Integrismoa
Ostegunean Juliano Mer Khamis zenaren figura gogoratzeko Arna´s Children filma bota zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Zisjordaniako Jenin errefuxiatu eremuan Julianoren amak bertako haurrekin eginiko lana hartzen du ardatz dokumentalak. Jeningo haur haiek, gazte bihurtuta, Israelen kontrako borrokan hil zirela ageri da ere dokumentalean. Jesús Torquemadak ondorengo solasaldian esan bezala, oso ondo erretratatzen du belaunaldi baten desagerpena, erdiak galdu baitzuen bizia.
Esan bezala, Torquemadak gidatu zuen Tamer Bidawi-ren eta Carmen Marti-ren arteko solasaldia. Tentsioa egon zen une batean, Fermin Muguruzak hartu zuelako hitza eta Juliano Mer Khamis integrismoak hil zuela esan baitzuen. Ez Israelgo Estatuak, baizik eta Jeningo integrista palestinar batzuek, Julianoren lana gustuko ez zutelako (berak hartu baitzuen amaren lekukoa).
Muguruzak gogorarazi zuen Hamas eta Al Fatah erakundeek gaitzetsi zutela atentatua, baina aretoan bildutako batzuei ez zitzaizkien gehiegi gustatu hitz horiek. Muguruzak bertako iturriak aipatu zituen, baita hainbat komunikabidetan agertutakoa ere.
Ostegunekoak duela urtebete Shai Carmeli-Pollak ekintzaileari Victoria Eugenian egin ziotena gogorarazi zidan. Dogmatikoak zirela esan nuen iaz. Ez dakit asko aurreratu duten azken urte honetan. Horrelako lagunekin jai dauka palestinarren kausak Euskal Herrian.
Gogora dezagun ekintzaile hau, lagunek egin dioten bideoarekin. Juliano Mer Khamis, in memoriam.
Integrismo, este apunte en castellano.