Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Atrilaren gehiegia

Atrilaren gehiegia

xme 2005/02/21 10:26

"Tresilloko teatroa" esaten zitzaion, mespretxu-punttu nabarmenez, joan den mendeko antzerki burges, konformista, bertangoxo horri. Azken aldian, berriz, izurria bezala zabaldu da, nire ustez, "tabureteko teatroa" (stand up uste dut deitzen zaiola ingelesez): badakizue, tipo bat aulki handian eseri eta txiste ustekoak bata bestearekin kateatzen joatea. "Atrileko teatroa" deitu dakioke Harkaitz Canok "Ahulkiak" obran eskaini berri digunari.

Bi aktore ari dira taula gainean (Itziar Lamuedra eta Patxi Santamaria) eta horiez gain, egiazko protagonista, Harkaitz Cano bera errezitatzaile lanetan. Atrezzoa, berriz, ezin soilagoa: aulki batzuk, eta atrila. Ez partiturak baizik paperak jartzeko, eta bertatik irakurtzeko. Testuen irakurketa izan baitzen obraren funtsa, azken laurdenean izan ezik, hor aktoreen arteko solasa nagusitu baitzen, estilo beckettar betean ("Barkatu, jauna, ixtera goaz". "Zauriak?").

Antzerkiaren gaia ez da erraza azaltzen. Aulkia litzateke bizkarrezurra, edo aitzakia, zenbait istorio korapilatzeko. Argumentu jakinik gabe hala ere: giro bat, "atmosfera" esaten zaion hori kutsatzen digu, Canok bere lanetan ohi duen bezalakoa: jostalaria, erdi ironiko erdi onirikoa, irudi harrigarriz eta mikroistorioz betea.

Poesiaren azken urteetako berrikuntza aipagarriena, euskal munduan, ez da izan halako edo bestelako joeraren indartzea, aurrez aurreko sozializazioa baizik: lehen liburu bidez transmititzen dena errezitaletan ere zabaltzen da gaur, eta dudarik ez dago asko ikasi dutela gure poetek arlo honetan: egoten, esaten, arnasa hartzen... Pauso bat harago emanda, errezitalaren eta antzezpenaren arteko hibridoa proposatzen digu orain Harkaitzek.

Baloraziorik? Ez dakit zer esan. Niri asko gustatzen zait Cano idazlea: bere asmamen txundigarria, indar poetikoa, sujeritzeko ahalmena... eta horiek denak topatu nituen obra txiki honetan. Hala ere, testuen saturazio bat ote zegoen iruditu zitzaidan, mugimenduaren eta ekintzaren kaltetan. Arazo pertsonala ere izan liteke: belarri hutsezko arreta eskasa daukadala nik; ikuskizunaren ostean bizpahiru lagunekin mintzatu eta denei gustatu baitzitzaien izugarri.

Belarriak belarri, neure oharmen eta sentipenei zor natzaie ni, eta, zintzo jokatzekotan, aholkua emango nioke Harkaitz Canori, obra honi begira ez bada hurrengoetarako, testu poetikoen eta zati dialogatuen proportzioa alderantziz ipin dezan alegia.

etiketak: Antzerkia
Petrus
Petrus dio:
2005/02/22 13:37

Ez dauka Tricicle talde katalandarrak ere Aulkia edo Eseri edo horrelako zerbait deitzen den lana, aulkiaren objektuan zentratua? ona dela, diote.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.