Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Mondragon Unibertsitateko komunikazio ikasleekin

Luistxo Fernandez 2008/02/28 12:02

Nik kazetaritza euskaraz ikasi nuenean, leku bakarra zegoen hori egiteko, Euskal Herriko Unibertsitatea. Orain bada beste unibertsitate bat bederen komunikazio arloko ikasketak eta titulazioa ematen duena euskaraz, Mondragon Unibertsitatea. Huhezi fakultatean, aurten irtengo da lehen promozioa, eta 4. mailako ikasle horientzat bereziki (baina guztientzat irekia, izena emanez gero) izango da Eskoriatzan datorren astean Komunikaldiak 08 jardunaldia. Neu han izango naiz hizlari, eta izenburu honen inguruan jardungo dut: Interneteko komunikatzaile profesionala.

Ez dakit ordu erdian asko esaterik izango dudan, baina puntu hauek aipatu nahi nituzke.

  • Multimedia pertsonalean trebakuntza
  • Komunikazio gabinetea, pertsonaletik bezero korporatiboraino
  • Marketing biralaren ajeak
  • Metrika, analitika
  • Merkatu kultural eta komunikatiboaren apurketa


Aste honetan ere igaro naiz Huhezitik: datorren urteko Komunikazioko promoziokoekin egon nintzen asteartean (3. mailakoekin alegia), beren zuzenbide irakasle Ainhoa Larrañagak gonbidatuta. Oso gustura jardun nuen kultura librearen eta eduki lizentzia libreen inguruan, del.icio.us-en gordetako lotura multzo bat abiapuntu nuela. Richard Stallmani inprimagailua ataskatu zitzaion egunarekin hasi ginen, eta Creative Commons lizentzien xehetasunetatik pasatuz (NonCommercial klausularen inguruan sakonduz bereziki), mundua nola hobetu daitekeen filosofatzen amaitu genuen. Esaten dut "genuen", ze ez nik bakarrik, ikasleek ere gogoz parte hartu eta hitz egin zutelako. Horrekin oso pozik irten nintzen.

Rajoy eta Raxoi

Luistxo Fernandez 2008/02/28 11:51

Katixa Agirrek dio Berria-rentzako idazten diharduen artikulu sortan, Mariano Rajoy aldatu diotela eta bihurtu diotela Mariano Raxoi. Eta ez dakiela zergatik. Neuk ere ez dakit zergatik Rajoy bihurtzen den Raxoi. Berria-ren Estilo Liburuan ez dago horretarako bide ematen duen aipurik.

 


Gaztelaniaz Egunkariaren alde

Luistxo Fernandez 2008/02/20 09:27

Gaztelaniazko bloga hasi dut duela egun batzuk Egunkariako auzipetuen alde, eta egoera negargarri hau salatzeko. Juicio a Egunkaria jarri diot izena, eta Javier Ortiz zutabegileak duen komunitatean jarri dut.

Euskaraz, erreferentziazko lotura, gaurko 5. urteurren triste honetan, Egunkariaren Alde taldearen Egunkaria.info webgunea da.

Egunkaria, 5 urte itxita

Rant

Luistxo Fernandez 2008/02/01 15:14

Blogetako jenero espezifikoa da ingelesez rant esaten duten hori; kritika gogor, zuzen eta sarri suntsikorra edo esperantzagabea, hiperbolikoa beharbada, baina bihotzez sentiturikoa.

Adibidez:

Intelektualen teknofobia jarrera marginatua da gaur

Luistxo Fernandez 2008/01/25 11:59

Eta Kitto aldizkariak galdera batzuk bidali zizkigun Eibar.org elkarteak prentsaurreko bat eman ondoren. Hor doaz  nik emandako erantzunak. Gaur irtengo ei da paperean, ez dakit editatuta ala ez.

  • Eibartarrak' posta zerrendak 10 urteko ibilbidia dauka eta urtetik urtera hazten juan da. Gaur egun internet ezagunagua da eta eskurago daukagu, baiña bere sorrerako sasoia zelan gogoratzen dozue?


Zirrara bereziko momentuak. Uholde teknologiko berri bat dator, Internet, eta hark irentsiko gaituen ala guk geure helburuetarako erabili behar dugun erabaki behar da. Eta bigarrena aukeratu genuen, horretarako bidea ikusi genuen lehenengo aukerarekin, kasu honetan, posta-zerrenda bat egiteko sareko doako tresna sinple batekin. Gero webgune sinple bat egiteko aukera ikasi, eta egin. Eta bilatzaile bat antolatu zitekeela ikusi, eta egin (Aurki.com), eta munduan blogak indartzen doazela ikusi, eta egin.

  • Zelako jendiak hartzen dau parte zerrendan?


Suerteagatik edo batek daki zergatik, itxura batean kontatzeko gauza interesgarriak dauzkan jendea elkartu da, batzuk eibartarrak, eta beste mordoxka bat kanpokoak.

  • Zelako gaixen inguruko eztabaidak egoten dira?


Sartu eta irakurri.

  • Nundik etorri leike zerrendaren arrakasta?


Funtzionatzeko arau sinpleak inportanteak dira. Partaidetza publikoa, hau da, izen-deiturekin identifikatutako jendea bakarrik, eta mezu guztiak artxibo publiko batean. Eztabaidatu daiteke, baina modu zibilizatu batean. Hori, eta jarduna euskaraz dela. Interneteko euskarazko foro biziena da, oinarri sinple horien gainean.

 

  • Eibar.org pegoria be sasoi barrixetara moldatzen juan da. Zelakua izan da eboluziñua?


Herriaren ondare digitala sortu edo gordetzeko asmo batetik, berez berrizten doan webgune batera igaro da, eta komunitatea (blogak) dira ardatz nagusia orain. Hedabide lokal baten tankera gehiago ere hartu du orain. Teknikoki, webgune estatiko eta baldar samar bat izatetik, webgune dinamiko eta aurreratu bat izatera igaro da, software libre euskaratuarekin egina, gainera.

  • Eibarko blog komunidadia sortu zenduen 2004an, berbia askorendako oindiok nahiko ezazaguna zanian. Internetekiko lilura berezixa dago Eibarren?


Ez dut uste.

  • Zelakua da eibartarren blog komunidadia?


Nahasketa berezi bat, kanpoko eta herriko jendearena. Blog batzuk aktiboak, beste batzuk mutu geratu zirenak, etorri-berririk ere bai. Idazle jende batek, adibidez, bultzada nabarmena eman zion geureari kanpotik etorri eta bloga egiten hasita (Xabier Mendiguren Elizegi, Julen Gabiria, Volgako Batelariak, Sareinak...). Geure komunitateari eman zioten bultzada, eta euskal blogosferari oro har. Teknofobia euskal intelektualitatearen adierazgarri izatetik, jarrera marginala (marginatua) izatera igaro da, neurri handi batean geurekin urratsa eman zutelako lagun horiek.

  • Zeuenian, bestiak beste, blog-a sortzeko aukeria eskintzen dozue, euskerazko baliabidiak eskura ipiñitta. Zer egin bihar dau eibar.org-en blog-a sortu nahi dabenak?


Elkarteko bazkide bihurtu (baina ez da oso zaila). Lehen urrats gisa, zerrendara apuntatzeko esango genioke jendeari: eibar.org/zerrenda

  • Teknologia barrixak garatzen diran abiadia ikusitta, eibar.org etenbarik barriztatzen juango zarie, sasoi barrixetara moldatzeko ahalegiñetan, ezta?


Sasoi berrietara aurreratzeko ahaleginetan, bereziki.

Suhiltzailearen galderak: informazio geografikoa eta euskal administrazioak

Luistxo Fernandez 2008/01/24 22:27
Administrazioa Euskaraz IVAPen aldizkaritik geografia kontuez artikulua eskatu zidaten, eta jarraian dagoena bidali nien. Azken alean argitaratu da. Artikuluko azken parrafoan izenik gabe aipatzen dudan administrazioko profesionala, suhiltzailearen galderak zein ziren azaldu zidana, Jose Mari Aranburu da, Gipuzkoako Foru Aldundiko B5m

zerbitzuko burua.

Suhiltzailearen galderak

Informazio geografikoa eguneroko bizitzaren parte gero eta nabarmenagoa bihurtzen ari da. Mugikorragoak gara denok, telefonoa eskura izanda edozein tokitan gaudelako kontaktatzeko moduan, lana eta etxebizitza toki desberdinetan ditugu askok eta batetik bestera goaz. Mundu globalizatuan distantzia ekonomikoak zein txikiak ere nabaria zaigu, edozein kaletan bazar txinatarra ireki berri dela ikusten dugunean ebidentea egiten zaigun bezala.

 

Hala ere, GIS, GPS eta gainerako terminoetatik haruntzago, nik uste dut geografia, gaur egunean, Interneteko garai hauetan, oso muin sinple batera datorrela. Suhiltzaileen galderetan laburtu dezakegu geografiaren esanahia. Eta galdera sinpleak dira suhiltzaileak egiten dituenak:

  • Non dago zera?
  • Nola iritsiko naiz hara?
  • Nolakoa da leku hori edo zer aurkituko dut bertan nagoenean?

 

Bizitza laboralean, edo bakoitzaren eremu pertsonalean, galdera horiekin zerikusia duten hainbat kontu topatuko ditugu egunero. Ekonomiaren esparruan, lurralde antolamendua eta garraiobideak instituzioen zeregin nagusietakoak dira, produktuen merkaturatzean ere merkatua non dagoen funtsezkoa da (non dauden erosleak). Eremu pertsonalean, seme-alabekin mugikorrez hitz egiterakoan lehen galdera egiten dieguna: non zaude? Eta oporrak planifikatzean, elkarzen gara Interneten aurrean (etxean baldin badugu), eta hasten gara esaten, nora joango gara hurrengo oporretan? (azken galdera honek berriz alor ekonomikoarekin lotzen gaitu: turismo erakarpena, gure lurra non den eta nolakoa den agertaraztea, ze zerbitzu zein tokitan ematen ditugun ezagutaraztea, faktore ekonomiko gero eta inportanteagoa da).

 

Informazio geografikoa antolatzea, eta zerbitzu gisa enpaketatzea, beraz, funtsezkoa da galdera sinple horien atzean sortzen diren posibilitate anitzen probetxurako. Turismo sustapena, mugikorren bidezko lokalizazioa, GPS zerbitzuak, suhiltzaileak berak behar dituen suteetarako benetako datuak... Behar hauek guztiak, galdera sinple horietatik sortzen dira, baina esparru zabal, gero eta zabalago bat, hartzen dute. Eta informazio hori antolatzen, lana dago, lan aukerak, aberastasuna sortzeko bideak.

 

Informazioaren gizartean gaudela esaten dugu, ezagutzaren ekonomiarantz mugitu behar dugula. Ez dakit horrek esan nahi duenaz konturatzen garen. Batzuk konturatu dira: Googlek informazioa antolatzeko modu sinple bat asmatu du, terminoa bilatu, eta tori, emaitza interesgarriak sarean. Eta informazio geografikoaren antolakuntzan ere, Kaliforniako enpresa hori ari da inor baino azkarrago. Googlek kalkulatu izan du munduan den informazioaren %30ak balio geografiko jakin bat duela, eta erabiltzailearen kokapenaren (edo kokapen jakin baten) baitan balio erantsia duela horrek. Google Maps, Earth eta beste zerbitzu batzuetan jartzen ari den indar ikaragarria hortik doa.

 

Kontua da ea gure, hemengo informazio geografikoa antolatzeko zeregin guztia Kaliforniako erraldoiari utzi behar diogun, ala honetan ere merkatu lokal bat, aberastasuna biderkatzeko bide lokalak jarriko ditugun. Honetarako, administrazio publikoek aukera handi bat daukate: Europan oro har, eta Euskal Herrian bereziki, informazio geografiko interesgarriena publikoa da. Diputazioek, Jaurlaritzak eta Espainiako Nekazaritza ministerioak dauzkate euskal zelaietako irudirik onenak, zehatzenak eta eguneratuenak. Baina horiek eskuratzeko, pufa! Googlek eskaintzen dituen irudiak dira, beren lizentzien bidez, Tagzania

n ikusten direnak.

 

Gure herrietako kaletegi eta katastroak, zehatz marraztuta dituzte administrazioek, badakite zein atari zein puntutan tokatzen den. Baina autoetako GPS gailuetan ordaindu behar diren datu geografikoak, Teleatlas edo Navteq izeneko urrutiko enpresa batzuenak dira. Zenbat informazio geografiko publiko dagoen giltzapean... Batzuetan zaila da sinesten! Baina kasu bat aipatzeagatik, Tagzaniak ez du, oraingoz, Euskaltzaindiaren baimenik akademiak araututako euskarazko toponimia integratu ahal izateko gure datubasean. Horrekin horrela bagabailtza...

 

Aldarri bat egiteko garaia da:

  • Informazio Geografiko Publikoa oinarri-oinarrizko tresna da, gizarte zibilak informazioaren aroan aurrera egin behar badu.
  • Mapa eta datu publikoek, kokapenaren inguruko teknologia berrien sorta osa susta dezakete, garapen ekonomiko eta sozial handi baterako aukera irekiz.
  • Europako administrazioen arteko elkarlana ziurtatzeko modua datu da datu geografiko irekiak izatea; horrela egingo da lan alor garrantzitsuetan, esate baterako ingurugiroa dela-eta aurrera begira ditugun erronka zailetan.
  • Ez dezatela administrazioek copyright murriztailerik ezarri  informazio geografikoaren gainean. Horrekin, herritarroi berriz ordainaraziko ligukete dagoeneko ordaindua dugun informazioa, denon zergekin lortu baita informazio geografiko hori.
Bai. Ireki datutegi publikoa. Izan dadila informazio geografikoa libre. Gizarteak, enpresek, norbanakoek, informazio hori aberastasuna sortzeko erabiliko dugu. Nik uste dut badela euskal administrazioan honen jakitun den pertsonarik. Suhiltzailearen

galderena, halako profesional batek esan zidan behin, adibidez. Jende horren lan bikaina izan dadila denontzakoa, eta jaso dezala ahalegin horrek bultzada politiko garbi bat.

 

Diseinu berria: Amerikarren eta alemanen hilerriak

Luistxo Fernandez 2008/01/22 15:52
Blog honek ezagutu duen hirugarren diseinu eta gorpuzkera teknikoa da orain hemen ikusi daitekeena. Duela aste batzuk migratu ginen Plone azpiegiturara, eta atzo aurkeztu genuen hori prentsaurrekoan neuk eta lagun batek. Blog honen transformazioa goibururako irudi berri batekin metamorfosi hau amaituko dugu. Hilerri bateko irudia duzue hemen goian, eta beste bat jarri dut bertsio ingelesean. Normandian iazko udan ikusi genituen bi hilerri militar dira, hemengoa amerikarra, bestea alemana

.

 

Ingelesen Hilerria Donostiako bazter polit bat da. Hiru hizkuntzatan hasi nuenez blog hau, pentsatu nuen tokiak balio zuela bloga izendatzeko. Gero El Cementerio de los Ingleses delakoa joan egin zen hemendik; hala nola bulean 20.00etan geratu izan balitz, Espainiara migratu zuen, eta Mapamovil.net domeinuan kokatu zen. Cemetery/Hilerri elebidun gisa jarraitu zuen honek, baina Coreblog azpiegitura eta diseinu laranja atzean utzita, Bitakora

sistemara eta diseinu misteriotsuago batera igaro zen. Perbertitu itxura ematen zidala zioen lagun batek. Hor konpon. Gustatuko ote zaio orain hilerri konfusioa?

 

hilerria200605

Desioa, arriskua, besteen bizitza

Luistxo Fernandez 2008/01/09 09:46

Iaz asko gustatu zitzaidan Brokeback Mountain, eta kontatu nuen hemen. Oraintsu estreinatu da Ang Lee zuzendariaren hurrengoa, eta asteburuan ikusi nuen. Desioa, arriskua. Ze ona. Gomendatzekoa guztiz. Brokeback baino sexualagoa oro har, eta heterosexualagoa, zer esanik ez. Kamasutra estiloko eszenak, ikustekoak.

Donostian ikusteko aukera, bertsio originalean, txineraz gaztelaniazko azpititulekin. Hala ikusi nuen nik txineraz Antiguo Berri zineman, eta ia 3 ordu airean pasatu zitzaizkigun. Zineko sarreratik 200 metroko erradioan, bi jatetxe eta bi bazar txinatar daude. Baina zinean ez zegoen txinatarrik neure pasean. Ikuslearen egunean joango ote ziren?

Ingelesez ez den hizkuntzan OscarDra aurten eroateko neure pronostikoa, hauxe. Iaz sari hori eroan zuena, Besteen bizitza, alemana, asteburuan ikusi dut halaber (ordenagailuan). Hori ere ona, hotzagoa, baina paralelismo askorekin bestearekin: traizioa, maitasuna, gerra politikoa, antzerkiaren papera, ministro miserablea eta haren maitalea... ez dut gehiago esango: spoilerrik ez.

Zatozte haurtxoak

Luistxo Fernandez 2007/12/23 16:11

Ondo igaro Gabonak, lagunak, eta urte berri on. Hona gure familiaren felizitazioa.

Peru bibolina ikasten ari da, eta Suzuki metodo ezagunaren piezetako bat da hau, O Come Little Children. Gabonetarako, Easo Musika Eskolako bere irakasleak, Mikel Larrazek, hauxe aukeratu zion, beste lagun batzuekin jo beharreko kontzerturako. Suzuki metodoa bera, eMulen aurkitu zuen Peruren ikaskide Maria Fossatiren aitak, eta pasatu zidan. Hantxe dago partitura hau:

Zatozte haurtxoak

Hor ez zegoen informazio askorik, baina bilatuz bilatuz, aurkitu genuen musika originala Johann Abraham Peter Schulz-ena (1747-1800) zela. MIDI fitxategia, entzuteko hementxe. Letra originala alemanez Christoph von Schmid-ek (1768-1854) idatzi zuen, musika konposatu eta urte askotara, 1850 inguruan, eta hauxe da:

 

 

Ihr Kinderlein, Kommet, O kommet doch all'!
Zur Krippe her kommet in Bethlehem's Stall,
Un seht, was in dieser Hochheiligen Nacht
Der Vater im Himmel fuer Freude uns macht.

 

O seht in der Krippe im naechtlichen Stall,
Seht heir bei des Lichtleins hellglaenzendem Strahl,
In reinlichen Windeln das himmlische Kind,
Viel schoener und holder, als Engel es sind.

Ingelesez, itzulpen bat baino gehiago dago. Nik hau erabili dut, lehen estrofarako.

 

O come, little children, O come, one and all,
O come to the manger in Bethlehem's stall;
And see what our Father on this holy night,
Has sent us from Heaven for our pure delight.

Bai, nire itzulpena da kantatu duguna. Lehen estrofa itzulia, bigarrena produkzio librekoa. Horre denontzat, familiaren aportazioa Gabon-kanten errepertoriora:

Zatozte haurtxoak, zatozte alai
Belengo estalpera, hurbildu lasai
jauna jaio da-ta, hau zoriona
zerutik datorren aingeru ona

 

Umeen bihotzen amets isila:
Olentzero ekarri opari pila
ikatza gaiztoa izan bazara
bestela poza ta barre algara

 

2008. urtea zorionekoa izan dadila denontzat.

Konstituzioa derogatu

Luistxo Fernandez 2007/12/06 08:38
1978an Espainiako Konstituzioa onartu aurretik, ale elebidun hau banatu zen Hego Euskal Herrian (ez dakit lau probintzietako eremu osoan, ala zati batzuetan bakarrik).



Ale horietako bat aitaren etxean gordea egon da, eta eskaneatu dut: azken aurreko puntuak bere eduki guztiak derogatzen dituela erakusteko. Kontua azaldua izan da hainbat tokitan, adibidez Senez aldizkariko artikulu honetan.

3. disposapen derogatzailea: Era berean derogaturik geratzen dira Konstituzio hontan ezartzen diren disposapen guztiak.

Espainiako Konstituzioa, 1978, disposapen guztiak derogaturik

Sarean dagoen Konstituzioaren testu euskaldunak beste idazkera bat du orain baina gure etxera ez dute zuzendutako alerik bidali. Bueno, uste dut Europako Konstituzioaren ale bat bidali zela, eta hura ere onartu zela erreferendum batean. Gero, inork ez daki nola, derogatuta geratu da osorik hura.

Disposapen derogatzailearen eskanerra Euzkal Errian Euzkaras taldera bidali dut, gure hizkuntzarekin argitaratzen diren disparateak dokumentatzeko sortu den Flickr-eko talde bat.
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004