Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Space invaders (II)

Oier Araolaza 2009/07/28 15:49
Atzo Ordizian izan nintzen, Santaneroen esku-dantza ikusten. Ohi bezala argazki kamerarekin. Eta berriz ere lotsatu egin nintzen eskuan argazki kamera izateaz. 500 urte bete dituen tradizioa erreportero grafiko talde batek zer errespetu gutxirekin tratatu zuen ikusita sututa itzuli nintzen.

Bero-bero eginda jarri nintzen, eta argazkilari eta kamerei zerbait esateko gogoz geratu nintzen. Antolatzaileetako bati esan nion eta hura ere nahiko sensible zegoen gaiarekin, eta espero dut neurriak hartuko dituztela hurrengo baterako. Lehen ere salatu dut kontu hau, eta orain ere barruak askatzera nator.

Urtean ezkondu diren Ordiziarrek parte hartzen dute Santaneroen esku-dantzan. Pintxo-pintxo jarri, eta Udaletxe aurrean, merkatu plazan prestatzen den plaza-eremuan dantzatzen dute soka-dantza. Eremua hesituta egoten da, eta ikusleak garaiz joaten dira ikusteko toki ona izan ahal izateko.

Gu denboraz justu xamar iritsi ginen, eta santaneroak elizatik ateratzen ari zirela ikusi genuenean plazara joan ginen bideoan grabatzeko eta argazkiak ateratzeko toki on baten bila. Eirek petril baten gainetik bideoan grabatzeko aukera ikusi zuen eta ni beste petril batera igo nintzen argazkiak ateratzeko.

Iritsi ziren dantzariak eta beraiekin batera argazkilari eta kamerariak. Zazpi-zortzi bat izango ziren. Hasi zen dantza, eta erreportari grafikoak hesi barruan denak. Bost ajola horiei, hesiaren atzean begira dagoenak tokia hartzeko ordu erdi lehenagotik bertan izana. Argazki egokia egiteko ikusleen aurrean jarri eta kitto. Zerbait esaten badu, importante aurpegia jarri eta "Aizu, ni lanean nago" esanda aurrera.

[Erreportariak soka-dantzaren erdian harrapatuta.]

Ezin dut ez ulertu ez onartu jarrera prepotente hori. Argazki zein bideo kamerariek beste edozeinen eskubide berak dituzte nire ustez. Lanean egoteak, edo komunikabideentzat grabazioa egiten egoteak, ezin du baimendu beste ikusleen eskubideak urratzea. Badirudi etxean geratu eta hurrengo eguneko egunkaria erosi edo telebista piztu duenak, emanaldira bertara joan eta toki egoki bat hartzeko ardura eta lana hartu duenak baino ikuspegi hobea izan behar duela. Eta ez dut ulertzen zergatik lanean egotea garrantzitsuagoa den dantza ikusten egotea baino. "Ni lanean nago". "Ba oso ondo. Eta ni dantza ikustera etorri naiz, eta nire aurrean jarri nahi bazenuen lehenago etortzea zeneukan".

Ikusleei errespetu falta izugarria, eta dantzariei? Horrek ez du izenik. Behin eta berriz dantzaren erdian ikusi —sufritu, hobe esanda— behar izan genituen periodista grafikoak. Plaza dantzarientzat hesitu bada, eta dantza emanaldi bada, ezin dut ulertu zertan dauden zazpi kamerari eta argazkilari plazaren erdian. Eta gainera, dantza bera inondik inora ez ezagutu ez errespetatzen ez dutenak. Birritan dantzaren koreografian bertan "harrapatuta" geratu ziren kamerariak. Soka-dantzan zubi bat egin eta dantzariok badakigu lazo bat ixten joatea modukoa dela hori, eta lazoa ixten doala denak harrapatuta geratu arte. Eta han ikusten genituen erreporteroak dantzaren erdian harrapatuta eta handik ihes egiteko soka apurtu nahian.

[Erreportariak esku-dantza erditik irten nahian]

Okerrena aurreskulariak neskari agurra dantza egin behar zion unean iritsi zen. Lau zerbitzariek ekarri dute neska plazaren erdira, eta kamerari guztiak neska erretratatu nahian, etorri da aurreskularia dantza egitera, eta berak dantzatu behar zuen tokian bost kamerari, zulo txikitik begira eta inguruan gertatzen ari zenaz ohartu gabe. Aurreskulariak txalo egin behar izan du, eta oiloak uxatzen diren moduan bidali behar izan ditu argazkilariak. Orruka hasi eta kristonak eta bi esateko puntuan nengoen ni, baina ixildu behar, soka-dantzari mesede baino kalte gehiago egingo niolakoan.

[Argazki honetan oso ondo ikusten da aurreskularia neskari dantza egitera doan unea. Bera jarri behar tokian daude argazkilariak eta kamerariak.]

Ni neu argazkilari ibiltzen naiz horrelako hainbat dantza ekitalditan, eta bat horretan dagoenean argazki onena nahi du eta ahaztu egiten zaio zer ari den ospatzen eta zertarako, argazkia bakarrik buruan. Ziur aski, neuk ere ekitaldi batzuetan errespetuaren marra hori pasako nuen, eta alde horretatik, garrantzitsua da niretzat horrelako barrabaskeriak ezin ditugula onartu ohartzea, nire burua ere mugatzen laguntzeko.

Argazkilari eta bideokameriei eskaera argi eta garbi bat egin nahi dizuet. Kirolarentzat duzuen errespetu bera eskatzen dizuet dantzarentzat. Kirolean zientoka argazkilari eta kamerari ibiltzen zarete, lanean zaudete hor ere eta etxean geratu denari irudi onenak eraman nahi dizkiozue. Baina hala ere, penalti bat jaurtitzera doanean argazkilaria ez da baloia eta porteroaren artean kokatzen, edo ehun metroko finaleko argazkia egiteko kamararik ez da pistan sartzen. Beraz, dantzaren eremua, dantzariak eta dantza maite duten ikusleak errespetatu itzazue mesedez!

Akondiako trintxerak

Oier Araolaza 2009/07/13 10:41
Orain aste batzuk Kalamua eta Akondia inguruetan gerra zibileko aztarnak ezagutzeko aukera izan dut. <eibartarrak> posta zerrendan antolatu zen txangoa. Oier Gorosabel izan genuen gidari, eta honek, besteak beste, Jon Etxezarraga edo Jesus Gutierrezek egindako lanetan oinarrituta eman zizkigun argibideak.

Bidaia harrigarria izan da. Hamaika aldiz zapaldutako lur berean ibili gara, baina, betaurreko berriekin denboran bidaiatzea modukoa izan da. Gerrako frontearen antolaketari buruzko azalpenak eman zizkigun Gorosabelek; bando baten eta bestearen posizioak argitu eta lubaki, babestoki eta ametralladoren kokaleku batzuk identifikatu genituen lurrean. Horrekin batera lur haietan izandako zenbait bizipen eta hilketen kontakizunak 72 urte atzera joaten lagundu gintuen.

Sentsazio bereziak izan dira. Gerra, bere gordintasunean, oso hurbil sentitu dut. Akondia gainean geundela, bando baten lubakitik kontrako bandoaren posizioak zein hurbil zeuden ikusteak hotzikarak eragiten ditu.

Ba omen dago Kalamua inguruetan gerraren inguruko parke tematiko bat egiteko asmoa. Baina  iruditzen zait ez dagoela panelak jartzeko zain egon beharrik. “Parkea” egon badago, eder askoa gainera. Eta tematikoa izateko gaia ere badauka, gordina eta mamitsua. Adituen eskutik bisita gidatu batzuk antolatzeko ez da askoz gehiago behar.

...eta kitto! 2009-07-01

Amateurrak vs profesionalak

Oier Araolaza 2009/07/07 14:45
Ziur aski datozen urteotan behin baino gehiagotan eztabaidatuko dugu amateur eta profesionalen onura eta kalteetaz. Izan ere, hamarkada batzuetan ezkutuan izan dugu dantza alorreko profesionalaren figura eta orain azaleratzen hasi da berriz. Eta "berriz" diot, dantza tradizionala amateurismoarekin lotzeko joera nahiko "berria" delako, XX. mendekoa, eta batez ere 60-70eko hamarkadetan nagusitu zena. Horren aurreko dantza-maisu eta danbolinteroak profesionalak ziren. Gehienek beste lanbideren bat izango zuten dantzaz gain, baina dantzarako bere jarduna "profesionalki" planteatzen zuten: tratua egin, tarifa azaldu eta lana kobratu.

