Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Ezpata-dantzek erotuta

Oier Araolaza 2011/09/21 15:37
Ezpata-dantzekin liluratuta, ez zeukan besterik buruan gizonak. Frantisek Pospisilek Brnoko museoan egiten zuen lan, baina ezpata-dantzekiko zuen zaletasunak bere lan-eremua gainditzen zuen, eta bere kasa hasi zen batera eta bestera haiek ikusten eta aztertzen.

Diotenez, emaztearen ondasunak xahutu zituen bere obsesio horren eraginez. Jakinmina 1907an piztu zitzaion, lehen ezpata-dantzak ikusi zituenean. Ondoko hamarkadetan ez zuen deskantsurik izan, beti hara eta hona, ezpata-dantzak ikusten eta ikertzen. Argazkiak egiten zituen, baina ezin haien bidez dantza osorik jaso. Halako batean, zinearen berri izan zuen, eta 35mmko kamera, bere garairako aitzindaria erosi zuen. Moraviako ezpata-dantzak filmatu zituen, baina bazekien Txekiatik kanpo ere bazirela, eta tresnak hartu eta batera eta bestera hasi zen: Kroazia, Ingalaterra, Euskal Herria...

Euskal Jaiak ospatzen ziren 1927an Baionan. Ingalaterratik, Violet Alford buru zela, Londresko English Folk Dance Society elkarteko ordezkaritza bat iritsi zen. Txekiatik, Frantisek Pospisil, zine kamera besapean zuela. 80 urte ondoren, Juan Antonio Urbeltzi esker ikusi ahal izan ditugu irudi horiek. Gipuzkoako, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Ingalaterrako dantzariak ageri dira irudietan. Hunkigarria da Zuberoako zamaltzaina kamera aurrean antrixatak maisuki dantzatzen ikustea. Pospisil Donostian eta Lekarozen ere izan zen, eta Aita Donostia eta Telesforo Aranzadiren laguntzarekin Gipuzkoako brokel-dantza eta Durangaldeko dantzari-dantza grabatu zituen. Ez dakigu ezpata-dantzekiko obsesioren ondorioz izan ote zen, baina Pospisilek gaizki bukatu zuen. Etxeko ondasunak ahituta, nazien aldeko jarrera leporatu zioten eta museoko lana galdu zuen. Burua nahastuta, eroetxe batean hil zen 1958an.

Jeremy Carter-Gordonek ere ezpata-dantzak ditu zaletasun. Ingalaterrako ezpata-dantzak ikasi ditu bere herrian, Bostonen, eta etnokoreologia ikasketak burututa, Europako ezpata-dantzak ikertu  nahi dituela erabaki du. Motxila eta banjoa hartu eta Europara etorri da, ezpata-dantzak ikusi eta ikastera. Beka txiki bat du, baina estu dabil batera eta bestera iristeko, eta patrika erabat hutsik duenean banjoa atera, emanaldia egin eta txapela pasatzen du. Frantzian, Bacchu-ber-en ezpata-dantza eta Italian, Fenestrelle eta Bagnasco-ko ezpata-dantzak aztertu ditu azken asteotan. Besterik esana zioten arren, Europan oraindik auto-stop eginez ondo bidaiatzen dela dio Jeremyk. Euskal Herrira ere iritsi da, eta asteotan euskal ezpata-dantzak ezagutu nahi ditu. Nork daki, akaso datorren mendean, zoro erromnatikoren batek euskal ezpata-dantzak berpiztu nahiko ditu, eta orduan, banjoa jo eta txapela pasatzen zuen amerikarraren grabazioak Pospisilenak moduko altxorra izango dira.

Argia, 2011-09-18

Mutil-dantzak eta nesken parte-hartzea

Oier Araolaza 2011/07/29 09:52
Elizondon, Santiago egunean neskak atera ziren mutil-dantzetan eta ondorioz urtero dantzatzen duten hainbat dantzarik plaza utzi zuten. Horren inguruan eztabaida dago Baztan-en, azken urteotako eztabaidak jarraitzen du, eta Baztandik kanpo ere izaten ari da oihartzuna.

 

Atzo ETBtik deitu zidaten udako arratsaldeko programaren batean horren inguruan aritu nahi dutelako. Emakumeen parte hartzearen aldekoa ala aurkakoa naizen galdetu zidaten atzo telefonoz. Aldekoa naizela esan nien, baina ez dudala uste kontrakoa kriminalizatu daitekeenik komunikabide batzuk egiten ari diren moduan. Atzo Berriak ateratako artikulu bat pasa zigun Josu Garatek. "Ez al da larregitxo "sexu erasoak festetan" izenburupean Elizondoko mutildantzen gaineko afera sartzea?" galdetzen zuen Josuk, eta arrazoi guztia du. Berriaren artikulu hori bai dela eraso sexista bat. "Sexu erasoak festetan" du izena, eta Iruñeko San Ferminetako sexu erasoen ondoan Elizondon mutil-dantzetako auzia jartzen du, maila bereko kontuak balira bezala.

Elizondon Udalak erabaki du emakumeek eskubidea dutela mutil-dantzetan parte hartzeko, eta alkatesak berak dantzatu ditu Santiago egunean mutil-dantzak, beste gizon eta emakume batzuekin batera. Horren aurrean, zenbait gizonezkok plaza utzi eta ez dute dantzatu. Ez dut uste hori eraso sexista bezala katalogatu daitekeenik. Gizon horiek festa eta dantza hori modu batera ulertzen dute, emakumerik gabe, eta ikusi dutenean emakumeek ere parte hartuko dutela, beraiek beren burua erretiratu dute bertatik. Berdintasunaren ikuspuntutik ez da jarrera positiboa izango, baina uste dut ezin daitekeela hori eraso sexistatzat jo, ezta horrelakoekin nahastu.

Horrekin batera, ETBko kazetariari aipatu nion komunikabideen gai honekin jokatzen duten papera erabat makurra dela, atentzioa liskarra dagoen tokian bakarrik jartzen dutelako (eta liskarra ez badago, eztabaida bakarrik badago liskarra pizteko ahaleginak egiten dituzte) eta aldiz, emakumeek parte hartzea festetan normaltasunez txertatzeko ematen diren urratsei ez zaie inolako arretarik eskaintzen. Ondorioz, badirudi festa eta tradizioen mundu hau erabat atzerakoia eta matxista dela, eta neurri batean halaxe da, baina gizartea bera den oso antzeko neurrian, eta ez komunikabideek erakusten duten proportzioan.

Gai honen inguruan sarrera idatzi du AraksuEhe-k bere blogean , eta hor ere iritzi trukean ari gara. Nire ustez, dantza taldeotan emakumeen berdintasuna aztertzeko, hitzegiteko, eztabaidatzeko, ausnartzeko eta noruntz jo nahi dugun pentsatzeko beharra  dugu, eta ni behintzat, nire taldean gai hori argitzen ez dugun bitartean, ez naiz inor sentitzen beste taldeetan eta beste tradizioetan egiten dutena epaitzeko.

Dantzaren alorreko bilera bat Jaurlaritzan

Oier Araolaza 2011/05/12 14:47
Pasa den maiatzaren 5ean Bilbon elkartu ginen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Kultura Herritarren Aldeko Kontratuaren baitan antolatutako dantzaren alorreko lehen bileran.
Taldearen osaketa

Dantzako sektorearen aldetik honako hauek izan ginen bertan: Iratxe de Arantzibia, Jon Ugarriza, Idoia Zabaleta, Laura Etxebarria, Arantza Balentziaga, Jon Maya, Emilio Xabier Dueñas eta Oier Araolaza. Jaurlaritzatik, Musika eta dantza alorreko teknikaria, Imanol Arana izan zen bertan, eta bileraren gidaritza Kualitate Lantaldea enpresako Itziar Camara eta Izaro Diez-ek eraman zuten. Deituta zeuden beste zenbait ez ziren etorri, besteak beste Filgi Claverie, Ion Munduate, Andoni Aresti, Fernando Perez, eta EDBko ordezkaria.

Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk "politikorik", alegia, teknikariez gain, erabaki eskumena duenik ez agertu izana bilerara harrigarri eta mingarri  gertatu zitzaigun gehionei. Dantzaren alorrarekiko duten kezka eta jakin minaren erakusgarri. Horrez gain, beste erakundeetako (Diputazioak eta Udalak) eta Sareako ordezkaririk ez egotea ere desegokitzat jo genuen, dantza sustatzeko politikak horiek guztiekin eztabaidatu eta adostu beharrekoak iruditzen baitzaizkigu.

Taldearen osaketa osatzeko irizpideak ere eztabaidatu genituen, eta zenbaitek, dantza tradizionalaren alorreko ordezkaritza oso urria zela azpimarratu genuen.

Zereginak

Taldearen zeregina eta lan-egitasmoa zein izango den aurkeztu zigun Itziar Camarak, eta sektorearen ordezkarion iritziz dantza alorrean zein lehentasun ditugun zehaztea izan behar dela gure egitekoa. Hiru bilera aurreikusten dira urte honetarako.

Kulturen Aldeko Herritar Kontratuan jasotakoak eta horri egindako emendakinak kontuan hartuta, 27 proiektu zehaztu ditu Kualitate Lantaldeak, eta horietatik abiatuta, zehaztu, garbitu, definitu, osatu eta birformulatzen aritu ginen bileran.

Kultura sailak lau proiektu izendatu ditu lehentasunezko:

  • Dantza Bultzatuz: Dantza-sektorean kontsumoak eta eskariak areagotzea ahalbidetuko duten laguntzen lerro espezifikoak abian jarri, esate baterako, krisialdi-uneetan ezartzeko aldian behingo eragin-politikak.
  • Sektorearen egituratzea indartu, elkarte eta jarduera finkatuenetan lagunduz: Sektore-programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara bideratu, dantza-sektorea indartzeko eta zenbait jarduera –esate baterako, etengabeko prestakuntza, sentsibilizazioa, hedapena, eta abar–  diruz laguntzeko xedez.
  • Sektoreen egituratzea indartu (dantza, musika…), sendotuen dauden elkarte eta jarduerak lagundu: Sektore horietako elkarteen eta jardueren garapena ahalbidetuko duten laguntza-neurriak sortu.
  • Sektorekako laguntza-sistemak berrikusi eta eguneratu: Sektorekako laguntza-sistemak berrikusi eta eguneratu, espezifikoki, teknologia berriekin lotutako formatu eta aplikazio berrien sustapena jasoz (ikusizko arteak, dantza, antzerkia, literatura/argitalpena, musika, eta abar).

Asmo-lerro horiek oso orokorrak direla, ez direla proiektu zehatzak erantzun dugu, eta kasu askotan dagoeneko martxan dauden ekimenak baino ez direla. Bilera legealdia hasi eta bi urtera egin izan ere salatu dugu, dagoeneko gobernuak egin nahi dituen proiektuak martxan jarrita izango dituenean.

Olentzerori gutuna idazten

Dena den, lehentasunen zerrenda bat adosten saiatu gara. Formazioa izan da lehen puntua eta horren inguruko zenbait behar zehatz (goi eta erdi mailako gradua herrialde guztietan ezartzea, dantza tradizionaleko ikasketa batzuk martxan jartzea, etengabeko formakuntza sustatzea...) zerrendatu ditugu.

Dantzaren etxeak abian jartzea ere eskatu dute zenbaitek, dantzaren sustapenerako baliabide gune bezala funtziona dezaketenak. Aurreko kultura planean jasotako proiektua zen hau, eta haren ondorioz sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea, baina proiektu zabalagoa eta herrialde guztietara iritsiko dena eskatzen dute batipat dantza garaikidearen alorrean diharduten ordezkariek.

Dantza tradizionalaren dokumentazio zentroa behingoz martxan jartzea eskatu dugu, eta horrekin batera, Euskal Kultura Tradizionaren Gune bat ere sortzeko urratsak eman daitezela.

Dantzaren zabalkundea eta programazioa sustatzeko ekimenak eskatu ditugu, eta alor horretan egiten diren ekimenetan dantza tradizionala ere kontuan hartu dadila. Horren aurrean Imanol Aranak erantzun digu orain indarrean daude diru-laguntza lerroak dantza garaikidea sustatzeko sortu zirela, nahiz eta gero zabaltzen joan den hori, eta dantza tradizionala sustatzeko egokiena diru-laguntza lerro berriak eskatzea izan daitekeela. Horixe egingo dugu, sor dadila diru-laguntza lerro berri bat dantza tradizionalaren ikerketa, sorkuntza, ekoizpena eta hedapena sustatzeko.

Jarraituko dugu...

Lehentasunen zerrenda zirriborro moduan utzi genuen, orain Kualitate Lantaldeko idazkaritza teknikoak bidaliko baitigu horren formulazio idatzia, eta horren gainean lanean jarraituko dugu, osatuz eta zuzenduz, gure Olentzerori gutuna prest izan arte. Noski, badakigu Gasteizko olentzeroak orain arte dantzarekin ez duela aparteko interesik izan, eta orain gainera zakua zulatuta duela auskalo gure gutunak ezertarako balioko duen. Baina guri aurrera jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Eguneroko lanean, eta aldian behingo beste hauetan ere...

Euskal dantza irakasleen meeting bat Gardnervillen

Oier Araolaza 2011/04/15 18:06
Pasa den apirilaren 2an Estatu Batuetan, Nevadan, Ipar-Ameriketako Mendebaldeko euskal dantza taldeen zuzendarien bilkura burutu da. Hamar dantza taldetako hamasei ordezkari bildu dira Gardnervillen, eta euskal dantzaren inguruko hainbat kontu izan dituzte aztergai eta mintzagai. Saio horietako batzuk zuzentzera joan naiz ni bertara Euskal Herritik, eta ez dakit ezer aportatu diedan, baina neu behintzat, harrituta eta hunkituta etorri naiz.

Mendian eta mendiz inguratuta dago Carson Valley. 1500 metroko altueran, elurtutako mendiz eta  belardi handiz inguratutako harana da Nevadako goi-lautada hau, eta bertan, bi herri txiki, bata bestearen ondoan, eta biak artzaintzaren inguruan sortu eta hazitakoak: Minden eta Gardnerville, biak ala biak, 3.000 biztanle inguru dituzte, eta bietan, antzematen da euskal artzainen arrastoa. Gardnerville 2011 Carson Valley

Gardnervillen bi euskal taberna daude. J.T. Basque eta Overland. Ostiral arratsaldean lehenengoan, Mary Louise Lekumberry-ren harrera beroaz gozatuz, hasi Gardnerville 2011 J.T.Basque barginen elkartzen handik eta hemendik iritsitako euskal dantzari eta irakasleak, eta ondoren, Elvira Cenoz Saturrarandarraren Overland restaurantean  afaldu  genuen. Elkar-agurtu, elkar-ezagutu, eta elkarren berri izaten hasteko lehen bilera informala izan zen. Jarduera formala larunbatez burutu genuen, Carson Valley Inn hotelean.

Jardunaldi formala

Goizeko 9:00etan daukagu jarrita hasiera ordua, eta parte-hartzaileak garaiz hasi dira bertaratzen. Egun luzea daukagu auretik, arratsaldeko 17.00ak arte aurreikusita baitago jardunaldia. Bilera gelako mahaiaren bueltan Ameriketako mendebaldeko hainbat dantza taldetako arduradunak elkartu dira.

Gardnerville 2011 bilera 001 - 500p

Nick Bicandi (Boise), Izar Iribarren-Gorrindo (Boise), Becky Sarratea-Murphy (Gardnerville) eta Lisa Etchepare (San Francisco).

 

Gardnerville 2011 bilera 002 - 500p

Cirbie Lee (Salt Lake City) Teresa Franzoia (Elko), John Goyenetche (Bakersfield), Valerie Arrechea (San Francisco).

 

Gardnerville 2011 bilera 003 - 500p 

Valerie Arrechea (San Francisco), John Ysursa (Chino), Lisa Corcostegui (Reno & Ontario), Enrique Corcostegui (Reno).

 

Gardnerville 2011 bilera 004 - 500p

Lisa Corcostegui (Reno & Ontario), Enrique Corcostegui (Reno), Gloria Lejardi (Homedale), Ann Erreca (Los Banos). Gardnerville 2011 bilera 005 - 700p

 

Enrique Corcostegui (Reno), Gloria Lejardi (Homedale), Ann Erreca (Los Banos), Janet Iribarne (Elko), Josette Iribarne (Elko)

 

Gardnerville 2011 John YsursaJohn Ysursa, Chinoko Gauden Bat taldekoa izateaz gain, NABO-ko (National American Basque Organization) kultura dinamizatzailea da, eta bileraren antolatzailea. Berak eman digu lehen ongi-etorria eta berak egin ditu lehen aurkezpenak. Ondoren, Valerie Arrecheak jarraitu du aurkezpen eta bileraren helburuen azalpenarekin, bera baita gaur egun NABOren lehendakaria. John Ysursak hartu du berriz hitza, eta jardunaldiari jarritako izenburua "Erregelak" azaldu du. Nick Bicandi-ren esaldi bat aipatu du, "If you're going to break the rules, at least know the rules". Alegia, "arauak hautsi nahi badituzu, gutxienez ezagutu arauok".

Bakoitzak bere burua aurkeztu ondoren, nire txanda iritsi da.  5-6 ordu dauzkagu aurretik, eta horietatik 4 nik gidatuko ditut. Eskerrak eman ditut gonbidapenagatik, eta ezer baino lehen zera esan diet, ni kontatzera noan gauza gehienak badakizkitela beraietako batzuk, baina beti kanpotar bati, eta gainera EHkoa bada zer esanik ez, kasu gehiago egiten zaiola etxekoari baino. Eta hori esanda, denak altxarazi eta dantzan hasi gara. Egunean zehar 3-4 aldiz dantzatu dugu, hitzaldi batetik bestera, altxatu eta gorputza piskat astintzen joan gara. Azkaindarrak egin dugu lehenengo, mutil-dantzak gero, foxtrota, baztango zortzikoa, fandango eta arin-arina,...

 

Zergatik egiten dugu dantza?

Behin apur bat dantza egin eta nagiak askatuta lehen gaiari heldu diogu. Bost bloketan antolatu ditut nire hitzaldiak. Euskal dantza zer den, zergatik dantzatzen dugun, zergatik euskal dantza, zergatik euskal dantza tradizionala, eta horrelako galderak jarri ditut mahai gainean, eta bakoitzak bere erantzunak plazaratzen joan da. Dantzak komunikazio lengoaia bezala duen balioa defendatu dut, eta euskal dantza tradizionalaren kasuan identitateaz eta gure sustraien ezagutzaz hitz egiteko aukera izan dugu. Tradizioaz ere aritu gara noski, tradizioa ulertzeko moduez eta definizioez.

Euskal dantza tradizionalaren inguruan dauden hainbat topiko eta mito aztertu ditugu bigarren blokean, Estrabon, Voltaire, primitibismoa, euskal dantza eta dantza klasikoa, eta abar. Iztueta aitzindaria ala Gardnerville 2011 Oier Araolaza 350pazkendaria izan ote zen jorratu dugu, eta euskal dantzen testuinguruei ikusmira bat eskaini diegu, neguko festak eta udakoak bereiztuz. Hirugarren blokean euskal dantzaren XX. mendeko ibilbidearen begirada bat eskaini diogu, erromantizismoa eta nazionalismoaren eragina, gerra-osteko urte ilunak, 60ko hamarkadako loraldia, eta azken 40 urteotako gora-beherak. Bazkaltzeko etena egin dugu ondoren.

Bazkalostean dantzari ekin diogu berriz, odola sabeletik askatu eta berriz burmuinetara bideratzeko, eta  azken bi gai-multzoak jorratu ditugu. Euskal Herriko gaur egungo dantzaren panorama aztertu dugu, zer gertatzen ari den, zein joera dauden, zein aukera dauden. Eta azkenik, diasporan jarri dugu atentzioa. Zer egiten ari den euskal dantzarekin diasporan, eta horrez gain, nondik nora jo daitekeen. Ikuskizunak egiterakoan errepertorioaren hautaketa nola egin, komunitatearekin loturak mantentzearen interesa, bidea egin dute erritualak, bidea egin dezaketenak, protokoloetan dantzaren erabilera, komunitatea dantzan jartzeko ahaleginak, eta abar.

Ekarpenak, kezkak eta gogoetak

Bakoitzak bere kezkak eta gogoetak agertzeko aukera izan du. Valerie Arrecheak dantza jatorrizko estiloari eusteko kezka agertu du. Lisa Corcosteguik lanerako darabiltzaten hainbat irizpide azaldu eta iturriak ondo hautatzeko zorroztasun beharra aldarrikatu du. Oro har, antzematen da gazteen engaiamendu urriak kezka handia eragiten duela. Mutil gazteak dantzara erakartzeko arazoak dituzte. Boise da horretan salbuespena, eta denentzat harrigarria eta enbidiagarria da Oinkarik dantzariak biltzeko duen gaitasuna. Nick-ek aitortu du euskaldun kontzentrazio handia, Basque Club eta dantza taldean parte hartzeko tradizio handia eta zenbait belaunalditan, hainbat mutil “popular” eta kirolari apartek dantza egitea erabaki izanak asko lagundu duela gaur egungo egoerara iristen. Gaur egun, Boisen, gazteentzat Oinkariko kide izatea oso cool da eta beraz, horri esker talde ederra dute. 60 dantzari, 25 mutil eta 35 neska dituzte gaur egun Oinkariko helduen dantza taldean. Euskal Herrian gutxi izango dira horrelako taldea dutenak gaur egun!

Mota honetako bilera bat aspaldi egin gabe zeudela aipatu dute zenbaitek eta oso interesgarria dela, dantza talde desberdinetako kideak elkartu, eta elkarrekin ikasi, gogoeta egin eta konpartitzea. Ikastaroekin jarraitzeaz gain (Euskal Herritik dantza irakasleak ekartzen ari dira azken urteotan) aldian behin horrelako bilkura bat egitea komenigarri iritzi diote.

Gardnerville 2011 J-T-dantza

Hain urruti, hain gertu

Azken dantza sorta batekin bukatu dugu jardunaldia. Gauzak jaso eta J.T. Tabernan bildu gara denok berriz. Garagardo batzuk edan eta “jokaldi onenak” komentatzeko ordua da. Banan-banan joan dira hurbiltzen eta beraien inpresioak eta gogoetak konpartitzen. Zerbait harrigarria bizitzen ari naizen sentsazioa daukat denbora osoan zehar.

Tokitan dago Gardnerville Euskal Herritik. Eta hemen bildutako bakoitzak makina bat ordu egin ditu autoz zein hegazkinez hona iristeko. Baina hain urrutiko lurralde arrotz eta zabalak izanda ere, euskal kultura eta euskal dantza bultzatzen eta gozatzen jarraitzen duten hainbat lagun aurkitu ditut hemen.  Euskal Herrian baleude miresgarria litzateke egiten ari diren lana (hainbat taldek han egiten duten modukoa, alegia). Baina Euskal Herritik hain urruti egonda, eta mundua "domeinatzen" duen kultura erraldoienaren aberrian, euskal kulturaren suari eusten dioten hauek heroiak dira. Eta zein ondo egiten duten gainera! Zerbait eskaintzeko asmotan etorri naiz, baina a zer nolako lezioa dakarten nik neuk bihotzean. Mila esker, eutsi goiari eta laster arte!

Gardnerville 2011 taldeko argazkia

 

Argazkiak: Lisa Corcostegui, Oier Araolaza.

Aurrezki kutxek euskal kulturaren alde egindakoa

Oier Araolaza 2011/04/15 17:51
“Medikura noa” esan, bulegotik irten, kotxea hartu eta Bilbotik Iruñeara, dantzarien elkarteko bilerara bata. Lantokiko telefonoa eta agendarekin kultur aste osoa antolatzen bestea. Aurrezki kutxan bata, eta bankuan bestea, eta ordu erdiko telefono elkarrizketa bien artean, hurrengo astean egingo duten jaialdiko xehetasunak lotzen.


Ez dira ez bat, ez bi, dantza taldearen emanaldiak, elkarteko gora-beherak, udalekin harremanak, festen programaketak, hitzaldi, erakusketa eta beste mila kultur jarduera beraien lantokietatik antolatu izan dituztenak. Tallerretan batzuk, bulegoetan gehienak, eta aurrezki kutxa eta bankuetan aritutakoak mordoa. Milaka lan-ordu izango dira lantegiko zereginei ebatsitakoak, eta ikastola, auzoko festa, musika, dantza, antzerki eta bertso jaialdien antolaketa lanetara desbideratutakoak.

Orain, kafe eta komunerako minutuak neurtuta ditugu, eta lan-segundu bakoitzaren erabilera zehatza, errendimendu eta kostoa zehaztuta daude. Lankideak itxura batean behintzat, txintxo-txintxo jarduten dira beraien zereginetan edo facebook-en “atsegin dut” jartzen, eta “militantea” lotsatu egiten da lantokira deitzen dutenean. Telefonista ere pipertuta antzematen du inprentatik goiz berean hiru aldiz deitu dutelako: “Ez, ez, ni ez naiz dantza taldeko idazkaria, eta niri bost ajola udaleko logoa falta bazaizue!”.

Kultura ekitaldiak antolatzeko lehen baino bolondres eta disposizio gutxiago dagoela aipatzen denean, ezin ahaztu lan-munduan azken urteotan izan diren aldaketak. Poliki poliki joan dira japonizatzen lantokiak eta beraz, ezin diogu ez aurrezki kutxen fusioari, ez eta Fukushimari leporatu hain emankorra gertatu zaigun jarioa itxi izana. Bakar batzuk jarraitzen dute beraien lan-orduak kultura eta festetara desbideratzen, baina badakigu kudeatzaile berri bakoitzak gehiago zorrozten dituela lan-orduen kontrol mekanismoak eta hauenak ere bide motza izango duela.

Beraz, besteak beste, eraikuntza enpresek, aseguratzaileek, mota guztietatako tallerrek, hornitzaileek eta banaketa enpresek, denda handi eta txikiek, aurrezki kutxek eta bankuek euskal kulturaren alde egindakoa aitortu eta eskertzeko ordua iritsi da. Mila esker, zuen ekarpenik gabe ezinezkoa izango zen. Ea orain nola moldatzen garen.

Argia, 2011-04-10

Txapelketaren kontra

Oier Araolaza 2011/03/10 18:10
Bertsozale elkartearen ikerketa taldeak "Bertsolamintza" jardunaldiak antolatu ditu, eta "inertziak" detektatu eta eranzteko ahaleginak bildu ditu.

Aurretik Trikitixa elkartetik eskatu zidaten bezala , oraingoan Bertsozale elkartetik eskatu didate txapelketen kontrako nire argudioak aurkezteko.  Andoni Egaña, Amaia Vazquez, Eric Dicharry, Egoitz Aizpuru, Ibon Arrizabalaga, Jon Martin, Estitxu Eizagirre, Jon Ansa, Fredi Paia eta neu gonbidatu gaituzte, gure gogoetak landu eta konpartitzera.

Martxoaren 1ean Gasteizen egindako ekitaldian parte hartu nuen. Fredi Paiak bertsolaritzan txapelketek izan duten historia eta ibilbidea aztertu zituen, eta txapelketa eta epaitze sistemek bertsokeran duten ondorioak aztertu zituen. Benetan interesgarri gertatu zitzaidan, bai alor historikoa eta baita  gaur egun txapelketetan bertsolariek erabiltzen dituzten zenbait estrategiaren azalpena ere.

Nik txapelketak antolatzerakoan aurreikusten diren onurak zerrendatu ondoren, normalean aztertzen ez diren albo-kalteetan jarri nuen begirada. Teknika hobekuntza, motibazioa, oihartzun mediatikoa, tranpolin efektua eta alorrarentzat pizgarri funtzioak aipatzen dira maiz txapelketak babesteko, baina eragiten dituzten kalteetan jarri nuen arreta.

Txapelketaren disfuntzioak

Neure ustez txapelketa antolatze hutsak dagoeneko sistema desegoki baten onarpena dakar. Alegia, onartzen dugu artearen alorrean proposamen desberdinak jerarkikoki sailkatu eta ordenatu ditzakegula. Badagoela bertsotan edo dantzan egiteko modu bat "onena" dena, eta gero besteak ere onetik okerrenera ordenatu ditzakegula.

Txapelketaren arrakasta handiena gure kultura eta artearen errealitatea modu jerarkiko horretan antolatuta egon behar dela sinesteraztean datza. Hortik aurrera, onena, bigarrena edo hamalaugarrena zein den edo izan behar den, eta zeren arabera sailkatu behar ditugun eztabaidatzen galtzen gara, baina sistema onartuta eta barneratuta dugu, eta beraz, gerra galduta.

Ereduak sortzeko makinak

Behin sistema jerarkikoa barneratuta, txapelketak "ereduak sortzeko, hedatzeko eta ezartzeko makinak" direla  salatzen dut nire gogoetan. Txapelketak definitzen du zer den "ondo" dantzatzea edo bertsotan egitea, eta hortik aurrera, horixe bihurtzen da eredu sektore osoarentzat.

Eredu horiek hezur-muineraino ditugu barneratuta eta ez gara konsziente eredu horiek gure jarduera erabat baldintzatzen dutela. Horretaz ohartzea eta zepo horretatik askatzea aurrerapauso ikaragarria da.

Azken hitzaldiak Villabonan

Larunbatean, martxoaren 12an, goizeko 9:00etatik 14:00etara, Villabonako Gurea antzokian egingo ditugu azken aurkezpenak. Hizlari guztiak arituko garenez labur-labur arituko gara, eta ea horrela, elkarrizketarako astia hartzen dugu. Gasteizen behintzat mamitsua gertatu zen eta entzuleen galdera eta ekarpenek bertsolaritza alorrean gai hauek nola bizi diren ezagutzen hasteko aukera esakini zidaten.

Gasteizen erabili nuen prezi aurkezpena apur bat laburtu dut Villabonara. Hauxe da:

Bestalde, Bertsolamintza eta txapelketaren inguruko gogoeten inguruan beste zenbait material argitaratu dira asteotan:

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari iruzkinak eta ekarpenak

Oier Araolaza 2011/02/03 18:30
Pasa den abenduaren 13an Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera burutu zen Bilbon, Guggemheim museoan. Jaurlaritzan gobernu berria zegoenetik egindako lehen bilera izan zen, eta aurretik zegoen kontseilua ia-erabat aldatu zuen Kultura Sailak. Kide gehienak berriak ziren, eta tartean neu ere izan nintzen, dantzak erakundeen laguntza handiagoa behar duela defendatzeko prest.

Aurkezpenak eta sailburuaren sarrera hitzaldiaren ondoren, Kontseiluaren lehen lanak zeintzuk izango diren azaldu ziguten. Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua aurkeztu ziguten, eta kultur politika gidatu beharko duen planari gure kritikak, iruzkinak eta ekarpenak egiteko enkargua egin ziguten.

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa honako wiki honetan

irakur daiteke. Diputazioek, Udalek eta beste hainbat eragile eta kontseilukide bere ekarpenak egiten ari da azken hilabeteetan, eta pentsatzekoa da horiek guztiak aintzat hartuta borobilduko duela Jaurlaritzak bere azken dokumentua.

Nire iruzkinak eta ekarpenak bildu eta bidali nituen (wiki baten bidez egiteko aukera zegoen, baina nahiago izan nuen testu bakar batean biltzea dena, koherentzia emateko) eta lerro horiek blogera dakartzat orain. Nahi izanez gero pdf honetanere dago testu osoa.

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua: Iruzkinak eta ekarpenak
Oier Araolaza
dantzan.com

Dantzari, dantzan.com elkarteko kudeatzaile eta Kulturaren Euskal Kontseiluko kide moduan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2011-2012 eperako proposatu duen Kulturen Aldeko Herritatartasun Kontratuaren inguruan zenbait iruzkin eta ekarpen egitera nator. Partehartzea bideratzeko galdetegi eta wikiguneak sarean eskura izan arren, nahiago izan dut nire ekarria dokumentu batean bilduta eskaini, diskurtso nagusi baten arabera antolatuta baitaude ekarpenak eta segida horretan gorpuzten baitute beren esanahi osoa.

Uko egiten diot administrazio publikoan kudeatzaile politiko talde berria sartzen den bakoitzean aurreko ibilbidearekin eten eta hutsetik hasteari. Kudeatzaileak aldatu dira, baina alor horretako teknikariak eta kultura alorrean dihardugunak ez gara egun batetik bestera aldatu, eta ondorioz, ezin dugu aurretik egindako lana, eta aurreratutako bidea tupustean baztertu. Argi dago esku-artean dugun txosten hau, aurreko legealdietan Jaurlaritzaren Kultura Sailak berak bultzatutako Kulturaren Euskal Planaren oinordekoa dela. Plan horren azken formulazioa Jaurlaritzaren Kultura Saileko administrarien eta egitasmo horren kudeaketaz arduratu zen bulego teknikoak —oraingo enpresa bera, hain zuzen— erditutako zen. Baina horiekin batera, Udal eta Foru erakundeen ordezkaritzaren, eta kultura alorreko sektoreetako ordezkarion proposamenak, ekarpenak eta iritziak ere jasota zeuden. Ez zeuden sektoreetan agertutako kezka eta proposamen guztiak jasota, eta lehentasun eta baliabide banaketa ere ez zen sektoreen ardurakoa izan, baina proposamen gehienak kultura elorreko eragileen ekarpenetatik bildutakoak ziren.

Kulturaren Euskal Plana bukatutzat eman eta Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuarekin ordezkatzeko fase honetan harrigarria gertatzen zait aurreko planaren ebaluaketa zehatz bat ez aurkeztu izana. Etapa berria hasi ahal izateko beharrezkoa litzateke aurreko planak egindako ekarpenak baloratu, planaren betetze, arrakasta eta frakaso mailak zehaztu, eta ondoko urratsetarako ondorioak argi izatea. Edozein jardueratan oinarrizkoa litzatekeen urratsa da hori, eta zaila gertatzen da ulertzea zergatik ez den egiten (eta egin bada, ezagutzera eman) kulturaren kudeaketa publikoan.

Aurreko planaren ebaluaketa ezak, kontratu berriarekiko jarrerari eragiten diola iruditzen zait. Izan ere, zenbait sektoretan —dantza alorrean, hain zuzen ere—, planean jasotako akzio egitasmoak eta praktikan gauzatutakoen arteko aldeak kontratu berriaren aurrean izan dezakegun espektatiba baldintzatzen du, eta ondorioz, inplikazio maila. Probintzia bakoitzean Dantza-Etxe bat abian jarriko zela iragarri zen aurreko planean, eta momentuz Dantza-etxe bakarra dago martxan, eta ez Jaurlaritzaren ekimenez, Gipuzkoako Diputazioaren ekimenez baizik.

Eta ebaluaketarik ez aurkeztu izana bezain harrigarria gertatzen da diagnostikorik ez eskaintzea Kulturaren Euskal Planaren abiapuntua diagnostiko orokor baten lanketa izan zen. Sektoreko 300 ordezkarik parte hartu genuen bertan, eta hor ere, informazioa bildu, interpretatu eta kudeatzeko modua kritikatu bagenuen ere, gutxienez errealitate kulturala ezagutu eta premiak, gabeziak, aukerak eta arriskuak identifikatzeko ahalegina egin zen. Orain ez dakigu aurreko diagnostiko horri segitzen dio kontratu berriak edo berria darabilen. Izan ere, denbora pasa da eta gauzak aldatu egin dira ordutik —testuinguru berria bai aipatzen dela kontratuan—, baina ez dago argi zein den diagnostiko berria. Eta noski, diagnostikoa behar-beharrezkoa dugu kultura politikak norabide egokian bideratzeko.

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa aurkeztu zaio sektoreari bere ekarpenak egin ditzan. Aitortu behar dut prozedurari dagokionez nahiago nuela alderantzizko ordenean eman izan balira urratsak. Hau da, lehenengo sektorearekin eta kultura alorreko eragileekin hitz egin, eta ondoren, haien esanak aintzat hartuz osatu plan berria. Orden inbertsio honek garrantzi sinboliko eta praktiko handia duela iruditzen zait. Ez da gauza bera horrelako plan bat, eskuak aske ditugula, egituratzen hasteko proposamenak egitea, edo dagoeneko egituratua dagoen kontratu bati ekarpenak eta zuzenketak egitea. Kultura Saileko ordezkariek ez digute aukera hori eman nahi izan sektoreko ordezkariei, edo gutxienez ez dute lan hori elkarrekin egin nahi izan, eta nahiago izan dute beraiek markatu bidea.

Marko teorikoa

 

 

“Desadostasunak eta tirabirak” saihesteko asmoz, eta lan operatiboan zentratzeko gogoz, Kultura Saileko kudeatzaileek Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuan hitzaurre teoriko ideologizatua jartzeari uko egin diotela jakinarazi digute. Diagnostikorik gabe eta gogoeta ideologikorik gabe aurkezteak, ez du esan nahi ordea ez dagoenik. Testuinguruaren, irizpideen eta helburuen planteamenduetan antzematen da kontratua babesten duen planteamendu ideologikoa. Baina batez ere, lehentasunen antolaketak —edo antolaketa ezak—, argitzen ditu kontratuaren oinarriak.

Hitzarmenean jaso den moduan, mundu globalizatu eta mediatiko berriaren errealitatea oinarrizko ezaugarria da testuinguru honetan, eta ondorioz kulturaren aniztasunaren aldeko estrategiak beharrezkoak ditugu. Baina helburuetan aniztasun horren sustapena ez bada lehentasuna, efizientzia, kalitatea eta zerbitzuetan hobetzearekin maila berean uzten badugu, aniztasun hori bera jarriko dugu amildegiaren ertzean.

Kulturak eta aniztasuna hizpide ditugu, eta hemen eta orain, iraunbizi ala desagertu, kinka horretan dagoen kultura euskal kultura da. Aniztasuna kolokan badago euskal kultura bera kolokan dagoelako da. Globalizazioak euskal kulturaren beharra du benetan globala izango bada. Globalizazioaren izenean uniformetasuna bultzatzen da gehiegitan, eta desberdina behin eta berriz zigortzen da. Kultura aniztasunean sinesten badugu, txikia babestu eta sustatzera bideratu beharko ditugu indarrak, horixe baitago arriskuan.

Euskal kulturak oso errealitate desberdina bizi du bestelako kulturen ondoan, eta premia bereziak ditu. Edozein diagnostikok nabarmenduko luke hori, eta egoera hori ez du dagokion larritasunarekin azpimarratzen Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuak. Eta premia bereziak dituzten alorretan diskrimazio positiboa gauzatu behar da, genero politikan egiten den modu berean. Lan munduan txertatzea zaila da gizon eta emakumeentzat, baina argi dugu emakumeek oraindik zailago dutela, eta beraz, ez dugu zalantzan jartzen emakumeen aldeko diskriminazio positiboko politikak bideratu behar ditugunik. Euskal kultura modu berean babestu eta sustatu behar dugu.

Krisi egoerak, teknologiaren garapenak plazaratutako baldintza berriak eta gizarte ohituren aldaketak, besteak beste, testuinguru berrian jartzen gaituzte, bai. Mapa politiko berria eta gobernu aldaketak izan behar duen eragina eztabaidagarriagoa gertatzen zait. Gobernua aldatu da, baina kultura alorraren errealitatea ez da aldatu horregatik, eta bere premia eta beharrizanak ere ez. Baina esan bezala, testuinguru ekonomiko, teknologiko eta soziala bai aldatu dela. Beraz, kultur jarduerak baldintza berrietara egokitzeko ahalegina egin behar du, eta politika instituzionalak egokitzapen ahalegin horretan lagundu beharko lukete.

Aurrekontu publikoen murrizketak kultura alorrari ere eragin dio, eta beraz, oraindik zorrotzago jokatu beharra dago. Alegia, lehentasunak zehaztu behar dira. Eta lehentasunak premia larriena duten alorrak identifikatuz markatzen dira. Lehentasun horiek zeintzuk diren ez da garbi antzematen Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuan.

Kultur politikan zein lehentasunekin aritzeko borondatea dagoen ezagutzea beharrezkoa zaigu. Eta horrekin batera, borondate hori ekonomikoki nola islatzen den. Izan ere, alperrik da, aurreko legealdietan gertatu izan den bezala, hitzez asmo batzuk adierazten badira baina ekintzez ez badira horretarako baliabideak bideratzen. Azken finean, politika kulturala bideratuko duten irizpide eta asmoak argi eta garbi erakusten dutenak aurrekontuak dira. Kulturaren Euskal Planaren ekarpen garrantzitsu bat horixe izan zen: aurrekontu horiek, alorren arabera antolatuta, jaso zirela planaren txostenetara ekarri eta denok ikusi ahal izan genituela. Hauek ziren hain zuzen ere:

Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa miloi eurotan) kultura alorrean 2004 urtean:

  • EITB 98.60
  • Hizkuntza politika 32.90
  • Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
  • Musika 8,55
  • Zinema 4,21
  • Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
  • Liburutegiak 2,09
  • Antzerkia 1,81
  • Agiritegiak 1,03
  • Liburuaren sustapena 0,83
  • Arte plastikoak 0,52
  • Dantza 0,47

Zerrenda soil horrek gehiago balio zuen gainontzeko asmo-onen zerrenda, egitasmo eta plan estrategiko guztiak baino. Izan ere, dantza lehentasunezko alorra zela esaten ziguten bitartean, zerrendak oso argi erakusten zuen zein zen Jaurlaritzaren lehentasunen zerrendan dantzak hartzen zuen tokia.

Kultura plan batek ez du sinesgarritasunik aldamenean aurrekontua ez badu, eta oraingo honetan ere horixe falta da. 2011rako Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak kudeatuko dituen baliabideen zerrenda txertatu behar zaio kontratuari, alor eta jarduera mota bakoitzari bideratu nahiz zaizkion kopuruekin. Hor ikusiko dugu zein den benetako plana eta zeintzuk diren lehentasunak.

Zeharkako kontzeptuak

 

 

Profesionalak eta amateurrak 

Kultura alorrean, eta zer esanik ez dantzan, profesionalak behar ditugu. Iruditzen zait profesional gutxi izatea dela gure gabezia, arazo eta ezintasun askoren arrazoietako bat. Gaur eta  hemen, dantza jarduera gehienak adibidez, ohiko lanaren ondoren, irakaskuntzan, enpresan edo kudeaketan zortzi ordu lan egin ondoren egiten dira.

Azken urteotan administrazioa profesionalizazioaren aldeko politikak bultzatzen ari da. Kultura alorreko laguntza eta jardueretan amateurrek parte hartzeko gero eta traba gehiago jartzen ditu. Burokrazioa izugarria da, eta diru-laguntzen deialdietan parte hartzea ia ezinezkoa bihurtu da horretarako azpiegitura profesional bat ez duenarentzat. Are gehiago, zenbait deialditan zehatz-mehatz adierazten da profesionalak bakarrik aurkeztu daitezkeela. Profesional izatea nolabaiteko berme artistikoa balitz bezala. Eta amateurrek ekoizpen artistiko interesgarririk egiteko izan dezaketen gaitasuna ukatuz.

Krisi aurretik kultura eta sorkuntza alorretako profesionalizazioaren aldeko aldarri hau izugarrizko kontraesana zen, eta zer esanik ez oraingo egoeran. Errealitateak urteak daramatza gure mutur aurrean jartzen herri txiki honetan ez dagoela nahikoa masa kritiko jarduera kultural gehienetan profesionalki aritzeko. Baina itsu eta entzungor, profesionalizazioa eskatu eta amateurismoa zigortzen jarraitzen dugu. Eta zentzu batean profesional kopuruak gora egin du. Jarduera artistiko gehienen inguruan badira profesionalki ari diren teknikariak, kudeatzaileak, idazkariak, ekoizleak, komunikariak, e.a. Artistak eta sortzaileak ez proportzio berean.

Profesionala izateak ez du kultur produktuaren kalitatea eta ekarpenaren mamia bermatzen. Are gehiago, ezagutzen ditugu artista profesionalak, artea ogibide hartu dutenetik ez dutenak aurreko mailarik eman. Amateur zirenean zerbait esateko zutenean ateratzen ziren plazara, ongi mamitu eta landu ondoren, ez baitzuten produktu kulturala ekonomikoki errentabilizatzeko asmorik eta itxaropenik. Bizimodua atera beharrak etengabe ekoiztu eta plaza publikoan egotera eramaten du profesionala, esateko ezer berririk izan ala ez.

Kultura alorrean profesionalak behar ditugu. Baina amateurrak ere bai. Ez dezagun inor zigortu bata ala bestea izateagatik.

Burokraziaren zepoa

Administrazioarekiko harremanak burokratizazio prozesu sakon batean sartu dira azken urteotan. Egitasmo kulturalak sustatzerakoan diru-laguntza publikoen babesa izan nahi duenak jarduera artistikoaz arduratzeaz gain bestelako hamaika lan egin behar ditu: epeen eta baldintzen zainketak, egitasmoen administrazioa, proiektu, memoria eta zuritze txostenen erredakzioa, komunikazio planak, oihartzunaren jarraipenak, diru-kontuak deialdien baldintzetara egokitzeko ekilibrioak, e.a.

Edozein sortzaile indibidual zein taldek, ekimen kopuru txiki bat izanez gero, lan horiek guztiak bideratu ahal izateko norbait “liberatu” edo horretarako espresuki kontratatu beharko du. Sormen lana kudeaketarekin uztartzen saiatzen den sortzailearen ilusioa berehala itotzen du administrazioaren burokrazia astunak. Baina sortzaile gehienek ez dute nahikoa baliabide lan horietarako profesional bat ordaindu ahal izateko.

Ondorioz, burokratizazio gogor honek sortzaile eta talde txikiak zigortzen ditu, eta konpainia eta enpresa handiak sustatzen ditu. Joera hau administrazioak nahita indartzen du, izan ere, askoz erosoago gertatzen baitzaio kudeatzaile profesionalekin lan egitea. Baina tamainak ez du zerikusirik kalitatearekin, eta erakundeen joera makur honek sorkuntzari kalte bakarrik egiten dio.

Administrazioaren jarduera makurren artean ere aipatu beharrekoa da epeen kudeaketa. Diru-laguntza deialdietan parte hartu nahi duenak erne ibili behar du epeekin, data pasata instituzioek ez baitute izaten gupidarik. Baina ondoren, administrazioak berak epeak bere nahieran baliatzen ditu.

Adibide bat. 2011ko urtarrilaren 21an, Jaurlaritzaren Kultura Sailak oraindik ez du jakitera eman musika, antzerki eta dantza jaialdietarako 2010eko diru-laguntzen banaketa. Iaz, 2010ean antolatutako jaialdiek, beraien aurrekontuak eta programak ixteko, zein diru-laguntza izango duten ez dakite oraindik. Jaialdiak egin ziren, artistak kontratatu ziren, eta haiei ere norbaitek ordainduko zien (kasurik onenean). Eta kasu gehienetan, kontuak kuadratzeko hil ala bizikoa izango den diru-laguntzaren berri ez dago. Kreditu pertsonalak, zorrak, insomnioa, tentsioa... antolatzaileen osasunarekin akabatzeko sistema bikaina. Hori bai, antolatzaileak, artistak, eta kultur zuzpertzaileak diru kontu guztiak ondo koadratuta izan behar ditu, ordain-agiri guztiak behar bezal eginak, eta abar...

Adibide hori ez da salbuespen bat. Urte batean deialdi bat izaten da eta hurrengo urtean beste hiru, eta batzuk berandu ateratzen dira, eta beste batzuk zentzuzko epe guztiak iraganda. Baina horrekin bizitzen ikastera behartuta dago kultura eragilea. Eta honetan ere, berriz ere txikiak zigortzen ditu bereziki administrazioak. Egoerari aurre egiteko baliabide gutxiago ditu, ez dauka beste egitasmorik zulo horiek estaltzeko, e.a.

Kultura eta jaiak

Bitxia da jaiarekin gertatzen ari dena. Urteak dira zenbait kultura adierazbidek jaia dutela bere hedapen esparru nagusia eta honenbestez sostengua. Jai egitarauek elikatzen dituzte musika, antzerki (kalekoa bereziki), dantza, bertsolaritza eta bestelako zenbait jardueraren zati  handi bat. Jaiei esker egiten dira alor horietan kontratu, emanaldi eta ekitaldi gehienak.

Jaiak kultur programazioan duen pisua benetan handia da, baina hala ere, jaiak, jaietako antolatzaileek eta jaiak finantzatzen dituztenak ez dira aintzat hartzen horrelako kultura planetan. Ez sektore bezala, ez zeharkako aztergai bezala. Jaia ez dago presente kontratuan. Eta gaur eta hemen, jaia ezabatzen badugu heriotz zigorra litzateke ekoizpen artistiko multzo handi batentzat, eta herren ikaragarria beste askorentzat.

Euskal Hiria  

Zein lurralde planifikazio eta garapen eredu dauka barneratuta kulturaren kontratuak? Bernardo Atxagak proposatutako Euskal Hiria kontzeptuak zeresan handia eman du zenbait urtetan, baina orain, lurraldetasunari buruzko diskurtsoa probintziakeria eta hirizentrismoa baino ez da. Bilbok A badu Donostia eta Gasteizek ere A2 eta A3 nahi dute, Donostiak B badu Bilbok B2 eta Gasteizek B3 nahi dute,...

Azpiegitura publikoen inbertsioak, kultura alorrekoak barne, probintzien arteko oreka eta hiriburuen handinahi aseezin horren arabera garatzen ari dira. Museoak, auditorioak, eskolak, sorkuntza guneak, liburutegiak,... Eta joko itsu horretan, lehendik erabat gainezka zeuden hiriburuetan pilatzen jarraitzen ditugu azpiegiturak. Musikene Donostian zegoenez, Eszenika Bilbon jarri beharra zegoen, nahi eta nahi ez. EITB Durangotik Bilbora eraman izana, lurraldetasunean nagusi den irizpide hirizentristaren erakusgarri da.

Hirizentrismoak hiriguneen kolapsora garamatza eta lurraldearen garapen desorekatua sustatzen du. Probintzia guztietan, edozein herri eta hiriburuaren artean, ez dago ordu erdiko distantzia baino gehiago. Hiriburuetan auzoetatik eta hiri-ingurutik erdigunera dagoen tarte antzerakoa.

Kulturaren esparruak, Euskal Hiria kontzeptu bezala berreskuratu, eta lurraldetasunaren eredu orekatu eta barreiatu bat sustatzeko aitzindaritza hartu beharko luke bere gain. Kulturaren kontratuak, hirizentrismoaren aurkako kontzientzia integratu eta zeharkako lerrotzat hartu beharko luke.

Marko operatiboa

 

 

Dantza

 

 

Ezer baino lehen adierazi behar dut dantzaren alorrak ez duela erakundeen aldetik beharrezkoa duen harreta eta babesa jasotzen. Bere egituratze maila oso baxua da, eta aurrekontuetan antzematen den bezala, kultura jardueren artean babes txikiena jasotzen duenetarikoa da. Eta dantza genero desberdinen artean, euskal dantza tradizionalak arreta berezia behar duela aldarrikatu nahi dut. Izan ere, dantza klasiko eta garaikideko eskolak, konpainiak, sortzaileak eta programazioak mundu osoan aurki badaitezke ere, euskal dantza tradizionalak hauxe du berezko tokia, eta tamalez, hemen ere ez du behar duen babesa.

Katalunian, Rubi herrian, Kataluniako Dantza Tradizionalaren Zentroa jartzen ari dira martxan. Egoitza prestatzen ari dira eta lan-taldea kontratatzeko deialdia egin dute. 2010ean, ez daukagu euskal dantzaren alorrean ikerketa, irakaskuntza, sorkuntza, dokumentazioa, sentsibilizazio eta aholkularitza, maila zorrotz eta profesionalean bideratzen duen zentro publikorik. Eta horixe da eskatu, aldarrikatu eta proposatzen dudana:

Euskal Dantza Tradizionalaren Zentroa sortu dezagun behingoz. Euskal dantza tradizionalaren alorrean ikerketa, dokumentazioa, formazioa, dibulgazioa, sustapena eta aholkularitza koordinatu eta zentralizatuko duen gune publikoa sortu.

Horrez, gain, Eusko Jaurlaritzak dantza sustatzeko bideratzen dituen programetan, dantza tradizionala ez dadila baztertu, eta beste modalitateen maila berean aintzat hartu izan dadila eskatzen dut.

Dantza tradizionaleko kaleko emanaldiak sustatzeko programak, zirkuitoak edo sareak sortu. Dantza tradizionalak berezko esparrua du kalea, eta antzokietan antzerki, musika eta dantza emanaldiak sustatzeko programak bideratu diren bezala, beharrezkoa da kaleko emanaldiak sustatzeko programa bat abian jartzea. Dantza kalean programatu nahi duenak izan dezala katalago batetik hautatu eta aurrekontuaren zati bat babestuta taldeak kontratatzeko aukera.

Dantza tradizionaleko ikasketak martxan jarri. Eszenika, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola martxan jarriko da laster Bilbon, eta antzerkia eta dantza ikasi ahal izango dira bertan, baina hara, dantza garakidea eta klasikoa bakarrik. Dantza tradizionalik ez. Dantza tradizionaleko ikasketak martxan jarri behar dira lehenbaitlehen. Horixe da sektoretik eskatu izan dena 1997. urtetik, eta lehentasunezkoa da Hezkuntza sailarekin harremanetan jarri eta ikasketa horiek abian jartzea.

Materiarik gabeko ondarea. Orain gutxi, Unescok, Gizateriaren Ondare Inmaterial izendatu ditu flamenkoa, tangoa, castells-ak, edo Sibil-la-ren kantua. Euskal kulturan horrelako izendapena jasotzeko ditugun balioak aztertu eta izendapenak sustatzeko kanpainak bideratu beharko lirateke. Aldi berean, euskal festa eta tradizio esanguratsuenen katalogoa berritu, sareratu eta ondare inmaterial izendatzeko prozedurak aztertu beharko lirateke.

Kontratuak jasotako dantzaren alorreko zenbait proiektuen inguruko iruzkinak

  • L2.S8.D Dantza-programazioa indartu. Hiru hiriburuetan, udaberriko eta udazkeneko dantza jaialdi edo ziklo espezifikoak sustatu eta bultzatu, sentsibilizazio-jarduera garrantzitsu gisa. Dantza-programazioa indartzeko formulak bilatu eta abian jartzeko lantalde bat martxan jarri.

Dantza-programazio oro har indartu behar da, zalantzarik gabe. Baina ez hiru hiriburuetan bakarrik. Are gehiago, behar handiagoa dago herrietan dantza programazio indartzeko hiriburuetan baino. Baina batez ere, inbertsioak aprobetxatu eta sinergiak optimizatu behar dira. Hiriburuetako aretoek beraien kasa egiten dute programazioa, herrietako aretoekin  koordinatu gabe, eta egiten dituzten inbertsioen etekina beste inork baliatzeko aukerarik eman gabe. Adibidez, Bilbon, Donostian edo Gasteizen kontratatutako kanpoko konpainia biharamunean Durangon, Eibarren edo Arrasaten programatu liteke, horretarako aukera emanez gero. Konpainiarentzat mesedegarria litzateke bi emanaldi egingo bailituzke, eta antzokiek bidaia eta ostatu gastuak partekatuko lituzkete. Baina hiriburuetako antzokiek ez dute horretarako aukerarik ematen, eta gastu guztia asumitzeaz gain, herrietakoak maila ertaineko produkzioak kontratatzeko ia gaitasunik gabe uzten dituzte. Sareak, programazioa koordinatua egiteko sistemaren bat bultzatu beharko luke, inbertsioak aprobetxatu ahal izateko. 

  • L5.S11.D Dantza eta eszena tradizionalaren dokumentazioa kudeatzeko sistema bat sortu. Dantza eta eszena tradizionalarekin lotutako dokumentazio-mapa bat egin eta behin-behineko artxibo bat martxan jarri.

Mapa egin du dagoeneko Eusko Ikaskuntza, eta behin-behineko artxiboaren hazia jarria du Eresbilek, biak ere Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Orain, dantzaren dokumentazio zentro baten benetako proiektua bideratzen hasteko ordua da. Ezin dugu distrakzio maniobrak egiten jarraitu. Dokumentazio zentro bat da behar dena, jakina, sareko bokazioa eta dinamika izan behar du, baina ezin gara mapa, sistema eta txostenetan geratu.

  • L4.S4.D Sektorearen egituratzea indartu, elkarte eta jarduera finkatuenetan lagunduz.

Sektore-programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara bideratu, dantza-sektorea indartzeko eta zenbait jarduera –esate baterako, etengabeko prestakuntza, sentsibilizazioa, hedapena, eta abar– diruz laguntzeko xedez.

Dantzari dagokionez, sektorearen egituratzea indartu behar dela egoki iruditzen zait, baina hori lortzeko “programa jakin batzuk sektorean ordezkaritza handia duten elkarteetara” bideratzea eztabaidagarria da. Bide berriak jorratzen, eredu berriak probatzen, eta jarrera dinamiko batekin ekarpenak egiten ari diren zenbait elkarte ez daude “ordezkaritza handia duten elkarteetan” txertatuta. Elkarteak beren dinamismo, proposamen eta kudeaketa gaitasunagatik lagundu behar dira, ez handiak edo txikiak direlako.

Gainontzeko alorrak
Proiektuen inguruko iruzkinak
 
  • L1.T5 Informazio-atari komun bat sortu edo atari hori Kulturklik Kulturaren Atari Elkarreragilean sartu. Gune elkarreragile digital bat sortu, EAEko kultura-jarduera osorako eta sortutako kultura-eduki guztiei buruzko informaziorako sarbidea emango duena.

Horrelako proiektu bat interesgarritzat jotzen dut, baina tentuz jardun beharra dago aurretik, esparru zehatzetan eta partzialki bada ere, lan horietan ari diren proiektuak ez kaltetzeko. Horiek egiten duten lana “erostea” aztertu beharko litzateke, horien aurkako konpetentzian hasi aurretik.  Kulturweb moduko proiektuak ditut buruan.

 

Bestelako proposamenak 
  • Arte eszenikoen euskal katalagoa Interneten jarri, etengabe eguneratua, bideo eta multimedia edukiz hornituta.
  • Euskarazko antzerkia sustatzeko plana eta laguntza programa bideratu.
  • Euskarazko edukien ekoizpena eta sareratzeko deialdiak eta diru-laguntzak indartu. 
  • Euskara google-hizkuntza izan dadin lortzeko estrategia plantetatu eta burutu.
  • Euskarazko wikipedia elikatzeko deialdi espezifikoa bultzatu.

 

Azkaindarrak, jauzi eta ebats!

Oier Araolaza 2010/12/31 00:00
Urteak dantza alorrean zer eman duen pentsatzen hasi eta konturatu gabe dantzan hasi naiz. Azkaindarrak etorri zait oinetara, dantza-jauzi bat. Ez da harritzekoa, 2010a dantza-jauzien urtea izan baita, zalantzarik gabe. Garai batean Lapurdi, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Baztan-en eta Biarnon dantzatzen ziren jauziak eta mutil-dantzak, eta orain horiez gain, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa osoan eta Ameriketan dantzatzen dira. Ez da aurten gertatu den iraultza izan, baina 2010ean hainbat ekimenek indar handia eman diote aurretik zetorren joerari.

Dantza-jauziak ez datoz bat azken hamarkadetan euskal dantzen inguruan indartu diren topikoekin. Ikusteko baino, dantzatzeko eginak daude. Ez da hanka ilargiraino altxatzeko ahaleginik egiten, eta ez da kabriola eta jira-bira konplikaturik egin beharrik ere. Ez dute adin mugarik, ez dago sasoian egon beharrik, eta lesionatzeko arriskurik ere ez dute. Eta hala ere —edo hain zuzen ere horregatik, besteak beste—, dantza egitearen plazera plazetara itzultzeko gaitasuna dutela frogatzen ari dira. Orain hamarkada batzuk ia desagertu ziren, baina orain loraldia bizi dute.

Mutxikoen edo dantza-jauzien arrakasta, dantzaldi irekien eta dantzazalearen figuraren indartzearekin lotuta dator. Kantu-zaleak bezala, dantza-zaleak ere elkar-antolatzen hasi dira, eta antolatzen ez direnean ere, dantzarako aukera guztiak baliatzen dituzte. Dantza taldeetako dinamikatik  aparte, dantzaren alderdi ludikoa erreibindikatu dute. Dantzazaleek dantzan gozatzen dute, eta eremu formaletik aparte, dantzaren gozamena plazetara itzularazteko ahaleginetan dihardute.

Jaurlaritzan izandako aldaketak izan al du eraginik dantzaren alorrean? Ez igarri da ia ezer, tamalez. Lehen txanpa honetan ohartu gara kudeatzaile berriek dantza sustatzeko lehengoek adina gogo dutela. Alegia, borondaterik ez dagoela, eta beraz, alde horretatik berdin jarraitzen dugu. Lehendakaria dantzari-ohia izateak ez du ekarri gobernu dantzazalea. Dantzaren alorra ohitu da bere kasa moldatzen, trakets, dena esan behar bada, baina iraunbizitzen, eta ez dio askorik eragiten joera bateko zein besteko gobernuak, denekin nahiko kaskar moldatzen baita.

Dantzariak kudeatzaile, saltzaile eta politikari kaskarrak garela erakutsi dugu, baina hala ere, ez dugu dantza erabat zapuztea lortu, eta milaka lagunek gozatzen du dantzan gaur eta hemen. Foru Aldundiak bultzatutako ikerketa bati esker jakin dugu Gipuzkoan 10.000 lagun ari direla astero dantzan ikasten. Administrazioak beste aldera begiratu arren errealitatea egoskorra da, eta ikusten denez, errealitate honi dantza egitea gustatzen zaio.

Argia Urtekaria 2010

Shanghaiko lezioa

Oier Araolaza 2010/12/02 13:12
Sukaldariak eramango zituztenik ez nuen zalantza egiten. Txalapartariekin ez nintzen harritu. Eta dantzariak ere izango zirela aurreikusten nuen. Baina aizue, sorpresa hartu nuen zein dantzari eraman dituzten ikusitakoan. Baita poztu ere.

Joan da Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria Shanghaiko Erakusketa Unibertsalera, eta Arzak, Berasategi, Aduriz eta Subijana eraman ditu sukaldari lanetara. Bale, hori aurreikuspenetan sartzen zen. Dantzariak ere ohiko apaingarria izaten dira erritual instituzionaletan, eta Shanghaira ere eraman dituzte. Dantzari tradizionalak gainera, txapela eta gerrikoa janzten dituzten horietakoak. Baina dantzariak ez dira Loiutik abiatutako hegazkin berean bidaiatu. Idahotik, Ameriketako Estatu Batuetatik joan baitira Shanghaira euskal dantzak eskaini dituzten dantzariak, Boiseko Oinkari dantza taldekoak. 

 

Ez daukat ideiarik ere zein arrazoik eraman duen Lehendakaria Shanghairako dantza taldea AEBtan fitxatzera. Pentsatu nahi dut uztailean Boiseko Jaialdian ikusi zituela eta haien maila bikainak txundituta hautatu zituztela. Izan liteke, noski, hemengo dantza taldeak abertzaletasunarekin lotuta ikusten dituztela eta horri ihesi egin nahi izan diotela. Arrazoia dena delakoa dela ere, ni poztu egin naiz. 

Jakina da diasporan dantzak paper berezia jokatzen duela identitatearen formazioan eta komunitatea trinkotzeko lanean. Eta urteak dira Boisen, Chinon, San Franciscon, Montevideon edo Buenos Aires-en Euskal Herrian bertan baino maitasun, indar eta zaletasun handiagoarekin dantzatzen direla euskal dantzak. Baina, itsasoaz bestaldeko dantzariak Europako dantzari begira bizi dira. Diasporaren konplexuak kateatuta ditu, eta menpekotasunez bizi dute harremana. Euskal dantzariek zer egingo duten zain, han ispilua egiten saiatzeko. 

Txinan euskal ordezkaritzaren irudia Boiseko Oinkari dantza taldekoei eskaintzea errekonozimendutzat hartu behar dute Amerika osoko dantzariek. Aspaldi erakutsia zuten Euskal Herriko beste edozein talde bezain irudi duina —hemengoak baino txukunagoa, askotan—, eskaintzen dutela. Euskal dantzetan aditu eta espezialistak dituzte, dantzari bikainak ere bai, eta urte askotako —Oinkarik 50 urte, esate baterako— ibilbidea. Espero dut, Shanghaiko lezioak dantzari nortasun euskal-amerikarra sendotu eta ibilbide propioa egitera animatuko dituela.

Argia, 2010-11-28

Zirkoan falta den pailazoa

Oier Araolaza 2010/11/10 23:47
Iñaki Perurenak sufritutako elkarrizketa iraingarriaren bideoa hara eta hona dabil egunotan sarean, kazetariaren ergeltasuna eta Leitzakoaren lezioari buruzko iruzkinekin. Beldur naiz datozen urteotan etorriko zaigunaren aurrerapena baino ez ote den hau. Merezi du elkarrizketa osorik ikusi (azpian jarri ditut bideo guztiak) eta kazetaritzaren etorkizunaz gogoeta egiteko denbora hartzeak.

Zuzeu albistarian ikusi nuen elkarrizketaren zati bat. Ezjakin harroputza nor ote zen jakin nahian bila hasi eta bere elkarrizketen kanalarekin egin nuen topo Youtuben. Manu Redondo da, zornotzarra eta Bilbovision izeneko telebista (?) baterako "Manu a Manu" elkarrizketa saioa egiten du. 

Manu Redondoren ergeltasunaz trufatzen gara, baina telebista Manu Redondoz beteta dago, eta prime time orduak betetzen gainera. Ezjakintasuna, harropuzkeria eta espainolkeria dira gaur egungo telebistarako arrakastarako giltzak.

Grazia egiten digu, Perurenak lezioa eman diola iruditzen zaigulako, baina kezkatzekoa da ohartzea ez Manuk, ez beste hainbat eta hainbat ikuslek ez dutela Iñakiren azalpenetik tutik ere ulertu. Eta larritzekoa imajinatzea askorentzat, Manu aurkezle grazioso bat eta Iñaki baserritar pipertu bat baino ez direla. Entretenimendu hutsa.

Orain grazia egiten digu, baina berehala izoztuko zaigu irrifarrea. Izan ere, konturatu orduko ETBn aurkituko dugu Manu Redondo, hor antolatu duten zirkoan falta den pailazoa baita.

Hemen elkarrizketa (?) osatzen duten bost bideoak:

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter