Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Manuel Castells SGAEren botereaz

Mikel Iturria 2011/06/11 10:47
Bartzelonako akanpadan hitzaldi interesgarria eman zuen irakasleak.

Atzo iluntzean Manuel Castells irakasleak maiatzaren amaieran Bartzelonako akanpadan emandako hitzaldia entzuten aritu nintzen (ikusi Castells-en bideoa Vilaweb.tv-n).

Hasiera batean, entzuten nuen bitartean, beste gauza batzuk egiten aritu nintzen. Baina gero eta arreta gehiago eskatzen zidan soziologo honen jardunak eta, halako batean, Castellsen hiru ideia bota nituen twitter bidez:

1.- "Ikerketa gehienek frogatzen dute jendearen %75ak norbaiten kontra ematen duela botoa".

2.- "Behar-beharrezkoa da
politikaren eta gizartearen artean dagoen hutsunea balore positiboak dituzten mugimenduek betetzea".

3.- "Interneterako sarbide unibertsala eta doakoa oinarrizko eskubidea da, baina ez da jendea derrigortu behar soilik Internet bidez komunikatzera".

Une horretan Castells Internet askatasunaz hasi zen hizketan eta SGAEren botereaz. Hona hemen euskaraturik hitzaldiaren bi minutu inguruko tarte hau:

"Internet askatasunak esan nahi du zentsura baztertu behar dela, pribatutasunaren inbasioa, praktika konstantea dena, baztertu behar dela eta eduki digitalen zirkulazio librea (bermatu behar dela), jendeak edukiak ekoizten dituelako, eduki horietaz jabetu eta askatasun digitaleko mundu horretan bizitzen baita. Horrek Espainian esan nahi du Sinde Legea eta antzeko legeriak indargabetu behar direla. Eta Lege horren atzean nor dagoen ikusi beharko genuke, eta hori ez da gai honetaz apenas dakien ministra gajoa, Internet askatasunaren kontra aritzen diren kultur enpresak eta presio-taldeak baizik".

"Enpresek mantendu nahi dute... Enpresek gutxiago kezkatzen naute... agortuta dagoen negozio-eredua mantendu nahi baitute, baina badakite agortuta dagoela, eta Estatu Batuetan hasi dira eredu alternatiboak, zentzuzko errentagarritasuna eta mundu digitalaren arteko konbinazioa (bilatzen dutenak); izan ere, Estatu Batuetan 70 milioi lagunek erregularki kultur produktuak jaisten baitituzte, teorikoki ordaindu beharko lituzketen kultur edukiak, baina horiek ordaintzeko inolako arrazoirik ikusten ez dute, behin ordaindu dutelako eta ez luketelako bizitza guztian pagatzen ibili beharrik".

"Baina Espainian larriena SGAE bezalako Erdi Aroko gremioa egotea da, askoren ustez legezko estortsioa egiten duena, Interneten kultur erabilera eta ekoizpena bere interesen arabera murriztuz. Eta kanpaina indartsuak daude SGAEren aurka, baina hortxe jarraitzen du eta gehiegizko etekinak ditu, baita boterearen gehiegizko kontrola ere. Baina nondik dator SGAEren botere hori? Zergatik horrelako gremio batek izan dezake halako botere-maila herrialde baten transformazio digitala eragozteko?"

"Beno, alde batetik, badaude mekanismo batzuk... baina mekanismo horiei buruz publikoki aritzeko dokumentazio zehatzagoa beharko nuke. Baina badaude botere politikoaren erroetara iristen diren bestelako presio- eta eragin-mekanismoak".

"Bada gehiago ere. Jende guztiak ezagutzen duen mekanismoa da: SGAErentzat lanean ari diren artista eta sortzaile otzanduak, bestelakoan janik gabe geratuko direla uste dutenak... SGAEk kolore guztietako politikariei sortzaile-pakete hauek uzten dizkie kanpaina politikoak egin ditzaten... kantatzeko, dantzatzeko, xaxatzeko, festetara joan daitezen, datorren edo badoan presidentea musuka dezaten. Hori da SGAEren boterea, egungo politika mediatikoa baita eta, beraz, ospetsuena. Eta ospetsuak, SGAEren poltsan daudenak, oso garrantzitsuak dira kanpaina politikoetan. Eta hor ageri da botere vs. kontrabotere ideia: SGAEk botere hori dauka SGAEren poltsan dauden artista eta sortzaile horien aurkako boikota egiten duen beste kontrabotererik ez dagoen bitartean".

(...)

"Beraz, SGAEren boterearen aurkako kontraerasoa kultur sortzaileen artean borroka egitetik pasatzen da, (...) eta hauei SGAEren eskutik pasa gabe jarraitzaileak izan ditzaketenaren alternatiba eman behar zaie. Eta horietako batzuek ulertu beharko dute SGAEren bidez pasatuz gero, beraien kreazioak segitzen dituzten pertsonen artean erakarpen gutxiago izango dutela".

Manuel Castells habla de cómo terminar con la SGAE, este apunte en castellano (transkripzio luzeagoa bertan). Euskaraz nola edo hala eman dut.

Aulkiak ahulki

Mikel Iturria 2011/05/25 06:00
Igandeko emaitzak direla eta ez direla.

Bilduk izandako emaitzak zirela eta ez zirela, igande gauean twitterreko nire horman pertsona bat hasi zen #nidonostiarra #niguipuzcoano hashtag-ak erabiltzen. Haserre bizian zegoen eta gaztelaniaz ari zen gizonari zerbait esatekotan egon nintzen. Azkenean, isilik geratzea erabaki nuen. Nola adierazi pertsona horri euskaraz kontrako esanahia zutela hashtag horiek?

Euskal Herri(ar)en drametako bat da gabezia asko ditugula gu bezala pentsatzen ez dutenekin hitz egiteko, are gehiago gutxieneko akordioetara iristeko. Eta orain garai hauek tokatzen dira. Politika egin behar da orain. Edozer gauza gerta daiteke, baina gaur egungo toki-erakundeek gizarte / herri honen ispilu fidagarriagoa ematen dute.

Nire ustez, Paul Riosek dioen bezala Bilduri jende askok eman dio botoa ETAren amaiera laguntzeko. Ezker Abertzaleari esku bat bota diote Eusko Alkartasunak eta Alternatibak (pena Aralar ez igo izana tren horretara: goizegi da eta zauriak oraindik zabalik daude; espero dezagun egunen batean ixtea) eta ikusteko dago nola kudeatuko duen ezker abertzale tradizionalak koalizioan duen hegemonia hori.

Ez dezala egin nire lagun baten patroiak bezala: enpresak arazo ekonomikoak zituela, 90. hamarkadaren bukaera aldera, enpresaburuak dirua jartzeko eskatu zien langileei. Dirua jarri eta kooperatiba moduko bat bihurtu zen lantegia. Halako batean, gauzak hobeto zeudela aprobetxatuz, enpresa-gizonak, emaztearen zein semearen parteak erabiliz eta beste bi langilerekin akordioa lortuz, berriro bereganatu zuen enpresaren kontrol osoa.

Aipatu patroiak baino errazago dauka betiko Ezker Abertzaleak Bildu kontrolatzea, baina jaso duen boto zaparrada hori ahalbidetu dutenek ez lukete ulertuko. Eta kontutan izan behar da botoak boto-emaileenak direla eta, bolada batez, alderdien esku egoten direla (nahiz eta alderdiek uste izan beraienak direla). Aulki dantzan ahulkiak dira nagusi.

Garai berriak ditugu mutur aurrean. Eta politika egiteko modu berriak behar ditugu. Asko du oraindik demostratzeko Bilduk. Pedagogia asko egin beharko du. Beldur asko uxatu.

Ez da erraza izango, baina ni itxaropentsu nago. Jakitun egoera ekonomikoa zaila dugula aurretik eta erronka handiak.

La cosa vasca se mueve, este apunte en castellano.

Astea nahieran

Mikel Iturria 2011/05/22 12:08
Txori Mugariak, ETB nahieran, Pony Bravo, Juan Carlos Perez, #akanpadak, Reala, #m22, graffitiak... eta ezin ikusi-gozatu geratu diren hainbat gauza.

Txori Mugariak

Literaktum jaialdiaren barruan, astelehenean, maiatzaren 16n, Txori Mugariak emanaldia estreinatu zuten Maialen Lujanbio, Xabier Erkizia eta Stéphane Garin hirukoteak. Hegoaldeari eta iparraldeari buruzko 50 minutuko hausnarketa. Ikuskizun trinkoa, buruan bueltaka gelditzen den horietakoa. Oraindik ez dakigu zuzenean ikusteko aukera gehiago izango ditugun. Pena litzateke.

EITB nahieran

Ostegunean EITBk Bilbon duen egoitzako 4. platora joan ginen. EITB nahieran izenekoaren aurkezpenera gonbidatu gintuzten hainbat blogari. Ez dut izan trasteatzeko aukera handirik, baina ikusitakoa gustatu zitzaidan. Irrati-telebista honek ez du inoiz ahaztu behar zerbitzu publikoa dela eta 25 urte hauetan egindako bideak euskal kulturaren ondarearen zati garrantzitsua dela. Denon eskura jartzeko asmoa agertu zuten Iñako Gurrutxagak eta Lontzo Sainz-ek. Ea horrela den, eskubide arazoak eskubide edota arazo.

Pony Bravo

Ostiral gauean berriro buelta Lugaritz Kultur Etxera. San Miguel Donostikluba Zirkuituaren barruan hitzordu bikoitza genuen. Manett taldea ezin izan nuen ikusi, baina asko gozatu nuen Sevillako Pony Bravo taldearen rock andaluziar-progresibo-psicodelikoarekin.

Musikene eta Juan Carlos Perez

Sevillako taldea Imanol Larzabal Aretoko goiko solairuan ikusten nuen bitartean Juan Carlos Perez nuen buruan. Nolatan sartu zara/zaituzte Musikeneko kakanahaste horretan, gizona? Zu artista bat zara, ez duzu balio kudeaketa lanetarako. Pozik hartu dut Juan Carlosek lan hori utzi izana. Ez da bere esparrua. Gusturago hartuko dut Suso andereak zuzendaritza utzi duela jakiterakoan. Denok zure kontra daudenean, andrea, errua ez da besteena.

Akanpadak

Hasi al da #spanishrevolution ? Ez dakigu baina albiste ona da maiatzaren 15ak ekarri duena. Bazen garaia beste belaunaldi bat kalera ateratzeko. Horregatik bakarrik balio du honek guztiak. Balio du ere boterean dagoen jendea urduri jartzeko.

Larunbatean pasa nintzen Bulebarreko akanpadatik. Nire ustez, gazte jendeari dagokio bertako lidergoa. Beraiek dira gurditik tiratu behar dutenak. Gainerakook bigarren maila batean egon beharko dugu, babesa eta laguntza emateko prest.

Bi hausnarketa: Ana Malagonen Akanpanden inguruko hausnarketak eta Gorka Julioren #acampadadonostia esperientzia eta proposamenak.

Reala

Datorren urtean ere Lehen Mailan arituko da talde txuri-urdina. Ea aurtengo denboraldia baino lasaiago den hurrengoa.

M22

Udal eta foru ordezkariak hautatzeko eguna Gipuzkoan. Urrundu egin da jendea alderdietatik. Eta beraiek jakin behar dute jada ez dela hain erraza dena kontrolpean izatea.

Graffitiak

Hauteskunde atari honetan Igor Rezola a.k.a. Dizebi elkarrizketatu du DVk.

Oso tipo interesgarria eta errespetu osoa merezi duen artista iruditu zait ezagutu nuen egunetik. Donostian egin berri duen akzio bat ikusi dut aste honetan. Blas Otero plazan izan zen. Kasualitatea? Seguruenik ez.

Semana a la carta, este apunte en castellano.

Untitled from hiru hamabi on Vimeo.

Pedro San Martín, in memoriam

Mikel Iturria 2011/05/15 15:35
Auto istripuz hil omen da Burgosen.

Bazkaldu aurretik, ordenagailua piztu dut korreoa jaitsi eta hainbat gauza egiteko. Twitter ere zabaldu dut eta orduan, zasta, izugarrizko berri txarra jaso dut. Rockdelux aldizkariaren kontuan zetorren notizia: Fallece Pedro San Martín de La Buena Vida. Auto istripuz hil egin dela gehitu dute ondoren.

Pedro ez nuen gehiegi ezagutzen. Hainbat kontzertutan egin izan dugu topo, baina behin edo gurutzatu ditugu hitz apur batzuk.

Ezer gutxi daukat esateko. Foteropanicoren argazkia itsatsi eta niri gehien gustatzen zaidan kanta gehitu, 2008an Poch handiari eginiko omenaldian La Buena Vidak moldatu zuen kanta. Viaje por países pequeños du izenburu. Ondo ibili bidai honetan, motel!

Pedro San Martín by Foterodelpanico

Pedro Martín, in memoriam, este apunte en castellano.

Integrismoa

Mikel Iturria 2011/05/08 22:39
Eta dogmatismoa.

Ostegunean Juliano Mer Khamis zenaren figura gogoratzeko Arna´s Children filma bota zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Zisjordaniako Jenin errefuxiatu eremuan Julianoren amak bertako haurrekin eginiko lana hartzen du ardatz dokumentalak. Jeningo haur haiek, gazte bihurtuta, Israelen kontrako borrokan hil zirela ageri da ere dokumentalean. Jesús Torquemadak ondorengo solasaldian esan bezala, oso ondo erretratatzen du belaunaldi baten desagerpena, erdiak galdu baitzuen bizia.

Esan bezala, Torquemadak gidatu zuen Tamer Bidawi-ren eta Carmen Marti-ren arteko solasaldia. Tentsioa egon zen une batean, Fermin Muguruzak hartu zuelako hitza eta Juliano Mer Khamis integrismoak hil zuela esan baitzuen. Ez Israelgo Estatuak, baizik eta Jeningo integrista palestinar batzuek, Julianoren lana gustuko ez zutelako (berak hartu baitzuen amaren lekukoa).

Muguruzak gogorarazi zuen Hamas eta Al Fatah erakundeek gaitzetsi zutela atentatua, baina aretoan bildutako batzuei ez zitzaizkien gehiegi gustatu hitz horiek. Muguruzak bertako iturriak aipatu zituen, baita hainbat komunikabidetan agertutakoa ere.

Ostegunekoak duela urtebete Shai Carmeli-Pollak ekintzaileari Victoria Eugenian egin ziotena gogorarazi zidan. Dogmatikoak zirela esan nuen iaz. Ez dakit asko aurreratu duten azken urte honetan. Horrelako lagunekin jai dauka palestinarren kausak Euskal Herrian.

Gogora dezagun ekintzaile hau, lagunek egin dioten bideoarekin. Juliano Mer Khamis, in memoriam.


 

Integrismo, este apunte en castellano.

Bilduren trena

Mikel Iturria 2011/05/05 07:00
Irakurketa itxaropentsua.

Auzitegi Konstituzionalak gaur gauean aterako duen epaiaren zain, Bildu inguruan batu den jendeak epe ertainera itxaropentsu egoteko arrazoiak dituela iruditzen zait.

1.- Pasa den larunbatean Arnaldo Otegi askatzeko manifestazioan egon zen ezker abertzaleko lagun batekin hitz egin nuen astelehenean. Oso pozik zegoen han ikusitakoarekin. Bere ustez, egoera zail honek balioko du ezker abertzaleko jendeak behar den bezala baloratzeko EAk eta Alternatibak emandako urratsa. Era berean, Bildukoak konpaktatzeko balioko duela zioen.

2.- Arnaldo Otegi. Osama Bin Laden garbitu zuten bezala ez badute berarekin akabatu nahi, halako batean presondegitik aterako da Arnaldo. Eta bere lidergoa ezbaian egon bazitekeen barrura sartu zutenean, ateratzekoan lider sendoagoa izango du ezker abertzaleak. Militarrak bere tokian jarri dituena, besteak beste.

3.- Ez da Bilduren arazo soila hau: demokrazia da gakoa. Eta Estatu Espainolaren demokrazia mailak koska bat behera egiten badu, independentistak egiteko makinak abiadura hartuko duelakoan nago.

Hiru ideia hauek bota nahi nituen Bakearen hiri... eta misilena! den Donostiatik. Misilen kongresu bat egun hauetan Donostian eta apenas dagoen informaziorik komunikabide nagusietan.

El tren de Bildu, este apunte en castellano

Bi urte bete dira, Javier

Mikel Iturria 2011/05/01 19:11
Javier Ortiz 2009ko apirilaren 28an hil zen. Gugan bego!

Dear JOR

Oraintxe irakurri dut zuri bidalitako azken gutuna. 2010eko azaroaren 20koa da. Egun hartan ere Oiartzunen ibili nintzen goizean, aitarekin. Gaur bezala. Gurasoekin kasu honetan.

Bi urte joan zaizkigu bai, Jamaikarako heriotz bidea hartu zenuenetik. Tamalez. Eta begiratzen diozu gaurkotasunezko gaiei eta badirudi dena berdin-berdin dagoela.

Den-dena? Tira, den-dena, ez. Adibidez, ETAren bide odoltsua amaitzear dagoela dirudi, nahiz eta batzuek, betiko Espainiaren seme-alaba, ez egon oso gustura. Lerro hauek idazten ditudan bitartean, Auzitegi Gorenaren 61. aretoko epaileen esku dago maiatzaren 22an Hegoaldean izango diren hauteskunde autonomiko eta lokalak demokratikoak izatea edo ez izatea.

1990. hamarkadako zure hainbat artikulu irakurrita, Felipe Gonzálezen bukaera garai haiekin konpara daiteke Espainiako gaur egungo egoera. Ditxosozko GALik gabe, hori bai. Baina burbuilaren garaiko ustelkeria puri-purian dago, 45 milioi biztanletik 5 milioi langabeziaren putzu beltzean bizirauten duten bitartean. 90. hamarkadako Alemania batuko datuak kopuru horretara iritsi zirenean, egoera oso larria ei zen; eta haiek 80 milioi biztanleko herria ziren.

Krisi latza bizi dugun bitartean, futbola da gaur ere herriaren opioetako nagusietako bat, baina orain ez da giro Barça eta Madrid erraldoiago bihurtu dituztenetik. Eskerrak atzo zure (gure) Realak mendean hartu zuela Barça ustez garaiezina. Eta horrela bi helburu lortu zituzten gipuzkoarrek: datorren urtean Lehen Mailan egoteko aukera eskuarekin ukitzea eta txapelketa berean 32 partida galdu gabe egotearen marka oraindik ere 80. hamarkadan liga irabazi gabe geratu zen talde txuri-urdinak mantentzea.

Seguraski ez zinatekeen hurbilduko Anoetara eta Alacanteko etxetik egongo zinen atzoko partida ikusten. Gustura. Ikusi behar ninduzun atzo Estadioan. Errealzale asko bildu ginen, baina baita Barçaren zale asko ere. Inoiz baino txistu gehiago jaso zituen talde kataluniarrak. Hausnarketa bat merezi du gaiak, baina beraiei dagokie hori, Barçaren direktiba eta zaleei.

Tira udaberria bada, behintzat. Neguaren amaieran abiatutako aldaketa giroa bizi da Ipar Afrikan eta gurean, azken bolada honetan, Haserretu zaitezte Stéphane Hessel-en liburuak astindu ditu bazterrak. Zu bezalako erretxindu baten Diario de un resentido social hura ezin ahaztu titulua leituta.

Ea gai garen lapur koadrila honi aurre egiteko. Kontatuko dizut.

Besarkada bat gero eta jende ezagun gehiago biltzen duen Jamaika horretara.

Iturri

Argazki manipulatuak

Mikel Iturria 2011/04/25 21:31
Hany Farid forense digitala da.

Joan den astean notizia izan da Donostian El Jukebox-ek aipatzen duen sozialisten kartelarena. Aste bukaeran, La Vanguardiak Pixelaren artistak erreportajea publikatu du. Bertan azaltzen da Pascal Dangin berrukitzaile famatuena. Puntako argazkilariek ere Nueva York-en bizi den kortsikar honengana jotzen omen dute. New Yorker aldizkariak Pixel Perfect erreportajea egin zion duela hiru urte, 2008ko maiatzean.

Horretaz gain, Hany Farid forentse digitalaren aipamena egiten du Bartzelonako komunikabideak. Bere lana irudi faltsuak atzematea ei da. Etorkizuneko lanbidetzat jotzen dute eta Farid berak dio argazkiak publikatu aurretik aztertuko dituen teknologiaren bila dabilela.

Darmouth Unibertsitateko webgunean argazki manipulatuen galeria bat dago. Adibidez:

Bill Wymannik gabeko The Rolling Stones

British soldier in Basra

Sarah Palin

 

Fotografías manipuladas, este apunte en castellano.

Barcinaren kontrako bi abesti

Mikel Iturria 2011/04/22 13:10
La Chula Potraren "Una bofetada" kanta ez zaio gustatu Barcinari eta, dirudienez, kereilatu egin da Iruñeko egungo alkatea. "La dueña de Pamplona, la que manda" kantak, berriz, ez du batere graziarik.

Gaur irakurri dut Entzun webgunean "Julieta Itoiz (La Chula Potra) rapeatzailea Iruñeko auzitegian aurkeztu beharko dela apirilaren 28an, Yolanda Barcina alkateak kereila bat jarri baitio. Antza, kereilaren zergatia Julietaren Una bofetada abestia da, Youtuben kristoren arrakasta izan duena". Entzunek dioenaren arabera Julieta pertsona ezaguna da Iruñeko Alde Zaharrean.

Jaso beza La Chula Potrak nire elkartasuna. Izan ere, boterea ezin bada kritikatu eta boteretsuez ezin bada irri egin, demokrazia kaka hutsa da.

Entzun-ek beste kanta baten aipamena ere egiten du. Hona hemen bideoa.

Ez dakit zein dagoen bideo honen atzean, baina ez du batere graziarik. Errazkerian erortzen da eta Barcinari Porcina deitzeaz gain, "puta" deitzen dio behin eta berriro. Eta ondo deritzot Barcinaren kontra jotzea, baina horretarako ez dago zergatik putak iraindu beharrik.

Dos canciones contra Barcina, este apunte en castellano

Kultura, besterik gabe

Mikel Iturria 2011/04/18 22:20
Kultura ez ote da aitzaki hutsa?

Ostiral iluntzean B aldeko kantuak diskoa aurkeztera hurbildu zen Donostiara Txuma Murugarren. Duela aste batzuk irakurri nion Argia aldizkarian Musikari askok sentitzen dugu sakonean jendeak huts egin digula izenburupeko elkarrizketa.

Iker Barandiaranek galdera: “Jendeak ez gaitu maite, minduta gaude eta min egiten dugu kantatzean”. Hala sentitzen zarete urteetan borrokan ibilitako musikari asko? Omenaldi txikia da?”

Eta Txuma Murugarrenek erantzuna: “Bai, gure buruari barre pixka bat egiten diot eta egia da, estali nahi dugun arren, jendeak huts egin digula sentitzen dugu sakonean, gehiago merezi dugulakoan gaudela”.

Ostiral goizean bertan Euskadi Irratian elkarrizketatu zuen Manu Etxezortuk. Ostirala zelako, udaberrian gaudelako, batek daki, entresaka egin zuen kazetariak titular hau jarri zion: Etorriko dira garai hobeak.

Loveof74 lagunaren blogean irakurri genuen ondoren Rafael Berriori EFE EME aldizkariak berriki argitaratutako elkarrizketa: Rafael Berrio, ingenio libre. Gomendagarria da oso-osorik irakurtzea, baina nik esaldi hau ekarriko dut gaur hona:

"Bueno, no soy nada democrático en estos asuntos. No veo mal que exista un arte dirigido a una minoría exclusiva, a una élite cultural que tome la delantera con respecto al “mainstream”. A mí, por ejemplo, me molestaría bastante que a todo el mundo le gustase el “White light-white heat” de la Velvet Underground y que lo pusieran de sintonía de un anuncio".

Ez naiz sentitzen elitearen parte, baina uste dut gurean jende asko gezurretan ari dela esaten duenean kultura, musika, pintura, literatrua, eta abar maite dituela. Ez, normalean gehiago gustatzen zaigu trago batzuk hartzea, mokau bat jatea edo txortan egitea.

Kultura apaingarri gisa erabiltzen da. Aitzaki hutsa da beste gauza batzuk egiteko. Besterik gabe.

La cultura, sin aditivos, este apunte en castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter