Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Osaba Jaime hil zutela 25 urte

Osaba Jaime hil zutela 25 urte

oier_a 2005/10/24 11:20

Ohi bezala, bazkalostean lanera itzuli aurretik kafea hartzen zegoen Iriondo tabernan. Gizon bat tabernan sartu, beregana hurbildu eta tiro egin zion. Bertan erori eta hil zen osaba Jaime. 1980eko urriaren 23a izan zen. Orain 25 urte. Sententzia judizialaren arabera Juan Carlos Arruti Azpitarte izan zen hiltzailea. Komando Autonomoek hartu zuten beren gain erahilketa.

Jaime Arresek 44 urte zituen. Emaztea eta bi seme. 14 eta 17 urte zituzten lehengusuek egun madarikatu hartan. Nik zortzi urte nituen eta flash batzuk baino ez ditut oroimenean. Etxeko pasiloa ilun gogoratzen dut eta gurasoen aurpegi larriak. Eta hortik aurrera krudelkeriak kolpatutako familia baten mina. Itxaropenak eta ilusioak borborka dabiltzan adinean, nekez imajina daiteke nola aurkitu ahal izan duten bidea aita modu horretan galdu duten nerabeek.

Flasha berriz ere eta osaba Jaime futbolaria, atezaina, ageri zait. Lerun-en, futbol zelaietatik erretiratuta egon arren adiskidantza partidaren baten aitzakitan praka motxetan berriz ere. Gurasoek kontatutakoekin eta argazkiekin osatzen da osaba Jaimeren irudia. Baina trajediaren orbanak ez dit osabaren irudi atsegina borobiltzen uzten.

Elgoibarko Barren aldizkarian erreportajea argitaratu da asteburuan. Bertan jaso denez Elgoibarko alkate izana zen Jaime Arrese, 1974an hasi eta 1977an dimititu zuen arte. 1975. urtean ikurriña legeztatu zenean, berak jarri zuen Elgoibarko udaletxeko balkoian lehen aldiz. Jaime Arreseren hilketa kondenatuz mozioa atera zuen Elgoibarko Udalak. EAJ, PSOE, PCE, EE eta ESEIko zinegotziek aldeko botoa eman zuten, eta Herri Batasuna abstenitu egin zen.

Hiltzaileak ondo frogatua du mina, amorrua eta gorrotoa ereiteko duen gaitasuna. Horrek ezerren ez inoren askatasunarekin zerikusirik ote duen bestelako kontua da. Inork inoren heriotza zerbaitetarako mesedegarri izan daitekeela uste badu, egin diezaiola tiro bere buruari, horixe baita bere-berea duen bizi bakarra.

etiketak: txingoak
iturri
iturri dio:
2005/10/25 00:15

Kaixo Oier:

Sentitzen dut zure osabarena.

Ea behingoz aurrera begirako urratsak ematen hasten garen herri honetan.

Aurrera bai, baina atzea ahaztu gabe.

Animo.

edu
edu dio:
2005/12/01 18:32

Kaixo Oier,

Ez nuen Barren-en argitaratutako erreportarjea irakurtzerik izan, baina bai Barreneko 551. zenbakian Aitor Zabaletak idatzitako karta ederra, zuen osabarekiko interesa piztu ninduena.

Zure mezu hau ere asko gustatu zait.

Ondo-ondo segi.

oier
oier dio:
2005/12/01 20:05

Kaixo Edu,

Bai, niri ere asko gustatu zait Aitor Zabaletaren gutuna. Barrutik idatzitakoa eta Aitor bera nolakoa den argi asko erakusten duena.

Eskerrikasko.

Aritz
Aritz dio:
2006/01/27 03:20

Aupa Oier,

Azken Argia eskuetan hartu eta zure artikuloa irakurri dut (izurri berria,...). Orriak pasa eta Aitor Zabaletaren beste artikulo batean jarri dut harreta.

Irakurri ahala hariak lotu eta zure blogean irakurritako mezu hau etorri zait burura. Horrelakoetan inoiz ez dakit zer esan, baina imajinatzen dut animoak esker honez hartzen direla egoera hauetan. Beraz, hoixe, animo!

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2016/05/09 16:38
Laster 11 urte beteko dira mezu hau idatzi zenuela, Oier. Zorionez, tarte horretan amaiera eman zaio —espero dezagun betiko— Euskal Herria terrorismoa erabilita askatzeko asmoari. Autokritikaren ateak ere hasi dira irekitzen, poliki bada ere.

Egun hauetan “Langraiz bisean bis” liburua irakurtzen hasi naiz, eta bertan, Jaime Arrese zure lehengusua aipatzen da, etakide ohi batek, Kepa Pikabeak, zeinak ez baitzuen zerikusirik zure osabaren hilketan, harekin elkartu baitzen, indarkeriaren biktima zen aldetik. Zure baimenarekin, hemen utziko ditut liburuko bi pasarte labur, topaketaren berri ematen dutenak:

---

56. orrialdean, Kepa Pikabea etakide ohiaz hitz egiten ari dela, hauxe dio Unzueta liburuaren egileak: “2011ko udaberrian biktima batekin bildu zen espetxean, berak halaxe eskatu ondoren. Komando Autonomo Antikapitalistek 1980ko urriaren 23an Elgoibarren hil zuten Jaime Arreseren semea —bera ere Jaime deitzen da— joan zitzaion Langraizko espetxe barrura, eta aurrez aurre hitz egin zuten. Arrese aita, Elgoibarko alkate ohia eta UCDko kide zen hil zutenean. Gerora ere, elkar ikusi dute espetxetik at, presoaren irteera-baimen egun bat baliatuta. Behin baino gehiagotan aitortu du Pikabeak ETAren izenean ‘min bidegabea, ankerra eta jasangaitza’ egin dietela biktimei”.

---

Aurrerago, 76 eta 77 orrialdeetan, Pikabeak berak hitz egiten du elkarretaratze hartaz, elkarrizketa formatuan:

GALDERA: Biktimekin elkartu zinen espetxean. Nolakoa izan zen esperientzia?
ERANTZUNA: Jaime Arreserekin egon nintzen. Komando Autonomo Antikapitalistek bere aita hil zuten, hura ere Jaime. Nik ez nuen zuzenean hilketa horretan parte hartu. Gero hasnarketa tailerrak egin genituen preso batzuek zenbait ponente eta aditurekin. (…)

GALDERA: Zer esan nahi zenien?
ERANTZUNA: Nik nire mina adierazi nahi nien, sentitzen nuela egindakoa. Suerte handia izan nuen Jaime Arreserekin. Oso gizon argia da. Kontatu zidan nola bizitu zuen une hura 15 urterekin aitarik gabe gelditzen den gaztetxo batek, eskolara joan eta inor ez zitzaiola hurbiltzen, ezta doluminak emateko ere, ze gaizki pasatu zuten etxean. Gero, gainera, herrian, Elgoibarren, baztertua sentitzearen gogortasuna azaldu zidan. Horrelako testigantzak ukitu egiten zaitu derrigorrez.

GALDERA: Beldurrik izan zenuen topaketaren aurretik?
ERANTZUNA: Beldurra baino gehiago errespetua zen nagusi niregan. Beste ezertara baino gehiago, entzutera joan nintzen ni topaketara. Pentsatzen nuen, “zer esango diot aitarik gabe geratu zen pertsona bati”. Entzuteko asmoarekin joan nintzen, hori baitzen egin nezakeen gauzarik onena. Oso esperientzia positiboa izan zen. Gerora ere, gehiagotan elkartu gara kanpoan, eta harremanari eusten diogu. Tarteka deitzen diot. Izugarri baloratzen dugu biktimek egin zutena eta batzuk egiten ari direna. Bereziki, Maixabel Lasak bezala, zuzenean bere senarra hil duenarekin elkartzeko prest egon izana eta bi muxurekin agurtzen ikustea zirrara eragin zigun. Hura ikustean hunkituta geratu ginen… Hau gizatasuna!! Gure etsaitzat geneuzkan horiek erakutsi dute guk baino gizatasun gehiago dutela.
Oier A.
Oier A. dio:
2016/05/09 17:30
Mila esker zure mezuagatik Joxe.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter