Babou Dioufen gorpua etxeratzeko laguntza eske
Atzo eguerdian, Ondarroara iritsi berritan, bi senegaldar (afrikar) ikusi nituen autobus geltokian paper bat itsasten.
Handik gutxira bertatik pasa eta argazkia atera nion. Bi gauzek deitu ninduten atentzioa.
1.- 28 urteko mutil gazte baten eskela zen.
2.- Euskaraz zegoen idatzita.
"Babou Diouf. Donostian hil zen, 2013ko uztailaren 19an, 28 urte zituela". Hondarribiko Senegaldarren Komunitateak sinatzen zuen eta gorpua etxeratzeko diru-laguntza eskatzen zuten. Kutxabank-eko kontu bat: 20955039931072497125 (Guztion Artean elkartearena da: kontzeptua Babou-rentzako laguntza / Ayuda para Babou).
Interneten egon naiz bilaka eta ikusi dut Diario Vascok argitaratu duela testu labur bat gaur bertan: Babou Diouf Senegalera etxeratzeko laguntza eske. Albisteak dioenaren arabera, 7.000 euro behar dituzte (Hondarribiko Tanatoriora deitu dut eta hori horrela dela baieztatu didate).
Bi telefono ageri dira albistean: Osman-ena (ez deitu: itsasoan da) eta Famara-rena. Babakar Diouf-en telefonoa ere lortu dut.
Osmanek ez du deia hartu, itzalita zuen mugikorra, baina bai hartu duela Famarak. Babou-ren lehengusua zela esan dit Famarak eta arrantzale gisa aritzen dela Hondarribian. Galdegin diot ea zer gertatu zaion lehengusuari.
Duela lau bat hilabete etorri zela esan dit. Senegaletik abiatu eta Marokon pasa omen zituen hilabete batzuk. Algecirasetik Espainiaratu zela eta hilabete pasa zuela Malagan lagun batzuekin, Famara Senegalen zegoen bitartean. Oporretan.
Famara Hondarribira etorri zenean, hona ekarri zuela Babou, baina gaixo zegoela jada. Bidasoa Ospitalean hartu zuten, analisi batzuk egin, baina ez zuela hobera egin. Azkenean, ospitaleratuta egon da bertan hilabetez eta handik Donostia Ospitalera eraman zutela.
Oso gutxi egon dela berarekin; arrantzalea izanik 40 egun pasa zituela itsasoan.
Babouk ez omen zuen paperik.
Ondo legoke esku bat botatzea.
Se necesitan 7.000 euros para repatriar el cuerpo de un senegalés, este apunte en castellano
Uztailak 29. 9:45. Guztion Artean Elkartearen komunikatua.
Uztailak 29. 13:00. Pertsona batek Menéamen jarri du.
Uztailak 29. 23:00. Hondarribiko tanatorioko gerentea, Iñaki Garrido, elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko Faktorian.
Abuztuak 2. 17:55. Prentsaurrekoa egon da gaur goizean Hondarribiko Udaletxean. Besteak beste, jakinarazi dute Udalak gastu batzuk hartuko dituela bere gain eta zinegotzi guztiek dirua jarriko dutela. Hondarribiko Udalaren komunikatua.
Abuztuak 9. 22:00. Gaur eraman dute Senegalera Babou Diouf-en gorpua. Familia eta lagunek eskertu nahi izan dute jasotako laguntza.
Akats oro gizatiarra da hala beharrez
Gaur goizean, Javier Ortizen webgunean aritu naiz kazetari honek hainbat istripuri buruz idatzitako zutabe eta apunteen bila. Gogoan nuen Valentziako Metroko istripua (2006ko uztailaren 3koa), baina 2003aren hasieran Madrid-Cartagena Talgoak izandakoari buruz idatzitakoa azaldu zait. Álvarez Cascos zen orduko ministro eta Otra vez «el fallo humano» izenekoa idatzi zuen donostiarrak.
Uste dut aproposa dela gauza guzti hauek gogoratzea jakiteko komunikabideek eta agintariek nola funtzionatzen duten halako egoera baten aurrean (hauek bezalakoak bazter batean utzita: ez dut webgunearekin lotu, twitter sarean igotako argazkiarekin baizik).
Ikerketaren gertuko iturriak: "Inork bere gain hartu nahi ez duen baina plazaratu nahi diren datu edota ideien berri emateko Prentsak erabiltzen duen eufemismoa da".
Giza akatsak: Javierrek idatzi zuen "ez dakit jada zenbat aldiz esan bezala, «giza akatsa» gaztelaniaz erabiltzen den «persona humana» bezalakoa da: txorakeria. Akats oro gizatiarra da hala beharrez. Soilik egiten du akatsa aukeratzeko gaitasuna duenak. Makinek ez dute akatsik egiten: haiek komeni dena baino denbora gehiagoz lanean uzten dituztenek sartzen dute hanka, behar diren bezalako errebisioak egiten ez dituztenek, behar ez bezala maneiatzen dituztenek, eta abar".
Edota 1997ko zutabe batean esan bezala, (Fallos humanos), "giza akatsak eta akats mekanikoak (edo naturalak) desberdintzea ez da soilik astakeria kontzeptuala. Argibideak eman behar dituztenentzako aldrebeskeria oso erabilgarria da: argibideak saihesteko aukera ematen die".
Azken finean, "ematen du dena abilezia handiz egina dagoela, istripuren bat gertatuz gero, konpainiak eta Ministerioak ahalik eta azkarren eskuak garbitzeko aukera izan dezaten, zaurituak bisitatu, hildakoei lurra eman ... eta akabo".
P.S.: Valentziako Metroan gertatuko apunteetako batek titulu esanguratsua du: Cuanto más se sabe, peor (Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta okerrago).
Todo fallo es necesariamente humano, este apunte en castellano
Uztailaren 28a. 21:15. Eguneratzea. Ikusi eta entzun bideo hau.
Zuzeneko musika, tabernak eta beste hainbat kontu
Roberto Moso musikari, musikazale, kazetari eta blogariak apunte bat eskaini dio blogean berriki hildako lagun bati. Bilboko Trapi tabernako zerbitzaria zen Javi Bilbao eta, Robertok dioenaren arabera lege zaharreko tabernaria.
“Ondo aukeratutako musika, ondo botatako kañak, bakoitzaren tokia non dagoen ezagutzen duen parrokia...”
Javik musika gomendio mordoa egiten omen zituen eta horietako baten bideoa aukeratu, Tomasitorena, eta apuntean jarri du, omenaldi gisa.
Tabernak eta lokalak direla eta, egun hauetan itxi dute Ondarroako Kafe Antzokia eta bertako programatzaile izandako Txomin L. Aramaiori elkarrizketa egin diote Entzun aldizkarian.
Bilboko Kafe Antzokiarekin du/zuen lotura Ondarroakoak eta arazo ekonomikoak argudiatuta ixteko erabakia hartu dute. Aramaiok dio garai baten amaiera dela hau, baina espero duela proiektuak segida izatea.
Elkarrizketa irakurrita gogoratu nintzen Gotzon Barandiaranek Gaur 8n idatzitako analisi luze honekin: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Oso luzea da eta ez da nire asmoa laburbiltzea baina bai gauza batzuk aipatzea. Bide batez, artikuluan Gotzonek dio diskogintzaren industrian gertatzen ari diren aldaketei buruzko tesia ari dela prestatzen (oharra: Audience taldeko Gaizka ari da prestatzen, Gotzonek behean dioen bezala).
Sorkuntza ez dago krisian
Gotzonen azterketaren analisia horrela hasten da: “Euskarazko kultur sorkuntza ez dago krisian. Musikariak eten barik ari dira kantugintzan, formatu zeharo ezberdinetan. Kexu dira, ordea; ez dute diskoen berri nork eman, ezta kantugintzarako plazarik ere”.
%17,4 goaz musika emanaldietara Euskal Herrian
Jaurlaritzaren Euskal Kulturaren Behatokiak ezagutarazitako datuen arabera (kultura ohiturak, praktikak eta kontsumoa: musika, 2007-2008; pdf)
2.623.969 euskal herritarretik, %17,4k dio duela musika emanaldietara joateko ohitura
Ez joateko arrazoiei buruz galdeturik,
%41,4k gastu ekonomikoak aipatu zituen
%43,6k denborarik eza
%26,7ren iritziz, berriz, egun dugun musika eskaintza ez da nahikoa.
Euskal taldeak zuzenean
Euskal taldeen zuzeneko emanaldietan dagoen erantzun eskasaz kezkatuta, musikari, antolatzaile eta zaletuen artean galdezka ibili da Gotzon:
1.- Kultura kontsumitzeko modua aldatu egin da: Internetek aldatu du. Nola? Ez dago argi.
2.- Soziologikoki, hogei urteren aldean behinik behin, jendartean ez daude eragile berdinak (politikoak, sozialak...).
3.- Bertako taldeek duela hogei urteko babes publiko-pribatua galdu egin dute.
4.- Gaztetxe gehienek kontzertu gutxiago antolatu dituzte: “herri mugimenduekin lotutako musika munduan kontzertuekiko “zaletasuna” jaitsi egin dela”.
5.- Askok teknologia berriei leporatzen diete kontzertuen heriotza, hots, egungo gain-informazioak zuzeneko esperientzia debaluatu du.
6.-Kontzertuen prezioa, gidatu beharra versus alkohola. Bestalde, promoa aski egoki eta garaiz egin ez izanak eragin handia du.
7.- Kultur adierazpide honek balorea galdu du. Doakoa da, nonahi entzuten da, autobusean zein medikuarenean, erosten den mobil berrian opari dator...
8.- Zergatik BBK Livek halako arrakasta? Ez delako kontzertua. Jaia da, jendetza egongo dela ziurtatzen duena, musikaz jantzia, baina bestelako erakarpenez ere bai.
9.- Informazioa kapsuletan jasotzera ohituta gaude, eta nahikoa da kontzertu bateko bideo bi ikustea han zer gertatu den jakiteko.
10.- Kontsumoa guztiz jaitsi da. Kultura kontsumitzaile asko guraso dira eta beste gastu eta plan batzuk dituzte asteburuetan, gehienbat. Belaunaldi berrietakoek, 25 urtetik beherakoek, beste jai-giro mota desberdin bat dute, doan diren ikuskizunetara ere gazteak erakartzeko gero eta zailtasun handiagoak ditugu.
Erreferentzia falta sare sozialen garaian
“Gero eta medio berri gehiago egoteak euskal munduari eragin dion kalteak ere eragin zuzena du” dio Gotzonek. Bere garaian Euskadi Gaztea zuten erreferentzia, gutxi gorabehera.
Amaitzeko
Bukaera aldean dauden bi esaldi gehiago:
1.- "Emateko dagoen jendea behar du euskal kulturak, eta ez hainbeste eskatzeko dagoena".
2.- "Bai, jende gutxiago agertzen da kontzertu ertainetan eta txikietan, eta gero eta gehiago diru publikoarekin finantzatutako jaialdi handi horietan. Baina hori da nahi dugun eredua? Hori da behar duguna?"
Pertsonak pasa, erakundeak geratu
Lerro hauek idazten hasi nintzenean, Illarra oraindik Realeko jokalaria zen. Lerro hauek argitaratzen direnean Reala utzi eta Real Madrideko jokalari bihurtu da. Tartean, ia 40 milioi. Astakeria bat.
Illarrak Bahía Internacional izeneko enpresako aholkulariak ditu. Enpresa hau punta-puntakoa da futbolariak alde batetik bestera eramateko orduan. Jokalariak kristoren denboraldia egin zuen (tartean, Europako txapeldun 21 urtetik azpikoen mailan) eta mundu mailako klub indartsuenetako batek, Real Madrid ahalguztidunak, fitxatu egin du.
Illarrak Reala utzi eta beste nonbaiten jokatu nahi badu, ezer gutxi dut esateko. Klausula pagatu eta kitto. Realean bertan jokatu nahi duen jendea nahi dudalako.
Hori bai, zaila egiten zait ulertzen Mutrikutik apenas atera den gazte bati zer kristo galdu zaion Madrilgo oihanean. Oso jokalari ona da, baina uste dut goizegi utzi duela Reala eta gaizki pasako duela gauzak okertzen badira. Iruretak zioen bezala, aldagela batean 22 enpresa daude eta aldagela hori ez da nolanahikoa.
Realzale gisa, oso tristea da ikustea apenas 50 partida jokatu dituen jokalaria nola eramaten duten. Bere garaian, bospasei denboraldi egin zituzten Bakerok, Txikik eta Rekartek Bartzelonara joan aurretik eta 100 partidatik gora jokatu zituen elastiko txuri-urdinarekin Xabi Alonsok. Argi hitz egin zuen agurreko prentsaurrekoan Aperribayk, harrobia lantzen duen talde batek babesa behar duelako.
Kezkagarria da ikustea Realean 10 urte daraman jokalari bat ez dela gai baloratzeko beste gauzen gainetik azken hamarkadako denboraldirik erakargarrienaren aurrean gaudela eta kristoren zuloa uzten duela. Juan Rodríguez Millánek ondo baino hobeto adierazten du ideia hau.
Dena den, aurrekoan bota nuen twitter-en realzaleek ez zutela ahaztu behar iaz Javi Martínez eta Llorente auziak zirela eta botatakoak. Berdin pentsatzen dut gaur egun ere. Alde horretatik, behintzat, Illarra ezin da kexatu (Zubietan zaleek kristoren harrera egin zioten ostegunean eta zuzendaritzak babestu du agurreko prentsaurrekoan).
Illarraren garaia pasa da (futbolak buelta asko ematen ditu eta igual bueltatuko da; ateak zabalik izango ditu), baina garbi dago erakundeak jarraituko duela. Ez da komeni albo batera uztea Athletic-ek amaitu berri den denboraldian eta guk duela hamar urte egindako hankasartzeak. Ea zerbait ikasi dugun.
Orain gogoan ez dudan jokalari batek zioen polita dela talde handi batean jokatzea, baina askoz ere politagoa dela zure taldearekin horien kontra jokatzea eta irabaztea. Hori da Illarrak galdu duena.
Kitto. Ez dut honi buruz gehiago idatziko. Ilusioz beterik ekin beharko diogu denboraldiari, taldea eta entrenatzailea babestu eta aurrera egin.
Martín Lasarte style, "¡no se desunan!". #realsocialismo style.
Las personas se van, las instituciones permanecen, este apunte en castellano.
Musika populista eta popularra
Gogoan izango duzue duela hainbat urte PPk hauteskunde kanpaina batean abiatutako "pop politika" izeneko etiketa (gaur egun, marka esango litzateke), ezta? Ez baduzue gogoratzen, hona hemen 2008ko urrian Victoria Eugenia Antzokian Pignoisek eszenatoki gainean egineko simulazioa (playbacka). Kontuz: bideo honek kontraindikazioak ditu eta arduraz kontsumitu beharra dago.
Bideo honekin gogoratu naiz Fundación Roboren lehen urteko ibilbidearen berri ematen duen Populismo musical izenekoa ikusi dudanean. 40 minutu pasatxo dira, Jordi Castellsek zuzenduak.
Diskoaren zain nengoen (beti dago esunrobo.bandcamp) eta dokumentalak gogo hori berpiztu egin dit.
PS: listo. Lortu dut Joseba Irazokik filman hitz egiten duen baino gehiago idaztea.
Música populista y popular, este apunte en castellano.
Zergatik amaitu da Beranduegi?
Nahikoa da bideo honen 25 segundu hauek ikustea, jakiteko zer gertatu den Argian.
Zorionak Beranduegiko talde guztiari. Zorionak ere Xabier Letonari eta zorte on Estitxu Eizagirre zuzendari berriari.
Ez baduzue ezer ulertu, bi gauza: atzo aurkeztu omen zuten Unaik eta Gorkak azken Beranduegi saioa; gaur jakinarazi du Letonak Argiako zuzendari kargua utzi eta Eizagirrek hartuko duela haren lekukoa.
Ez nuen honetaz idatzi nahi
Gaur xelebrekeria bati buruz idatzi nahi nuen. Buruan nuen Gregorio Morán-ek duela bi aste pasatxo idatzitako Nuestra muerte será un suicidio izeneko intempestiva. Nola Moránek salatzen zuen zutabea publikatzen zioen periodiko berak akats larria egin zuela Londresko soldaduaren hilketaren berri emateko azpititulu batean ("degollan”).
Handik egun gutxira, La Vanguardiako beste zutabegile batek, Màrius Serrak, Sabelotodo Morán artikulua dedikatu zion. Bertan, Moránek berriki publikatu duen La decadencia de Cataluña. Contada por un charnego artikuluen bilduman dauden hainbat akats aipatzen zituen. Katalanez egindakoak, kasu honetan. Tartean, Pasqual Maragall-en izena.
Hori eta beste txorakeria batzuk kontatzeko asmoa nuen, baina arratsaldean Ion Ansaren tuit bat irakurri dut eta loturan egin dut klik. "No sabemos nada. Se dijo que un comedor social, un banco de alimentos..." Eta tripako mina hasi zait.
Hau da, Una apuesta alimentaria diferente testuan irakurri dudanez Donostiako Alde Zaharrean hutsik dagoen Zorroaga Patronatuko lokal bat garbitzen hasi dira bertan, Gureak-ekin batera, janaria banatzen hasteko (oraindik zehazteke dagoen formula baten bidez). Udala ere tartean dago.
Bizilagun batzuk aztoratu egin dira eta tabernetan idatzi anonimo batzuk banatu dituzte, sinadura eske. Tartean, hiru perla hauek:
"¿Dónde está la posibilidad de consulta y participación?"
"Si la intención del Ayuntamiento sigue adelante nos conocerán como los vecinos del comedor de la Parte Vieja y no por los de la calle Pescadería".
"No estamos en contra de los comedores sociales -puntualiza este escrito- pero seguro que el Ayuntamiento y Zorroaga tienen otros locales mejor ubicados y apropiados que una calle estrecha y pequeña como Pescadería".
Pasa den gabonetan Madrilen ikusitako irudiak etorri zaizkit gogora. Jende mordoa eliza bateko komedorean. Zai. Gran Vía kaletik gertu, oso gertu. Gu denok kontsumismoaren itsasoan murgiltzen ginen bitartean.
Eta nik nire burua ikusi nuen ilara hartan. Horrelako egoera batetik gertu egon gaitezkeelako. Oso gertu.
Zer kalte egiten dio Donostiako Alde Zaharrari horrelako lokal batek?
Hoy no quería escribir de esto, este apunte en castellano
Manuel Castells internetfobiaren aurka
Hilean behin edo, Manuel Castells irakasleak La Vanguardian zutabea argitaratzen du. Larunbatean izaten da eta gaur ekainaren 1ekoa "fusilatuko" dut: Internetfobia. Esan bezala, bertan zazpi mito puskatzen ditu.
1.- Internetek isolatu, alienatu, deprimitu egiten du.
Justu kontrakoa: internet erabiltzeak soziabilitatea areagotzen du, bai sare barruan bai handik kanpo. Sare sozialek balio dute saretik kanpo sortutako loturak mantentzeko eta harremanetarako aukera berriak sortzen dituzte.
BCS Institutek, mundu mailako mostra baten bidez, Internet eta zoriontasunaren arteko harreman zuzena aurkitu zuen. Zergatia: soziabilitatea eta jabekuntza (empoderamiento) areagotzen ditu.
2.- Eten digitala.
Herrialde garatuetan, Interneterako sarbidea % 70-90 artekoa da eta %85 gainditzen du 60 urtetik azpiko populazio helduaren artean. Une honetan, munduan 2.800 milioi Internet erabiltzaile daude eta 6.700 milioi mugikor erabiltzaile. Beraz, jendea konektatuta dago.
Desberdintasunak, desorekak daude, baina desoreka horiek errenta edota ondarearen kasuan baino txikiagoak dira.
3.- Internetek haurrak gaizki hezitzen ditu, klasean eta etxean atentzioa galtzen dute.
Azterketen arabera, eskola ez da (nahiz irakasleak saiatu) garai digitaleko pedagogian sartzeko gai izan eta testu-liburu, negozio editoriala eta ideologia ofizialei lotuta dago oraindik.
Emaitza: Kultura digitalaren sormenean erabat murgilduta dauden gazteak asko aspertzen dira klasean. Gure kultura jasotakoaren transmisio diziplinatuan oinarrituta dagoenez, gaizki ikusita dago haurrek beren kabuz pentsatzea.
4.- Hezkuntza unibertsitario birtualak kalitate gutxiago dauka irakaslearekin harremanik ez dagoelako.
Unibertsitate tradizionaletan irakaslearekin dagoen harremana askoz ere txikiagoa da. Gainera, hezkuntza birtuala, batez ere, jende helduari begira egina dago eta hori gabe ezingo lukete ikasi ezta birziklatu ere.
5.- Internet Anai Handia da: dena jakin eta zelatatu egiten da.
Zaila dago pribatutasuna Interneten, baina badakigu abusuen salaketa, mugimendu sozialak eta diktaduren kontrako erresistentziak oinarrizko erreminta dutela Internet. Zelatariak zelatatuak izaten dira.
6.- Interneteko informazioa ez da fidagarria.
Informazio asko ez da fidagarria, baina noski dagoela fidagarria den informazioa. Gauza bera gertatzen da ohiko komunikabideekin, baina Interneten komentatu eta zuzendu daiteke hainbat informazio ekoizleren parte-hartzearekin.
7.- Internetek biolentzia, terrorismoa, pornografia, sexismoa eta beste hainbat aberrazio eragiten ditu.
Gaitz hauek gure gizartearenak dira eta, beraz, Interneten ere badaude. Biralitateak arriskuak handitzen ditu, baina Internet askatasuna da eta askatasun horren erabilera garenaren isla da. Beraz, gu geu gara aldatu behar garenak.
Castellsek honako webgune hauetan, besteak beste, arakatzeko gomendioa egiten du:
World Internet Project, Pew Internet, Oxford Internet Institute, Projecte Internet Catalunya (UOC).
Re-a-la ma-ka-la
Duela hogei bat urte, Ondarroako ilobak ume mokoak zirenean, Donostiara etortzen ziren bakoitzean ozenki abesten zuten edozeinen aurrean “Re-a-la ma-ka-la” kolore txuri-urdina zuen trapu edo dena delakoa atzemanez gero.
Aurten, ez dakit norbait ausartuko ote den horrelakorik abestera Realaren denboraldia ikusi ondoren.
Lerro hauek idazterakoan, ez dakit zer gertatu den Coruñan. Baina ez zait gehiegi inporta. Izan ere, laugarren postuan amaituz gero, abuztura arte itxoin beharko baita Reala tzanpionzan arituko ote den edo ez jakiteko.
Inor gutxik esperoko zuen 2008ko abenduan akziodunen batzarrak Jokin Aperribay presidente aukeratu zuenean Reala gaur dagoen tokian egotea. Gogoan daukat taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, garai hartako presidenteak kategoria berreskuratzeko hiru urteko proiektuaz hitz egin zuela. Haserretu zen bat baino gehiago, baina hiru urte behar izan zituen taldeak goi mailara iristeko.
Geroztik, Lasarte eta Montanier entrenatzaileak ezagutu ditugu Lehen Mailan. Zalegoak beti gogoratuko du Lasarterekin igo zela Reala eta horregatik seguruenik gauza asko barkatu genizkion bigarren denboraldian. Montanier, berriz, hasiera-hasieratik egon da askoren begi puntuaren xedean.
Une bat daukat iltzatuta: 2012ko apirilean, taldea jaitsiera postuetatik gertu, Betisen aurka 1-1 markagailuan, andaluziarrak erasoan eta zale asko frantsesaren dimisioa eskatzen.
Lasarte eta Montanier jada historia dira, baina lehenaren esaldi famatua moldatuz amaitu nahi dut: “¡No se desunan!”; bestela... “Re-a-la ma-ka-la”.
Entzuna izateko eskubidea
"Tengo derecho a ser escuchado". PSOEk entzun behar duela bere ahotsa esan zuen Alfonso Guerrak SER irratian 73 urte bete zituen egunean. Memoria liburuen tomo berria aurkeztu zuelako elkarrizketatu zuen Pepa Buenok. Ez dut liburua irakurtzeko asmorik (denborarik ere ez), baina ikusi dut gaur ere haren elkarrizketa dagoela Públicon. Garzón ez dela ezkerrekoa azpimarratu dute izenburuan. A ze deskubrimendua! Nonbaiten leitu dut Guerrak dioela entrega honetan diru beltza kobratu izan zuela Baltasarrek.
SEReko elkarrizketaren ondoren, tertuliano batek zioen 80. hamarkadan onenak zeudela politika munduan. Kar, kar eta kar. Jamaika aldean sutan edo barrez lehertzen irudikatzen dut Javier Ortiz.
Honen webgunean bilaketa azkarra egin dut eta hona hemen bi aipamen:
Diez años de soledad. "Alfonso Guerrak problema bat du demokraziarekin. Bakarra, baina garrantzitsua: ez daki zer den". 1992ko urria.
Alfonso Guerra: "Alfonso Guerra ez da garrantzi handiko politikaria, bere alderdiak gutxietsia (...) soilik adierazpen matxistak edo zentralistak egiten dituenean ospe pizarra lortzen duena". 2008ko ekaina.
Azken finean, garai bateko jendea.
Derecho a ser escuchado, este apunte en castellano.