Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Goroldioa kendu ezinik

Oier Araolaza 2008/12/31 10:23
Tradiziotik abiatzen diren lan berrien uzta oparoa izan da aurten ere. Kukai-Tanttakak Sarrionandiaren poesia jarri du dantzan. Iparraldean dantza sorkuntza bizi-bizi dago. Besteak beste Anaigazteak, Arrola eta Aitzindariak elkarteek ikuskizun berriak plazaratu dituzte.

Ekarpen berriek adina, edo gehiago, harritzen gaituzte ahazturaren kutxatik berreskuratutako altxorrek. Argia dantzari taldeak Axeri-boda aurkeztu du. "Euri eta eguzki, azerien eztei" atsotitz zaharretik abiatuta Japoniaraino joan-etorriko bidaia egin du Juan Antonio Urbeltzek. Azeri-dantzaren inguruko tradizio eta dantza sorta zahar-berrituarekin harritu eta hunkitu gaitu berriz.

Hainbat dantzari gazte ari dira beren proposamen garaikideak plazaratzen. Horietako batzuk, atzerrian egin dute beren ibilbide profesionala, baina beren lanak etxean erakusteko gogotsu daude. Asier Zabaleta, Mikel Aristegi, Blanca Arrieta, Iker Gomez eta Pantxika Telleria dira lan berriak aurkeztu dituztenetako batzuk. Publiko zabalagoetara iristeko zailtasunekin jarraitzen du dantza garaikideak. Programatzaileak uzkur, ikusleak urri... Batzuk Maoma eta mendiarena egiten hasi dira. Ikusleak ez badatoz antzokira eraman dezagun dantza kalera. Besteak beste, Dantza Hirian ekimen sendo eta arrakastatsua da, eta dantza garaikidea ezagutu eta gozatzeko bide berriak urratzen ari da.

Claverie-Malandain lan-bikotearen banaketak proiektu banaketa ere ekarri du. Malandainek Maitaldiaren gidaritza berreskuratu du. Ballet Biarritz junior zena Donostian errotuta, Dantzaz elkartearen izenarekin eta Claverieren zuzendaritzapean Miarritzetik banandu da erabat. Ikusiko dugu banaketarekin irabazten ala galtzen atera garen. Dantzaz elkartea hasi da lehen emanaldiak eskaintzen, eta horrekin badakigu, Ballet Biarritz juniorrek urratuta bideari jarraiki, dantza Euskal Herriko txoko guztietara eramateko ahalegin serioa egingo dutela. Hori albiste bikaina da, zalantzarik gabe.

Kulturaren Euskal Planak dantza alorrean ez ditu oraindik fruitu asko eman baina 2008 honetan hasi gara ikusten zeintzuk izan daitezkeen ekimen horretatik etorri daitezkeen proiektu berriak. EAEko hiriburu bakoitzean dantzaren dinamizazioan arituko den gune bat martxan jartzeko asmoa dute erakundeek. Dantzaren dokumentazioaren inguruan gogoeta eta lehen hurbilketa bat egin, eta formazioaren inguruan dauden kezkak dagokien sailera bideratzea izan daitezke KEParen beste ekarpenak. Ez da asko, baina harriari goroldioa kendu eta mugitzen hasiko den itxaropenera kateatuta gaude.

Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria 2008

Udazkenaren tronoan

Oier Araolaza 2008/12/12 17:39
Artikulu hau entregatu behar nuen goizean, abenduaren lehenean, iritsi zait Mikel Laboaren heriotzaren abisua. Zirriborratuta neuzkan lerroei azken errepasoa eman eta bidaltzea baino ez zitzaidan geratzen, baina albiste mingarriaren argira hain ergelak gertatzen zitzaizkidan aurretik idatzitakoak, dena ezabatu eta dokumentua zuri-zuri utzita “gorde” klikatu dudala azken orduko damuei atea itxiz.

Abenduaren bigarrenean Mikel Laboaren bizitza, ibilbide, ekarpen, izaera eta bertuteak goratzen dituzten orrialdez beteta argitaratuko ziren egunkariak. Hirugarrenean ere izango zuen oihartzunik, baina gutxiago ziur aski. Lerrook inork irakurri orduko bi aste pasako dira gutxienez. Gehiegi gaurkotasuna segundotan neurtzen duen komunikazio erritmorako. Horregatik hain zuen erabaki dut Mikel Laboa izango dudala hizpide, jenialtasunak ez duelako iraungitze datarik, eta Mikelen musika betiko gurekin izango dugunez, ernaltzen dizkigun sentipenak abendu hasieran zein abendu bukaeran berdin balio dutelako. 

Tradiziotik edan eta tradizioa egin du Laboak” idatzi dut <dantzan> posta zerrendara bidali dudan mezuan. “Inor gutxik bezala uztartu zituen herri tradizioa eta modernitatea” idatzi du Aitor Zuberogoitiak Sustatun. Azpimarratzekoa iruditzen zait kanta zaharrak bildu eta bere ahotik berriz zabaltzeko egindako lan horretan bere nortasuna ezkutatu gabe egin zuela Mikel Laboak. Maiz, herri-musikatzat aurkeztutakoaren zilegitasuna indartzeko norbanakoa disimuluan iragaten ahalegintzen gara. Horrelako tentaziorik ez da antzeman Mikel Laboaren lanean. Umiltasuna nork bere lanaren ardura hartzearekin uztartzen zuen. Mikel Laboa lan horretan ikusita Etxahun Iruri datorkit gogora, biak ala biak maisu kanta zaharrak eta sorkuntza berriak baratze berean ereiten.

Bere kantu-bidean bide-lagun, kantu-gai eta esperimentaziorako ongarri izan du herri-musika Mikel Laboak. Kanta zaharrak kanta berri bihurtu dira beren interpretazio pertsonal, ausart eta zintzoan, eta kanta berriak berehalakoan ondu eta errotu dira kanta zaharren ondoan. Doinu xaloena ahots dardaratiarekin kantatuz bizkarrezurra hotzikaraz dantzan jartzeko grazia zuen. Kanta zaharrak zein poesia berriak, testu argiak zein ulertezinak, hitza eta ahotsaren dantza hezur-mamiraino sartu dizkigu.

 

Argia, 2008-12-12

NASA, Amorebietako udala, FBI eta dantzan.com

Oier Araolaza 2008/11/10 11:02
Ostiralean Stargate probatzeko aukera izan nuen. Hor ibili nintzen, atzera eta aurrera, planeta gorrira salto egin eta asteroide grisera itzuli.
Ostiralean Stargate probatzeko aukera izan nuen. Hor ibili nintzen, atzera eta aurrera, planeta gorrira salto egin eta asteroide grisera itzuli. Maite pozik dago, eta ez da harritzekoa, lantokiko paretean egindako zuloa borobil-borobila geratu da. Berehala ikusiko dugu Isabel Preysler nos muestra su casa de Marbella redecorada foto-erreportajea geek-en Holan. Pena ping-pong mahaia iritsi gabe zegoela oraindik.

 

30 lagun bildu ginen ostiralean Gorosta Valleyko Stargatean, baina ez zen izan ate borobila probatzeko. NASAk, Amorebietako Udalak, FBIk eta dantzan.com-ek, zer duten komunean (konketaz gain) deskubritzeko konbokatu gintuzten. Eta esplikatu digute, bai horixe: Plone.

 

Zer da Plone?

 Plone musika talde bat dela esplikatu zigun Mikel Larreategik. Horrez gain zope eta python-en oinarritutako edukien kudeaketarako software libreko sistema bat da. Alegia, dantzan.com egiteko CodeSyntax-eko teknikariek erabiltzen duten programa. Eta sistema horren ezaugarriak eta abantailak esplikatu zizkiguten ostiralean, nazioarteko plone eguna zela eta. Kontu interesgarri asko esplikatu zizkiguten Mikel Lizarralde, Mikel Larreategi eta Garikoitz Araolaza CSkideek, eta Plone erabiliz egiten dituzten gauzetako batzuk erakutsi zizkiguten Amorebietako Jabier Santamariak eta EHUko Jesus Romok. Oihanen bizkotxoek aparteko aipamena merezi dute: delicious!!!

Plonen oinarritutako webguneak dituzten beste bezero batzuekin  hitzegiteko aukera izan genuen. CIAkoak eta Washington-eko unibertsitatekoak ezin izan dira etorri, baina Goienako Iban Aranzabal eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi-ko Joxe Aranzabal-ekin oso gustura egon ginen berriketan.

Oinak baliatu

Dantzan aritzeko gorputza ezagutu eta mugimendua menderatu behar den bezala, dantzaren komunikaziorako ere tresnak menderatu behar ditugu. Edo gutxienez ezagutu eta haiekin moldatzen ikasi. Zenbaitek uste duenaren kontra, nik informatikaz  ez daukat ideiarik ere. Baina informatikariek sortzen eta prestatzen dituzten tresnak erabiltzen ikasteko ez dago informatikaz ezer jakin beharrik. Helburua, nire kasuan, dantzaren komunikazioan eraginkorra izatea da. Eta Stargaten atzera eta aurrera ibiltzeak, komunikazio horretarako tresnak erabiltzen ikasteko eta beste askoz gehiagorako balio du: besteak beste ezagutza eskuratu, antolatu, kokatu eta konpartitzen ikasteko balio du.

Olinpiar dantzak

Oier Araolaza 2008/09/12 12:31

Londresen urduri daude. Eta jendea urduri jartzen denean eztabaidan hasten da. Horrela baietz eta horrela ezetz. Badute arrazoirik urduri jartzeko. Suerte txarra da gero Olinpiar Jokoak txinatarren ondoren antolatu beharra. Azpiegiturak txukun prestatuko dituzte, bisitariei harrera egiteko ez dute ingeles ikastaro berezirik antolatu beharko, eta Elton John beti dago prest bere betaurreko berriak mundu osoari erakusteko. Baina zer dantzatuko dute hasiera eta bukaerako zeremonia horietan? Horrek piztu du eztabaidan Ingalaterran.

Olinpiar jokoek uzten duten irudi nagusietakoa da zeremonietako dantza. Azken batean txontxongilo kontua da. Milaka bolondres bildu eta hara eta hona joan arazi behar dituzu, denak batera, ondo sinkronizatuta eta momentu bakoitzari dagokion koloreko kapusaia atera eta ezkutatuz. Ordenagailuz diseinatutako mugimenduak izaten dira, eta gero “dantzari” bakoitzak bit-arena egiten du 0 1 0 0 1...

Txinatarrak dira onenak txinatarrarena egiten, eta olinpiar zeremonien txontxongilo dantza txinatarrek asmatu ote zuten –Made in China omen da hori ere– susmoa zabaldu da Ingalaterran. Ikusi ditugu milaka dantzari txinatar ikuskizun harrigarria egiten eta orain urduritasunak Londresen. Zenbaitek dio Royal Ballet-aren esku utzi behar dela kontua, beste zenbaitek dio hobe dela break dance erakustaldi bat egitea, baina askok eta askok morris dantzariengan jarri dituzte begiak. Milaka morris dantzari bildu eta ikuskizun erraldoia egin behar dela diote.

Euskal ezpata-dantzarien parekoak izan litezke Ingalaterrako morris dantzariak. Baina badago alderik. Adibidez, adinean –dantzari helduak izan ohi dira morris gehienak– eta dantzari buruzko jarreran. Morris dantzariek ez diete batere sinpatiarik dantzari pilaketei. Dantzari eta talde bakoitzaren nortasun bereizian eta dantzakera propioan sinesten dute, eta futbol zelai batean milaka dantzari gauza bera egiten aritzea erabat zentzugabekoa iruditzen zaie. Horregatik oso uzkur ageri dira Olinpiar ekitaldian milaka morris dantzarik batera dantzatzeko proposamenen aurrean. “Gainera,” gehitzen dute kritikoek, “saiatuta ere, ez ginateke denok batera dantza egiteko gai izango! Ez gara ez robotak ez txinatarrak!


Lau urte aurretik eztabaidarako, eta ez justu amore emateko. Morris dantzariek ohore olinpikoari uko eginten badiote, haien irudiak ordengailuz sortu eta klonatzea proposatu du batek. Ez dago ihesbiderik. Eskerrak Bilbok ez duen –oraingoz– olinpiar ametsik.

Argia, 2008-09-12

Meza eman eta txistua jo

Oier Araolaza 2008/09/03 16:48
Iraganean, hainbat apaiz txistulari ezagutu ditugu Euskal Herrian. Mateo Txistu, apaiz, txistulari eta ehiztari amorratuaren ipuinak alde batera utzita, ezagunak dira, adibidez, apaiz lanak txistuaren doinura burutu dituzten Aita Hilario Olazaran edo Aita Gaizka Barandiaran.

Aspaldi ez dut ordea apaizik harrapatu txistua eskuan. Gaur euskalkultura.com-en agertu da bitxikeria. Aita Martxel meza ematen, eta elizkizunaren momentu batean, apaiza bera, gazte batzuk lagunduta, txistua jotzen.


Chinon, Kalifornian, ari zen apaiz txistularia, Estatu Batuetako euskal komunitatearen ospakizun batean.

Geu nagusi!

Oier Araolaza 2008/07/14 16:04
Maiz esaten da orain umeek ez dietela errespeturik nagusiei eta ezinezkoa dela disziplina minimo batekin gauzak egitea. Zer esanik ez dantza alorrean. Ume talde bat lerroan jartzen saiatu den edonork daki lan horren zailtasunaz. Eta garai bateko umeak? Gurasoek esaten ziguten bezain txintxoak ote ziren?

Ondarroan Silberio Beristain dantza-maisuaren ikasle izandakoek omenaldi bat antolatu eta liburuska bat argitaratu dute. Silberiok 1947 eta 1957 bitartean aritu zen Ondarroan neska-mutil koadrilla bat lerroan jarri nahian. Bere ikasle izan zirenek hainbat kontakizun polit bildu dituzte liburuskan. Nagusiei garai horretan zer nolako errespetua zieten erakusten dutenak horietako batzuk ;-)

 

1948ko irailean izan zen. Jesus San Migel abadea eta Silberio Beristain dantza-maisua arduradun zirela, autobusean sartu  eta Gipuzkoaruntz abiatu ziren dantzari-gazteak. Irunen egin zuten lehen emanaldia. Eta lehenengo sustoa bertan: "Irunen gengozala gure tarteko neska bati buruko zapia jausi jakon. Zapia solta eta orraza ezpainetan hartu eban. Baina zapia barriro buruan lotzera joan zanean, orratza falta. Haxe da estutasuna! Orratza irentsi ebalakoan, D. Jesus San Migel abadeak osagile batengana eroan eban. Zorionez, orratzik ez jakon barruan agertu!"

Irundik Donostiara joan ziren dantzari gazteak eta arratsaldean Getarian zuten aurreikusia azken dantza emanaldia. 20 gaztetxo herriko abadea eta dantza-maisuaren agindura. Pentsatzekoa da gaur egun baino disziplina zorrotzagoa izango zutela haiek. Baina, Getarian gertatutakoak zer pentsatua ematen du:

"Gero Getarian be gelditu ginan. Hemen be geure dantza agerraldia egiteko asmoa geunkan. Baina, autobusetik salto egin orduko, herri guztian zabaldu ginan. Geu nagusi! Gazteak beti gazte ba, eta Silberio gure maisuak ez eban talde osoa batzerik lortu. Azkenean, gaztetxoenak autobusaren ondoan batu ziran, baina nagusiagoen bila joan behar izan zan, etgxera etortzeko".

ADDEko bazkide egin naiz

Oier Araolaza 2008/04/23 13:13
Asociacion de Danza – Dantza Elkartea da ADDE, Euskal Herriko Dantza Elkarte Profesionala. Dantza alor desberdinetatik jorratzen duten kideak biltzen ditu elkarte honek: dantzariak, sortzaileak, kudeatzaileak, irakasleak… eta dantza mota desberdinetako kideak biltzeko asmoarekin sortu da. Dantza garaikide eta klasikoko jendeak bultzatu du, baina uste dut dantza tradizionalean gabiltzanok ere parte hartu beharko genukeela elkarte horretan.

Zergatik?

Badira hilabete batzuk martxan jarri zela ADDE eta luzaroan hausnartu dut elkarte berri horretan izena eman ala ez. Euskal Herrian dantza desegituratuta dago, elkarte gutxi eta ahulak ditugu, eta horrek ez du batere laguntzen dantzaren egoera kaskarra iraultzen. Beste eskualde batzuetan elkarte sendo bat izateak asko lagundu du sektorea bera dinamizatzeko orduan.

Orain arte ezagutu ditudan elkarte gehienak sektorearen alderdi zehatz bati begiratzen zioten. Batzuk dantza tradizionala, edo garaikidea, edo klasikoa soilik hartzen zuten kontuan. Beste batzuk lurralde zehatz batera mugatzen ziren, Gipuzkoara bakarrik, edo Arabara…

ADDEk muga guzti horiek gainditzeko borondatea erakutsi du. Euskal Herri osoa izango du jarduera esparru eta dantza mota guztiak hartuko ditu kontuan. Beraz, hau ez da gai zehatz baten inguruan jarduteko elkarte bat, hau DANTZAREN ELKARTEA da, hitz larriz. Horrelako baten beharra geneukan eta uste dut elkarte hori indartzeko modua bertan egotea dela.

Ez da bateraezina

Elkarte batean egotea ez da oztopo beste batean ere egoteko. Nik Eibarko Kezka dantza taldean egiten dut dantza, baina Argia eta Haritz taldeetan ere bai (ahal izan dudanean behintzat). Ikerfolk elkartearen dinamikarekin bat egiten dut eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide naiz Kezka dantza taldearen bidez. Baina, horiez gain, orain Euskal Herriko Dantza Elkarte Profesionaleko kide naiz. Onartu baldin banaute behintzat ;-)

Profesionala?

Elkarte Profesionala dela dio ADDEk bere aurkezpenean. Horrek zer pentsatua eman dit luzaroan. Dantzaren alorreko profesionalen elkartea dela esan nahi du horrek? Zer da dantzaren profesionala izatea? Dantzatik bizitzea bada, uste dut oso gutxi izan daitezkeela hemen eta orain dantzaren profesionalak. Baina dantzatik baino dantzarako bizi gara hemen asko, eta uste dut hori baino profesionalagorik ez dagoela. Nire iritziz dantzari begira bizi garenak, dantza gure lehentasuna, gure bokazioa eta gure interesgune nagusia dugun guztiok gara ADDEko kide izateko egokiak.

ADDE behar dugu

Euskal Herriko dantzari eta dantzazaleok denok batuko gaituen dantza elkarte bat behar dugu. Eta hori ADDE izan daitekeela uste dut. Horregatik eman dut izena Euskal Herriko Dantza Elkarte Profesionalean.

KEP eta dantza, nondik-nora gabiltzan

Oier Araolaza 2008/04/10 12:32
Kulturaren Euskal Plana (KEP) eta dantza kontuak zertan ziren kontatzen hastekoa nintzen, baina konturatu naiz horri buruzko azken kontua aspaldikoa izan dela.

Kulturaren Euskal Plana (KEP) eta dantza kontuak zertan ziren kontatzen hastekoa nintzen, baina konturatu naiz horri buruzko azken kontua aspaldikoa izan dela. Izan ere, 2006ko azaroan egin genuen bilera Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak deituta dantzaren egoera aztertu eta jardunbideak zehazteko. Jaurlaritzaren enkarguz Xabide enpresak dantzaren sektorearen egoeraren diagnostikoa egiteko asmoz txosten bat prestatu zuen. Txosten hori aurkeztu ziguten azken bilera hartan, hilabeteko epea eman ziguten zuzenketak egiteko eta 2007ko otsailerako beste bilera bat egitekotan geratu ginen.

Xabidek egindako lehen txosten hura oso flojoa iruditu zitzaidan niri. Oinarrizko hutsuneak eta akatsak zituen, eta denbora galtzen ari ote ginen sentsazioa hartu nuen. Hilabetez jo eta ke jardun genuen kontra-txosten bat prestatzen eta halaxe bidali genuen epe barruan. 2007. urtea iritsi zen eta baita pasa ere, eta Jaurlaritzatik txintik ere ez. Azkenean pasa den otsailean eta martxoan bi bilera izan ditugu Eusko Jaurlaritzan. Atzerapenagatik barkamena eskatu ondoren gauzak non dauden eta nora goazen azaldu digute.

Aurreko txostenari egin zitzazkion zuzenketa eta kritikak barneratuta dantzarako plana osatu eta hori gauzatzeko urratsak ematen hasteko asmo sendoa dagoela esan ziguten. Dantzaren plana zabala eta asmo onekoa da, baina orain arteko aurrekariak ikusita gauzatzeko aukera gutxi ikusten dizkiot. Hortik ordea 3-4 proiektu estrategikori berehalako bultzada emateko borondatea agertu zuten Kultura Saileko ordezkariek. Iñaki Gomez-ek hiru proiektu nagusi nabarmendu zituen:

  • Dantza-guneak
  • Dokumentazio zentroa
  • Hezkuntza

Dantza-guneak
, dantza-etxeak, edo dena delakoak probintzia bakoitzean bana bideratzeko asmoa sendoa dagoela argitu zuten, eta kasu batzuetan, Gipuzkoan adibidez, bertako Foru Aldundiarekin ados jarrita, 2008an bertan lehen urratsak emango direla jakinarazi zuten. Formakuntza eta dinamizaziorako guneak izango dira hasiera batean, toki bakoitzean proiektua definitu beharko bada ere.  


Dokumentazio zentroa
ri buruz, gauzak lausoago daude, aldez aurretik zenbait erabaki estrategiko hartu beharko baitira. Lehenik eta behin orain bertan dauden dokumentazio eta artxibo partikularen azterketa bat egin beharko da eta horrekin batera alorrak norekin ezkonduko diren argitu beharko da. Hau da, dantza tradizionala, garaikidea eta klasikoa, hirurak hartuko dituen zentroa izan behar den; arte eszenikoekin ezkondu behar den; garaikidea arte eszenikoekin eta tradizionala folklore instituto baten baitan joango litzatekeen... Epe motzean hartu beharreko erabakiak izango dira beraz, erabaki horiek nork hartuko dituen oso argi utzi ez bazuten ere, baina iruditzen zait azkenean erabaki politikoak izan beharko direla.

Hezkuntzari dagokionez, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan hasita daudela eta gai horri serio heldu beharra dutela adierazi zuten. Lehentasunezko kontua da dantzaren alorrarentzat eta gai horretarako batzorde bat antolatu eta bilerak bultzatu beharko direla.

Hiru lerro estrategiko horiekin batera beste hainbat kontu biltzen ditu dantzaren planak baina zaila dirudi pentsatzea lehen urtean askoz gehiago egingo denik. Horiek eta gehiago bultzatu, bideratu eta gauzatzen joateko talde eragile bat sortu behar zela jakinarazi ziguten.

Talde eragile horretan Jaurlaritzako, Foru Aldundietako eta Udaletako ordezkariekin batera dantza sektoreko lau ordezkari egongo dira, bi dantza tradizionalaren alorrekoak eta bi ez-tradizionalekoak. Geure artean ados jartzeko eskatu ziguten baina zaila ikusten genuen horrelako adostasun batera iristea, eta beraz, azkenean Jaurlaritzak berak egin zituen proposamenak.

  • Asociacion de Danza - Dantza Elkartea (ADDE)
  • Gipuzkoako dantza profesionalen elkartea
  • Euskal Dantzarien Biltzarra
  • Dantzan.com


Dantza tradizionaleko ordezkari gehienek bere onespena eman zioten proposamenari. Dantza klasikoko ordezkariek beren kezka agertu zuten dantza klasikoa ez ote zegoen behar bezala ordezkatua, baina dantza elkarteek jakinarazi zuten alor desberdinetako profesionalak daudela beren elkarteetan.

Datorren astean dugu talde eragilearen lehen bilera.

No photos!

Oier Araolaza 2008/03/25 16:09
Eibarko Arma museoan ezin da argazkirik atera. Eibarko industri ondarea eta historia ezagutzera emateko sortu zen museoa, baina ez du laguntzarik nahi lan horretan. No photos!

Utah-ko Unibertsitatetik etorritako ballet dantzari talde batekin ibili gara Aste Santuan Eibarren euskal dantzak irakasten. Dantzak irakasteaz gain saiatu gara batera eta bestera eramaten hemengo gauza batzuk ikus ditzaten, Zuberoara maskaradak ikustera joan ginen, Arratera lainoak eta euria ikustera igo gara, Bilbo, Donostia, Deba...

Ostegun santuan Deban geunden, aurretik deitu genuen turismo bulegora eta eliza barrutik ikusteko aukerarik izango ote zen galdetu genuen. Baietz, irekita izango zela. Bertara joan eta eliza itxita. Turismo bulegora joan eta hura ere itxita!
2008-03-18_Arma-Museoa-Eibar_24
Asteartean Eibarko arma museoa ikustera joatea proposatu genien eta baietz, pozik ikusiko luketela. Deitu genuen bertara eta aste santuan itxita dagoela. Arraroa egin zitzaigun, opor egunetan itxita museoa, baina hasi gara ohitzen. Dena den, Eibarko museotik asteartean mesede berezia egin ziguten eta itxita behar zuen orduan guretzat irekin, bikain. Hasi gara museoa ikusten eta Utah-ko dantzarien irakaslea pozik, halako pistola nahiko berezia dela, ez zuela inoiz ikusi eta bere lagunei erakutsiko diela. Atera du argazki kamera, baina berehala etorri zaigu arduraduna eta debekua, ezetz, debekatuta dagoela argazkiak ateratzea museoan. "No photos, no photos".

Ez dut ezer  ulertzen. Benetan. Zergatik ezin daitezke atera argazkirik arma museoan? Museoa Eibarko industria ekoizpena ezagutzera emateko egingo zen ezta? Beraz, argazkiak ateratzeak helburu horretan lagundu baino ez du egiten! Museoko zuzendaria banintz nik zera esango nieke bisitariei: "Take photos please, egin argazkiak ahal beste eta zabaldu mundura!!". 

2008-03-18_Arma-Museoa-Eibar_19

Pristinako dantzen zipriztinak

Oier Araolaza 2008/03/13 08:25
Independentzia aldarrikatzera eta ospatzera atera ziren Kosovon. Bandera yankiak atera zituzten askok, eta kantuan eta dantzan ikusi genituen beste asko. Estatu Batuetako banderena azaldu, esplikatu, analizatu digute atzerri politika adituek eta ez adituek. Nik bandera kontuetaz ezer gutxi dakit eta, independentzia aldarrikapen horretan erabili zen beste sinboloa hartuko dut hizpide, dantza. Pristinako dantzak baditu eta bere zipriztinak.

Pristinako argazkiaren aurrean beste bat jartzera noa. 1990, Belgrad. Yugoslavian gerra bete-betean dago. NATOren indarrek Belgradeko azpiegiturak txikitzeko hegazkinak bidali dituzte. Yugoslaviako gobernuak giza babesa antolatu du, herritar zibilak bultzatu ditu bonben jo mugan jartzera erasotzaileak kokildu asmoz. Gau horietako batean, zibilek babesten duten zubi bat erakutsi du CNN-k. Ez dakigu hotzez ala beldurrez  dauden dardarka zubian daudenek. Hiru neska gazte agertu dira irudietan, jantzi tradizionalak dituzte soinean eta dantzan ari dira. “Kolo” bat, borobilean egin ohi den dantza tradizional bat dantzatzen ari dira, eta oso txukun gainera, dantzari bikainak direla antzematen da. 

Bonba azpiko dantza haien peskisan ibili da Lynn D. Maners antropologoa. Dantzarien janzkera Serbiako Sumadija nekazal eskualdekoa da, baina dantzarien prestakuntza onak eta eszenatokira begira findutako dantzakera dotoreak erakusten du Belgrad bertako dantza talde bateko kideak direla. 

Europako ekialdean, nazio-estatu modernoen formazio prozesuan, dantza komunitatearen iruditeria sortu eta herritarrak sinbolo jakin batzuen inguruan gotortzeko oinarrizko tresna izan da. Zenbait dantza tradizional hautatu eta nazioaren ikur bihurtu dituzte, eta haien goi mailako aurkezpena, dantzatzea, estatu-kontua bailitzan zaindu da. Dantza tradizionalak bere kontestutik atera, eta gizarte zibila antolatzeko eta estatu trinko baten irudia nazioartera zabaltzeko baliatu dira. 

Independentzia ospaketetan zein bonbardaketa gordinenetan dantzan ikusi ditugu. Dantza tresna politikoa izan da Yugoslavian eta hori nola gauzatu eta bideratu den azaldu digute etnokoreologoek eta antropologoek. Euskal nazionalismoaren bilakaeran dantzak jokatu duen paperak eta dantzari emandako erabilerek ikerketa lan mamitsua egiteko emango lukete. Baina euskal dantzak klinexak bailiran tratatu ditugu: erabili eta bota. Independentzia festarik ez dakit inoiz ospatuko dugun, baina harrituko nintzateke CNN-k dantzan harrapatuko bagintu. Ni behintzat ez nago zubi gainean dantzan hasteko.

Argia, 2008-03-16
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter