Beranoko buelta neguan
Gure aitak etxe ondoan ditugun paraje ederrak ezagutu ditzagun ahaleginetan jarraitzen du, eta lehen Kilimon bailara ezagutu genuen bezala gaur Beranoko buelta egin dugu.
Ermutik Hambrera joateko bidean, herri irteeran eskumatara hartu eta berehala gaude Berano errekaren ibilbidean.
Ondo prestatutako tokia da, bidea txukun eta erreka bazterrak ere garbituta. Lehen zatia laua da eta udan ermuarrek ziur aski maiz erabiliko dituzte ur-putzuak eta "piszinak" ikusi daitezke.
Errota izandakoa ere ikusi dugu.
Poliki-poliki bideak gora egin du eta Berano Txikiruntz abiatu gara.
Laupabost baserri eder eta San Jurgi-ren omenezko ermita. Baserriko andreak esan digunez San Jorge egunez (apirilak 23) erromeria polita ospatzen da bertan.
Berano Txikitik Berano Nagusira pasa gara, beste dozena erdi baserria elkarrengandik gertu eta bista ikaragarriak: Mallabia, Oiz, Anboto, Urkiola,...
Konturatu orduko aldapa jaisten ginen eta Hambreko bidera iritsi gara. Pare bat ordu eta umeak ez dira enteratu ere egin.
"Berano" horrek "Verano"rekin zerikusirik dakan ez dakit, baina etimologietan galtzeko astirik eman gabe Hambre=gosea zela esplikatu zidan behin ermutante batek. Eibartarrak zerrendan ere aipatu izan da kontu hau: http://postaria.com/pipermail/eibartarrak/2006-January/005504.html