Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

John, Lola eta Jack

Mikel Iturria 2016/11/28 22:30
Azaroaren 18tik 20ra Genevara joan ginen lagun batzuk bisitatzera. Kronika 1990eko hamarkadaren hasieran hasten da Bergaran.

John

Bergarara gaztelania ikastera etorri zen John 1990eko hamarkadaren hasieran, bere hitzetan "eguzkia, hondartza eta zezenak" egongo zirelakoan. Bilboko aireportura iritsi eta bere jaioterrian bezala (Glasgow-koa da): euria nagusi.

Handik egun batzuetara, manifestazio batekin egin zuen topo: "beltzak" alde batetik eta gazte abertzaleak bestetik. Ez zuen oso ondo ulertzen zer gertatzen zen. Halako batean Espainiako selekzioaren futbol partida taberna batean ikusten zuen bitartean, gola inork gutxik ospatzen zuela konturatu zen.

Bergaran ingeleseko klaseak emateaz gain, bi urtetan ezagun samarra bihurtu zen herrian. Berarekin lehen aldiz joan nintzenean, jende askok gelditzen zuen kalean, galdezka. Gaur egun ere, antzeko-parezido.

Donostian egin zuen bizpahiru urteko geldiunea. Oker ez banago, Anoetan ezagutu nuen nik, Bergarako lagun bati esker. Parte Zaharrean ari ginen biok lanean eta horrek ahalbidetu zuen harremana estutzea.

Lola

Uda batean bere herrian, Eskozian, ezagutu zuen Malagako neska bat, bertan ingelesa ikastera joan zena. Bi urteren bueltan ezkondu egin ziren neskaren herrian, Malagan. 1996ko ekaina zen eta jende mordoxka elkartu ginen Costa del Soleko hotel batean: andaluziarrak, eskoziarrak, euskaldunak... Eurokopa garaia zen eta Europako turistek, bakoitza norberaren taldearen elastikoa soinean, selekzio diferenteak animatzen zituzten, giro berezia sortuz.

Lola eta John irakasleak ziren eta Andaluziako hainbat herritan (Malagan, Kordoban) ibili ziren beste bizpahiru urtez lanean. Johnek kontratua lortu zuen British Council-en eta Lisboara joan ziren. Bi urtez egon ziren bertan.

Jack

Iberia aldeko kontuekin aspertu eta salto egin zuten Atlantikoaren beste aldera: Caracas. Hiru urtez egon ziren bertan, baina hamar urteko balioa zuten. Han ere euskal komunitatearen inguruan ibiltzen zen John.

Halako batean haurdun geratu zen Lola eta Jack jaio zen. Haurrak sei hilabete zituenean, Suitzara etorri ziren, Genevara. Ardoa hartzetik ura derrigor edatera pasatzen diren txikiteroen moduan. Nazioarte mailako eskola batean hamabi urte daramatzate biek irakasle.

Geneva

Eskolak dirua badu eta bikotea ez da eskuak gurutzatuta geratzen den horietakoa: pertsona ezagun mordoa eraman izan dute bertara. Adibidez, bezperan BBCko kazetari bat egona zen eta egun batzuk lehenago Alex Salmond politikari eskoziarra.

Alex Salmond-en dedikatoria

Euskal Herritik hainbat pertsona eraman dituzte. Adibidez: Kirmen Uribe, Martxelo Otamendi, Jon Garaño, Eva eta Zigor Argiñano, Edurne Pasaban, Karlos Zurutuza, Mikel Urmeneta... eta abenduaren 8an (oker ez banago) Joseba Errekalde.

Nazioarte mailatik, berriz, Sergio Ramírez, Leonardo Padura, John Carlin, Juan Villoro, Héctor Abad Faciolince, David Grossman, Eva Scholss, Estela di Carlotto...

Asteburua

Urteak dira bertara joateko gonbidapena jaso genuenetik eta, azkenean, azaroaren 18rako egin genuen plana (gonbidapena lagunekin egotera, ez goiko zerrenda hori potolotzera).

Hegaldi merke samarra lortu genuen Bordeletik eta 80 minutu behar izan zituen abioiak Frantzia zeharkatu eta Suitzan lurreratzeko. Aireportutik trena hartu (debalde hartzeko aukera dago) eta Geneva hiriko zentro aldean uzten zaitu hamar minutu eskasean.

Lagunen herria hamabost bat kilometrora dago eta lagunaren zain geratu ginen tren geltokian.

Larunbatean Genevatik barna ibili ginen eta igandean Lausana, Montreux eta Vevey bisitatu genituen. Bereziki gustura egon ginen Vevey herrian 2016ko udaberrian zabaldu zuten Charlie Chaplin handiaren museoan: Chaplin's World.

Hamar argazki jarri ditut Flickr-en. Mila esker John, Lola eta Jack!

John, Lola y Jack, este apunte en castellano.

Suitza 2016

Errumania (II): Bucovina-Slanic Moldova-Danubioren Delta

Mikel Iturria 2016/10/31 17:30
Lehen zatia Transilvaniari buruzkoa izan zen. Bigarren honetan Suceava, Slanic Moldova eta Danubioren Deltaz (Tulcea) idatzi dut.

Hemendik dator: Errumania (I): Transilvania.

Abuztuak 27, larunbata. Baia Mare - Suceava

Baia Maren esnatu ginen eta Suceavan egin genuen lo. 8:30etan atera hoteletik arratsaldeko 16:00etan iristeko helmugara, 234 bat kilometro autoz egin ondoren. 25 minutu egon ginen geldirik herri batean hiru bat kilometroko obra bat zela-eta paso eman arte. Bidean bazkaldu genuen, Humor-etik gertu, Suceavatik 40 bat kilometrora.

Batzuetan Alpe edo Pirinioetako parajeetan barna genbiltzala ematen zuen. Kafea hartu genuen parajea ederra zen, baina autoen joan-etorrien zaratak kaltetu egiten zuen kontenplaziorako tartea.

Suceavako bidean

Sonnenhof hotelean hartu genuen ostatu Suceavan, bidaia honetan zehar onenetakoa. Hotel erabat estandarra zen eta, txorakeria dirudi, baina eskertzen da igogailua izatea maletak igotzeko.

Suceava tamainaz Errumaniako bigarren hiria omen da, baina populazio aldetik ez da 100.000 biztanlera iristen. Kosta egin zitzaigun erdialdea topatzea iluntzean eta, azkenean, plaza handi batean zegoen terrazan afaldu genuen. Jabea eserita, telefonoari begira, eta bi neska arduratsu alde batetik bestera korrika bezero guztiei aurpegi ona jartzen.

Abuztuak 28, igandea. Suceava - Gura Humorului - Voronet - Humor - Suceava

Korrika saioa goizean goiz egin ondoren, eta bapo gosalduta, autoa hartzera abiatu eta ikusi genuen bart aberia (txikia) egin geniola Suceavako Merkatu Zentralaren inguruko aparkalekutik ateratzeko orduan. Ez nintzen jabetu jardineko zintarriaren gainean zegoela aurreko paratxokea trabatuta eta zarata bat entzun genuen atzera botatzerakoan. Gaua zenez aurrera jarraitu eta igande goizean, egun argiz, ikusi genuen solte zegoela paratxokea.

Hoteleko harrera gunekoaren laguntzaz jarri ginen harremanetan Otopeniko (Bukarest-eko aireportua) Autonom alokairu bulegoarekin eta hauek Suceavakoek hartuko zutela bere gain gorabehera erantzun zidaten.

Pare bat ordu luze egin genuen zain eta halako batean korreo bat iritsi zitzaidan: deitzeko Suceavako bulegora. Arraroa bada, guri ezer esan gabe etorri eta bere tokian jarri zuten paratxokea.

Beraien gomendioari kasu eginez, autoa hartu eta 10 kilometro egin genituen bulegora. Bertan Renault Clio berri eta arina eman ziguten. Astelehen goizean karrozeroak begiratuko eta finkatuko zuela pieza.

