Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Aspaldiko ikuspegixa

orakulua 2005/09/04 19:55

Egunotan Eibarko zaharrak obra-hesixetan jagozak begira: “¡Eneee..! Zenbat urte ez nebala hamen errekia ikusten!”. Eta bai, Alfako derribuen edo Urkusuko parke ingurutik pasatzian irudi xelebriak ikusten dittuk: nere edadeko jentiak Indalezio Ojangurenen argazkixetan baiño ikusi ez doguzenak, eta zaharrak gaztaruan bizi izandako Eibartik gogoratzen dabezenak.

Gure ama (75 urte) entzun juat horren gaiñian berbetan: umia zala, Bidebarrixetan behera errekia agerixan jeguala, ta... Aldapatxon, Ariatzan ta Ardantzan jeguan panoramia, ta... Arikitxaneko zubixa benetako zubixa zanekua, ta... Alfa inguru guztia libre, piszina famosuakin, ta... oin etxuat ondo gogoratzen, baiña nere edadekuak eta baitta nagusixaguak be ezagutu dogun porlan-osotasun-denpora guzti hau (hasi Olerrian eta Azittaiñerarte, errekia desagertu) ez dok halan izan beti. Ha zelako tontokerixia, esango dok: “¡Danok dakigu ez dala halan beti izan barren!”. Bai, baiña gauza bat dok jakiñ, eta bestia sentidu. Eta neretako Kajoitxun argazkixak beste mundu edo dimentsiñoko gauzia izan dittuk beti. Hain zerikusi gitxi jaukek gaur egungo kaliak, usteze inamovibliak dirazela, juan dan 30 urtian beti bardiñ, erretratuetan ikusten dirazen irudi aldakorrekin: oiñ erreka tunel bat, oiñ jauregi bat, oiñ eskonbro mendi bat...

Oin dala 20 urte izandako ufaletan kaliak lehertu egin zittuan, naturaleziak beria dana berreskuratu nahi izaten dau eta. Orduan susmau genduan hor azpixan zer egon zeikian, obra-hesixen atzetik. Udaletxia konpondu zebenian eta bere solu guztiak kendu, zutarrixen artian ikusten ziran pozu illunak be oso sujerentiak izan zittuan: hor beheian zeozer jeguan, ur hotsa behintzat bai. Eta Alfa eraitsi dabenian arku eta dinteldun formak agertu dittuk (Makalarro edo Kakalardokua pasabidiakin batera: jakin bai hor jeguala, baiña nere modukuak ezin konprobatu). Konfirmaziñua dok: hor jagok benetan, eztok montaje bat ez, enkorsetatutako errekia.

Graffiti fresko freskue

orakulua 2005/08/20 18:50

Gaur bertan Eibarko Legarre auzuan harrapatutako bi; ixa tinttia sikatu barik...

Morrazotik zulora

txiko 2005/08/17 17:05

Oraintsu Galiziako Morrazoko penintsulan oporretan egon garanian, "Diario de Pontevedra" egunkarixan irakorri ahal izan dogu Afganistanera bidaldutako soldaduen inguruko erreportajiak. Euren amei, neskalagunei, emaztiei egindako alkarrizketak, Gudarixei gorazarriak, iritzi eta animo artikuluak... Galizian hain hedatuta dagoan espainiar abertzaletasuna, joko epikuak eta beste notizixen faltiak eragindako erreportajiak, seguru. Ez ziran bereziki atentziñua deitzekuak, baiña bai gogoratzen dot neska baten testigantzia: egun batzu lehenago nobixo militarrakin ezkondutakua, ustekabian senarra Afganistanera bidaltzen zetsena; kazetarixandako okela freskua.

Jakin dotenian Afganistanen hil diran hamapiku militarren barri, gogoratu egin naiz: "¿Ez dittuk ba hárek galleguok izango...?". Eta gaur, Lekeitioko Baserri tabernan, periodikuan irakorri dot, baietz. Ixa danak galiziarrak, eta tartian orain dala hillabete ezkondutako morroi bat. Gauzak zelakuak diran...

Ez naiz triste jartzen Gudarixak hiltzen diranian (militarrak, poliziak...), baiña ezta pozik be. Fatalismoz jazten naiz. Norberak aukeratutako biharra da, protestarik admititzen ez dabena. Arriskua lanpostuan doia, eta konforme ez dagoana hobe dau hojalatero sartzia (bihar askokua, eta askoz errespetagarrixagua).

Gauzak holan, euren familixekin alkartasuna sentitzen dot -alkartasun moderatu bat, azken finian etsaiak dittudaz eta etsaitzat nabe- baiña irribarre makurra urtetzen jata fiambrien inguruan hasten dan antzerki ponpoxuan aurrian. Gudarixan gorputzak burruketan jarraitzen dau hil eta gero, edo hobeto esanda bizirik darraixenak gudarixan gorpua erabiltzen dabe arma modura, Ruy Díaz de Vivar ustel baten modura.

Ez jaken bape gustatuko espainiar abertzaliei Gudarixak mendi baten kontra lehertu izatia, konfusiño tonto baten ondorixoz. Nahixago leukie askok, missil baten biktimak dirala deskubriduko balitza...

Hildako gudarixak, baiña, irribarrez darrai basamortuko eguzkixari begira, begixak zabal-zabalik. Hari bost axola, herixotzian motibuak.

Euskalinfo is back!

orakulua 2005/08/16 23:40

Bai, Euskalinfo web-horria itzuli da cyberespaziora – hor gaude berriro Euskal gatazkari buruz ingelesez informatzen.

Ekainak 15tik Euskalinfo itxia izan zen. Euskalinfo Bristol- Indymediarekin batera internet serbitzaile berdinean zegoen. Hau britaniar poliziak errekisatua izan zen operazio baten ikerketa egiteko helburuarekin. Guretzako hau da adarrajotze galanta, hilabete t’erdi ondoren poliziek konputagailuarekin haien eskuetan jarraitzen baitdute eta inoiz Euskalinforekin harremanena jarri ez bait dute - zihur enteratu direla serbitzaile horretan ikerketarekin zerikusirik ez zeukaten beste webhorriak zeudela. Hilabete t'erdi ondoren!

Hemendik ere bi webhorrien kontrako izandako errepresioa salatu nahi dugu, bien aurkako (batez ere Euskalinfo) akusaziorik ez zegoelako eta biok informatzea ezinezkoa izan dugulako. Biok berriro informatzen izateak gure kontrako debekurarik ez dagonik frogatzen du eta denbora guzti hau gure kontrako injustizia bat egin dutela (eta oraindik egiten jarraitzen dute serbitzaria oraindik haien eskuetan bait dago).

Bitartean, garai honetan Eskozian G8ren kontrako mobilizapenak gertatu ziren eta bristolen ere ugari prestatzen ari zen. Hiri honetan ere manifa bat antolatuta izan zen – baina iragartzeko indymediarik ez. Ala ere kriston arrakasta izan zen. BIndymedia aste batzu ondoren itzuli zen. Guri gehiago kostatu zaigu gure artean expertorik ezbait daukagu, baian azkenean hemen gaude. Ez dugu amore emango!

Hemendik ere gurekiko elkartasuna adierazi duten guztiei eskertu nahi diegu eta baita Baietz Fundazioari webgunea eskaintzegatik.

Adierazpen askatasunaren alde

EH askatu!

Martin Mantxo 14 Robertson Rd, Easton, Bristol BS5 6JY

www.fotolog.net/mantxo www.kebele.org www.euskalinfo.org.uk www.bristle.org.uk

Plantillazko pintadak

orakulua 2005/08/15 23:40

Azken urtietan asko ugaldu dira plantillekin egindako pintadak. “Sign of times” izango da: bizkor egin eta kontsumidu, serie produkziñua, graffiteruen estilua -estetika asko, mezu gitxi-... Biharbada bateron batek izan leike beste esplikaziñorik (hala ba da bota iritzixa, faborez). Hasieran ez netzan garrantzi berezirik emon, baiña hala eta guzti be erretratatzen nittuan. Baiña urte gitxittan, gero eta gehixago neukazen kolekziñuan eta azkenian txatal berezi eta esanguratsua osatu dabe. Batzu txorrada hutsa dira, baiña beste batzu oso landu eta orijinalak. Batzuk aukeratu dittudaz nere bildumatik. Plantillazko pintada hóntatik asko firmatuta dagoz. Ba dirudi egilliei asko ardura jakela jentiak euren barri izatia -nahiz eta seudonimoz- eta hau graffiteruen heredentzixa zuzena dala pentsatzen dot. Hurrengo seiko sorta hau Ondarrun, Bratislavan eta Pontevedran jasotakua da:

Esan dot aurreko urtietan asko ugaldu dirala, baiña plantillazko pintadak ez dira atzo goizekuak. Gauza hónetan eskarmentu luzia daukan ezker abertzaliak aspaldi erabilli zeban, “gaztea naiz... ¿eta?” kanpaiña ezagunian:

Eta noski, gaur egunian be barra-barra erabiltzen dittu eguneroko burruketan:

EHNAM-ak bakarrik ez dittu erabilli, baiña, plantillazko pintadak. Beste alderdi politiko asko erabilli izan dittuez, batez be hauteskunde denporan:

Eta hasieran “estetika asko eta mezu gitxi” zeukela esan dogunian, ez pentsatu exzepziñuak ez dagozenik:

Santixau zubiko ibillaldixa

txiko 2005/08/15 00:42

Zapatu eguardixa. Danok zubixa harrapatuta, urriñera juan dittuk danak turismua egittera. Iñok etxok pentsau Endarako pantano apal honetara etortzia, San Antongo ermitta onduan bazkaltzera. Hainbat hobe… Gure parian, Kopako Harriya. Horra juateko asmua gajenkan, baiña berandu dok. Bixenten tabernaraiñok igo, kafe bat beilisakin eta motxila haundixakin, bidian gora. Arritxulegi tunelan gaiñetik pasatzen gaittuk, Gudariyen Basotik. Han gora zaldixak, Erroilbiden pian, eta Aiako Harriyan ikuspegi ezohizko ederra jakusagu: Donostia, Bidasoa, Biarritz… Mapan Pillotasoro agertzen dok baiña ezin juagu soro famoso hori terreno gaiñian identifikau, artzaiñen tenis-moduko jokua egitten zana. Oianleku bai, han ikusten dok Bianditzen altzuan: han amaittu bihar juat gaur, Errenga eta Bianditzen zihar juanda. Mendate baten, mairubaratzak: handik hurran aintziñako mugarrixa; granitozkua, bastoi espiralan grabaduakin, eta hiru herrixen arteko mugia: Goizueta, Oiartzun eta Lesaka.

Bianditzeko puntan geldialdixa: mapen errebisiñua, brujulia… laguna Gaztarriko puntara juan jata, Domikoko presia ikustera. Bera gaur bueltan etorriko dok bide beretik, nik jarraittuko juat. Laguna etorrittakuan arratsaldeko seirak dittuk, eta abiatzen gara: berandu dok, eta nahiz eta egualdi ona egon, mendixan broma gitxi. Azkeneko kilometrua Artikutzako errepidetik egitten juagu.

Oianlekura helduta, itturrixan trago batzu. Motxilia bordan laga, jateko pizkat lagunari emon, eta agur. Zazpirak dittuk, eta bakarrik geratzen nauk Aiako Harrixa bistan daukatela. Etxagok libururik, ez idazteko papelik, ez radixorik… nahitta ez jittuadaz ekarri. Bakarrik egon, isiltasuna, barruko abotsak entzun…

Beste kultura batzutan “búsqueda de la visión”esaten detze. Artzaiñak udako larretan orduei pasatzen lagatzen detzanian be, antzera.

Egun guztian laiñotuta egon dok, baiña arratsaldeko azko ordu hónetako eguzki leun ederra agertu da. Aiako Harriya gorritzen joiak orduak pasatzen juan ahala, eta honuzkuan egindako ibilbide guztia jaukat betaurrian; saiatu arren baiña, etxuat lortzen laguna ikusterik, bueltako bidia prisaka egitten. ¿Harrapauko ete jok gabiak? Etxuat gaur jakingo.

Zaldixak eta ni geratu gaittuk Oianlekun. Mairubaratzak nunnahi agertzen dittuk, eta ondo ezaguna izan arren, zirrada atsegiña emoten jok oin dala 4000 urteko arbasuak zebizeneko arrastuak nunnahi topatzia. Cromlech erdixetan ez dok geratuko errautsen arrastorik be, millaka urteko eurixak garbittuta. Baina paraje hónetan geratu dira monumentu sinple eta esanguratsu hórrek. Euren artian ibilli eta gero, pagadittik zihar egurra biltzen jarduten dot, bihar erreza: ordu laurden baten 40 bat killo egur jirau juat.

Nere gauzatxuak bordan jarri eta gero, suakin jartzen nauk. Egur pillua eta papela tajuz ipiñi, ixotzen dala, ez dala, piztu, itxaiñ, begiratu… telebisiñua baiño hobia dok hau. Antxiñakuen telebisiñua, sua.

Oianlekuko pago artetik nere suan keia zabaltzen hasi dok, eta barriro kanpora najoiak. Donostia gaiñian eguzkixa geruago eta gorrixago jagok, eta illunabar zoragarrixa datorrela ezaguna dok. Pagadixan gora eta behera najabilk, azken izpixekin lepua berotu nahaixan. Cromlech baten erdixan jartzen nauk, lurra eta zeruan arteko loturekin jolastu nahixan… Zelako atsegiña eta nobedosua, hainbeste ordu aurretik izan eta zeregiñik ez.

Izan be, hala gertatzen jatala ohartzen nauk: kaleko eguneroko martxa trinkuan, eginbiharrak bata bestian atzetik jatozak eta eguna zeregiñez beteta dago hasieratik amaierarte. Eta 30 egun baleukaz, harek be beteko gendukez zeregiñekin. Hamen be, senak (sen korruptuak) hala bultzatzen nau: paisajiari begira bost minutu egon eta gero, jaiki biharra daukat zeozer egitteko: sua prestatu, edo motxilia ordenatu, edo izperringia irakorri, edo… zeozer. Baiña horregaittik etxuat ezer ekarri: espreski horretxegaittik, zeregiñik ez izateko, nere burua kontenplaziora derrigortzeko. Eta zorionak emoten detzat nere buruari erabagi horrengaittik, eta paisajiari begira geratzen nauk ez beste bost, beste hogetabost minutuz baiño.

Aiako Harri gorrixa politta dok bai, baiña ni eguzkixa bera nahi juat ikusi. Pagadixan batera eta bestera najabilk, baiña etxuat soilunerik topatzen. Lorentzo adar eta arbola artetik sartzen jata eta izpi gorri horizontalak baiño ez dittudaz ikusten. Baitta bizkai aldeko itxasua erdi ikusi be, urre dizdiratsua onezkero: illunabar eder-ederra jirudik baiña ¿etxuat ba lortuko garbi ikustia?

Minuto gitxi geratzen dittuk eguzkixa ezkutatzeko, eta korrika hasten nauk. Tontortxo soil bat ikusten zuan borda ingurutik, direkziño hartan… Baso barrutik gitxi-gora-beherako direkziño hartan antxitxiketan najoiak… bidetik kanpo najabilk, sasi artian ataskatuta geratuko nok ba… zaldixak sustatzen jittuadaz, zeiñ ete dok basajaun hau… ugaletik askatutako txakurtxo baten modura sentitzen nok… hor dago muiñotxua, ba noia gora, hau nekia… heldu nauk. Arnasa berreskuratzen, oiñez egitten juat gora. Atzetik gorrittasuna somatzen juat, lepua berotzeko indar barik onezkero. Goixan harri zapal bat nere ipurdixan zain. Han jartzen nok, eta ederra dok bistia. Aspaldixan hain eguzki haundi eta gorrixa ikusi barik, galdu arte egoten nauk begira, ezertan be pentsatu barik. Biribilla behin eta barriro distorsionatzen dok, eta azkenian algodoi artian galdu egitten dok. Juan dok bere amagana, bixar etorriko da eguraldi ona ba da.

Pago artetik nere keia joiak gora. Guazen bordara, poliki poliki.

Keia eta sua, hurrengo orduetako protagonistak. Etxuat gehixago bihar. Halako baten, gabardixan “Gabon” eta bikote gazte bat papel eske. Hor goixan (¿¿¿mairubaratzian???) su bat egittera joiazak, eta abisua emoten jeztek: “batzu eruaena itten ikusten ba’ituzu ez izutu, ¿e? gu ga”.

Lo egitteko ordua ba dator eta (oso poetikua ez izan arren) nesesidadiak egitteko azken osteria egitten juat kanpora. Esne Bidia argi ikusten dok nere buru gaiñian, pago artian. Ixiltasun totala, eta soiñu arraro bat… ba najoiak mairubaratzen aldera eta hantxe dago ipurtargi dardarti bat; oin hobeto entzutzen juat: gittarra baten soiñua dok, eta neska bat kantuan, Yoko Ono estiluan. Han geratzen nok begira illuntasunian tarte baten, invisible; ia su horren argittan zeozer ikusten dot, zeozer pikantia edo. Akelarren bat edo. Baiña ez, nahikua bihar jaukek su txikixa ixotuta mantentzen. Ba najoiak lotara.

Gabia trankil pasatu dok. Trankil: bueno, beti izaten diran terrore nokturnuak be egon dittuk. Mendixan, leku ezezagunian, dana dago zarata arraroz beteta. Gaiñera atia zabalik laga bihar izan juat keiakin ez asfixiatzeko, eta bateronbat sartu ezkero ez zeukian soñurik egingo… Gaba normala, ondo. Lo sakona. Goizaldian eguzkixak berak esnatu nau arpegixan jota: lur azpittik pasa ta gero bordako ate aurretik urtetzia suertatu jako.

Gaba guztia egin juat eserleku baten gainian etzinda, ekilibrixuan, eta ez nauk jausi. Goizaldian barriz, ur botilliari eskua luzatzerakuan… ¡zapla! lurrera. ¿Zer eingo’tzau ba?

Jaikitzian, goizago etorrittako baten kotxia topatu juat borda onduan. Ez nauk esnatu motor hotsakin, lo sakona egiñ ei juat. Oiartzuarra emoten zeban agure txapeldun bat zan, gero ikusi juat: “haziendak zaintzera” etorri da, basarrittarrak beti biharrian.

Uste baiño beranduago hasi nauk martxan. Eta hor zihar egin juat eguneko lehelengo erroria. Interneten jiratutako mapa txapuzerua estudixau eta estudixau arren, 12 zatittan banatuta egotian kalkulu errore bat egin, eta Bianditzera bualtatu biharrian (hala erabaki najuan atzo) zuzenian hegoalderutz jotia motzagua izango zala pentsatu juat; hala Berdabiyo ingurua ikusiko najuan (“Goizuetan ba da gizon bat” bertso famatuena), eta gero nahikua izango neban ekialdera juatia (nahikua “a la brava”, hori be egixa dok) Artikutzara heltzeko, eta gero Lesakara. Horregaittik igo nauk Bunanarrira.

Baina kalkulu erroria: Artikutza ez jagok Bunanarriko hego-ekialdera, hego-hego-ekialdera baiño.

Lehenengo presajixo txarra Bunanarrittik behera otatzan trabatuta geratziana izan dok. “A la brava” juatian ixa beti gertatzen dan legez, animalixen bide gero eta estuaguetatik juanda, azkenian ez atzera ez aurrera geratu nauk Sorotxo mendixan aldapan behera. Eta hori gitxi ba zan, udako sasoi honetan masmaretxiak jagozak nunnahi, eta partikularki otatzetan. Eta nik panikua jetset masmei. En fin. Sufrimentu minuto luze batzu juan dira, eta odol isurketa txiki batzukin konpondu dok dana. Handik gitxira, Prantzes Basoko pagadi ederrian behera jarraittu juat, abixada haundixan alturia galtzen. Basoko ixiltasunian (ixiltasun zaratosuan), elikagai pizkat. Eta belaunak nekatuta, ibillaldi luzietako bigarren egun tipikua. Zugaitz artian Eskas mendixan kaskua dakusat, hari bueltia emon biharko najetsakek ibillaldixan zihar,

Inguru basatixan behera, giza seiñalia: andapara bat, tuberia haundi bat lur azpira… eta bai, metro batzu behera Berdabiyoko zentral elektrikua. Onduan, itturri xelebria: hamen inbentoreren bat ibiltzen dok seguru.

Ballarian hondotik aurrera, basarri bakarti bat ikusten dok: Berdabiyo. Bide nagusittik kanpo geratzen dok, eta bertatik datozen txakur-zaunkadak ez nabe ondo etorrixa sentidu arazten… aurrera segitzia erabagitzen juat. Mapak barriro begiratu, eta oharkabeko akats akumulatibuakin aurrera najoiak. Oinguan bidia aldapara latza bihurtzen dok, eta ordutik aurrerakua amaierian hasieria dok.

Eguna bere erdirutz joiak, eziñ ibilli buruko zapel barik. Ez dok bidia, pistia baiño. Aspergarrixa, luzia, monotonua, erregaldaria, piñu artian. Gitxi iraungo dabelakuan, aurrera jarraitzen juat. Baiña gorago, beste pista nagusi batekin batzen dok. Industrializatutako ingurua jirudik, eta horregaittik nere uste okerrian gehixago sakontzen juat: Artikutza presa ba badok, explotaziñuak bidiak izan bihar jittuk… Baiña kilometruak ba joiazak: 1,4,8… Hurrengo kurban izango dok, edo mendi haren ostian… ¡kaka! Flaka fisikuari flaka mentala gehitzen jako pausorik pauso, mendi naparretan eguzki astunan pian. Orduak ba doiaz: 2, 4, 6… eta lehenengo asmua Lesakan lo egittia ba zuan, denporiakin goittik behera aldatzen dok, behiñ baiño gehixagotan. Hurrengo, B plana jatork: Artikutzara heldu eta mendixan gora lo egitteko leku ezkutu bat billatu (han ibiltzia galazota ei jagok eta). Artikutza uste baiño urriñago dagoala ikusten dotenian, C plana: sua egiñ eta edonun jarri; guardak etortzen ba jataz, “suekuana egiñ” eta bide batez herrin batera jaisteko mesedez eskatu. Eta gero, guztiz deskonzertatuta, erreferentziak galduta eta karretera baten hurbilttasuna ikusitta (han behean, 6 bat kilometrora) D plana dator: lagunari nere billa etortzia erregutzia.

Bai, aitortzen dot: abentura bakarti bat amaitzeko modu nahikua lotsagarri bat dok, baiña gizakixa nauk, ¡erredios! eta gaiñera kaletarra. Eta parrandia, eta dutxako ur berua asko gustatzen jatazak.

Lehenago egingo najuan koberturarik balego: baiña Goizuetako mendixetan ez jagok ezta onda elektromagnetiko bakarra be, antza. Karretera ha ikusi eta koberturia neukala ikusitta begibistakua zan Artikutzan ez nenguala. Hori kontuan hartuta eta mapan barriro kokatuta, Arano eta Goizuetako errepidian punton baten egongo nintzala kalkulatu najuan. Eta hala zuan. Indijena batzuei galdetuta, eta erreskatatzailliari koordenada zehatzak esanda, erreka ondora juan zuan erdipurdiko Indiana Jones hau, zibilizaziñora bueltako txartela hartuta.

Eguneroko bizimoduak daukan edertasuna hobeto baloratzeko balio badezta behintzat… haxe.

Leon

orakulua 2005/08/14 16:56

Hamaika bidar pasatu izan naiz lurralde hónetatik, baiña orain arte Leon zaharra papel gaiñian mantxa zuri haundi bat baiño ez dok izan neretako. Bertako jentian eskutik nabillen honetan, deskubrimendu atsegin bat izaten dihardu, bueltatzia eta trankil ezagutzia merezi daben herrixa.

Lehenengo deskubrimendua, erdi aroko girua. Erromatarren inperixua desegiñ eta geroko inbasiñuekin, Hispania zaharran gotorlekuetako bat izan zuan Leongo erresuma hau. Rekonkistia bultzatzeko Donejakue bidia “asmatu” zanian be, Bierzoko paraje galdu hónetara etorri zittuan (edo bialdu zittuezen) leka ermitañuak, VIII mendian. Euren erretiruak haitzuluetan egingo jittuezen lehelengo, baiña gero Asturren kastro zaharren gaiñian monasterixuak eraiki jittuezen, lehelengo herrixen sorguniak. Rekonkistiak aurrera egin ahala, hegoaldeko bide errezaguetatik egingo zan Santiago bidia, eta Aquilano mendixetako portu hónek ahaztuta geratu.

Peñalba de Santiagon oin dala 1000 urteko irudi hónek piztu jakuzen. Desagertutako monasterixoko lekak egindako zirriborruak ikusi genduzen elizako hormetan (liburu zaharrak kopixatzen ibiltzen zittuan nunbaitt, eta marrazkixen probak egitteko pergamino garestixak erabilli biharrian, hormetan hobeto). Bierzoko etxe zaharren egittura eta apaingarri berezixak ikusi genduzen (tabla tirada, harbelezko tellak, balkoi luziak…). Herriko 9 biztanlien ezin-bizixak, mamoneo eta kazikaden barrixak be izan genduzen…

Asturren eta visigoduen arteko tarte luze horretan, erromatarrak egon zittuan hamen zihar. Asturica Augusta (gaurko Astorga) herrixa ez zan eraiki –beste gehixenak legez- aurretiko herri baten gaiñian. “Legio X Gemini” izeneko soldadu moltzo baten kanpamentua izan zan hasiera-hasieratik, eta Astur eta Kantabro herrixen konkistia bertatik dirijidu juen erromatarrak. “Pazifikaziñuan” ostian (berba hau erabiltzen dok gehixen, guk ikusittako museuetan), erromatar esplotaziño edo industrixen biltokixa zuan Astorga, materixalak hamendik metropolira bidaltzeko.

Biharbada erromatar industrixa ezagunena Las Medulas parajeko urre-miatzak izan zittuan. Haize eta ur konprimiduan bittartez, bertako lur ezin gogorragoko mendixak lehertu arazi jittuezen, literalki, gero hondarrak xehetu eta galbaixekin urria etaratzeko. Entzun genduzen azalpenen araura, inperixoko explotaziñorik haundixena izan zuan… baiña ez aberatsena, iñundik iñora. Urria egon ba jeguan, baiña hain urrixa ze, ez jetzen merezi etaratzia be.

Las Medulas parajia abandonatuta geratu zuan; bertako biztanliak erabiltzen jarraittu juen, batez be egur eta gaztaiñia etara eta ardixak zuluetan gordetzeko. Uran kanalizaziñuak burdi-bide modura erabilli izan dittuk oraintsurarte –hain ziran zabalak eta ondo egindakuak-; erromatarren historixak kondaira modura mantendu zittuan. XIX mendian hasi zan arkeologixa lan serixua, eta orduan hasi zittuan gauzak argitzen. Nahastatzen bebai: adibidez, hasieratik pentsatzen zan Meduletako biharleku ikaragarri horretan esklabuak izan zittuala bihargiñak, injeniero erromatarren aginduetara. Baiña ez: Astur herrixa konkistatutako herri bat zuan eta horretara, asturrak, “borondatez” etortzen zittuan miatzetara. Erromandako bentajia: esklabuak jantzi, elikatu eta mantendu bihar izaten zittualako; bihargiñak barriz, ez: soldata txiki bat ordaindu, eta barriro juaten ziran inguruko kastro edo herritxuetara.

Gaur egunian topatzen dan parajia ekologismuan Jon Juaristi izatera bultzatzen gaittuk. “Ruina montium” explotaziño sistemia dan suntsitzailliakin, begiratu zelako paraje ederra laga dezkuan begixen gozamenerako. ¿Biharbada Abiadura Haundiko Trenan kontra gabizenok errore larri baten sartuta gagoz, zergaittik eze, behiñ abandonatuta geratzian bere tunel eta terraplenak Gizaterixan Ondare izendatzeko modukuak izango dittuk? Argazkixetan ikusten dittuan dorre moduko horrek paisaje kaotiko baten kapritxuak emoten juek lehenengo begiradan, baiña ez dittuk holan: mendi blokia lehertu-eragittian eskiña bixetan nahitta lagatako seguridade-zutarrixak baiño ez dittuk. Esandako moduan, hau eskala oso haundiko esplotaziñua izan zuan, industrixa puro-purua.

Bierzoko eskualde basati hau lagata, Leongo beste parte batzutan ikusittako arkeologixa biharrak –edo, hobeto esanda, euren azalpenak- apur bat… fatxak begittandu jataz. Ez jakixat ondo esplikatzen, baiña susmua daukat hamengo agintarixei lar gustatzen jakela Erroma eta erresuma kristauen partia, eta bertako indigena zaharrena… ez hainbeste. Faszismuak berezkua zeukan Erromakiko miresmena (agurra, arkitekturia…) eta noski, hamen behintzat indusketen arduradunak ez dittuk guztiz aldatu juan dan 50 urtian. Ia: ez dok eskandalosua, testuen idazkeran briztada batzu baiño ez, baiña… ahal dan neurrixan historixia hori baiño neutralagua izan bihar dok. Komentarixo zatar edo ironikuak sobran jagozak.

Morrazo

orakulua 2005/08/14 16:55

Urtetatik ezagutzen juat Galizia, eta esan najeikek kostalde osua ezagutzen dotela, herririk herri. Beti gauza bardiñak deskubritzen gabiz baiña: domekan heldu giñan eta gaur barixakurarte Morrazoko penintsulatik ez gaittuk mobidu. Eta ez pentsatu kanpalekuan periodikua irakortzen egon garanik, ez: egunero gauza barrixak ikusten, ibillaldixetan… dana hamendik hamabost kilometro bueltan. Ez najuan esango…

Edozelan be, egunero gauza bi errepikatzen dittuk arratsaldian: Barra hondarrian baiñua, eta Aldán herriko kanpiñian lo. Danerako denporia emoten jok.

Lau urte zittuan Pontevedrako kale zaharretan zihar ez nintzuala ibiltzen. Hasieran Peregrina plazako taberna turistikuetako amaraunian harrapatuta geratu giñuazen, baiña laster askatu giñan terrazatxuen uniformidadetik: garunak martxan jarri, eta bodega zahar batzu topatu najittuan. Han hartu genduzen ribeiro taza batzu jubilau artian, eta hasi zuan alaittasuna. Turista salduak izaten dittuezen asper-zamia astindu gajenduan.

Galiziarrak zer dittuk, ¿atzeratutako herrixa ala tradiziñuei ondo eusten detzana? Manuel Rivas idazliak esaten daben modura, “ixa konserbadorerik ez dagoen herri kontserbadoria” dok Galizia. Ustez kontserbadore diran horrei ez jakez gustatzen gauza zaharrak: ez harrizko etxe zaharrak, ez carballeira zaharrak, ez bertako hizkuntza zaharra. Horrek ez dittuez kontserbatzen, baiña bai zama historiko zaharrak: jauntxokerixia, burokrazixia, konformismua, entxufismua, bidegabekerixia, provincianismua. Kontserbaziño eskasa, benetan.

Halan, lehenagoko argazki tradizional horren ondo-onduan (emakume bat, adar-fardela buruan daukala) halako beste bat topatzen juagu ixa beti. Ez, ez dok obretan daguan etxia: bertan familixa bat bizi dok, beheko pisuan. Euren basarri zaharra eraitsi eta barrixa jasotzen jiharduek… juan dan 15 urtian. Jualiak dittuk, seguru, igual Bizkaira: dagozen lekuan dirua irabazten juan ahala, udan hona etorri eta etxia eraikitzen jiharduek pizkaka-pizkaka… Urbanistikoki hondamendixan jagok Galizia, azken hamarkadetan: benetako “kontserbadoriak” diran galiziarrak desesperaziño baten jagozak aspaldittik…

Gaur ikusi juat ezkerreko abertzale batzuen pegatiñak: “Galicia: ano I da Nova Era”. Benetan poztekua dok gobernu aldaketia, euforixia dok nagusi: baiña bihar asko eta zorrotz egin biharko dok “ustezko kontserbadoriei” (asko PSdeG’kuak) agintia kentzeko…

Morrazoko penintsulia ziharkatzen daben galtzada bat ba jagok. Berau hartuta, ibillaldi politta egin juagu Aldanetik Cangaserarte, goizago jaikitta. Hamen bai, hamen turista izaeria pizkat ahaztu eta ibiltari moduan kamuflatu gaittuk: errepidietatik urrindu eta bidezidorretan zihar ibilli gaittuk, estratara heldu arte. Basarrixak eta basarrittarrak izan doguz bidelagun, esandako moduan kamuflatuta giñoiazelako.

Ibiltziangaittik hasi gaittuk ibiltzen, baiña ba jeguan helburu difuso bat: O Facho mendixan topau barri dabezen arrastuen indusketak ikustia. Kristo aurreko IV mendeko (“castrexo” sasoikua) eta erromatarren denporako arrastuak (kristo osteko III mendekuak) topatu jittuez.

Egixa esan, ez najeukan indusketak topatzeko esperantza haundirik. Baiña noski: galtzara zaharra ez jagok hor kasualidadez; orain dala 2000 urte be han jeguan, eta hango ibiltarixak izan zittuan castro horretako etxiak erabilli zittuezenak lehelengo, eta Berobreo jangoikua gurtzen ibilliko ziranak geruago. Orduan: Donon aldera jaisten genbixela, segiduan topatu doguz biharren aztarrenak, eta harei jarraittuta indusketa-lekua bebai. Ederra dok: kata batzu baiño ez jagozak eginda, eta castruetako batzu erdixa aidian, erdixa lurpian jagozak ondiok. Lekua bera zoragarrixa dok: O Facho mendixa Morrazoko penintsulako burua dok, Atlantikora balkoi baten modura begira, Cies eta Ons ugartiak bistan.

Ameslarixendako bazkia: erromatarrak etorri aurretiko jentiak irudikatu, euren gizartian susmua usaindu, euren berbeta ixa ezezagunan berbarua aittu (Bainis, Baiona…)…

Morrazon emon juagu astebete, peninsulia direkziño guztietan ziharkatzen. Hala eta guzti be, barriro etortzen naizenian ba jakixat leku barrixak ezagutuko dittudazela. Hala dira lurra eta bere sorpresak. Toki polittenak ez dittuk ezagunenak izaten, eta zeiñekin habillen eta zelan hagoan be ba jaukek bere eragiña. Hurrengorarte, Morrazo.

Eibarko azken adokinatua?

orakulua 2005/07/17 20:25

Bistan dago Isasiko ogitegiko kale edo pasabideko etxieri oso denpora gitxi geratzen jakela.Oin momentuan eskumako etxe illara guztian iñor ez dala bizi dirudi, konstruktora baten propagandia dago balkoietan eta atzekaldian (Ego Gain) dana jausi biharrian dago. Ez dira etxe aberatsak, ez dauke armarri ikusgarririk (edo bai, kontuan hartuta Eibarko edozein harri labrau pitxi bat dala, hain dira gitxi etxe edo kale zaharrak) baina ba dauka kale horrek rkitektonikoki estimagarrixak dirazen gauzak.

Adibidez, adokiñak; pensatzen jarritta, ni ez dot gogoratzen Eibarren beste kale adokiñaurik, eta nere eritxiz hau gordetzeko moduko gauzia da.

Ez dakitt plan urbanistikuetan ze ikusten dan Isasixan beheko parte honendako. Ez neuke txarto pentsau nahi, baiña Eibarko ondariakin Udalak historikoki izan daben jarrera ardurabakuakin (Untzagako torria, Indianokua, Alfako ofiziñak, Musataixa, Urkiko kurutzia...) ez dirudi esperantza haundirik izan bihako gendukenik. Usteze ondariakingo sentsibilidadia ipurdiko zuluan daukagula.

Windows ZP

orakulua 2005/07/17 20:23

Ba da aldizkari bat Bilbon, Ekintza Zuzena , ale bakoitzian obra de arte bat kaleratzen dabena. Irudixetan, batetik (euren baimenez kontraportadia dozue hamen ikusgai) baina bestetik barruan topatu leikiazen edukiñen kalidadiangaittik. Mardula, sakona, dibertigarrixa, merkia. Beste azalpenik ez.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024