Profesionalak eta amateurrak
Azken urteotan administrazioa profesionalizazioaren aldeko politikak
bultzatzen ari da. Kultura alorreko laguntza eta jardueretan amateurrek
parte hartzeko gero eta traba gehiago jartzen ditu. Burokrazioa
izugarria da, eta diru-laguntzen deialdietan parte hartzea ia ezinezkoa
bihurtu da horretarako azpiegitura profesional bat ez duenarentzat. Are
gehiago, zenbait deialditan zehatz-mehatz adierazten da profesionalak
bakarrik aurkeztu daitezkeela. Profesional izatea nolabaiteko berme
artistikoa balitz bezala. Eta amateurrek ekoizpen artistiko
interesgarririk egiteko izan dezaketen gaitasuna ukatuz.
Krisi
aurretik kultura eta sorkuntza alorretako profesionalizazioaren aldeko
aldarri hau izugarrizko kontraesana zen, eta zer esanik ez oraingo
egoeran. Errealitateak urteak daramatza gure mutur aurrean jartzen herri
txiki honetan ez dagoela nahikoa masa kritiko jarduera kultural
gehienetan profesionalki aritzeko. Baina itsu eta entzungor,
profesionalizazioa eskatu eta amateurismoa zigortzen jarraitzen dugu.
Eta zentzu batean profesional kopuruak gora egin du. Jarduera artistiko
gehienen inguruan badira profesionalki ari diren teknikariak,
kudeatzaileak, idazkariak, ekoizleak, komunikariak, e.a. Artistak eta
sortzaileak ez proportzio berean.
Profesionala izateak ez du
kultur produktuaren kalitatea eta ekarpenaren mamia bermatzen. Are
gehiago, ezagutzen ditugu artista profesionalak, artea ogibide hartu
dutenetik ez dutenak aurreko mailarik eman. Amateur zirenean zerbait
esateko zutenean ateratzen ziren plazara, ongi mamitu eta landu ondoren,
ez baitzuten produktu kulturala ekonomikoki errentabilizatzeko asmorik
eta itxaropenik. Bizimodua atera beharrak etengabe ekoiztu eta plaza
publikoan egotera eramaten du profesionala, esateko ezer berririk izan
ala ez.
Hasieran esan dut eta berriz errepikatuko dut. Kultura
alorrean profesionalak behar ditugu. Baina amateurrak ere bai. Ez dugu
erronka makala bien arteko elkarbizitza eta lankidetza orekatua lortzen.
Baina ez dezagun inor zigortu bata ala bestea izateagatik.
Argia, 2010-07-30
XXI. menderako tradizio bat
Gure dantza taldearen behar bati erantzunez sortu ditugu Arrateko Amaren dantzak. Eibarko Udalari, komunikabideei, Arrateko jaietako antolatzaileei, parrokoari eta hurbildu zitzaizkigun guztiei beste pelikula bat kontatu genien. Arratek dantza errepertorio propioa merezi zuela esan genien. Horrelako erromeria eder batek, Arrateko Ama Birjinak Debabarrenan duen predikamentuak eta historian zehar Arratek herri musika eta dantzarekin izan duen lotura estuak merezi zutela dantza tradizio eder bat. Eta gu prest geundela ahalegin hori egiteko, gure indar eta tresna guztiak lanean jarriko genituela Arratek merezi duen tamainako dantza errepertorio bat eskaintzeko. Baina ez, ez zen hori izan bidaia honetara bultzatu gintuen arrazoi nagusia. Gure dantza taldeari, Kezka dantza taldeari komeni zitzaiola pentsatu genuelako ekin genion dantza sorta berria prestatzeari. Ia mende erdiz Euskal Herriko bazter guztietako dantzak ikasten eta eskaintzen jardun ondoren, gure dantza tradizio propioa izateko garaia genuela erabaki genuen. Konspiratzen hasi eta halako batean konturatu ginen Arrate zela gure hegazkinarentzat aireportu aproposena. Konspirazioaren lainoetatik Arrateko zelaian aterrizatu arte egin dugun bide horren narrazio pertsonala da honako testu hau.
Horrelaxe hasten da 2006an Arrateko dantzak aurkezteko idatzitako testua. Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailak antolatuta Festa Berriak izeneko jardunaldiak burutu ziren Donostian eta jardunaldi horretan aurkeztu nuen komunikazioa. Arrateko dantzak abiatu berri ziren, eta oraindik zer nolako harrera izango zuten jakin gabe, martxan jarritakoaren nondik norakoak azaltzen saiatu nintzen testu horretan.
Jentilbaratz aldizkariaren 11. zenbakian argitaratu da artikulua, eta horrekin batera sarean jarri dut, nahi duenak bertan irakur dezan osorik:
Telefonoaren doinura
Britainia Handian ia bost milioi lagunek egiten du dantza. Futbolaren
ondoren jende gehien erakartzen duen aktibitate fisikoa da.
Dantza-klasikoa, garaikidea, aretoko-dantza, bio-dantza, break-dancea,
sabel-dantza,... Aukera-sorta zabal guzti hori, ia berbera da munduan
barrena. Abontzan hip-hopa egiten duenaren lengoaia bera darabil
Brixtonen edo Magentan dantzatzen duenak.
Ahozko lengoaia,
euskara, normalizatzeko kalera atera eta testuinguru guztietan
erabiltzearen garrantziaz ohartuta gaude. Gure lengoaia koreografikoa
ere, euskal dantza, gutxitasun egoeran dago. Euskara bera baino
baldintza okerragoetan dagoela esango nuke gainera, ez baitu haren
errekonozimendurik, ez zaio aitortzen balio handirik eta gainera ez dago
dantza egoera diglosikoan egon daitekeenaren kontzientziarik. Euskal
Kultura zer den eta zer ez den definitzen denean hizkuntza, euskara,
izaten da irizpide sendoena. Hitzezko komunikazioa erabiltzen ez duten
lengoaiak definizio horretan bigarrenmailan, itzalean geratzen dira.
Dantza euskal kulturaren osagai dela ez da zalantzan jartzen, baina ez
da lehentasunen zerrendan ageri.
Herri batzuetan hasi dira
batzuk radiokassete handia kalean jarri eta euskal dantzak egiten.
Donostian, Bulebarrean ikusi ditugu orain gutxi. Gure etxepean oraingoz
Beyoncerekin jarraitzen dute. Abontzako eremu berdea berreskuratu eta
telefonoaren doinura Jeniffer, Izaro eta Aner mutxikoak dantzatzen
hasten ez diren bitartean etorkizun beltza izango du euskal dantzak.
Euskararen egoera arduraz bizi dugu, zer esanik ez zenbaitek museora
kondenatu nahi duela antzematen dugunean. Dantzarekin ez dugu kezka
hori, museoetan ere ez baitago tokirik beretzat.
Argia,
2010-04-25
Euskal Kulturaz Antton Lukuren begiradapean
Armiarmaren Kritiken hemerotekan ikusi dut izan dituela zenbait erreseina. Hasier Etxeberriak Zuzeun idatzi zuena eta Xabier Etxabek <dantzan> posta zerrendara bidalitako aipamenak ezagutzen dituen, baina horiez gain beste dozena erdi bat izan direla ikusi dut. Dena den, Hasierrek aipatzen duen sentsazioa konpartitzen dut nik.
Eztabaida zabal baten abiapuntua izan beharko luke liburu honek euskal kulturaren alorrarentzat, baina beldur naiz ia-oharkabean pasatzen ari dela.
Ezten zorrotza, oihartzun urria
Irakurri dugunok onartzen dugu lehergailu bat dela, baina aldi berean badakigu nekez egingo duela eztanda. Batetik, euskal kulturaren teknikari eta agente dinamizatzaileek bultzatzen duten eredua bera dago kritikaren jopuntuan, eta kritika hau onartuz gero sistema osoa jarriko litzateke zalantzan. Bestetik, ziur aski askok Lukuren kritikaren mamia ez dute ulertu ere egingo, besteak beste, aipatzen duen euskal kulturaren errealitate hori (inauteriak, besta berri, kabalkadak, toberak, maskaradak, e.a.) ez delako ez ezagutzen, ez ulertzen, ez kultur-ekoizpen bezala baloratzen.
Nik irriparre batekin irakurri dut, baina ohartzen naiz mingarria ere badela, ondo zorroztutako aiztoarekin xehe-xehe ebakitzen baitute Lukuren hitzek. Iparraldeko barnealdean jarri du begiratokia eta kultura politikak ditu batipat jomuga, baina bidean kultura ereduen inguruko gogoeta mamitsuak eskaintzen dizkigu.
Baserritarraren dialektika
Baserritar batekin izandako elkarrizketa kontatzen du pasarte batean. Soroan harekin topo egin, galdera egin eta baserritarraren erantzunak eta honen ondotik izandako elkarrizketak kultura eredu baten berri ematen digula erakusten digu Lukuk. Hizketa, hizkuntza, elkarrizketa, zutabe nagusi duen kultura bat, baina urbanita eta gazteon dialektika zuzen eta biluzitik haratago, metaforak, ziriak, ironia eta mezuen joan-etorriak marrazten duten kulturaren berri ematen digu.
Iruditzen zait Lukuk jarritako adibide hori ez dela debaldekoa. Bere saiakera ere estilo horretan idatzita dagoela esango nuke, baserritarraren estilo diskurtsiboa baliatu duela egungo euskal kultura antolaketa sistemaren kritika borobiltzeko. Ondorioz, saiakeraren tonua informala da, garagardo bat aurrean elkarrizketan gauden sentipena du irakurleak, eta gure miseriak gordin erakusten dizkigun hamaika kontu irrigarri kateatzen ditu bere kontakizun alaiean.
Irriparrea ezpainetan, kontakizunari lotuta, metaforizatzeko estilo baserritarrarekin zorabiatuta eta ahozkotasunetik horren hurbil antzematen den idazkera zingiratsuan harrapatuta gozamen hutsa izan da Antton Luku-ren liburua irakurtzea. Baina irriparrea izoztu egiten da behin eta berriz, irrigarri gertatzen zaizkigunak gure miseriak baitira, eta ezpainak erlaxatzeko etena egin orduko gure kulturaren trajediaz ohartzeak lurjota uzten du irakurlea. Irrigarria da “Euskal Kultura?” Irakurtzeko ariketa bera oso, baina mamiaz konsziente izanez gero dramatikoa ere da.
Erakundetzearen ajeak
Euskal Kulturaren kudeaketaz arduratzeko sortu eta antolatu diren erakunde eta elkarteak ditu jomuga nagusi Lukuren kritikak. "Frantziak guretzat duten egitasmoa kolonialismoarena da" dio Lukuk. Pariseko zentralitatetik eta kultura ereduak inposatzeko duen gaitasunetik abiatuta, Frantzian barrena joera horiek nola hedatzen diren agertzen du, eta maila desberdineko olatuetan A, B, C edo D motako eragin esparruak eta bakoitza kudeatzen eta diru-laguntzak bideratzen dituzten erakundeak deskribatzen ditu.
Iparraldeko kultura dinamikan zer babestu, zer bultzatu eta zer baztertu behar den erabakitzen duten guneak identifikatu eta horien jardunean antzematen duen Pariseko ereduarekiko menpekotasuna eta bertako jarduerekiko konplexuak agerrarazten ditu Lukuk.
Kultura "antolatuak" ekitaldi guztiak generoaren arabera sailkatzeko duen joeraren ondorioz zenbait ekoizpen tradizional inongo lurraldean geratzen direla agertzen du Lukuk. Edo musika zara, edo dantza, edo antzerkia... Baina inauteriak, Besta berri, kabalkadak e.a. ez dira sailkapen horietan kabitzen.
Eskaintza kultural "antolatuaren" aurrean, jendeak duen jarrera umore beltzez esplikatzen du Lukuk: "Jende normalak, inkultuak, ederki daki hori guzia ez dela beretako egina eta artista profesional horiek ikusle profesionalak badituztela, aitzinatuak, beren burua horretan ezagutzen dutenak. Formula asasinoa badute holakoek afitxa baten aitzinean gertatzen direlarik: "Ontsa da hori maite duenarerentzat". Erran nahi baitu ez zaiola burutik pasatzen ere horra joatea". 65. orr.
Euskal Kultura zer den
Euskal Kultura hizkuntza zehatz batek, euskarak, zedarritzen duela defendatzen du Lukuk. Euskaraz sortu eta egindako kultura da Euskal Kultura, eta euskaraz ez dakitenei irekitzeko saioen kontraesana agerian jartzen du.
Profesional eta amateur banaketaren atzean, kultur ekoizpenen kalitatea aintzat hartzeko neurgailu faltsua ezkutatzen dela salatzen du Lukuk. Guzti horiekin konplexuak sortu eta sendotzea baino ez dela lortzen dio Lukuk.
Dantzaren konplexuak
Dantzari buruzko adibide zenbait ere jasotzen ditu Lukuk bere lanean, eta konplexuak ezjakintasunari gehitzerakoan zer nolakoak gertatzen diren azaltzen du:
"Sortzen dute euskal konplexatua deitzen dudan arketipoa. Euskal munduak lortu instituzioak holakoez beteak dira. Euskal kultura beren getthotik atera behar dute (zein?) eta kanpotik ekarri behar dituzte aholkua eta eredua, barnekoa ezagutu gabe. Ez dakit bihi batek ere liburu bakarra irakurri duenez, maskarada batean zer baden jakiteko. Baina Urbeltzen sorkuntzetako batetik ateratzean euskal dantzako "adituek" txarra antzematen dute beti. De bon ton da dantzari "eskolatuen" artean, Le temps d'aimer, urteroko Biarritzeko festibalaren klientelan, txarra, eskas, beti berdin atzematea. Irizpideak, berriz, ez ditugu sekula jakinen. Non ez den ez dela aski higitzen. Ez dela aski aldatzen. Berrikuntza nahi dute, baina Urbeltzek draman ezarri dituenak ez dituzte ikusten ere, ez dakitelako alfabeto horren irakurtzen. Joka niro ez duela batek ere ikusten Axeri bodan gauzak ez dituela nafarrak aldatzen, gogoan atxikitzen baitu lantzen duen dantza hori sortu duen testuingurua eta esanahia. Hots, haren ekuazioa dela: "Zaharrek hau erran nahi zuten eta honela erran dute dantzaz, guk hori erran gogo dugu eta, beraz, nola erran?". Etxahun Irurik kantuz kantu errepikatu digu ujantxa zaharren atxikitzea. Godalet dantzaren dantzatzea molde huts eta folklorikoan? Edo lengoaia hori ulertuz, gure dantzaren alfabeto eta kodeak, oinarriak eta gure filosofia horren zimenduak? Egiten zuena Etxahunek mugarik dantza eta antzerkiaren artean? Edo xirula eta poloinak ohatzen zituen etxeko parte berean? Drama antropologiatik ari da Urbeltz ere, euskal dantzatik nahi du erran. Hots, zafratzaile horietarik nehork ez du ulitxarik ikusi edo zer metafora ezartzen duen bere kotillun gorri arrabisitatuetan, edo kulturen arteko zubia bilatzen duela gure lengoaiatik joanez; hots, euskaraz, ausart banendi. Gonzalo Etxebarriaren margoetan irakurtzen den euskara. Baina bon, isil nadin. Hortaz futizen dira, saltzen diren baleten furfuria nahi lukete, hantzeko estakuru litzatekeen dantza. Eta hor ttipi sentitzen dira, pobre eta artaburu. Euskal dantzari?"
Antton Luku, Euskal Kultura?, 38-39. orr.
Konplexuak zenbateraino ditugun barneratuta erakusteko dantza adibide hartuta beste aipu bat:
"Gure dantza txarra da folkloriko delako, soila, beti ikusia. euskal besta handietara, Herri Urrats eta horlakoetara, joaldun eta maskarada zatiak ekarrarazten direlarik, praktikak banalizatzen eta folklorizatzen dira beren testuingurutik kanpo, esanahitik at erakutsiak dira. Denak ikusiak eta berrikusiak zaizkigu, baina sekulan ez begiratuak, behatuak sortu dituen kontzeptuaren barnean. Hori zitzaien gertatu bolantei 2930 urteetako Donibane Garazin Ybarnegaray eta bere esku makilak euskal gauzez okupatu zirelarik, edo gerla ondoko turismoaren eztanda aroan errient laikoek giderrak eskuetan zituztelarik"
Eta jarraitzen du...
"C-ren lema edo leit-motiv tokiko taldeekin egin dituen saltsetan hauxe dugu: "Euskal dantzari ekarri behar zaio". Euskal dantza hobetu behar da. Profesionalekin kontaktuan jarriz. Nahastekatzen bada hip hop-ekin euskal dantza hobetzen da, kalitatea igotzen. Zer dugu guk ikustekorik hip hop sortu duen bizi baldintzekin? Euskal dantzariek hip hop egin dezaten, gorputzendako, beraz beren dantzari gaitasunaren hazteko, beti on da, afrikar dantzak berdin. Baina hauen ariketa erakusketa ikuskizun dei daiteke? Pianistek konbokatzen gaituzte ikas-ariketak eta gamak entzutera? Zer erraten da fandangoa hip-hopizatuz?"
Plazerra da Lukuren lana irakurtzea, nahiz eta eztena sakon sartzen duen. Eta zer pentsatua ematen du. Planteatzen dituen ideiak ez dira erraz ulertzen direnak, arinkeria, zurikeria, modernokeria eta garaikidekeria salatzen baititu. Baina irakurketa, eta gogoeta gomendagarria da, zalantzarik gabe.
Luku-ren diskurtsoa ulertzeko beste erreferentzia hauek ere oso baliagarriak gerta daitezke:
Dni Baskijskie edo Euskal Jaia Polonian
Amaia Dones euskara irakaslea da Poznan-en eta orain aste batzuk dantzan.com-en ditugun argazkietako batzuk erabiltzeko baimena eskatuz idatzi zigun. Euskal Jaiko kartela egiteko erabili nahi zituzten argazkiak. Berastegiko San Juan Iantzetan buruzagiari egindako argazkia hautatu dute kartela egiteko eta CC-AT-SA lizentzia errespetatuz aitorpena egin dute kartelean bertan.
Gustatu zait kartel-egileak egindako lana, eta kuriosoa da dantzaria polonieraz idatzitako testuz ingurutatu ikustea. 2010eko apirilaren 21etik 23ra ospatuko dute Dni Baskijskie(itzulpen literala euskal egunak edo horrelako zerbait izan daiteekela ulertu diot google translateri).
Dantza kazetaritza eta zientzia komunikazioa
Horra dantza eta tradizioen inguruana Argian idatzi dituen artikulu interesgarri batzuk:
- Norena da copyrighta?
- Dantzaren erbesteak
- Goi mailako dantza belaunaldien arteko jauzietan
- La Fundición: Hogei urte garaikidetasunari bideak zabaltzen
- Euskal dantza tradizionala: Etorkizuna dantzan eta zalantzan
Zientzia ikasketak egin (kimika, oker ez banago) eta kazetaritzan diharduen dantzaria da Brea, eta orain gutxi CAF Elhuyar zientzia-kazetaritza saria irabazi du, adimen artifizialari buruzko lan batekin. Zorionak Unai!!!
