Inozoarena egiten
EAEko gobernuak dantza sustatzeko plana onartu berritan etorri dira krisia eta gobernu aldaketa. Aurreko gobernuak estrategikotzat jo ondoren hozkailuan sartu zuen plana, eta hor egon da, ondo konserbatuta bai, ia-ia izoztuta esango nuke. Etorri da berria, identitate kontuak ahaztu eta normaltasuna ekarri behar diguna, eta ez omen zaio aurrekoen plana gustatzen. Lau urte Dantza-etxeak, dokumentazio zentroa, dantza ikasketak, eta abarretaz hitzegiten eta alper alperrik. Hemen dugu normaltasuna berriz ere, alegia, erakundeei dantza piperrik ere interesatzen ez zaien egoera.
Egin dut negar, beste behin ere, eta orain egin dezagun inozoarena, eta kontatu ditzagun 2009ak utzitako une gogoangarriak eta erre ditzagun sutan belar txarrak, solstizio aldaketari dagokion moduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea jarri du martxan Donostian. Dantzaren aldeko apustu garrantzitsua da eta espero dugu 2010ean hasiko garelako ikusten ekimen horren lehen fruituak. Artelekun abiatu da Dantzagunea, eta han dute egoitza dagoeneko Dantzaz eta Ertza konpainiek. Espero dugu hemendik aurrera dantza jardueren sustapen eta koordinazio lanetarako errefererentziazko gunea bihurtuko Dantzagunea. Horrekin lotuta bideratu du Diputazioak Dantzan Ikasi, dantza tradizionalean formakuntzan eragiteko helburua duen programa.
Luzatzen ari bada ere, badirudi Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola egitate bat izango dela datozen hilabeteotan. Gutxi jakinarazi da oraingoz eskola horrek izango duen mamiaz, baina badirudi gutxienez dantza klasikoa eta garaikidea ikasi ahal izango direla bertan, antzerkiarekin batera. Dantzak eta Antzerkiak badute horrelako eskola baten beharra, baina ez dadila horretan geratu, eta izan dadila ikerketa, pentsamendua eta dibulgaziorako akuilu baita ere.
2009aren hondar hilabetean urteurren berezi bat ospatu dugu. Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldeak 40 urteko ibilbidea borobildu dute Axuri-beltza ikuskizunarekin. Ziur aski beste berrogei urte beharko ditugu Argiak euskal dantzari ekarri dion guztia barneratu eta liseritzeko.
Argia Urtekaria, 2009-12-31