Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Espai Catalunya Topalekua irekiko da Donostian datorren astean

Espai Catalunya Topalekua irekiko da Donostian datorren astean

Mikel Iturria 2005/12/10 18:07

Datorren astean inauguratuko da Donostian Espai Catalunya Topalekua, Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko topagune izan nahi duen egitasmoa. Webgunea eraikitze lanetan dago oraindik, lokalaren antzera. Erlojuaren aurka ari omen dira obrak bukatzeko asmoz. Inaugurazioa abenduaren 16an izango da. Eguerdiko 12:30etan prentsaurrekoa, 13:30etan ekitaldi ofiziala.

Notizia ona iruditu zitzaidan kontatu zidatenean. Notizia ona iruditzen zait gaur ere, martxan jartzeko astebete eskas falta dela. Kataluniak Euskal Herrian izango duen delegazio baten antzera funtziona dezake. Ea ondo ateratzen den.

Hurrengo egunetan komunikabidetan azalduko da informazio gehiago. Gaur, adibidez, Berriak ia orrialde osoa eskaini dio, Cristina Lagéri eginiko elkarrizketa barne. Nortzuk bultzatu dute

Proiektu hau sortzeko asmoa zegoenaren lehenengo notizia pasa den maiatzean izan nuen. Orduan ezagutu nuen Cristina Lagé, egitasmo honen arima. Garai hartan kultur etxera etorri zen aholku batzordearen bilera egin nahi zuelako. Ideia eta bultzatzaileak nortzuk ziren adierazi zidan Cristinak.

Izaronews-en agertzen den bezala,Gorka Knörr da presidentea eta Josean Larrañaga "Urko" presidenteordea. Hiru hauek landu omen dute proiektua. Euskal Herrian bizi den zenbait profesional katalan ere badago: Cuque Illa, Hesperia Donosti hoteleko zuzendaria; Montserrat Coder, Groseko tabernaria; Montserrat Vila, Televisió de Catalunya-ko delegatua Euskal Herrian; Ghislaine Sala-Patua, liburuzaina; Josep Piera medikua; Toni Strubell eta Dani Gómez kazetariak.

Eta euskal herritarrak? Katalunian ibilbide arrakastatsua egin zuten Txiki Begiristain eta Jose Mari Bakero futbolariak; Bixente Rekondo, Mitxel Ezquiaga eta Juan Carlos Ramírez-Escudero kazetariak; Rafael García-Santos, gastronomoa.

Casal bat baino gehiago

Euskal Herrian dauden katalanak biltzeko tokia izango da? Bai, baina ez hori bakarrik. (Portzierto, egunkarian irakurri dugunez, jada 100 lagun baino gehiagok eskatu dute bazkide izatea).

Gorka Knörrek, elkarteko presidenteak, zera dio: "Euskal Herrian bizi diren katalan guztien topaleku izan nahi du. Katalanen kultura, turismoa eta komertzioa sustatu nahi ditugu eta, era berean, euskal kultura eta katalan kultura trukatzeko gunea izatea nahi dugu".

Lau gune izango ditu lokalak, beraz: kultura, informazio turistikoa, merkataritza eta elkartzeko tokia.

Publikoa eta pribatua

Generalitat erakundeak jartzen du dirua, baina Donostiako lokala hartzeko ezinbestekoa izan da Via Fora jatetxe katea. Bertan zabalduko duten jatetxean Euskal Herriko eta Kataluniako sukaldeak batzeko asmoa dute.

Knörr-ek dio: "Katalunian 30 lokal inguru ditu eta horietan Kataluniako gastronomia eskaintzeaz gainera, mota askotako kultur ekintzak antolatzen dituzte".

Donostian egingo duten lehenengoetarikoa Un català entre bascos liburu argitaratu berriaren aurkezpena izango da, Toni Strubell idazlearena. Hasiera batean, abenduaren 20an zen egitekoa (eta horrela dago iragarrita Via Foraren webgunean), baina atzeratu egin dute 2006ra.

Kultur Etxeak ere badu asmoa elkartearekin harremana izateko. Dena ondo badoa, laster izango duzue horren berri.

Non dago

Egoitza Federico Garcia Lorca pasealekuan izango du, 10. zenbakian. Donostiako 4. zubiaren aldamenean, trenbidea eta Urumea ibaiaren artean.

Inaugurazio egunean, eta hurrengo egunetan, bertan ikusteko aukera izango dugulakoan.

etiketak: Harrikadak
Luistxo
Luistxo dio:
2005/12/12 17:42

Tagzanian markatu dut puntua Iturri. Oker ez banago, etxe horretan bertan dago Donostiako gauzarik ezezagun berrietako bat: igogailu publikoa, igo eta zubia hartzeko trenbide gainetik, eta Kristina-Enea / Gladys-Enea parkera igarotzeko. Ibilbide polit batean, beste geltoki bat, Espai Catalunya hau. Gustutako litzaidake inauguraziora joatea, baina zaila izango zait: akaso ikusiko zaitut, beraz. Bestalde, Sustaturako kopileftatuko dugu, hau, OK?

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/12/12 20:38

Aupa Iturri:

Oso interesgarria egitasmoa, Donostira hurbilduko nazen holako batean saiatuko naz hurbiltzen.

Bestalde, lagako nauzu propaganda apur bat egingo badeutsut, Llengües Vives buletinarena hain zuzen be, "Butlletí d'actualitat lingüística del sud-oest europeu". Berton, Europako bazter honetako hizkuntza gutxituen gaur egungo egoera aztertzen dogu (Galego-portugesa, asturiera, euskara, aragoiera, aranera eta kataluniera). Emon begiradatxoa tarterik badeukozu eta, paperezko edizinora harpidetu nahi izanez gero, idatzi nazu posta elektronikoz.

Moltes gràcies!

iturri
iturri dio:
2005/12/12 18:38

Aupa:

Inaugurazioa ostiralean izango da, 13:30etan. Nik joateko asmoa dut. Hori ekitaldi instituzionala izango omen da.

Larunbateko festara joateko, uste dut gonbidapena-edo behar dela. Baina egia esateko Viaforaren webgunean diote autobusa montatuko dutela Catalunyatik. Beraz, ez dakit gonbidapen horiek nola banatuko dituzten.

Larunbatean Bassmattiren kontzertua dago Irungo Kabigorrin. Bietan egotea ezinezkoa izango da. Ez dakit zer egingo dudan.

Bestalde, copyleft-arena, ok.

francesc terra
francesc terra dio:
2005/12/13 15:44

"Katalanezko eskolak ematen dira Espai Catalunyan?"

Horixe berak galdetzen dot neuk. Bai?

Xabito
Xabito dio:
2005/12/13 15:07

Albiste ona, benetan. Inbidia ematen dit Donostian horrelako leku bat egoteak, baina normala da, lotura handiagoa antzematen dut han Kataluniarekin Bilbon baino.

Katalanezko eskolak ematen dira Espai Catalunyan?

Oharra: Iñaki, mezu bat utzi dizut zure blogaren bitartez.

iturri
iturri dio:
2005/12/13 17:53

Bai, hori komentatu dute.

Webgunea martxan jarri ezkero, han bertan izango da informazioa edo non galdetu:

Webgunea

E-mail: info@espaicatalunya.org

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter