Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Euskara Interneten: argi-ilunak

Luistxo Fernandez 2008/09/29 10:07

Unesco Etxeak antolatutako Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan izeneko biltzarrean izango naiz hizlari, Bilboko Euskaldun Jauregian, urriaren 10ean. Euskara Interneten: argi ilunak, hori izango da nire aportazioa. Urriaren 9an eta 10ean izango da nazioarteko jardunaldi hau, eta www.hizkuntzagutxituak.net webgunearen bidez izen-ematea libre da, harik eta 220 plazak betetzen diren arte. Nazioarteko gonbidatuak egongo dira biltzarrean (ikus programa), eta hiru hizkuntzen arteko aldi-bereko itzulpena izango da. Nik euskaraz emango dut nirea, baina PPT aurkezpena agian ingelesez eramango dut.

Lehenago, aste honetan, urriaren 2an, Legazpiko Kultur Etxean dut beste zita bat, blogosfera euskaldunari buruzko mahainguru bat.

Wall-e filmak dialogo gutxi zeukanez...

Luistxo Fernandez 2008/09/22 18:12
Ekimen pertsonal bat: Azpitituluak Euskaraz. Euskarazko azpitituluen inguruko webgunea izan nahi du honek. Informazioa eta, batez ere, azpitituluen fitxategiak trukatzeko.

Udan, Wall-e, Pixar estudioen azken filma, jausi zitzaidan esku artera ingelesezko bertsio orijinalean, eta, zein dialogo gutxi zuen ikusita, harentzako azpitituluak euskaratzea erabaki nuen. Ondorioz, film azpititulatuak ikusteko zer egin behar zen, zer egin zitekeen ikertzen eta dokumentatzen ibili naiz, eta baita ni neu ere nire gauzatxoak itzultzen. Udan zenbait pase antolatu ditut nire ume eta lagunen umeekin, eta exito bat izan da. Txiki-txikiak ez dira enteratzen, baina 10 urteko umeek euskarazko azpitituluak jarraitzeko batere problemarik ez dute.

Beste film batzuekin jarraitu dut gero, eta fitxategi horiek Interneten jartzea erabaki dut, dokumentazioa ere osatuz, bide batez. Eta guztiarekin, webgunea sortu dut. Hor dago, Azpitituluak euskaraz

 

Hor utzi ditut umeekin batera ikus daitezkeen animazioko harribitxi batzuk:

 

- Wall-e
- Mononoke Hime, Hayao Miyazakiren 1997ko film ederra
- Ponyo, Hayao Miyazakiren azkena, fantasia polit bat, Veneziako festibaletik pasatu berria.

 

Petsonalki, kargatu dituduan material horiekin ez dut jarri "bideoaren kopia zehatza hemendik lor dezakezue". Zergatik?

 

1. Kopiak ez dira beti saretik lortzen. Pasatzen dizkizute urtebetetze festa batean edo Dvd komertzial bat erosia izan dezakezu, legalki zurea izan, eta hor ere euskarazko azpitutuluekin ikus dezakezu, filma erauzi edo ripeatzen baduzu...

 

2. Saretik filmak lortzeko orduan, ez dakit eMule erabiltzen, eta jende gehienak hori erabiltzen du, baina nik oraingoz horiei ezin diet laguntasunik eman. Nik Miro izeneko programa bat erabiltzen dut, eta horrekin zer egin daitekeen azaltzen saiatu naiz webguneari jarri diodan alderdietako batean, dokumentaziorako Wikian

.

 

3. Honen guztiaren legaltasuna dudazkoa da, jakina. Badaezpada pertsonalki abiatu dut kontua. Trakzio apur bat ikusten badut, erabiltzen dela, igual domeinu propioa jarriko diot.

 

4. Ez dakit oso koherentea den, baina pertsonalki igotzen dudan materialetan, edukiak legalki deskargatu daitezkeenean emango ditut loturak. Adibidez, Steal This Film 2 filmekoak itzuli ditut, eta kargatu dudan lekuan, film hori legalki nola eskuratu daitekeen ere jarri dut.

Baina partehartze librerako dago lekua, eta hortaz, loturak ematea libre da beste inork filmak eskuratzeko aukerak eskaini nahi baditu. Gainera anonimoa da prozesua.

 

Euskal blogosfera? Xuriken, Joxe A., Luistxo

Luistxo Fernandez 2008/09/19 14:02

Txantxa da. Euskal blogosfera ez gara horiek hirurok. Askoz zabalagoa da. Baina mahainguru bati izenburu hori jarri diote, eta hiru hizlariak horiek izango gara.

Legazpiko Zingizango elkarteak irailean eta urrian antolatu duen euskararen inguruko ekitaldien artean, mahaingurua jarri dute. Euskal blogosfera izango da izenburua. Eta gonbidatuak: Haritz Rodriguez Xuriken Euskaltube-ren sortzailea, Joxe Aranzabal Farokoa, eta Luistxo Fernandez (ni neu). Urriaren 2an da zita, osteguna, arratsaldeko 19.00etan Legazpiko Kultur Etxean.

Gustura joango naiz, Legazpiko blogariak eta blogarigaiak ezagutzera!

Udako fauna

Luistxo Fernandez 2008/09/16 07:38

Honengatik edo hargatik, aurtengo udan dexenteko fauna aurkitu dugu euskal bazterretan, umeekin ibili garen bitartean.

Hona udako bitxo ezagunena, marmokatzat hartutako karabela portugesa delakoa, polipoen kolonia bat, animalia anitza beraz. Zarauzko hondartzan aurkitua.


Argazkiak.org | Karabela portugesa © cc-by-sa: Luistxo.F

Getariako kaian, ilargi-arraina ere aurkitu genuen, ez Paulo elorriar-japoniarrak Japoniako telebistan ikusitakoa bezain handia, baina bai gu aho-zabalik uzteko adinakoa. Bazeraman egun batzuk hila...


Argazkiak.org | ilargi arrain hila © cc-by-sa: Luistxo.F

Getarian halaber, Itsasoko izarra harrapatu zuen Peruk Malkorbe hondartzako kirol-kaiko harrietan.


Argazkiak.org | Itsasoko Izarra © cc-by-sa: Luistxo.F

Baita lanpernak ere egur zati bati itsatsita Donostiako Kontxan.


Argazkiak.org | Lanpernak © cc-by-sa: Luistxo.F/p>

Lurrera etorrita, musker eder batzuk ikusi genituen Elosuko lagun batzuen etxean. Ukitzen ere uzten zizuten, hain ziren otzanak.


Argazkiak.org | Muskerra © cc-by-sa: Luistxo.F

Eta airekoen artean, saguzarra hilda topatu genuen Getaria eta Zarautz arteko kostako ibiltokian.


Argazkiak.org | Saguzarra © cc-by-sa: Luistxo.F

Argazkietatik aparte, bideo honetan olagarro batekin nabil borrokan Getariako Gaztetape hondartzan. Eta argazkirik atera ez genuen arren, marmoka handi bat ere ikusi genuen ateratzen Getariako Malkorbe hondartzatik. Lili baino handiagoa zen, zin dagit.

Stargate

Luistxo Fernandez 2008/09/09 16:12

CodeSyntax enpresa zabalduz doa. Aldameneko aretoa ere hartu dugu, Tagzania Services luzapenaren egoitza izango da. Lanean hasiak zeuden oporren aurretik, baina irailean zuloa egitea tokatzen zen.

Ez dakit zergatik, pentsatzen nuen irekiera izango zela RUN DMC-ren Walk This Way bideo mitikoan bezala (ikus beherago).


Argazkiak.org | CodeSyntax-en bulegoko paretean zuloa © cc-by-sa: codesyntax

Baina ez da hala izan. Konpasarekin bezala marraztu, eta zulatu dute biribila. Geratu denak Stargate dakarkio gogora nire lankideri bati.

Niri, ez dakit zergatik, Julian Iantzik aurkezten duen programa japoniar baten kopia hori gogoratzen dit: pareta hurbiltzen hasiko zaigula zulotik salto egin dezagun...

Dena dela, Maite Rementeria diseinatzaileak uste zuen hormak margotzeko garaia ere iritsia zela, gure identitatea markatu izan duen berdea gorriarekin ordezkatzeko. Fotomuntaketa egin zuen, eta inork mu esan aurretik, pintoreak lanean izan dira, eta egin dute.


Argazkiak.org | CodeSyntax gorrituta © cc-by-sa: codesyntax

Mezu hau amaitzeko, hemen agertuko zaizu Steve Tyler pareteko zulotik:

 

 

Arte modernoa dibertigarria da

Luistxo Fernandez 2008/09/03 08:15

Arte modernoa ikuskizun tonto baina dibertigarri bat besterik ez da. Edozerk balio du. Baina ikusgarria eta dibertigarria suertatzen da, eta aire girotua badago udan eskertzen da bisita fresko bat supermodernitatearen tenplu berri horietara: hiri bakoitzak berea merezi du, eta Bilbon Guggenheim bazuten, orain Donostian Tabakalera daukagu eta Nafarroan Uharteakoa topatu genuen duela egun batzuk, galdu egin ginelako Iruñearen zeharbidea egiten Orreagarako bidean (albotik pasatzean, zer ote hau? gelditu, eta ikusi genuen).

Modernokeria hauek bisitatzen oso ondo pasatzen dut. Nire umeek ere disfrutatzen dutela uste dut. Batez ere, bi baldintza betetzen badira.

  • Doan bada
  • Argazkiak egiten uzten badizute.


Alderdi honetatik, Guggenheim oso txarra da, Tabakalera erdipurdikoa ze ez dute uzten argazkirik normalean eta estraperloan ibili behar duzu, eta Artium ez dakit ze ez naiz sekula Gasteizkoan ibili. Baina onena, Uhartekoa, Iruñea inguruan. Doan, eta nahi beste argazki.

Tabakaleran arte latinamerikarreko boutade zenbait ikus daitezke orain. Horien artean, legoz egindako hilkutxa polit hau. Koloreak Kolonbiako banderarenak dira, eta goiko marra zuria kokaina esan nahi du. Artistak eskatu du bere gorpua hemen enterratu dezatela hiltzen denean. Eta enterratu ondoren 10 urte igarotakoan, atera dezatela, hondakinak bota, eta lego piezak Kolonbiako umeei banatzeko. O, ze sakona.


Argazkiak.org | Fernando Arias, Lego hilobia © cc-by-sa: Luistxo.F

Beste hau txanpon mordo bat ziren lurrean... Goitik zintzilik ganadu hezur batzuk ere bazeuden.


Argazkiak.org | Cildo Meireles © cc-by-sa: Luistxo.F

Kontuan izan goiko argazki hauetarako Tabakalerako zaintzaileei aurre egin behar izan niela. Eskerrak Maider Undaren bloga irakurrita, borrokan egiten badakidan orain. Kanpoan Joxan Muñoz zuzendaria ere aurkitu nuen. Harrigarria bada ere, ez zidan esan sarrera debekatuko didatenik.

Uharteko dena-delakoa berriagoa da (eraikina batik bat), eta modernoagoa. Zenbait erakusketa zeuden. Kader Attia aljeriarrak mezu globalizatzaileak igortzen ditu (edo holako zerbait). Horra bere bidoiak otoitzean, uralitazko teilatuak eta superreko poltsa hutsak.


Argazkiak.org | Kader Attia, bidoiak © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | Kader Attia © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | Kader Attia, poltsak © cc-by-sa: Luistxo.F

Erakusketa kolektibo bat ere bazegoen. The New Normal. Taldelana edo. Mezu ustez politikoa. Enfin, butaka bat, ohe bat, edozer...


Argazkiak.org | The New Normal © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | The New Normal, Huarte Zentroa © cc-by-sa: Luistxo.F

Txorakeriak txorakeria, niri are tontoagoa iruditzen zait mezu politikoa dagoenean tartean. Horregatik, Attia edo The New Normal baino, gehiago gustatu zitzaidan Ana Solerren Eskatu Desio Bat erakusketa, zeinaren mezua ludikoa iruditu zitzaidan (igual oker nago baina!), eta Japoniara astesantuan egindako bidaiaren kontuak ekarri zizkigun gogora, hango kultura zahar eta berriaren keinuen irakurketak baitziren CC artistaren lanak.


Argazkiak.org | Desio bat eskatu © cc-by-sa: Luistxo.F

Erakusketaren izena zetorren desio idatzien kontutik. Japonian txanpon batzuk ordainduta, tenpluetan idazten dituzu zure desioak paperetan, lokarritxo bat eginda zuhaitz edo alanbreren batean uzteko tenpluan. Uhartekoa ez zen tenplua, baina gonbidapena euskaraz egitea ere eskertu genuen, eta desioak eskatu ere bai.


Argazkiak.org | Ana Soler, metro-mapa gizatiarra © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | Ana Soler, metro-gorputza © cc-by-sa: Luistxo.F

Giza-gorputz bat ere bazegoen, metro mapa baten gisa paretean. Japonierazko eta gaztelaniazko berbak agertzen ziren estazioen tokietan, baina Tokyoko bertako benetako geltoki izenak ere bai, lagun eusko-japoniarren etxetik gertuen zegoen Shinagawa lotune handia bezala, Tokyo hegoaldean.


Argazkiak.org | Origami, Ana Soler © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | Origami © cc-by-sa: Luistxo.F

Ehundaka origami txorik osatzen zuten multzo delikatu hau ere polita zen oso.

Txoroagoa iruditu zitzaidan lurreko anime-manga figuren jolasa baina, tira, hori ere oso japoniarra.

Uhartetik hegoalderago, Zaragoza Expora ere iritsi ginen abuztuan. Hiru egun egin genituen erakusketa-aretoan. Ez zuen merezi. Kola izugarria, eskulangintzen eta kuriositateen feria bat ikusteko. Eta zelako ilarak. Puff. Nire ustez, ustezko eko-mezu trazendentaletatik harantzago, arte kontzeptualetik gertuen zeuden instalazioak ziren gehien ikustea merezi zutenak. Adibidez:


Argazkiak.org | Lili Koreako pabilioian, Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F

Koreako pitxar mordo bat. Hona inork ez zuen sartu nahi. Aldamenean 3d proiekzio txoro baterako, sekulako ilarak zeuden.


Argazkiak.org | Galiziako pabilioia, Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F


Argazkiak.org | Galiziako pabilioia, Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F

Pixelazioarekin jokatzen zuen instalazio galiziarra. Gertutik, kristal koloreztatu mordoa besterik ez zen ikusten. Baina kamera digitalaren begian ikusten zen ondo, txikitutakoan... Pixelekin jarraituz, pixelazio isometrikoaren nazioarteko artista baten lana (eBoy) ere aurkitu nuen pabilioi batean.


Argazkiak.org | eBoy Expo Zaragoza © cc-by-sa: Luistxo.F

Baina hau, tamalez, Expo ez zen doan. Eta kasu askotan, argazkiak galerazita ere bazeuden. Beraz, Expo Zaragozari suspenso, baita alderdi artistikotik ere.

Kike Amonarriz bakarrik falta da

Luistxo Fernandez 2008/08/29 11:23

Uztailean EHUko ikastaro interesgarri batean izan nintzen, mahainguruan Juan Kruz Lakasta eta Fermin Etxegoienekin. Garagardo bat hartzen ondoren, Etxegoienek Deabruaren abokatua atalerako elkarrizketa proposatu zidan (Sustrai Colinarekin tartekatuz argitaratzen ditu Argian). Egin genuen beraz, eta abuztuan kaleratu zen hori Argian. Zuzentzaile batek nire hitzak manipulatu ditu testu horretan, ze nik ez nuen idatzi Kike Amunarriz baino ez da falta, baizik eta Kike Amunarriz bakarrik falta da. Baina tira.

Aste honetan beste mahainguru batean izan naiz EHUko ikastaroetan, gaztelaniaz kasu honetan, mass-media eta blogez berriketan. Hona neure azalpen labur bat.

Txalo bero bat! hemen da Argazkiak.org

Luistxo Fernandez 2008/07/10 12:49

Neure enpresaren produktu berri bat, Argazkiak.org. Fotologa euskaraz, doakoa, librea, mugarik gabea (nahi beste argazki).

Erraza da Argazkiak.org-ekoak blogetan itsastea. Eibar.org-eko komunitatearen kasuan, HTML aukera klikatu behar da, eta hor itsatsi, Argazkiak.org-eko irudi guztien ondoan agertzen den partekatzeko kodea.

Horra, blogaren edizioa HTML blokean klikatu aurretik.

Klikatutakoan, kodea agertzen zaigu.

Itsatsi dezagun hor orain Argazkiak.org-etik ekarri dugun kodea...

Eta berriz HTML klikatu.

Emaitza polito geratuko da: txalo bero bat!


Argazkiak.org | Iñaki © cc-by-sa: Eraunzeta

Tassotti gudari

Luistxo Fernandez 2008/06/28 19:10

Bihar, seguruenik, Espainiarekin egongo naiz. Ez dakit buruak, arimak, bihotzak ala guntzurrunak agintzen duten, baina hala izango delakoan nago. Does the body rule the mind or does the mind rule the body, I don't know, dio nire betiko faboritoak Morrisseyk, The Smithsen kantu batean.

Gogoratzen naiz orain Espainiarekin "bat eginda" sentitu izan naizen beste bi futbol partidurekin.

Estatu Batuetako mundialean (1994), Italia-Espainia kanporaketa, eta Luis Enriqueri Tassottik ukalondokada basatia arean minutua falra zela. Penalti ez zuen ikusi arbitroak. Eta enpatatzeko aukera akabo. Handik egun gutxira, pintada gogoangarria ikusi nuen Donostian, Atotxako tren azpiko tunelean:

TASSOTTI GUDARI
LUIS ENRIQUE JODETE

Lehenago denboran, Arconadak selekzioarekin jokatu zuen azken partidua. Eurokopako finala Parisen (1984), Frantzia-Espainia. Hankartetik sartu zioten Arconadari bere bizitzako golik tontoena. Orduan pena eman zidan, orain Realeko inork ez dit penarik ematen.

Paparazzi egunak

Luistxo Fernandez 2008/06/27 08:42

Amaitzera doaz ekaineko egunak, paparazzi egunak. Ikastolako edo dantza-taldearen funtzioa, musika eskolen audizioa, kirol eskolako finalak edo azken ekitaldiak... Guraso paparazzo gogaikarrion egunak dira. Haurrak zoragarri portatzen dira, baina gu? ez dago agoantatzerik nola ibiltzen garen, geure bideo eta argazki kamera digitalekin elkar molestatzen.

Baina, ai, nolako argazkiak ateratzen zaizkigun batzuetan! Eta urtzen gara irribarre tonto batekin irudiak errepasatzen ditugunean. Peru semearen ondoan, ikastolako dantza ekitaldian bikote izan zuen Zuolin txinatarra. Ez dakit, egia esan, nola idazten den Zuolin; esan, horrela esaten zaio neska polit horri.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004