Antzeko zaletasunak eta ibilbideak dituen norbaitekin erraz konektatzen da, eta noizean behingo kontaktuen bidez informazio trukea eta lankidetza konpartitzen ditut Unai-rekin. Orain aste batzuk bulegora etorri eta luze aritu ginen hizketan tradizioa eta sorkuntzaren inguruan. Eszena berriak tradizioaren dantzan izeneko artikuluan bildu ditu aipatu genituen kontuetako batzuk.
Tradizioaz eta sorkuntzari buruz aritzen da bertan, eta nire zenbait hitz jaso ditu. Azken urteotan euskal dantzaren panoraman gertatzen ari diren mugimendu batzuk ulertzeko klabeak eskaintzen ditu. Dantza tradizionalak gutxitan bereganatzen du komunikabide generalisten interesa, eta hori gertatzen denean zaila izaten da kazetariaren aurrejuzkuetatik haratago iristea. Unai Brea-k dantza eta tradizioaren munduak barrutik bizi ditu, eta hori kazetari ofizioarekin uztartuta ohituta ez gaituen emaitza eskaintzen digu. Ekaitz Santaziliak San Lorentzoko dantzarien taldekideak argibide batzuk eskatu ditu erreportajearen bukaeran, Argiaren webgunean bertan. Baina normala da testu labur batean ideia batzuk pasadan aipatzen baitira, ahoz aritzen garenean ohikoa izaten da zehaztasun falta eta askotan ez ditugu gauzak nahi bezala adierazten.
- Unai Brea: Eszena berriak tradizioaren dantzan
012: Administrazioarekin telefono zuzena
Multa bat izan nuen. Ordaindu nuen, baina aste batzuk pasata berriz
etorri zait multaren jakinarazpena. Nire ordainketa ondo bideratu ote
den konfirmatu nahi nuen, ez dela akatsik izan eta ez didatela multa
bigarren aldiz ordain arazi nahi. Telefonoz deitu nahi izan dut
Trafikora, baina 012 zenbakian adeitsuki jakinarazi didate trafikon ez
dute telefonorik hartzen. Ezin inori galdetu nire multa kitatua dagoen
edo zer gertatzen den.
Orain urtebete arazorik gabe hitzegin nuen
trafikoko langileekin, baina orain ez, orain 012a jarri dute, eta
dagoeneko ezin da haiekin hitzegin. Eta 012ko langileak ez dauka
ideiarik ere nire multaren egoeraz. Bulegora joan beharko naizela esan
dit. Hau bai aurrerapena!!! Donostira joan behar dut konsulta alu bat
egiteko?? Ez emailik, ez telefonorik! Adelanto handia 012 zerbitzu hau
aizu!
Leihatila bat aurkitu dut eta han idatzi dut nire kexa. Ez dakit inork kasu egingo didan.
Hau ere karnabala da
Hau ere karnabala da. Eta itxura guztien arabera, bestea (desfile eta playback lehiaketena) baino zaharragoa. Eta uste baino zabalduagoa. Euskal Herrian makina bat herritan jarraitzen dira inauteriak modu honetan ospatzen. Baina, auzoko inauteriak dira, lagunarteakoak, familiarrak. Puska biltzeak, eskeak, arrautze-aurrautze, oilasko biltzea edo mila izen desberdin dituzte kuestazio horiek.
Neguko festetan ohiko errondak dira. San Martin-etan hasita eta inauterietara, Olentzero bera, San Nikolas, Santa Eskea eta beste hainbat festa, eskema horrekin ospatu dira luzaroan, eta oraindik ospatzen dira han eta hemen. Baina, kerizpean. Ituren eta Zubietako inauterietan joaldunei argazkiak ateratzen zientoka kamerari izaten dira, baina aurretik puska biltzean ibili direnean (ia) inor ez da haien atzetik ibiltzen, eta hori ere (eta hori batez ere) inauteria da.
Hemen Lesakako Goitarrekin egindako bueltaren kronika.
Inozoarena egiten
EAEko gobernuak dantza sustatzeko plana onartu berritan etorri dira krisia eta gobernu aldaketa. Aurreko gobernuak estrategikotzat jo ondoren hozkailuan sartu zuen plana, eta hor egon da, ondo konserbatuta bai, ia-ia izoztuta esango nuke. Etorri da berria, identitate kontuak ahaztu eta normaltasuna ekarri behar diguna, eta ez omen zaio aurrekoen plana gustatzen. Lau urte Dantza-etxeak, dokumentazio zentroa, dantza ikasketak, eta abarretaz hitzegiten eta alper alperrik. Hemen dugu normaltasuna berriz ere, alegia, erakundeei dantza piperrik ere interesatzen ez zaien egoera.
Egin dut negar, beste behin ere, eta orain egin dezagun inozoarena, eta kontatu ditzagun 2009ak utzitako une gogoangarriak eta erre ditzagun sutan belar txarrak, solstizio aldaketari dagokion moduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea jarri du martxan Donostian. Dantzaren aldeko apustu garrantzitsua da eta espero dugu 2010ean hasiko garelako ikusten ekimen horren lehen fruituak. Artelekun abiatu da Dantzagunea, eta han dute egoitza dagoeneko Dantzaz eta Ertza konpainiek. Espero dugu hemendik aurrera dantza jardueren sustapen eta koordinazio lanetarako errefererentziazko gunea bihurtuko Dantzagunea. Horrekin lotuta bideratu du Diputazioak Dantzan Ikasi, dantza tradizionalean formakuntzan eragiteko helburua duen programa.
Luzatzen ari bada ere, badirudi Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola egitate bat izango dela datozen hilabeteotan. Gutxi jakinarazi da oraingoz eskola horrek izango duen mamiaz, baina badirudi gutxienez dantza klasikoa eta garaikidea ikasi ahal izango direla bertan, antzerkiarekin batera. Dantzak eta Antzerkiak badute horrelako eskola baten beharra, baina ez dadila horretan geratu, eta izan dadila ikerketa, pentsamendua eta dibulgaziorako akuilu baita ere.
2009aren hondar hilabetean urteurren berezi bat ospatu dugu. Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldeak 40 urteko ibilbidea borobildu dute Axuri-beltza ikuskizunarekin. Ziur aski beste berrogei urte beharko ditugu Argiak euskal dantzari ekarri dion guztia barneratu eta liseritzeko.
Argia Urtekaria, 2009-12-31
Beranoko buelta neguan
Gure aitak etxe ondoan ditugun paraje ederrak ezagutu ditzagun ahaleginetan jarraitzen du, eta lehen Kilimon bailara ezagutu genuen bezala gaur Beranoko buelta egin dugu.
Ermutik Hambrera joateko bidean, herri irteeran eskumatara hartu eta berehala gaude Berano errekaren ibilbidean.
Ondo prestatutako tokia da, bidea txukun eta erreka bazterrak ere garbituta. Lehen zatia laua da eta udan ermuarrek ziur aski maiz erabiliko dituzte ur-putzuak eta "piszinak" ikusi daitezke.
Errota izandakoa ere ikusi dugu.
Poliki-poliki bideak gora egin du eta Berano Txikiruntz abiatu gara.
Laupabost baserri eder eta San Jurgi-ren omenezko ermita. Baserriko andreak esan digunez San Jorge egunez (apirilak 23) erromeria polita ospatzen da bertan.
Berano Txikitik Berano Nagusira pasa gara, beste dozena erdi baserria elkarrengandik gertu eta bista ikaragarriak: Mallabia, Oiz, Anboto, Urkiola,...
Konturatu orduko aldapa jaisten ginen eta Hambreko bidera iritsi gara. Pare bat ordu eta umeak ez dira enteratu ere egin.