Astea nahieran
Txori Mugariak
Literaktum jaialdiaren barruan, astelehenean, maiatzaren 16n, Txori Mugariak emanaldia estreinatu zuten Maialen Lujanbio, Xabier Erkizia eta Stéphane Garin hirukoteak. Hegoaldeari eta iparraldeari buruzko 50 minutuko hausnarketa. Ikuskizun trinkoa, buruan bueltaka gelditzen den horietakoa. Oraindik ez dakigu zuzenean ikusteko aukera gehiago izango ditugun. Pena litzateke.
EITB nahieran
Ostegunean EITBk Bilbon duen egoitzako 4. platora joan ginen. EITB nahieran izenekoaren aurkezpenera gonbidatu gintuzten hainbat blogari. Ez dut izan trasteatzeko aukera handirik, baina ikusitakoa gustatu zitzaidan. Irrati-telebista honek ez du inoiz ahaztu behar zerbitzu publikoa dela eta 25 urte hauetan egindako bideak euskal kulturaren ondarearen zati garrantzitsua dela. Denon eskura jartzeko asmoa agertu zuten Iñako Gurrutxagak eta Lontzo Sainz-ek. Ea horrela den, eskubide arazoak eskubide edota arazo.
Pony Bravo
Ostiral gauean berriro buelta Lugaritz Kultur Etxera. San Miguel Donostikluba Zirkuituaren barruan hitzordu bikoitza genuen. Manett taldea ezin izan nuen ikusi, baina asko gozatu nuen Sevillako Pony Bravo taldearen rock andaluziar-progresibo-psicodelikoarekin.
Musikene eta Juan Carlos Perez
Sevillako taldea Imanol Larzabal Aretoko goiko solairuan ikusten nuen bitartean Juan Carlos Perez nuen buruan. Nolatan sartu zara/zaituzte Musikeneko kakanahaste horretan, gizona? Zu artista bat zara, ez duzu balio kudeaketa lanetarako. Pozik hartu dut Juan Carlosek lan hori utzi izana. Ez da bere esparrua. Gusturago hartuko dut Suso andereak zuzendaritza utzi duela jakiterakoan. Denok zure kontra daudenean, andrea, errua ez da besteena.
Akanpadak
Hasi al da #spanishrevolution ? Ez dakigu baina albiste ona da maiatzaren 15ak ekarri duena. Bazen garaia beste belaunaldi bat kalera ateratzeko. Horregatik bakarrik balio du honek guztiak. Balio du ere boterean dagoen jendea urduri jartzeko.
Larunbatean pasa nintzen Bulebarreko akanpadatik. Nire ustez, gazte jendeari dagokio bertako lidergoa. Beraiek dira gurditik tiratu behar dutenak. Gainerakook bigarren maila batean egon beharko dugu, babesa eta laguntza emateko prest.
Bi hausnarketa: Ana Malagonen Akanpanden inguruko hausnarketak eta Gorka Julioren #acampadadonostia esperientzia eta proposamenak.
Reala
Datorren urtean ere Lehen Mailan arituko da talde txuri-urdina. Ea aurtengo denboraldia baino lasaiago den hurrengoa.
M22
Udal eta foru ordezkariak hautatzeko eguna Gipuzkoan. Urrundu egin da jendea alderdietatik. Eta beraiek jakin behar dute jada ez dela hain erraza dena kontrolpean izatea.
Graffitiak
Hauteskunde atari honetan Igor Rezola a.k.a. Dizebi elkarrizketatu du DVk.
Oso tipo interesgarria eta errespetu osoa merezi duen artista iruditu zait ezagutu nuen egunetik. Donostian egin berri duen akzio bat ikusi dut aste honetan. Blas Otero plazan izan zen. Kasualitatea? Seguruenik ez.
Semana a la carta, este apunte en castellano.
Untitled from hiru hamabi on Vimeo.