Voronet Monastegia

Eguerdian Gura Humoroluira joan bai, baina bezperan bazkaldutako jatetxean ez zegoen tokirik eta Voronet Monasteriora hurbildu ginen. Bidean hotel majo bat aurkitu eta bertako jatetxean (La Conac in Bucovina) bazkaldu genuen: jende asko zegoen eta sukaldean nahikoa lan zutela esan zigutenez, pare bat entsalada eskatu genituen.

Handik gertu teleaulki sistema bat zegoen eski estaziora igotzeko. Ezkerretara, berriz, zubi dantzaria zeharkatu ondoren, aisialdirako zonaldea: kirola egiteko, Nordic Walk, etab. Ibai alboan dominguero asko: autoa aparkatu eta barbakoak egiten.

Moja

19:00etarako ixten dituzte monasterioak udan eta, beraz, arratsaldez soilik bi ikusteko tartea genuen: Voronet eta Humor aukeratu genituen. Monasterioei buruz hainbat kontu:

  • Kanpoko paretetan egindako pinturen helburua omen zen garai bateko herritar alfabetatugabeei Biblia ezagutzera ematea.
  • Guneetan sartzeko orduan galtza luzeak edo gonak beharrezkoak dira. Bestela, bertan ematen dizuten zapi batekin hankak estali behar dira derrigorrez.
  • Sarrera bakoitza 5 lei (1,30 euro gutxi gorabehera). Argazkiak ateratzeko eta bideoak egiteko baimena ere pagatu egin behar da (argazkiak beste hainbeste, bideoak doble), baina guk ez genuen pagatu eta inon ez genuen ikusi hori kontrolatzen zuen inor.
  • Eliza barrualdean askoz hobeto kontserbatzen dira pinturak, noski, baina bertan ezin da argazkirik atera, ezta bideorik ere.
  • Ikustekoa da sinestunen debozioa eliza barruan.
  • Sarrera kobratzen, kontrol lanetan, souvenir-ak saltzen... mojak ibiltzen dira.

Humor Monasterioa

Bi monasterioak bisitatu ondoren, hotelerako bidea hartu eta Humor herrian ezkontza bat ikusi genuen. Bat baino gehiago ikusi genituen bidaian zehar, baina hemen atera genituen lehen aldiz hainbat argazki, baita bideoren bat grabatu ere. Igande arratsaldean, 19:00etan, zen ezkontza. Bideoa kaskarra da, baina balio du ikusteko nola sartu ziren elizara.

Abuztuak 29, astelehena. Suceava - Slanic Moldova

10:00ak baino lehen geunden Suceavako autoak alokatzeko Autonom izeneko enpresaren bulegoan. Handik gutxira ekarri ziguten gure kotxea. Bi egun gehiagoz kontratua luzatzeko asmoa agertu eta bertakoak esan zigun amaieran pagatzeko, Otopenin (Bukarest-eko aireportuan).

Dena den, e-maila idatzi nien bi galderekin:

  1. Zenbatekoa izango zen paratxokea konpontzearen kostua.
  2. Bi egunetako kostua ere zehazteko.

Eguerdirako iritsi ginen Slanic Moldova izeneko herrira, baina kostatu egin zitzaigun Vila Siam hotela aurkitzea. Aparkalekua beheko aldean zegoen eta, bazkaldu ondoren, igo genituen eskailerak bi maletekin. Ustez sarrera zena ere itxita, baina eskuinean zegoen benetakoa, toldo baten azpian. Etxeko jabeek koko pastela eta Australiako ardo goxo bana eskaini ziguten harrera moduan. Gero, beste bi pisu maletekin batera, oinez.

Vila Siam

Atseden hartu eta herrian barna bueltaxka eman genuen. Dirua atera eta eguerdiko jatetxe berean egin genuen afari legea. Suitza txikia deitzen diote inguruari. Ur mineraleko iturri piloa dago seinaleztatutako bidexka batean. Bukaeran hau:

Abuztuak 30, asteartea. Slanic Moldova

Korrika saioa eta gosaria. Oso jatorrak bai Lili baita bere senarra ere. Hotelean badago 2005eko Miss Universo izandako Natalie Glebovaren argazki bat eta, webgunearen arabera, berak jarri zuen hotela martxan. Etxeko jabeek zioten alaba Australian zegoela lanean, baina ez dakit zein den Natalie-rekin zuten harremana.

Goiko aldean Hotel Venus izeneko eraikina zegoen. Jestio bat egitera igo ginen eta hotela jubilatuz beterik zegoen. Lilik esplikatu zigunaren arabera, Inserso-ren antzeko sistema bat zegoen han ere indarrean: erdibana pagatzen baitzuen egonaldia jubilatuek eta estatuak.

Zonaldea oso lasaia da eta bainuetxe bat bazegoen (itxita). Sparen bat ere badago. Mendian barna ibilbide politak egin daitezke.

Slanic Moldova

Arratsaldean masaje bana hartu ondoren Vila Siamen bertan (100 lei biona), Cascada izeneko jatetxean afaldu eta euripean etxeratu ginen, uda eta oporrak amaitzen ari ziren sentsazioarekin.

Abuztuak 31, asteazkena. Slanic Moldova - Tulcea

300 kilometro egiteko 10:30etan jarri ginen errepidean eta 16:30ak aldera aparkatu genuen Tulceako hotel aurrean (Europolis hotela), bidean bitan geratu ondoren (batean kafea, bigarrenean bazkaria). Bidaiako bitxikeria: ferrya hartu behar izan genuen 10 minutuko zeharkaldia egiteko.

Ordu t´erdiz ibili ginen arratsaldez hirian barna. Tulceak laku bat dauka eta inguruan zirkuitua dago oinez, korrika edo bizikletan aritzeko.

Tulceara joateko arrazoi nagusiena Danubioren Delta ezagutzea izan zen. Gida-liburuan irakurri genuen hoteletan bertan egingo zigutela proposamena. Eta hotelera etorri zitzaigun Daniel izeneko gizonezkoa, harrerakoak hala eskatuta. Bederatzi orduko bidaia antolatuta zeukala eta, bazkaria barne, 50 euro pagatu behar genituela bakoitzak.

Irailak 1, osteguna. Tulcea (Danubioren Delta)

Goizeko 7:30ak aldera jaiki, gosaldu eta 8:30etan atarian zai. Puntual azaldu zen Daniel zazpi lagunez osaturiko taldea kaira oinez hurbiltzeko: Timisoarako laukote bat (aiton-amonak, ama eta mutikoa) eta gizonezko italiar bat (Eslovenia, Hungaria, Ukrainia, Errumanian barna bakarrik bidaiatzen ari zena). Kaian bertan beste bikote italiar bat (Erromako bi gizonezko). Guztira 9 bidaiari eta baporeko patroi-makinista. Lolita zuen izena gure ontzitxoak.

Danubioren Delta: Lolita

Kruzero abiadura (tuku-tuku) hartu zuen eta kristo guztiak aurreratzen gintuen, batzuetan olatu handi samarrak sortuz inguruan (sakatu beheko argazkian: flickr-en 20 segunduko bideo bat dago). Gure makinista ez zen inoiz aztoratzen. Karga-ontzi handi batek ere pasa zigun itsasorako bidean (izan ere, handia baita Tulceako portua eta material asko mugitzen da ibaitik barna).

Danubioren delta

Hiru orduko bidaiaren ondoren iritsi ginen moila txiki batera. Patroiak berak bakarrik lotu zuen ontzia, ogiz beteriko poltsa pare bat hartu eta etxe batera eraman gintuen. Jardinean 9 bidaiarientzako bazkaria zegoen prest. Bertako arraina, ibaikoa, patata egosiekin eta arrain zopa (ciorba) atera zizkigun etxeko andreak. Arrain egosiak ez zuen izan arrakasta handirik. Bigarren platera: arrain (bera) frijitua. Eta hura gusturago jan genuen (nik behintzat).

Txokolatezko pasteltxoak eta kafea hartu ondoren, patroia ontzian zain egongo zela eta bertara hurbiltzeko. Ordu t´erdi pasa genuen etxe hartan.

Danubioren Delta: baporea

Buelta gehiago gustatu zitzaidan, nahiz eta luzeagoa izan (lau ordu t´erdi). Trafiko gutxiago eta dena lasaiagoa izan zen. Faltan botatzen zen gidari bat: hau da, norbaitek esplikatzea zer ikusten ari ginen.

18:00ak aldera iritsi ginen kaira. Esan bezala, 9 orduko bidaia. Gida-liburuak zioen hiruzpalau orduko bidaiak zeudela, baina motora azkar horietan baino askoz hobea da Lolitaren moduko baporean ezagutzea ingurua.

Boxeoa Tulcean

Iluntzean hotelaren aldameneko pizzeria batean afaldu genuen. Bidean, bezperan bezala, boxeko konbate amateur-ak H&M denda baten alboan. Adin guztietako ikusleak, familiak barne. Boxeolari bakoitzaren entrenatzaile eta aholkularien oihuak entzuten ziren. Round bakarra aguantatu genuen, desatsegina egiten zelako borroka inguru horretan ikustea. Aurreraxeago, 16-18 urte bitarteko boxeolari gaztetxo batzuk gurutzatu genituen beroketa ariketak egiten ari zirenak borrokatzeko ordua iristeko zai.

Rumanía (II): Bucovina-Slanic Moldova-Delta del Danubio (este apunte en castellano).

Abenduaren 8ko oharra: nire asmoa Bucarest-en bizitutakoa kontatzea zen, baina oharrei erreparatu diot eta ez da beste munduko ezer.

Ostiralean, hilak 2, iritsi ginen, hiri erdialdean hartu genuen hotela (Elisabeta Hotela); maletak bertan utzi eta autoa entregatzera joan ginen aireportura. Arratsaldean saiatu ginen Parte Zaharra aurkitzen, baina okerreko bidetik joan ginen.

Larunbat goizean Parlamentua bisitatu genuen, inguruan bazkaldu eta buelta bat eman. Iluntzean aurkitu genuen Parte Zaharra. Tamalez. Turistaz eta bertako jendez gainezka baitzeuden terraza guztiak.

Igande goizean oinez abiatu ginen eta Garaipen Arkura iritsi (Paris Txikia deitzen dioten eremuan). Herastrau Parkean murgildu ginen: parke puska eta laku polit askoa duena. Iluntzean berriro Parte Zaharrera.

Eta astelehenean, irailak 5, etxerako bidea hartu genuen.

Juan Gorostidiren elkarrizketa eta liburua

Mikel Iturria 2016/10/25 08:00
Aspaldiko partez euskal prentsan irakurritako elkarrizketarik interesgarriena irakurri nuen igandean.

Halaxe da. Pasa dut garai bat oso gutxi irakurtzen nuela bertako prentsa (euskarazkoa zein gaztelaniazkoa). Oso inguru txikian bizi gara eta beti jende berbera sumatzen dut, normala denez, komunikabideetan.

Baina esan bezala, Juan Gorostidiri igande honetako Berrian Gorka Erostarbek eginiko elkarrizketak zer pentsatua eman dit («Propagandistaz inguratuta gaude esparru intelektualean»).

Hainbeste zer igande arratsaldea hura gaztelaniaz jartzen pasa bainuen. Lehen bertsioa bukatu ondoren baina, zalantzak piztu zitzaizkidan: lehena, interesa izango luke elkarrizketa horrek erdal munduan?; bigarrena, interesa izanda ere, gaztelaniaz argitaratu behar nuen? Azkenean, kontsulta batzuk egin ondoren aurrera egitea erabaki nuen eta hona hemen emaitza: Juan Gorostidi: «En el ámbito intelectual estamos rodeados de propagandistas».

Lehendik ezaguna egiten zitzaidan Gorostidi (liburu honengatik: Lau kantari. Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika), baina hori ere irakurri gabe daukat.

Sarean begiratu eta haren blogarekin egin dut topo: Sabeliztun. Ez du asko argitaratzen bertan, baina badaude testu batzuk eta ez bakarrik bereak. Azken hauen artean dago, adibidez, Juan Kruz Igerabidek idatzitakoa Zazpigarren heriotza liburuaren aurkezpenerako: Zoramen trantsitorioa. Hona hemen zati bat:

"Apaiztegitik etxera itzulia nintzen batean, aita lanetik etorri zen bere kamioiarekin, zuri-zuri. Mahaira eserita, hauxe besterik ez zuen esan:

-Hasi gara berriro.

Donostiatik bueltan Adunako zubia hartu baino lehentxeago auto-ilaran itxaron behar izan zuen, ETAk lehen guardia zibila hil berria baitzuen hantxe.

-Hasi gara berriro.

Esaldi horrek nire buruan galdera bat piztu zuen: “Zertan hasi gara?"

Zazpigarren heriotza liburua Ereinek kaleratu zuen pasa den uda atarian. Gorka Erostarberen hitzetan, "biografia pertsonala, memoriak, kronika politikoa, saiakera, gogoeta uztartzen ditu, Euskal Herriko azken 40 urtetako historiaren hainbat gai eta gaitz mahai gainean jarriz, hainbat giltza eta mintz ukituz, betiere ahots kritiko argudiatu eta ilustratuz (ezin konta ahala adibide eta erreferentzia kultural darabiltza, nola bertoko nahiz besteko)".

Zazpigarren heriotzaren goiko loturan badago aurkezpen eguneko bideo luze bat (ia ordubetekoa). Askoz ere laburragoa da behean itsatsitako beste pilulatxo hau.

Uste dut zeresana emango duela liburuak. Edo ez. Batek daki!

Indarkeriarik gabeko eguna

Mikel Iturria 2016/10/22 09:50
Ostegunean, batez ere, eta ostiralean gertatutako hainbat gauza.

Garbitzailea

Goizeko 7:30ak dira. Gimnasioan. Aldageletako pasilloan bi lagun ari dira hizketan. Horietako bat komunera doa. Bestea zain gelditu da kanpoan. Garbitzaileak atea zabaltzeko esan dio. Zabaldu eta barruan jendea dagoela abisatu honek. Besteari begira "Lepotik hartu eta garbituko haut. Danba jo eta akabatu! Denak!". Kanpoan geratu denak: "Lasai, gizona, lasai..." dio. "Hi ere garbituko haut!" zakar batekin amaitzen du garbitzaileak.

Ama

Goizeko 9:00ak pasata. Autobusean. Lau eserleku (binaka aurrez aurre) dituen eremuan eseri da. Beste aldean gizonezko bat dago.

Hurrengo paradan andre bat eseri da aurrez aurre. Entzungailuak ditu belarrian. Halako batean, dei bat jaso eta hizketan hasi da denok entzuteko moduan:

"Ez dakizu zer pasatu zaidan! (...) Bulego batera joan naiz eta goiko pisutik begira ari nintzela semea ikusi dut beheko aldean. Hurbildu egin naiz berarengana, baina berak alde egiteko esan dit malamaneran. Niregatik gelditu dela aurten ikasi ezinik. Alde egiteko edo poliziari hots egingo ziola".

Deia sartu zaio entzuleari telefonoan eta galdu egin du haria. Hurrengo puntuarekin du zerikusia deiak.

Zuntza-zuntza

Irailaren amaieran zuntz optikoa jartzeko konpainiaren eskaintza onartu eta urriaren 4an etorri zen instalatzailea. Hiru orduko lanaren emaitza baina, ez zitzaion batere gustatu bezeroari. Etxeko ataria itsuski uzteaz gain, ez zen konexioa berak nahi bezala iristen etxeko bazter guztietara.

Etxeko ataria

Deitu du konpainiara eta hor hasi da gurutze-bidea. 22123 zenbakira deitu, 1444ra hots egin, 123 sakatu. Dei horietako askotan pertsona bat entzun ahal izateko hamar minutu eman behar izan ditu esperoan. Twitter bidez ere saiatu da. Lortuko al du zerbait? Esan diote datorren astean utziko dituztela gauzak beran nahi bezala.

Ematen du konpainia handi horrek azpikontrataz josita duela bide guztia eta gehienak baldintza prekarioan ari direla beharrean.

Adierazpen askatasuna

Madrilgo lagun bati hots egin dio. Gaitz kroniko batek noizean behin ematen dion erasoetako bat pairatzen ari da eta bajan dago.

Ohikoa duten bezala politikaz (bizitzaz) aritu dira solasean. Ez zuela berak inondik inora Altsasuko bertsio ofiziala irensten; González eta Cebrián bikote boteretsua ere izan dute berbagai. CIEtako egoera lotsagarri, nazkagarri eta iraunkorra.

Lagunak kontatu dio garai batean "zentroko"ak zirela esaten zuten eskuinzale lotsati haiek eskuin muturreko agertzen direla gaur egun inolako erreparorik gabe.

Kazetaritzaz ere egiten dute berba, baina hori hobe ez kontatzea gaur.

Afaldu eta ohera. Duela bost urte ETAk armak albo batera utzi zituela jakiteak sortutako pozak zapore gozoa utzi dio egunaren amaieran.

P.S.: ziberasoak egon omen ziren atzo eta hainbat webgune potolo erori egin ziren.

Día sin violencia, este apunte en castellano.

Lotura gehiago:

Taberna giroa, Juan Kruz Lakasta.

Información e intoxicación, Miguel Sánchez-Ostiz.

Pequeño hilo sobre El País, Altsasu y Cebrián, Galder González.

Urriko egun haiek, Ana Malagón.

Ramiro García de Dios: "Los CIE son centros de sufrimiento e impunidad".

Gertatzen ari bada, Gorka Julio.

Someone Is Learning How to Take Down the Internet, Bruce Schneier.

Ciberpiratas: la vanguardia de la nueva guerra fría, Alberto Piris.

Errumania (I): Transilvania

Mikel Iturria 2016/10/09 21:40
Abuztuaren 19tik irailaren 5era Errumanian egon nintzen oporretan. Hainbat ohar hartu nituen eta horiek ordenatu eta hemen jarriko ditut. Lehenengo astekoak dira hauek. Ez espero gehiegi, baina igual bertara joan nahi izanez gero baliagarriak zaizkizu.

Abuztuak 19, ostirala. Donostia - Bilbo - Frankfurt – Bukarest

Egun guztia bidaiatzen, goizeko 9:30ean atera etxetik eta gauerdian (bertako 1:00ak, ordubete gehiago baita Errumanian) iritsi baikinen hotelera. Eguerdian hartu genuen hegaldia Bilbotik Frankfurtera eta handik Bukarestera, Otopeni aireportura.

Hotela (Angelo By Viena House) aireportutik oso gertu hartu genuen. Gainera, shuttle service (aireporturako joan-etorriko taxi zerbitzua) prezioaren barne zegoen, baita gosaria ere: 70 euro gaua bi pertsonentzat (ohiko prezioa maila horretan Bukarest-en; Errumanian merkeago dira normalean hotelak).

Abuztuak 20, larunbata. Bukarest-Brasov

Autoa jaso genuen aireportuan eta Brasov herrira joan ginen. Bi ordu t´erdi luzeko bidaia izan zen, Sinaian auto ilara polita zegoelako herria zeharkatzeko.

Casa Cranta hotelean hartu genuen ostatu (hotel guztiak Booking bidez): 65 euro gau bakoitzeko, gosariarekin. Erdigunetik oso gertu dago, baina zarata guneetatik urrun. Hirugarren pisuan eman ziguten gela eta txarrena izan zen eskailerak igo behar izatea maletekin (ez zegoen igogailurik). Hori albo batera utzita, oso toki atsegina eta gomendagarria.

Piața Sfatului

Bazkaldu ondoren, teleferikoa hartu genuen eta mendi aldera igo ginen hiriko bistarekin gozatzeko. 250.000 biztanle ditu Brasov-ek eta alde historiko ederra Piaţa Stafaluiren inguruan.

Brașov

Abuztuak 21, igandea. Brasov - Bran - Predeal – Brasov

40 minutu inguruko bidaia egin genuen goizean Bran aldera joateko. Bertako tokirik erakargarriena Gaztelua da (Bran Castle). Bertara sartzeko denbora dezente itxoin behar izan genuen eta barrualdean ere jende mordoarekin egin genuen topo. Hori bai, bertatik atera ginenean jende gehiago sartzeko zain.

Bran-go gaztelua

Diotenez, Bram Stoker idazleak gaztelu honi buruz irakurritakoak (Dracula eta Bran Castle) erabili omen zituen Dracula kondearen gaztelua irudikatzeko garaian.

Predeal, Errumaniako herririk altuena, aukeratu genuen bazkaltzeko. Beste 40 minutuko ibilbidea autoz. Mihail Sebastian-ek Diarios 1935-1944 liburuan askotan aipatzen duen herria da Predeal eta horregatik aukeratu genuen, Brasov-erako bidean zegoela ahaztu gabe. Eskiatzeko toki aparta zelako joaten zen Sebastian bertara eta orain ere hori da neguko plana (oker ez banago, irailean hasten da eski garaia Errumanian).

Iluntzerako Brasov-en geunden. Madriden kontra jokatu behar zuen Realak denboraldiko lehen liga partida, Anoetan. Asmoa nuen partida ikusteko, baina Brasov-eko terraza eta tabernetan ez zegoen modurik futbola ikusteko. Ezta apustu guneetan zeuden telebistetan ere.

Hotelera joan ginenean baina, gelako telebistan partida ikusteko aukera genuela konturatu nintzen eta azken ordu erdia ikusi nuen. Jada 0-2 aurretik zegoen Madrid eta azken gola ikusi nuen. 0-3. Kaka zaharra!

Abuztuak 22, astelehena. Brasov – Sighisoara (arratsaldez Viscri eta Rupea)

Hotelean gosaldu ondoren Sighisoara herrira joan ginen. Ordu t´erdi luze autoz (120 kilometro inguru egiteko). Camping-a ere bazen hotela, gela oso txukunak eta berriak zituena (gau bakoitzeko 40 euro, gosaririk gabe).

Bizkarreko kontraktura batekin nenbilen bueltaka eta fisioterapeuta baten bila aritu nintzen herrian. Azkenean, gimnasio batean lortu nuen hitzordua masajista batekin, baina bi egun barru: asteazkenean.

Viscri herrixka bisitatu genuen bazkalaurretik. Asfaltatu gabeko 7 kilometroko errepidetik igo ginen bertara. Gizateriaren ondare izendatua du Unescok bertako eliza fortifikatua, baina gure asmo nagusiena bazkaltzea zen eta hori ezinezkoa zenez, alde egin genuen Rupearuntz.

Rupea-ko gaztelua

Rupean bazkaldu eta ondoren bertako gaztelua bisitatu genuen. Bertatik herri saxoi honen aski bista polita dago.

Abuztuak 23, asteartea. Sighisoara - Sibiu - Biertan – Sighisoara

Hoteletik goizean goiz atera ginen, gosaririk ez baikenuen bertan. Herrian (ez ginen horregatik sartu, baina Baqué kafea zuen Hotel Bulevard izenekoak) gosaldu eta Sibiu aldera joan ginen (ordu t´erdira dago, 80 kilometro inguru). 150.000 biztanleko hiri hau Europako kultur hiriburu izan zen 2007an. 2000tik 2014ra Klaus Werner Iohannis izan zuten alkate eta egun Errumaniako presidente da berau (ez lehen ministro).

Partidul National Liberal

Sibiuko populazioaren jatorri alemaniarrekoak %2ra iristen ez badira ere, Alemaniarren Foru Demokratikoa izeneko alderdiaren zerrendan lortu zuen Iohannis-ek bertako alkate izatea. Gida-liburuaren arabera, herria berriro ere Alemaniaren orbitan jartzea lortu ei zuen. Egun Partidul Național Liberal alderdiko kide da eta, esan bezala, Errumaniko presidente. Moraleja: horrek zer adierazi nahi du, Goia lehendakari izango dela?

Piata Maiore: Sibiu

Piaţa Maiore inguruan ibili ginen bueltaka, alde zaharrean. Lehen aldiz probatu genuen ciorba (zopa) bazkarian eta hortik aurrera gehiagotan aukeratu genuen.

Autoaren gurpilekin arazoak genituen: gurpilen maila kontrolatzen zuen argia piztuta. Medias herriko gasolindegi baten arazoa ustez aurreko aldean zela sartu zitzaidan buruan, baina argiak piztuta jarraitzen zuenez, Sibiuko aireportuan Autonom enpresako bulegotik pasa nintzen (hurrengo batean kontatuko ditut konpainia honekin ondoren izandako komeria batzuk: Autonom autoak alokatzeko Errumaniako zerbitzurik handiena da). Mutil prestu batek lagundu gintuen beste gasolindegi batera eta arazoa atzeko gurpiletan zela konturatu ginen. Haizatu eta listo.

Sighisoarako bidean, Biertan herrian gelditu eta hemen ere gaztelua bisitatu genuen. Beste herri saxoi polit bat, oso landa eremukoa (zaldiz tiratutako gurdi asko ikusten dira errepideetan).

Biertan

Sighisoaran afaltzerakoan Madrilen ostalaritzan lanean aritutako zerbitzari batekin egin genuen topo lehen aldiz.

Abuztuak 24, asteazkena. Sighisoara

Ordubete gehiago da Errumanian. Berehala argitzen du egunak. Goizeko 6:00ak baino lehen lo egin ezinik nengoenez, xuabe-xuabe atera nintzen korrika egitera Sighisoaratik barna. Langile jendea goizean lanerako bidean eta zakarrak botatzera hainbat zahar etxeko atarian. Txakurren bat edo beste eta auto gutxi batzuk.

Dutxatu eta atzoko kafetegian kafea hartu ondoren, Gigi kateko ogitxo batzuk jan genituen. Txokolatedunak 2 lei, txokolaterik gabea leu 1 (euro bat = 4,5 lei).

Sighisoara

Alde historikoan barna ibili ginen goizean eta goiko eliza eta Orfebreen dorrea bisitatu. Jende asko bueltaka. Gu euskaraz ari ginen eta begira geratu zitzaigun mutil bat, Durangon bizi dena, baina Cluj herrikoa jatorriz. Emaztearekin batera zegoen Sighisoaran. Berak pintore gisa egiten omen du lan eta bi egun behar izan zituzten Euskal Herritik Cluj-Napoca herria iristeko. Ez zuen ezer jakin nahi Bukarest-i buruz eta Itsaso Beltzeko hondartzak ere ez zituen gustuko.

Emaztea portugaldarra zen. Lehen aldiz iaz etorri omen zen Errumaniara. Etorri aurretik, beldurra zuela aitortu zigun: ez zuela etorri nahi. Gero, aski gustura egin zituen hogeitik gora egun bertan. Gizonezkoren ama eta bikotearen haurra ere oporretan omen zeuden, baina amona eta biloba Cluj-en geratu ziren.

Bikote honekin topo egin baino lehen, beste bati erreparatu nion. Bezperan pasa ziren gure paretik gu afaltzen ari ginen bitartean. Bi haur. Txikiena, denak haren musikan dantzan jartzen zituen neskatoa. Bestea zortzi-bederatzi bat urteko mutiko isila. Gizonezkoa espainiarra zen. Amak errumanieraz egiten zuen, baina neskari zuzentzeko orduan gaztelaniaz bakarrik. Arraroa.

Eguerdian masajea hartu ondoren, lasai-lasai pasatu genuen arratsaldea Sighisoaran, camping-eko igerilekuan.

Abuztuak 25, osteguna. Sighisoara - Baia Mare

Goizeko 8:15ean hartu autoa eta 14:30ak aldera aparkatu genuen Baia Mareko hotelean. 260 bat kilometro.

Bidean geratu ginen kafetegian hainbat ohar hartu nituen:

1.- Auto pilaketa zegoen bidean eta ume ijito batzuk eskean pasa ziren, gertu, goseak eragindako begirada bizi, espabilatu eta lotsagabearekin kotxe barrukoei begira.

2.- Lau edo bost neska elkarrekin herri bateko irteeran aparkaleku batean. Prostituzioa ere ikusten da errepidean. Gutxi, baina ikusten da.

3.- Kurba mordoa. Abiadura moteltzeko jarri bai, baina askotan jakin ez zein zen abiadura egokia.

4.- Egun gutxi batzuk nahikoak dira (ia) bertakoak bezala gidatzeko eta haiek aurreratzen duten bezala aurreratzeko.

5.- Herriz herri. Oraindik tunelik zeharkatu ez (azkenean bakarra zeharkatu genuen, Bukarest-en bertan autoa aireportuan utzi behar genuen egunean bertan).

Surdesti: eliza

Baia Maren bazkaldu ondoren, berrogei minutuko bidea egin genuen Surdeşti-ra. Mundu mailan egurrezko dorrerik handiena duen eliza ikusteko asmoz. Belarra mugitzen ari ziren baserritarrak hura lehortzeko asmoz eta belar meta batzuk ikusi genituen. Eliza itxita zegoen. Saltzaile bakarra aparkalekuan, aita bat gurditxoan mutikoa paseatzen eta zakur handi eta lasai bat bueltaka.

Elizako atean telefono bat zegoen giltza eskuratu nahi izanez gero. Argazki batzuk atera nizkien kanposantuko hainbat hilarriei. Herrira bueltatzerakoan iruditu zitzaigun andre batek giltza erakutsi zigula, baina berandu zen eta ez ginen geratu.

Surdestiko txakurra

Abuztuak 26, ostirala. Baia Mare - Sighetu Marmației - Săpânța - Barsana - Baia Mare

7etan korrika saioa egin nuen Baia Mareko kaleetan barna. Ez zait gustatzen korrika egitea nondik nora nabilen jakin gabe, baina egun horretakoa ez zen bereziki zaila izan. Gazta, tomatea, tortila frantsesa... atera ziguten hotelean gosaritarako (gau bakoitza 30 euro).

Sighetu Marmației herrira joan ginen, Ukrainiako muga-mugan. Ohiko media: ordu t´erdi pasatxo 61 kilometro egiteko. Mendian gora, batez ere, eta behera egindako tartea izan zen motelena. Lehena kurbaz josita zegoen eta bigarrena, berriz, obretan (zati luzeak, gainera).

Zer ikusi daiteke Sighet-en? Sighet Memorial Museum (hau da, Komunismoaren Biktimen Museoa). XX. mendeko kartzela izandakoa da Sighet-ekoa, baina batez ere erregimen komunistaren kontrakoak giltzapean sartzeko 1950. hamarkadaren bueltan.

Memorialul Victimelor Comunismului şi al Rezistenţei

Sarreran ea nongoa nintzen galdetu zidaten. "Basque Country" ezagutzen ez eta "Between Spain and France" zegoela esandakoan "Spain" jarri zuen (Andorra jartzerik ba zuen!). Zergatia galdegin eta ez zidan erantzun. Eskerrak giza eskubideei buruzko museoa den!

Burura etorri zitzaidan Mihail Sebastian 1945ean hil izan ez balitz, bertatik pasatzeko aukera handiak izango zituzkeela.

Bisitaren ondoren plaza batean zegoen turismo bulegoan egon ginen. Bertako gizonak urtebete eman zuen Salamancan eta anai-arrebak zituen gaur egun Madrilen eta Bartzelonan.

Elie Wiesel-en etxea

Elie Wiesel-en jaiotetxea kanpotik ikusi eta Săpânța izan zen hurrengo estazioa. Bertan bazkaldu eta Cimitirul Vesel bisitatu genuen. Herriko artisau bat hilobiak koloreztatzen hasi zen: kolorea, pintura eta berak erabakitako epitafio bat hildakoa erretratatzeko. Gaur egun herriko kanposantua turisten jomuga da (oso bisitatua). Gizon hura ere hil egin zen eta berak beste hainbat artisauri erakutsi omen zien teknika. Herriaren irteeran monastegia dago, bisita merezi duen konplexu bitxia.

Bârsana

Bârsanako monastegian denbora gehiago eman genuen. Fededun askorekin egin genuen topo. Hemen ere Maramures-eko egurrezko elizetako bat dago (Gizateriaren ondare).

Egunean zehar berrehun kilometro autoz egin ondoren iritsi ginen hotelera. Dutxa bat hartu eta Baia Mareko erdialde historikoan terraza mordoxka zituen plaza batean geratu ginen. Harrigarria ze zarata gutxi ateratzen zuen jendeak, nahiz eta terraza gehienak beteta egon.

Trafikoa

1200 kilometro eginak nituen jada autoz. Herrietan oinezkoak ez direla tentu handiz ibiltzen berehala jabetzen da gidaria. Etxeko atarian bezala mugitzen ziren, kontuan hartu gabe gu bezala kilometro mordoa egiten ari den jendea dabilela autoarekin bueltaka, trailer handiak ahaztu gabe. Edozein kurbatan topo egin dezakezu haur batekin bizikletan (umea bakar-bakarrik), hankak arrastaka daramatzan aitona edo amona idem-eadem-idem. Banatzaile batzuk erabaki dutela furgoneta erdi-erdian uztea, arriskuari erreparatu gabe. Herriko batek zure aurretik doan furgonetari geratzeko keinua egin eta txoferrak, bat-batean, obeditzea.

Gurdiak

Askotan esan dudan bezala, ez dut uste errumaniarrek guk baino askoz okerrago gidatzen dutenik; hori bai, jakin behar da azkar identifikatzen zeintzuk diren bertako arauak eta saiatu haiek betetzen. Adibidez, errespetu handia diote oinezkoentzako pasabideei: norbait beste karrilean hasten bada zebrabidea pasatzen, gelditu beharra dago, nahiz eta zuk pasatzeko aukera izan.

Gida-liburuak zioen Europa mailako ezbehar-mailarik altuena zuela Errumaniak 2009an (eta hori dirudi 2010-2015eko datuak jasotzen dituen taula honetan ere).

Mihail Sebastian: Diario (1935-1944)

Mihail Sebastian-en Diarios 1935-1944 liburua gorago aipatu dut eta orain luzeago idatziko ditut lerro batzuk honi buruz.

2004an Patera izeneko posta zerrendako kide bati irakurrita erosi nuen liburua. Orduan hasi bai, baina bidean geratu nintzen irakurketa amaitu ezinik. Oporrak Errumanian pasako nituela erabakitakoan, hasi nuen berriro liburua eta Errumanian bertan bukatu nuen.

1996an argitaratu zen eta Anna Frank zenarekin parekatzen dute liburua. Braila herrian jaiotako judutarra zen Mihail, baina alde nabarmena dago bien artean: Mihail-ena 28 urteko abokatu, kazetari, idazle, antzerkigile eta intelektual heldua den baten ariketa baita.

Hasiera batean, emakumeak, lagunak eta lan kreatiboa ditu aipagai. Gerrak, baina, urrundu egin zituen bere lagun asko, posizio politiko diferenteak zituztelako (eskuin muturreko legionario asko) eta Sebastian jazartutako judutarra.

Bereziki Errumania gerran Alemaniarekin batera sartzen denean, II. Mundu Gerraren jarraipena egiten du Sebastianek. Judutarren kontrako sarraskiak eta hainbat neurri: irrati-aparatuak entregatu beharra, zerbitzu domestikoa kontratatzeko debekua, janari kuota diferenteak eta murritzagoak, hainbat zerga edo tasa pagatu eta zerbitzuak eskaini behar izatea...

Egoera ekonomikoa okertu egin zitzaion eta bakarkako pisua utzi behar izan zuen gurasoengana bueltatzeko (etxetik bota zituzten gero gurasoak eta etxe txikiago batean bildu ziren guztiak). Etengabe diru bila zebilen, lanean (itzulpenak, testuen egokitzapenak, eta abar).

Errumanian gerra bukatu zenerako, 1944ko uda, guda desagertu egiten da liburutik, nahiz eta aipatu (batzuetan ulerkor) soldadu errusiarrek Errumanian bertan egiten zituzten hainbat bidegabekeria.

Urte amaieran egoera ekonomikoa hobetu zen berarentzat eta 1945ean lana lortu zuen ministerio batean (Prentsan). Iruditzen zitzaion sei hilabete lehenago besteei ipurdia miazkatzen zieten berberek orain ere ariketa bera egiten zutela agintari berriekin.

Diarioa 1944an amaitzen da. Errusiarren kamioi batek harrapatuta hil egin zen 1945eko maiatzean. Trafikoa, arazo.

Esperientzia ona izan da horrelako liburu baten bidez ezagutzen ez nuen herrialde batera gerturatzea.

Rumanía (I): Transilvania (este apunte en castellano)

P.S.: hemen jarraitzen du kontakizunak. Errumania (II): Bucovina-Slanic Moldova-Danubioren Delta

Hamar pelikula eta kontzertu bat

Mikel Iturria 2016/09/27 21:59
Urtean zehar ez naiz film asko ikusten dituen horietakoa, baina bai gustatzen zaidala Zinemaldiaren aukera aprobetxatzea pelikula batzuk ikusteko.

Gustu konbentzionalak dira nireak eta segurola samar jokatzen dut. Gehienak, Perlak sailekoak izan dira.

1.- Toni Erdmann. Nire aurtengo despistearen barruan ez nuen sinopsia irakurri eta aretoan bertan jabetu nintzen Maren Ade zuzendariak Bucarest-en kokatzen duela pelikula. Emakume exekutibo gaztea Errumaniako hiriburuan ari da lanean. Karrera egin nahian, ez du erreparo handirik lan zikina egiteko. Aita, clown desastre samarra, agertzen zaio bat-batean. Irribarrea marraztuko dizu filmak hainbat unetan, baina garratza da giroa. Luzea da eta, gainera, alferrik luzatzen du bukaera. Alemaniak Oscarretara eramango duen pelikula. Edizio honetatik gehien gustatu zaidanetako bat.

2.- El hombre de las mil caras. Alberto Rodríguez zuzendariaren ("La isla mínima") Sail ofizialeko filma gomendatu zidaten. Bi gizon (Paesa eta Roldán) eta ihes bat, Guardia Zibilaren zuzendari ohiarena. Felipe González ez da agertzen, baina nik oso presente izan nuen proiekzioan. Felipismo garaiko estolden zatitxo bat. Gizon boteretsu izatetik gizajo bat izaterainoko bidaia. Bikain Eduard Fernández (Paesa), baita haren laguntzailearen rolean José Coronado.

3.- Florence Foster Jenkins. Meryl Streep, Hugh Grant eta Simon Helberg (Howard The Bing Bang Theory seriean) hirukotea Stephen Frears-en zuzendaritzapean. Victoria Eugenian bertan agertu zitzaigun Grant. Benetako istorioa du oinarri filmak: New York-eko andre dirudunak musika maite du eta soprano izan nahi du, baina naturak ez dio nahikoa baliabiderik eman. Inguruak ere ez dio laguntzen, dirua berak jartzen baitu eta inork ez baitu txintik esaten, nahiz eta ahots horrorosoa izan andreak.

4.- Neruda. Zalantzaren bat izanez gero, beti zinema txiletarraren aldeko hautua egin. Horixe esan zidan lankide batek. Hau apustu segurua zen, gainera: Pablo Larraín zuzendari. Beste ihes bat: Pablo Neruda politikari komunista eta poetak nola egin zuen hanka Txiletik polizia (Gael García Bernal) atzetik zuela. Epikoagoa da hemen dena.

5.- Elle. Paul Verhoeven. Lehenengo eszenan jada garbi gelditzen da ez duzula oso ondo pasako: bortxaketa bat entzuten da kamerak emakumearen katua enfokatzen duen bitartean. Isabelle Hupperten bizitza puzzle konplikatua da. Eta ez dut gehiago kontatuko. Filmak ez ninduen asebete.

6.- Frantz. François Ozon. Lehen Mundu Gerra amaitu berri dela, mutil frantses batek Alemaniako herrixka bateko kanposantuan hilobiratutako mutil alemaniarra bisitatzen du. Hildakoaren neskalagunak bat-batean ikusiko du egun batean hilobian loreak jartzen eta hortik aurrera... Pierre Ninney (frantziarra) bikain. Zinema klasiko txuri-beltzean.

7.- Siera Nevada. Hau bai aukeratu nuela film errumaniarra zelako. Baina ez nuen ordu egokia hautatu (osteguna, 22:15) eta metrajea ere pasa egin zitzaidan (ia 3 ordu). Bucarest-en bizi den familia amaren etxean elkartzen da aitaren heriotzaren berroigeialdia bazkari batekin ospatzeko. Apaiza berandutu dela, senideen arteko liskarrak direla... Bazkaria zena afari bihurtzen da: hau da, bazkaldu gabe gelditzen dira eta, halako batean, afaltzera esertzen dira. Oporretan turista moduan ikusitako herrialdearen beste ikuspegi bat.

 8.- La Reconquista. Jonás Trueba. Hamabost urterekin nobio izandako bikotea berriro elkartzen da hogeita hamar urteren bueltan. Lehen plano mordoa. Giro intimista... Eskerrak Rafael Berriok (neskaren aita gisa) kanta batzuk eskaintzen dituen zuzenean (eta soinu banda gisa).

9.- Arrival. Denis Villeneuve. Belodromoan Perla ataleko itxierako pelikula. Estralurtarrak bisita egiten digute eta haiekin harremanetan jartzea egitea egokitzen zaio aditu talde bati (tartean hizkuntzalari bat). Generoa ez zait interesatzen (Zientzia Fikzioa) eta gaia ere.... Oso kritika onak irakurri ditut (honen arabera urteko filma omen), baina niri ez zitzaidan gustatu.

10.- L´Odysée. Jacques-Yves Cousteauri buruzko film ez bakarrik laudoriozkoa. Aita-semeen arteko harreman korapilatsua (Pierre Ninney da Philippe), emaztea (Audrey Tautou, Amelie filmekoa) eta beste emakume batzuk, dirua, megalomania... Rato on bat pasatzeko pelikula, irudi espektakularrak dituena (itsasoa, Antartida...).

Bonus track: ostegunean Neighbor taldeak (Maite Larburu eta Josh Cheatham) bigarren diskoa aurkeztu zuen Doka Antzokian, "Hau" izenekoa. Pena, baina bospasei kanta bakarrik entzuteko aukera izan nuen. Ez dago lehen diskoaren sorpresa, baina Maite oholtza gainean abesten eta mugitzen ikus-entzutea plazerra da beti. Izango da beste aukeraren bat.

Diez películas y un concierto, este apunte en castellano.

Ez dugu gantzerorik topatu Errumanian

Mikel Iturria 2016/09/11 22:15
Abuztuaren 19tik irailaren 5era Errumaniatik barna ibili gara.

18 egun etxetik kanpo, 16 Errumanian barna.

14 egun autoz herrialdeko errepideetan zehar: 2.500 kilometro. Nire kalkuluen arabera, kostata ailegatu gara orduko 50 kilometroko media egitera eta honek 45-50 bat ordu eskatzen ditu automobila gidatzen.

Tunel bakarra gurutzatu dugu bidaian eta hori azken egunean izan zen, Bukarest hiriburuan bertan, kotxea aireportuan entregatu aurretik.

570 euro gastatu genituen autoa 14 egun horietan alokatzeagatik, baina 500 euroko frankizia ere galdu genuen Suceava hirian gauez paratxokearen zati bat kaleko zintarriarekin trabatu zelako aparkatzeko orduan.

9 ordu pasa genituen baporean Danubioko delta korritzen. Tuku-tuku-tuku... Bukarest-eko Herastrau parkeko lakuan emandako bueltatxoa ahaztu gabe.

Hauxe izan da bidaia egunez egun:

Abuztuak 19. Donostia - Bilbo - Frankfurt - Bukarest.

Abuztuak 20. Otopeni aireportuan autoa jaso eta Brasov-era.

Abuztuak 21. Brasov - Bran - Predeal - Brasov.

Abuztuak 22. Brasov - Sighisoara. Arratsaldez: Sighisoara - Vizcrim - Rupea - Sighisoara.

Abuztuak 23. Sighisoara - Sibiu - Biertan - Sighisoara.

Abuztuak 24. Sighisoara.

Abuztuak 25. Sighisoara - Baia Mare. 8:15-14:30. Arratsaldez: Baia Mare - Sudesti - Baia Mare.

Abuztuak 26. Sighisoara - Sighet - Sapanta - Barsana - Baia Mare.

Abuztuak 27. Baia Mare - Suceava. 8:30-16:00. 234 kilometro.

Abuztuak 28. Suceava - Gura Humorolui - Voronet - Humor - Suceava.

Abuztuak 29. Suceava - Slanic Moldova. 10:15- 13:45.

Abuztuak 30. Slanic Moldova.

Abuztuak 31. Slanic Moldova - Tulcea. 10:30-16:30. 300 kilometro.

Irailak 1. Danubioaren Delta. 8:50-18:00.

Irailak 2. Tulcea - Bukarest. 8:20-12:10. 280 kilometro.

Irailak 3 eta 4. Bukarest.

Irailak 5. Bukarest - Munich - Bilbo - Donostia.

Gantzeroa: "ez euan gantzeroik?" galdera bota zigun maite dugun pertsona batek. Beste batek: "ez ekarri rumanoik, eh?". Erdi serio, erdi txantxa botatakoak dira, baina ospe txar hori gainetik kendu ezinik dabiltza errumaniarrek eta ez dute merezi: oso herrialde lasaia da eta jende jatorrarekin egin dugu topo. Gu bezain lehorrak dira, baina esku bat botatzeko prest agertzen dira beharra dagoenean.

Argazki batzuk igo ditut Flick-era: artistikoak ez dira (telefonoa da nire kamera). Ikusi nahi izanez gero, sakatu beheko irudian.

Datozen egunetan (edo asteetan), agian gehiago kontatuko dut, baina hartutako oharrak antolatzeko denbora behar dut eta ez dakit hori soberan izango ote dudan hemendik aurrera.

No nos hemos encontrado gente chunga en Rumanía, este apunte en castellano.

Abenduaren 8ko oharra: bi apunte egin nituen bidaiarekin.

1.- Errumania (I): Transilvania.

2.- Errumania (II): Bucovina-Slanic Moldova-Danubioren Delta.

Errumania 2016

Trabajadoreak

Mikel Iturria 2016/08/14 22:30
Abuztuaren 13an (2007an) hil egin zen Tio Migel. Abuztuaren 15ean (2015ean), berriz, Rafael Chirbes. Bi egun horien artean idatzitako lerroak dira hauek: abuztuaren 14an (2016an).

Ahotsak-eko bideo honetan Tio Migelen lagunak ageri dira, osaba hil eta hilabete batzuetara Gerra Zibileko kontuak gogoratzen. Uztailaren 26an hil da eskuinekoa (Faustino Galdos). Pasa den urtean zendu zen anaia zaharrena, Juanito Galdos, ezkerrean ageri dena. Tiburtzio ere (ezkerretik hasita bigarrena) oraindik bizirik dago, baina burua jada ez dago hemen.

Gerra (a)hotsak dira nagusi laukotearen kontakizunean. Nola fusilatu zuten eskapo joandako "langile bat", ikaratu eta bueltan etorri zenean. Beorlegi ez baitzen atzera begira geratzen zen horietakoa.

Gerra Zibilaren ondorengo kontuak, galtzaileenak eta irabazleenak, inork baino hobeto kontatu zituen Espainiako literaturan Rafael Chirbesek. Heriotzaren urteurrena gogoratzeko, informazio bila aritu naiz sarean. Fundació Rafa Chirbes jada martxan dagoela ikusi dut (sarean soilik Facebook orrialde hori dute).

Información egunkariak argitaratu du abuztuaren 14tik 20ra idazlearen etxea zabalik izango dela hura bisitatu nahi duenarentzat. Urruti harrapatzen nau Beniarbeig-ek, baina aukera badut, ez dut alferrik pasatzen utziko hurrengo batean.

Rafael Chirbes kalea

Aipatu Facebook orrialdetik jaso dut argazkia. Extremadurako Valverde de Burguillos herriak (bertan pasa baitzituen urte batzuk) kale bat eskaini dio Valentziako idazleari. Ofizioa azpimarratzen dute errotuluan (izan ere askotan ez dakizu nondik nora datorren kale izendegia).

Gabriel Aresti etorri zait gogora eta Nire izena. Arestik ez zuen nahi, baina makina bat Gabriel Aresti kale daude hainbat euskal herri eta hirietan. Zer pentsatuko luke gure Rafa maiteak?

Nire izena

Hiltzen naizenean egonen da

nire lauzaren gainean eskribu hau:

Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego.

Pérez y López. Marmolistas. Derio.

Bizkaiko Bibliotekan ere egonen da

(deskomekatzen ezpanaute),

liburu bat (behar-bada, ezta seguru),

inork letuko eztuena,

nire izenarekin. Eta

gizon batek esanen du kardanberak loratzen

direnean:

Nire aitak esaten zuen bezala, nik ere...

(Andre bat etorriko zait Done Santuru oro

lore koroa batekin).

Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati

nire izenik eman dezaiotela.

(Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala:

Ni Arestin bizi naiz, anaiaren

koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua).

Batzutan esan zaharrak erratzen dira.

Pentsatzen dut nire izena

nire izana dela,

eta eznaizela ezer ezpada

nire izena.

Trabajadores, este apunte en castellano.

Lasai, ez da ezer gertatzen

Mikel Iturria 2016/07/17 21:15
Hondartzan.

Larunbat goizean hondartzara joan nintzen. Udan bigarren aldiz gabarroira. Bidean jubilatu batekin hartu nuen kaskarrekoa. Biak atzeraka gindoazen eta ez ginen konturatu. Berak: "¡Qué casualidad! ¡En medio de la bahía! No me había pasado nunca". Niri, berriz, bigarren aldia da gertatzen zaidala.

Nizako atentatua eta Turkiako estatu kolpearen ondoren irakurketa egokia eraman nuen: Ana Malagón-en Lasai, ez da ezer gertatzen liburua. Orrizaina zegoen tokian hauxe irakurri nuen:

Lubakian

"Lubakian makurtu zen. Bakarrik. Ez zen inor gelditzen. Bere herrikideekin batera aurrera jo beharrean, muturreraino, azken ondorioetaraino, atzera egin zuen lehenengo tiroak eta leherketak entzutean. Bere gorputza zulo hartan erortzen utzi. Beste lubakietan pentsatu zuen. Etsaiarenak. Bere herrikideenak. Haietako batean bera bezain bakarrik ote zegoen norbait? Bera bezain koldar sentitzen zen norbait? Dardarari begiratu zion. Dardara belaunetan, eskuetan, ezpainetan. Ejertzitorik gabeko soldadua zen bera. Aintzarik ezagutzen ez duen lubaki abandonatuan. Iraganean, ahanzturan, desertore bat".

Hil ostekoak

Hil ostekoak

"Nire aitonaren anaia txikiena militarra zen. Gerran hil zen baina ez borrokan. Hil egin zuten baina ez etsaiek. Hil osteko domina bat eman zioten. Eta ostiak. Hil ostekoak horiek ere. Hurrengo egunean, batailara eraman zuten eta han lurrean utzi. Beste baja bat bezala zenbatu zuten amaieran. Aberriarengatik ohore handiz erori zela idatzi zioten amari. Ez soldaduen arteko liskar alkoholiko alu hartan".

Luistxo aka This Charming DJ-k eskerrak emateko kanta hau bidali zidan twitter bidez: Istanbul (Not Constantinople). Estimatua.

Tranquilidad, no pasa nada (este apunte en castellano).

Inor ez da hiltzen

Mikel Iturria 2016/07/05 21:55
Kanposantuak, baserriak, pertsonak, mundua.

Ekainak 29

Asteazkena. Goizeko 7:45. Irungo kanposantuan nago. Hasi berria den uda giroko egun zoragarria. Hilerriko ate guztiak zabal-zabalik daude, nahiz eta kartelen arabera 8:00etan irekitzen den. Bertako bulegora joan beharra daukat, baina zaharrei bisita egitea derrigorrezkoa da, nahi baino gutxiago agertzen bainaiz.

Hildakoen heriotz-datak irakurri ditut eta kalkulatu nola bizi nituen bakoitzarena, non nengoen eta zein adinean harrapatu ninduen.

7:57. Bulego parean jada. Hura ere zabalik. Bertara etorri behar izan dut paper batzuk egitera. Ezin zela beste modu batez egin. Egoera harrigarria bada ere, harrigarriena da ez naizela batere haserretu: ni ere lasai nago, nahiz eta instantzia bat sinatzera etorri behar autoan, joan etorrian, 50 kilometro eginez. Tokia izango da, bertako langileak, autoan ekarri dudan Senperenaren "9 ganbera pieza", nire jarrera: dena bat, agian.

Ekainak 30

San Martzial eguna. Ez naiz alardea ikustera animatu. Amak ere ez du etxetik ateratzeko gogorik eta, beraz, bertan bazkaldu dugu.

Bazkalostean atzokoa komentatu dugu. Langile bat zein baserritakoa zen erakusteko Irungo Udalak 1999an argitaratutako "Irungo baserriak" izeneko liburua zabaldu du amak mahai gainean. Josetxo Riofrío da argazkilaria eta 200 baserriren erretratuak jasotzen dira.

Lekunberri Baserria by Josetxo Riofrío

Hona hemen nire jaiotetxea, 1999aren bueltan eginiko erretratua. Altxatu da ama eta paper batzuk kontsultatu ditu eraispenaren datu eta ordu zehatza emateko: 2000ko apirilaren 17an, goizeko 8:15ean.

Auskalo non nengoen egun hartan, baina orain pena daukat une hori ez bizitzeagatik.

Etxerako bidean, bueltan, Lou Topet-en "Abesti bat gutxiago" diskoa ipini dut. Horien artean "Inor ez da hiltzen" kantua, besteak beste (jatorrizkoa Tweedy aita-semeena da: "Nobody Dies Anymore"; euskarazko bertsioa Harkaitz Canorena).

Uztailak 1

Iluntzean lagun baten ama hil da. Gugan bego! Gugan beude!

Nadie se muere, este apunte en castellano.

 

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter