edo aberatsak... ba ez neuke karrerarik egingo. Epaille biharra etxata gustatzen neri, eta horregaittik printzipioz danok dauke sarreria libre. Ba daukat lagunik, baiña, ez dabenak ulertzen zelan tratatu neikian hain lasai, kontraesan moralian jausteko bildur barik, hainbeste kalte egin izan dezten ertzainak, esate baterako. Ba bai: egin izan dot, egitten nabil eta egitten jarraitzeko asmua daukat. Ezin esan baiña zipaio bat danik orainguan nere eskuetan jarri dana; ez litzake zuzena izango, eta ertzain modura izendatuko dot.

Igartzen jako agintzeko sen hori. Nerekin ez da desatsegiña izaten, baiña konturatzen naiz disziplinatua eta disziplina jartzian zalia dala, poliziako baten deformaziño profesionala edo; eta irribarrez onartzen dot. Keiñuetan, jarkera zuzen eta militarrian, saixua egitteko orduan exijitzen daben puntualtasun horretan igartzen jako. Oso edukaziño onekua da nere ertzain hau; ezagun da jentiakin tratua izaten usatuta dagoala (familixako dendia atenditziagaittik, seguruena) eta atsegiña dan arren, ez da zurikerixetan ibiltzen danekua. Terapiara datorrenetan, ez ba dauka ezer esateko ez dau ezer esaten. Ba daki isilik egoten, begiradia galduta, egonian; gauza inportantia da hori, pertsona baten heldutasun seiñalia. Hor konektatzen dogu.

Ezagutu giñan lehelengo egunian esan zestan: “Baiña gauza bat esan bietzut nik, e... ni, ¡abertzalia na!” argi laga nahi izan zeban, indize hatzaparra altxata.

Ezagun da gure ertzain honek (ez dakitt bere graduaziñua) barrua trankil daukala: ez dirudi tortura kasuak, manifak erreprimitzia, ordezkari politikuak atxilotzia tokatu jakonik... Ez dau horri buruz be berbarik egitten. Justo-justo dakitt Bilbo aldian ibilli zala gerra denporan, eta porria nahikua ez zalako fusilla eskutan hartu bihar izan zebela bera eta bere errejimentu-kidiak. Datorren hillian larogetamar urte beteko dittu Joxek. Han dago, erresidentziko leihuan bizikleta estatikuan; begi itsuekin Ondarruko zubi zahar aldera begira, patxadan.

Perfil bajua

orakulua 2005/12/03 00:50

Txixa egitten jezkuek burutik behera, eta eurixa dala pentsatu bihar...

Josu Lariz itzuli da Uruguayera. Ixilpian pasatu zeban Fray Bentoseko zubixa, lagun talde batekin, autobus anonimo baten. Alaittasun izugarrixa, baiña ezin txanpan botillarik zabaldu, txapliguak bota, orru egiñ, dantza eta festarik... bakarrik irribarria, besarkada isillak, eta lasaittasun plantak, eskutik fuerte helduta. Hala heldu zan Montevideora ordu batzu geruago, eta han bardiñ: ahal danik eta zarata gitxien, abokatuak, emaztia, hurreko senidiak, festa isil eta ezin alaixago batian... Eta dana pasatu danian, prentsaurreko agerraldi txikixa, prentsa ohar motzakin. Horixe izan da dana.

Josun kalbarixua juan dan 13 urtian jarraitzen ibilli diranei beste portaera bat eskatuko zetsen senak, jakiña: zelebraziño zaratatsuak, estatuen gerra zikiñari kontra egiñ eta irabaztian harrotasuna lehelengo... salaketa publikua eta errudunen aideratzia gero... eta erantzukizun administratibo eta penalak eskatzia azkenik. Egin detzen jugadiangaittik ordainduarazteko.

Baiña Josuk perfil bajuko itzuleria aukeratu dau. Bere abokatuen irizpidiari jarraittuta seguru, behin eta barriro adierazi dau ez dabela erantzukizunik eskatuko, berak pakian bizi nahi dabela bakarrik... Anonimotasunera itzultzia da bere ames bakarra. Eta ulertzen dot, ¡zelan ulertu gaiñera! Geu be 2002ko Iraillak 14ko auzixan ataka bardiñian egon, eta urtenbide bera aukeratu genduan eta.

Orduan sentidu neban amorru bardiña sentidu dot oiñ. Modu apalago baten, ez nabelako zuzenian joten honek; baiña oinguan sakonagua, iraunkorragua, erantzuteko goguak emoten dabena. Bai, ze: ni ez daukat orain arriskurik.

Gogorra da gero, norberari egindako bidegabekeri argi eta garbi batetik ozta-oztan urten eta gero, jarrera hori hartu bihar izatia: “Ez dot nahi problemarik: putadia egin deztenak salatzen badittut, igual hasarratu eta barriro etorriko jataz billa”.

Ulertzen zaittut, etsipenez beteta, Altzolako basarrittarra.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024