Intelektualen teknofobia jarrera marginatua da gaur
Eta Kitto aldizkariak galdera batzuk bidali zizkigun Eibar.org elkarteak prentsaurreko bat eman ondoren. Hor doaz nik emandako erantzunak. Gaur irtengo ei da paperean, ez dakit editatuta ala ez.
- Eibartarrak' posta zerrendak 10 urteko ibilbidia dauka eta urtetik urtera hazten juan da. Gaur egun internet ezagunagua da eta eskurago daukagu, baiña bere sorrerako sasoia zelan gogoratzen dozue?
Zirrara
bereziko momentuak. Uholde teknologiko berri bat dator, Internet, eta
hark irentsiko gaituen ala guk geure helburuetarako erabili behar dugun
erabaki behar da. Eta bigarrena aukeratu genuen, horretarako bidea
ikusi genuen lehenengo aukerarekin, kasu honetan, posta-zerrenda bat
egiteko sareko doako tresna sinple batekin. Gero webgune sinple bat
egiteko aukera ikasi, eta egin. Eta bilatzaile bat antolatu zitekeela
ikusi, eta egin (Aurki.com), eta munduan blogak indartzen doazela ikusi, eta egin.
- Zelako jendiak hartzen dau parte zerrendan?
Suerteagatik
edo batek daki zergatik, itxura batean kontatzeko gauza interesgarriak
dauzkan jendea elkartu da, batzuk eibartarrak, eta beste mordoxka bat
kanpokoak.
- Zelako gaixen inguruko eztabaidak egoten dira?
- Nundik etorri leike zerrendaren arrakasta?
Funtzionatzeko
arau sinpleak inportanteak dira. Partaidetza publikoa, hau da,
izen-deiturekin identifikatutako jendea bakarrik, eta mezu guztiak
artxibo publiko batean. Eztabaidatu daiteke, baina modu zibilizatu
batean. Hori, eta jarduna euskaraz dela. Interneteko euskarazko foro
biziena da, oinarri sinple horien gainean.
- Eibar.org pegoria be sasoi barrixetara moldatzen juan da. Zelakua izan da eboluziñua?
Herriaren
ondare digitala sortu edo gordetzeko asmo batetik, berez berrizten doan
webgune batera igaro da, eta komunitatea (blogak) dira ardatz nagusia
orain. Hedabide lokal baten tankera gehiago ere hartu du orain.
Teknikoki, webgune estatiko eta baldar samar bat izatetik, webgune
dinamiko eta aurreratu bat izatera igaro da, software libre
euskaratuarekin egina, gainera.
- Eibarko blog komunidadia sortu zenduen 2004an, berbia askorendako oindiok nahiko ezazaguna zanian. Internetekiko lilura berezixa dago Eibarren?
Ez dut uste.
- Zelakua da eibartarren blog komunidadia?
Nahasketa
berezi bat, kanpoko eta herriko jendearena. Blog batzuk aktiboak, beste
batzuk mutu geratu zirenak, etorri-berririk ere bai. Idazle jende
batek, adibidez, bultzada nabarmena eman zion geureari kanpotik etorri
eta bloga egiten hasita (Xabier Mendiguren Elizegi, Julen Gabiria,
Volgako Batelariak, Sareinak...). Geure komunitateari eman zioten
bultzada, eta euskal blogosferari oro har. Teknofobia euskal
intelektualitatearen adierazgarri izatetik, jarrera marginala
(marginatua) izatera igaro da, neurri handi batean geurekin urratsa
eman zutelako lagun horiek.
- Zeuenian, bestiak beste, blog-a sortzeko aukeria eskintzen dozue, euskerazko baliabidiak eskura ipiñitta. Zer egin bihar dau eibar.org-en blog-a sortu nahi dabenak?
Elkarteko bazkide bihurtu (baina ez da oso zaila). Lehen urrats gisa, zerrendara apuntatzeko esango genioke jendeari: eibar.org/zerrenda
- Teknologia barrixak garatzen diran abiadia ikusitta, eibar.org etenbarik barriztatzen juango zarie, sasoi barrixetara moldatzeko ahalegiñetan, ezta?
Sasoi berrietara aurreratzeko ahaleginetan, bereziki.
Dena errelatiboa da, baina nik beti (1992tik edo bai behintzat) uste izan dut informazio-gizartearen berezitasun historikoa intelektualen onespena izan dela, teknofobiarik eza alegia. Nere ustez, aurretik izan diren tekno-eusgailu guztiek (edo sortarazi izan dituzten formato eta generoek) askoz ere fobia nabarmenagoak eragin izan dituzte historian zehar. Kazetaritzak (vs. literatura), argazkiak (vs. pintura), zine modernoak (vs. zine mutua) eta, zer esanik ez, telebistak, kontrako argudio gehiago suspertu izan zuten intelektualen artean. Eta, gainera, diferentzia handi batez. Intelektualen teknologia berriekiko fobia, txarrenean ere, pasiboa izan da. Inor gutxi ausartu izan da agerian kontrakorik argumentatzen. Kazetaritza, argazkaritza, audiodun zinema eta telebistaren kontrako kritikak, aldiz, artearen, eliteen eta goi mailako intelektualen izenean formulatu izan ziren.