Manuel Castells SGAEren botereaz
Atzo iluntzean Manuel Castells irakasleak maiatzaren amaieran Bartzelonako akanpadan emandako hitzaldia entzuten aritu nintzen (ikusi Castells-en bideoa Vilaweb.tv-n).
Hasiera batean, entzuten nuen bitartean, beste gauza batzuk egiten aritu nintzen. Baina gero eta arreta gehiago eskatzen zidan soziologo honen jardunak eta, halako batean, Castellsen hiru ideia bota nituen twitter bidez:
1.- "Ikerketa gehienek frogatzen dute jendearen %75ak norbaiten kontra ematen duela botoa".
2.- "Behar-beharrezkoa da politikaren eta gizartearen artean dagoen hutsunea balore positiboak dituzten mugimenduek betetzea".
3.- "Interneterako sarbide unibertsala eta doakoa oinarrizko eskubidea da, baina ez da jendea derrigortu behar soilik Internet bidez komunikatzera".
Une horretan Castells Internet askatasunaz hasi zen hizketan eta SGAEren botereaz. Hona hemen euskaraturik hitzaldiaren bi minutu inguruko tarte hau:
"Internet askatasunak esan nahi du zentsura baztertu behar dela, pribatutasunaren inbasioa, praktika konstantea dena, baztertu behar dela eta eduki digitalen zirkulazio librea (bermatu behar dela),
jendeak edukiak ekoizten dituelako, eduki horietaz jabetu eta askatasun digitaleko mundu horretan bizitzen baita. Horrek Espainian esan nahi du Sinde Legea eta antzeko legeriak indargabetu behar direla. Eta Lege horren atzean nor dagoen ikusi beharko genuke, eta hori ez da gai honetaz apenas dakien ministra gajoa, Internet askatasunaren kontra aritzen diren kultur enpresak eta presio-taldeak baizik".
"Enpresek mantendu nahi dute... Enpresek gutxiago kezkatzen naute... agortuta dagoen negozio-eredua mantendu nahi baitute, baina badakite agortuta dagoela, eta Estatu Batuetan hasi dira eredu alternatiboak, zentzuzko errentagarritasuna eta mundu digitalaren arteko konbinazioa (bilatzen dutenak); izan ere, Estatu Batuetan 70 milioi lagunek erregularki kultur produktuak jaisten baitituzte, teorikoki ordaindu beharko lituzketen kultur edukiak, baina horiek ordaintzeko inolako arrazoirik ikusten ez dute, behin ordaindu dutelako eta ez luketelako bizitza guztian pagatzen ibili beharrik".
"Baina Espainian larriena SGAE bezalako Erdi Aroko gremioa egotea da, askoren ustez legezko estortsioa egiten duena, Interneten kultur erabilera eta ekoizpena bere interesen arabera murriztuz. Eta kanpaina indartsuak daude SGAEren aurka, baina hortxe jarraitzen du eta gehiegizko etekinak ditu, baita boterearen gehiegizko kontrola ere. Baina nondik dator SGAEren botere hori? Zergatik horrelako gremio batek izan dezake halako botere-maila herrialde baten transformazio digitala eragozteko?"
"Beno, alde batetik, badaude mekanismo batzuk... baina mekanismo horiei buruz publikoki aritzeko dokumentazio zehatzagoa beharko nuke. Baina badaude botere politikoaren erroetara iristen diren bestelako presio- eta eragin-mekanismoak".
"Bada gehiago ere. Jende guztiak ezagutzen duen mekanismoa da: SGAErentzat lanean ari diren artista eta sortzaile otzanduak, bestelakoan janik gabe geratuko direla uste dutenak... SGAEk kolore guztietako politikariei sortzaile-pakete hauek uzten dizkie kanpaina politikoak egin ditzaten... kantatzeko, dantzatzeko, xaxatzeko, festetara joan daitezen, datorren edo badoan presidentea musuka dezaten. Hori da SGAEren boterea, egungo politika mediatikoa baita eta, beraz, ospetsuena. Eta ospetsuak, SGAEren poltsan daudenak, oso garrantzitsuak dira kanpaina politikoetan. Eta hor ageri da botere vs. kontrabotere ideia: SGAEk botere hori dauka SGAEren poltsan dauden artista eta sortzaile horien aurkako boikota egiten duen beste kontrabotererik ez dagoen bitartean".
(...)
"Beraz, SGAEren boterearen aurkako kontraerasoa kultur sortzaileen artean borroka egitetik pasatzen da, (...) eta hauei SGAEren eskutik pasa gabe jarraitzaileak izan ditzaketenaren alternatiba eman behar zaie. Eta horietako batzuek ulertu beharko dute SGAEren bidez pasatuz gero, beraien kreazioak segitzen dituzten pertsonen artean erakarpen gutxiago izango dutela".
Manuel Castells habla de cómo terminar con la SGAE, este apunte en castellano (transkripzio luzeagoa bertan). Euskaraz nola edo hala eman dut.