John Williams
Ez naiz ni musika klasikoaren oso zalea. Mozartek ez dit ezer esaten. Eta The Jesus & Mary Chain-en zarata hutsa, aldiz, zoragarria iruditzen zait. Baina tira, semearen bibolin klaseengatik edo, biguntzen ari gara honetan ere.
Peruren irakasle Mikel Larraz entsegatzen ari da, lagun baten ezkontzan pieza bat jo nahi du eta. John Williams aukeratu du. Schindler's List filmerako bandako konposizio bat. Pieza ezaguna egingo zaizu, eta nik uste dut ederto jotzen duela Mikelek. Nire argazki-kamera ziztrinak grabatzeko gai dena baino hobeto egiten du, ez pentsa.
Lehen aldiz jo zigunean, galdetu zion Mikelek semeari: Ikusia daukazu Schindler's list? Ez, gizona, gogorra da hori umearentzat, erantzun nion nik. Baina gero, pentsatzen jarrita: ez ote diogu askoz gauza gogorragoak ikusten uzten? Ez dakit. Adibidez, iaz Normandian izan ginen oporretan eta handik bueltan Saving Private Ryan
familian ikusi behar genuela erabaki genuen, eta baita ikusi ere. Odol eta indarkeria faltarik ez dago film horretan. Hortaz, noiz da adin egokia holokaustoaz filma bat ikusteko?
Nolanahi ere, John Williams-en beste pieza zinematografiko bat oso ondo ezagutzen du Peruk. Star Wars sagako Darth Vaderren martxa inperiala.
Pasaiozu Peruri Darth Vaderren martxaren beste bertsio hau, seguru gustatuko zaiola:
http://www.youtube.com/watch?v=0WqcCUyl7DE