Dantza jarduera amateur bezala identifikatzea dantza taldeen ereduarekin eta garai zehatz batekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela esango nuke. XX. mendeko bigarren erdian milaka dantzari, dantza-irakasle eta baita dantza-maisu batzuk ere, lan izugarria egin dute dantza tradizionala sustatzen, irakasten eta transmititzen, ia-beti musutruk, edo jasotako ordaina talderako utziz.

Aurrera begira, niri behintzat, garrantzitsua iruditzen zait gure alor honetan ere, amateurren ondoan "profesionalak" izatea. Dantza-maisuei egozten dizkiegun gaitasunak eta ezagutzak dituztenak beren jarduera "profesionalki" egin dezatela komeni zaigu, transmisioa egin dezaten eta beren lanak dagokion ordain eta errekonozimendua jaso dezan. Baina gizarte egoera zail honetan gure espazioa defendatu eta sendotzen jarraitzeko profesionalki prestatu eta profesionalki jardungo duten agenteak behar ditugula iruditzen zait. Profesionalek ez dute sektorea salbatuko, baina gure sektorearen jarduera "normalizatzen" lagunduko dutela uste dut. Zenbaitek beren burua hobeto prestatzeko aukera izango du, baldintzak duintzen lagunduko du (eta horretaz denok probestuko gara), eta amateurismotik ezinezkoa den dinamika sistematikoak bideratu ahal izango dira. Profesionalen artean, amateurren artean bezala, dantzari eta dantza-irakasle onak, erdipurdikoak eta kaskarrak izango ditugu. Dantzarako dohain bereziak dituen norbait egunean zortzi orduz beste lanbide batean ikusten dudanean dantzarentzat galera handia izaten ari dela pentsatzen dut nik, eta ez gaudela horrelako lujoetarako.

Zalantzarik gabe profesionalak sortzeak tensioak sortuko ditu profesional eta amateurren artean. Eta hori ulertzekoa da. Luzaroan jarduera hori xentimorik kobratu egin duenari ez zaio gustagarri egiten norbait aldamenean lan beragatik kobratzen ari dela ikusteak. Norkberak ezer kobratu gabe irakatsi eta bere ikasleak gauza bera kobratzen egiten ari dela ikustean, bere oinarri filosofikoetako bati traizioa egiten ari zaiola senti dezake zenbaitek. Dantza-maisu batek egoera berria ulertu arren, horrek eragiten zizkion kontraesanak eta arrangurak agertu zizkidan behin. Berak kobratu ez eta gainera bere poltsikotik ordaintzen zituen dantzan irakasteak eragiten zituen gastu guztiak. Eta orain bere ikasle izandako batzuk, erdiak ere behar bezala ikasi gabe, kobratzen ikusten zituen.

Uste dut datozen urteotan maiz gertatuko direla horreko injustiziak. Eta hori samurtzeko modu bakarra gure dantza-maisuei baldintza onetan (profesionalak dituen abantailak baliatu alegia) irakasteko aukerak eskaini, baloratuak eta errekonozituak sentiarazi, eta mimatzea dela. Hori guztia eginda ere gertatuko dira arrangurak, baina etorkizunera begira profesionalak eta amateurrak elkarbizitzen, eta elkarrengandik elikatzen ikastea baino ez zaigu geratzen. Hori lortzen badugu sektore benetan indartsua izan gaitezkeela uste dut.

<dantzan> posta zerrendarako idatzitakoa

Cartas al director: Monica Runde

Oier Araolaza 2009/05/15 16:01
SusyQ aldizkarian irakurri dut Monica Runde dantzariaren ondoko gutuna eta ezer gehiago esan beharrik gabe konpartitu beharrekoa iruditu zait.

 

"Crisis ¿qué crisis? Como muchos trabajadores llevo desde los 17 currando. Eso son 30 años de profesión y, según la seguridad social, me quedan otros 18 para jubilarme. Lo que la Seguridad Social (¿?) no sabe es que mi cuerpo no está muy dispuesto. En esos treinta años de profesión he ejercido multitud de papeles. Quería, desde muuuuuuuuuuy pequeña ser bailarina y soy productora, coreógrafa, distribuidora, contable, conductora de furgonestas, niña de los recados, informática, profesora y diseñadora gráfica entre otras muchas cosas y, de vez en cuando, bailarina que es para lo que he estudiado...
Esto no es una queja porque sé que casi nadie es lo que le gustaría ser pero al próximo que me diga que soy una privilegiada por hacer lo que me gusta le parto la cara. No tengo convenio colectivo, ni me pagan las horas extras, durante años no he sabido lo que son unas vacaciones y mi horario laboral es de 24 horas al día 7 días a la semana. Me he autoexplotado durante años por un sueño. Soy como todos los mortales, aunque tenga las suerte de que algunos días en mitad de mi jornada laboral, me aplaudan. Si, en mitad de mi jornada laboral, que después de una función sigo recogiendo, cargando, lavando vestuario,...
Ahora que el mundo está en crisis me siento más acompañada. Todos sufren nuestra precariedad e intermitencia laboral, la congelación de sueldos y cachés (nosotros llevamos años), el tener que trabajar en cualquier cosa y en cualquier sitio, que te paguen a 12 meses y no el 30 de cada mes y convertirte en empresario y pluriempleado porque de otra manera no tienes trabajo. Pero lo de los autónomos o el pluriempleo no es el tema de esta carta ¿verdad?
Con esta carta solo deseo que los lectores conozcan nuestra realidad laboral y de vida y dejen de pensar que los artistas somos unos privilegiados. Aunque algunos pocos si lo sean...
Y ya que se publica esta carta aprovecho para publicitar el estreno de
Cartas al director del 1 al 3 de julio en el Teatro Fernando Fernán Gómez de Madrid y temporada de octubre en la Sala Mirador también en Madrid, para que los lectores vengan a vernos y nos aplaudan, que eso SÍ que es un autentico privilegio.
Monica Runde

Premio Nacional de Danza 2000 - España

Premio Nacional de Danza 2004 - Costa Rica

2009-05-01_SusyQ-monica-runde

Dantza pasteurizatua

Oier Araolaza 2009/05/07 08:15
San Antonio egunez Urkiolan adina erroskila salduko zituen bere garaian “munduko musikak” zigilua asmatu zuenak. Orain berriz, kexu dira ez dela diska alerik saltzen, ezta etiketa guaiena jarrita ere. Salmentak urri izan arren markak bidea egin du eta “munduko musikak” etiketak funtzionatzen jarraitzen du —mundukoa ez den musikarik ba ote dagoen argitu ez badigute ere—.
Dantzariak hor gabiltza, munduko musiken ustezko arrakastaren aparretan igeri egin nahian. Modernotasunaren aitzakian etxeko ateak ireki ditugu, eta flamenkoa zein sabelaren dantza zortzikoa baino “gureago” ditugu orain. Garaikidetasun lasterketetan homologazio bila gabiltza eta break-dancean ere doktoratzeko puntuan gaude. Baina, dantza tradizionalak ia-disimuluan lurperatzekotan gauden honetan, modernoetan-modelnoenak esandakoekin hankazgora etorri zaigu estrategia osoa.  

Cesc Gelabert, abangoardiako dantzari eta koreografo katalanak esan digu garrantzitsua dela munduko bazter batean txokoa hartzea, horixe baita unibertsal egingo gaituena: gure txokoko berezitasunak besteei erakusteak. Alegia, euskararen inguruko diskurtso soziolinguistikoetan entzuten genuena, euskara zela Babelgo dorrean sartzeko giltza, eta euskara bezala jalgi behar  dugula dantza munduko plazara.

Aniztasuna bakoitzaren abiapuntuarekiko fideltasunean oinarritzen dela gaineratu digu Gelabert-ek. “Baina erne!”—gaztigatu digu sortzaile katalanak—, “inoiz ere ez ezjakintasunetik!”. Beste toki batzuetan zer egiten den ezagutu eta gure beharraren arabera erabiltzeko jarrera irekia izan behar dugu dantza garaikideko guruaren esanetan.

Mundu oso bat dugu klik batera. Sukaldea egurasteko leihoa ireki eta urakanak aidean garamatza. Beraz, hautatzen jakitea, —kriterioa esaten dioten hori—, omen da munduko (Ilargia eta Marte barne) musika eta dantzen ozeno honetan ez itotzeko arraunik eraginkorrena. Input uholde horren aurrean irizpide sendorik ez badugu, modaren eta azken joeren sarean galdu eta arrunt bihurtuko gara. Mundura homologazio bila ateratzen garen bakoitzean homogeneizatuta eta pasteurizatuta itzultzen gara.  

Ez dugu dantza pururik, kanpotik jasotako ekarpenak bertako tenperatura eta hezetasun baldintzetan irabiatutako pureak baizik. Baina errezeta propio horiek dira gure unibertsaltasunaren froga agiri, eta horiek beharko genituzke dantzaren mundurako, munduko dantzetarako zein munduaren dantzarako gure ekarpen zintzo.

Argia, 2009-05-07

Filipe Oihanburu bisitan

Oier Araolaza 2009/05/06 12:59
Orain pare bat hilabete Le Journal du Pays Basque-en irakurri genuen Filipe Oihanburu dantza eta abesbatz zuzendari ezagunak liburu berria idatzi zuela bere ibilbideen berri emanez.
 Artikuluan bertan esaten zuen liburua erosi nahi zuenak berari idazteko. Arantzak idatzi zion, ordainketa nola egin esan zigun eta liburua

inprimategitik ateratakoak helaraziko zigula esan zigun.

 Pasa den astean idatzi zigun berriz Oihanburuk. "Datorren asteartean Eibarrera joango gara eta zuek esan tokian izango gara arratsaldeko 5etan, zuen 2 liburuekin. Zuen ikusteko eta ezagutzeko pozarekin. Filipe eta Sabiña".

Eta halaxe izan da. Atzo arratsaldean, Untzaga plazako terraza batean eserita izan ginen Filipe eta Sabiñarekin. Liburuak ekarri, eta dantzaren inguruan bizi-bizi duen jakinmina eta gogoa argi utzi zizkigun. "Hegoaldeko taldeak ikusi nahi nituzke, baina Iparraldean ez da aukera handirik izaten. Noiz egingo duzue dantza? Ikustera etorriko naiz!".

 

88 urte ditu Filipek, eta erraz nekatzen dela dio baina, sasoi bikainean antzeman genuen guk, gorputzez eta arimaz. "Hil aurretik Euskal Dantza Ballet Nazionala ikusi nahi nuke. Euskaldunok dugun aberastasun eder hori kanpoan erakutsi behar da, euskal gobernuak behar luke hori antolatu!".

 

Hegoaldeko eta Iparraldekoen artean harreman gutxi dugula sentitzen du eta hori sustatu beharko litzatekeela. "Umeak euskaraz hitzegiten entzun ditut hemen!" bota zigun poz-pozik.

 

60 urtez euskal dantza eta abesbatz konpainiak antolatu eta Euskal Herrian zein nazioartean ehunka bira eta emanaldi egin ditu Filipe Oihanburuk. Etorki dantza eta kanta batasunaren lana mugarri izan da talde askorentzat, nazioartean euskal kulturaren berri eman duen taldea.Eusko Jaularitzaren Bidegileak bildumarako Eneko Bidegainek Filipe Oihanbururen ibilbidearen berri jasotzen duen liburuska prestatu zuen.

Eskerrikasko Filipe eta segi gogor!

Eta dantza horrek zer esan nahi du?

Oier Araolaza 2009/04/24 15:26
Zenbat aldiz galdetu ote didaten dantza baten ondoren "...eta horrek zer esan nahi du?". Askotan "Ezer ez. Dantza da." erantzun nahi izan dut, baina beste azalpen metafisikoagoetan galdu izan naiz, hori erantzunez gero dantzari balio gutxiago emango diotela beldurrez.
 Delfín Coloméren testu bat irakurri dut egunotan, eta konbentzitu nau, beraz, hurrengoan harro erantzungo dut. "Ezer ez. Dantza da".

