Mondragon Unibertsitateko komunikazio ikasleekin
Nik kazetaritza euskaraz ikasi nuenean, leku bakarra zegoen hori egiteko, Euskal Herriko Unibertsitatea. Orain bada beste unibertsitate bat bederen komunikazio arloko ikasketak eta titulazioa ematen duena euskaraz, Mondragon Unibertsitatea. Huhezi fakultatean, aurten irtengo da lehen promozioa, eta 4. mailako ikasle horientzat bereziki (baina guztientzat irekia, izena emanez gero) izango da Eskoriatzan datorren astean Komunikaldiak 08 jardunaldia. Neu han izango naiz hizlari, eta izenburu honen inguruan jardungo dut: Interneteko komunikatzaile profesionala.
Ez dakit ordu erdian asko esaterik izango dudan, baina puntu hauek aipatu nahi nituzke.
- Multimedia pertsonalean trebakuntza
- Komunikazio gabinetea, pertsonaletik bezero korporatiboraino
- Marketing biralaren ajeak
- Metrika, analitika
- Merkatu kultural eta komunikatiboaren apurketa
Aste honetan ere igaro naiz Huhezitik: datorren urteko Komunikazioko promoziokoekin egon nintzen asteartean (3. mailakoekin alegia), beren zuzenbide irakasle Ainhoa Larrañagak gonbidatuta. Oso gustura jardun nuen kultura librearen eta eduki lizentzia libreen inguruan, del.icio.us-en gordetako lotura multzo bat abiapuntu nuela. Richard Stallmani inprimagailua ataskatu zitzaion egunarekin hasi ginen, eta Creative Commons lizentzien xehetasunetatik pasatuz (NonCommercial klausularen inguruan sakonduz bereziki), mundua nola hobetu daitekeen filosofatzen amaitu genuen. Esaten dut "genuen", ze ez nik bakarrik, ikasleek ere gogoz parte hartu eta hitz egin zutelako. Horrekin oso pozik irten nintzen.
Atzo izan zen Komunikaldiak 08 eta gustura igaro nituen ordu batzuk Huheziko komunikatzaile berri horiekin. Hemen kronika bat, eta neure aurkezpena sarean.