Javier Ortizen omenezko ekitaldia apirilaren 30ean Donostian
Hemen paratzen ditudan lerro hauek irakurtzeko ohitura duzuenok, jakingo duzue Javier Ortiz kazetaria behin baino gehiagotan aipatu izan dudala txoko honetan. Are gehiago, gaztelaniazko Pedradas blogak haren etxe digitalean du ostatu.
Pasa den Alternatiba taldeak Javier Ortiz omentzeko eskabidea aurkeztu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako erregistroan. Herri hau den bezalakoa da eta hilabete batzuk pasa dira data finkatu arte. Apirilaren 30ean izango da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, iluntzeko 19:00etan.
Ekitaldiari hasiera emango diote erakundeetako ordezkariek. Ondoren, mahai-ingurua antolatu da. Izenburua: El compromiso de Javier Ortiz (Javier Ortizen konpromisoa). Moderatzaile lanetan Mariano Ferrer kazetari ezaguna arituko da eta parte hartzaileak ondorengo hauek izango dira: Arantxa Gurmendi (kazetari eta ekintzailea), Garbiñe Biurrun (epailea), Rafael Chirbes (idazlea), Ignacio Escolar (blogari eta kazetaria) eta Mikel Iturria (bai, ni neu, javierortiz.net webgunearen koordinatzaile gisa). Gainera, Jabier Muguruzak pare bat kanta egingo ditu zuzenean, Angel Unzuren laguntzaz. Joateko asmoa izanez gero, bertan elkar ikusiko dugu.
Denbora arin pasa da eta, esan bezala, urtebete joan zaigu 2009ko apirilaren 28tik.
Egunero akordatzen naiz berarekin.