Gizon berezia izan zen Delfín Colomé. Idazlea, pianista, orkestra zuzendaria, konpositorea eta Espainiako enbaxadorea Korean, iaz 61 urterekin hil zenean.  Bartzelonako Mercats de les Flors zentro koreografikoak argitaratutako "Reflexiones en torno a la danza [02]" liburuskan irakurri dut dantzaren esanahiaren inguruko Coloméren artikulua. Honela dio bertako zenbait pasartetan:

"(...) Hace unos años, con una decena de mis alumnos de Estética de la danza (...) asistimos a una representación de Channels/Inserts [de Merce Cunningham]. Les pedí que, al día siguiente, acudieran a clase con un folio en el que hubieran vertido sus impresiones sobre el sentido de lo que habían visto. Nueve de los alumnos me dieron otras tantas versiones, totalmente distintas; algunas de ellas sumamente contradictorias. Uno dio en el clavo: <<Ningún sentido>>. Al contárselo a Cunningham, días después, se quedó de lo más feliz con esa respuesta. Porqué ahí, el sentido de la danza, claramente, está en la propia danza".

"(...) Siempre, el sentido de la danza está en la danza. Y punto".

"Estoy convencido de que la danza tiene sentido no por lo que quiera decir, o no decir, sino por la forma cómo lo dice. Y la forma de decir danza con propiedad es utilizando un lenguaje genuinamente coreográfico. Un verdadero lenguaje coreográfico, que es lo que le da sentido".

 

 

Erregeek ekarri digute dantzanTV

Oier Araolaza 2009/01/15 13:26
Dantzari buruzko webgune batean letrak eta argazkiak oso ondo daude, baina letxe, bideoa dira dantzak toki batean egin eta bestea batean horren berri izateko aukera ematen duen komunikazio tresna indartsuena.
Orain urtebete pasa blogean sarrera bat idatzi nuen "Dantza, telebista eta Internet: 2008an bai ala bai" izenburupean. Bertan esaten nuen "Ea dantzan.com-en bideoa normaltasunez integratu eta dantzanTV balizko baterantz urratsak ematen ditugun".

 

 

2008rako erronka zen hori. 2008a joan da eta ez dugu jarritako helburua bete. Olentzerok ia-ia ekarri zigun oparia baina azkenean erregeak izan dira, 2009arekin batera bideoa dantzan-era normaltasunez ekarri digutenak. Momentuz produkzio propioa oso xumea izango da, telebista medio astuna eta oso garestia baita, baina gutxienez noizean behin dantzei buruz hitzegiteaz gain dantzak ikusteko aukera izango dugu. Azken urteotan Oier Ib-k, Eirek, Arantzak eta Iñakik grabatutako dantza irudiak prestatzen eta sareratzen badu lan apur bat Andonik datozen hilabeteotan. CSko lagunek prestatu duten sistema erabilterraza eta azkarra da. Bideoak guk-geuk kargatu ditzakegu ala Youtube eta Googlevideokoak ere erabili daitezke. Eta gure bideoak beste webguneetan erabiltzeko aukera dago, embed kode pusketa erabiliz. Adibidez, hona hemen aurtengo lehen maskaraden irudiak, Barkoxen pasa den igandean Arantzak grabatutakoak.

Kultura Plana eta dantzaren alorreko akzioak

Oier Araolaza 2009/01/08 15:27
Pasa den abenduaren 17an Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den Kultura Planaren dantza alorreko

talde eragilearen bilera izan genuen Gasteiz, Lakuan. Honakook parte hartu genuen bileran:

  • Iñaki Gomez - EJ
  • Imanol Arana - EJ
  • LIbe - Kualitate Lantaldea
  • Lide Arana - Gip. Diputazioa
  • Xabier Mendizabal - EDB
  • Filgi Claverie - Dantzaz
  • Marta Monfort - Gasteizko Udala
  • Laura Etxebarria - La Fundicion
  • Maria Eugenia Maisueche - Gip. Dantza. Profes. Elkartea
  • Carmen de las Cuevas - Gip. Dantza. Profes. Elkartea
  • Alicia Gomez - APDPV
  • Gabriel Ocina - APDPV
  • Oier Araolaza - dantzan.com

Planaren arabera bultzatzen ari diren akzioak aztertu ziren bileran.

1. "Euskadiko Dantza-Etxeak".

Ideia zen lurralde bakoitzean horrelako dantzaren zentro dinamizatzaile bat martxan jartzea aldi berean baina erritmo eta egoera oso desberdinak daude batetik bestera. Gipuzkoan Foru Aldundiak urrats sendoak eman ditu eta Artelekun prestatu du horretarako egoitza. Bizkaian bulego bat jarriko da horretarako. Araban ez da oraindik erakundeen artean espazio bat adostu. Gauzak atzeratzen ari dira eta laster erabaki beharko dute zatika aurrera egin ala denak batera prest egoteko itxaron beharko den. Dantza etxeen kudeaketaz arduratzeko deialdi bat ateratzeko asmoa du Jaurlaritzak.

2. Dantza tradizionaleko dokumentazio sistema.

Dantza tradizionalaren dokumentazioa biltzen duten artxibo eta bilduma pribatuak identifikatu, lokalizatu eta kuantifikatzeko plan bat jarri da martxan. Dantza tradizionaleko dokumentazio artxiboen mapa bat egingo da. Eusko Ikaskuntza arduratuko da mapa hori egiteaz. Horrekin batera Eresbilekin hitzegin da dantza tradizionalaren fondoak biltzeko atal bat ireki dezan bere dokumentazio zentroan. Fondo horrek haztegi lanak egingo lituzke, eta inoiz dantza tradizionalaren dokumentazio zentro bat sortzeko aukera izanez gero bertara bideratuko lirateke fondo horiek. Espero da bi ekimen hauek laster jarri direla abian.

3. Dantza ikasketa ofizialak egiteko aukera zabaltzeko eskaera.

Hezkuntza sailari dagokio hau eta horregatik sail horrekin elkarrizketak hasteko plana prestatu da. EAEn bi zentrotan bakarrik dago dantzako titulazio profesionala eskuratzeko aukera. Katalunian aldiz 90 zentrok dute horretarako gaitasuna. Espezialitate aldetik ere oso aukera urria dago eta ez dago dantza tradizionala ikasteko aukerarik. Hezkuntza sailarekin bilerak egiteko eta sektorearen beharrak eta eskabideak artikulatzeko plagintza egin da eta 2009an burutuko da.

4, 5 eta 6. puntuak batera landuko dira

4. Dantzarako diru-laguntzak berraztertu eta egokitu.
5. Dantza sorkuntza eta ekoizpenerako laguntza lerroak ireki
6. Elkarte eta jarduera sendoenak babestu.

Erakundeak bildu eta hasiko dira  hiru puntu horien azterketa egiten.

7. Formazio iraunkorraren inguruko koordinazio mahai eratuko da 2009an.
8. Dantza programazioa sendotzeko plana egingo da.

Horiek dira bileran aztertu ziren kontuak. Ez da asko eta erritmoa nahi baino motelagoa da, baina aurrekontuek nahiko argi erakusten dute zein den Jaurlaritzaren lehentasun eskala eta beraz, sorpresa handirik ere ez.

 

Esne-berbak eta dantzaren neurria

Oier Araolaza 2009/01/07 12:59
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2009rako aurreikusi dituen diru-laguntzen kopuruen berri etorri da egunotan komunikabideetan.
Jaurlaritzak kultura sustapenerako 9 miloi euro bideratuko dituela da albistea nagusia han eta hemen. Diru  hori alorka nola banatuko den ere erakutsi digute. Eta nik ezin eutsi zerrenda handitik txikira antolatzeko tentazioari:
  • Ikus-entzunezkoak 4.206.820
  • Antzerkia 1.254.877
  • Zinema euskaraz 1.098.980
  • Liburua, Literatura eta itzulpengintza 838.000
  • Arte bisualak 535.000
  • Musika 499.000
  • Jaialdiak 350.000
  • Dantza 262.000
Lehen ere aipatu nuen kontu hau Jaurlaritzaren bilera batean. Gauzen garrantzia diruarekin neurtzen da hemen eta zerrenda horrek argi erakusten du zein den dantzak Jaurlaritzaren lehentasun zerrendan duen tokia. Hortik aurrerakoak esne-berbak.
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter