Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Zergatik maite dudan futbola

Mikel Iturria 2017/05/27 08:30
Astebete luze pasa da Cappa-tarrek liburua aurkeztu zutela Donostian. Hainbat hausnarketa futbola aitzakia hartuta.

Jokoz kanpo

-¿Les ayudamos? -dijo Noelia.

-Paso -dijo Koldo-. Estoy reventado.

-Vaya caballeros.

Frente al portal, el hombre recogió las bolsas que les quedaban y las cargó en el maletero. Les vieron montarse en el Mercedes, arrancar y salir de la plazoleta.

-Se van los vasquetis -dijo Fichu.

-Se acaba el puente -dijo Salva.

1990eko hamarkadaren erdialdean, maiatzeko zubi bat, Burgosko herri txiki batean. Nerabezaroaren atarian dauden lau neska-mutilen inguruan jositako eleberri korala da Fuera de juego, Miguel Angel Ortizen lehena (bigarrenarekin lortu du hauts gehiago harrotzea: La inmensa minoría; oraindik ez dut irakurri, baina Alberto Moyano bezalako irakurle zorrotz bati asko gustatu zaio). Are gehiago, ia 3.000 gaztek osatutako epaimahaiak Mandarache Saria eman dio bigarren nobela honi.

Bietan futbola da dena lotzen duen elementua, baloia. Koldoren aitak, Pedrok, Rojo taberna dauka. Gurasoak bananduta daude eta Bilbon bizi da ama. Salva da zintzoena, meza-mutil izateko apaizak alboan nahi duena. Fichu eta Noelia dira laukotearen beste bi hankak, Koldo bezain bihurriak. Bizilagunak dira eta hortxe dabiltza adiskidetasunaren marra gainditu eta beste zerbait egin nahian.

Baloia

Oso ondo deskribatzen ditu nerabezaro aurreko garai horiek eta erabat sinesgarria da kontakizuna; ez da batere epela eta irakurterraza da, gainera. Ni behintzat bigarrena irakurtzeko irrikan nago.

Futbola ere lapurtzen digute

Hilaren 18an etorri ziren Donostiara Angel eta Maria Cappa aita-alabak. Aurreko batean kontatu nuen "También nos roban el fútbol" liburua aurkeztera etortzekoak zirela eta hori egin zuten Ernest Lluch Kultur Etxean.

Ángel Cappa & Bixio Gorriz

Argazkian, Angel Cappa eta Bixio Gorriz.

Zarata pizarra egin genuen komunikabideei esker (Onda Cero, Radio Marca Donostia, Radio San Sebastián, Onda Vasca, Gara, Mundo Deportivo, Gorka Etxeberria Teledonostin, kronika Noticias de Gipuzkoa egunkarian...).

Cappatarrek defendatzen duten ideia nagusiena interesatzen zait: futbola, kirola, kentzen saiatzen ari dira, kultura, hezkuntza edota osasuna kentzen ari diren bezala. Halere, futbolari beti mesfidati begiratzen zaio, inguruan dagoen ustelkeria berezko kontu bat izango balitz bezala. Baina futbolaren kultura da hori? Ez da gehiago gure gizartearen irudia handitzen duela futbolak ispilu erabiliz?

Lapurreta saiakera hori garbia da. Betirako? Auskalo! Zer egin dezakegu berreskuratzeko? RealSocialismo!-n argi eta garbi daukagu: zale gisa antolatu.

Elefanteak

Gorrizi Aupa Bixio! esateaz gain, Ander Izagirreren amona Pepiren hitz hauek aipatu zituen ekitaldiaren sarreran Oier Marigil realsocialistak: "Cuidado con los elefantes, que parecen buenos pero son muy traicioneros. Que no te pisen un callo".

Biharamunean, elefanteak hurbildu zitzaizkidan. Kasu honetan, ez ziren batere gaiztoak. Bitxia bada ere, Dbus-eko (Donostiako Autobus Konpainia) txoferrak etxerako bidean "Cuando los elefantes sueñan con la música" saioa sintonizatuta zuen irratian, Radio 3n Carlos Galileak astelehenetik ostiralera gidatzen duena.

Aste honetan, berriz, VETUS Art galeriaren irudi hau ikusi nuen, Banksy-ren esaldiarekin batera: "Art should comfort the disturbed and disturb the comfortable" (Arteak gozatu behar ditu haserretuak eta haserretu gozo bizi direnak).

Nire ustez, futbolak ere paper hori bete beharra du.

Por qué me gusta el fútbol, este apunte en castellano.

Aupa Bixio!

Mikel Iturria 2017/05/21 11:52
Bixio Gorriz jokalariari pasa den ostegunean, hilak 18, irakurritako lerro batzuk azpian. Originala gaztelaniaz da.

Bere garaian aurreratu nuen bezala, maiatzaren 18n Angel eta Maria Cappa Donostian egon ziren "También nos roban el fútbol" liburua aurkezten Ernest Lluch Kultur Etxean. Gustatuko litzaidake astean zehar hainbat gauza esatea beste apunte batean, baina gaur ez dut denbora asko eta horregatik hemen behean jarriko ditut ekitaldian bertan irakurritako lerro batzuk, batez ere, Bixio Gorriz handiari eskainitakoak.

Sarrera moduan esan beharra dago Cappatarrei "Mi abuela y diez más" liburuaren ale bana eman genizkiela (Angelen hitzetan, "munduko zaletu guztien liburua") eta Gorrizi Kotoi Klub-en pare bat elastiko polit.

Esan dezadan ere Bixio Gorriz ez dela batere zozoa ;-)

Testua RealSocialismo!ko kideen izenean irakurri nuen. Ea ba.

 

@mariacappaf @donostiakultura @SerDeportivosGI @RobertoRamajo @LaPerlaDonosti Al final, los de @KotoiKlub nos regalaron las dos camisetas que le entregamos a Bixio. Eskerrik asko. -> https://t.co/2p9MGYyPlm pic.twitter.com/35Xw0LKb7d

— realsocialista (@realsocialista) 2017(e)ko maiatzak 19

 

 

Aupa Bixio! Aupa Reala!

Denboraldi honetan lehen taldeko kapitainetako batek agur esango du (Mikel Gonzalez, 300 partida lehen taldearekin eta 20 urte Realean); futbola utziko du ere emakumeen taldeko kapitainak (Aintzane Encinas, 13 denboraldi, 350etik gora partida);  belar hockey taldeko kapitainak ere erretiroa hartu du (Maite Azkoaga, 19 denboraldi). 2016aren bukaera aldera, Pedro Etxeberria Anoetako txapelak ere beharra utzi zuen bezala (34 urtez lanean). Lau hauek eta beste askok lekukoa pasa egin zuten, bere garaian Bixiok egin zuen bezala.

"También nos roban el fútbol" liburuaren ale bat entregatzeko geratu nintzen berarekin Realeko beteranoek (bera da lehendakaria) Muguerza igogailu enpresan Puertollanon duela 50 urte igoera lortu zuen taldearen omenaldi-egunean, apirilaren bukaera aldera.

Giro ona nagusi, batez ere pertsona bat zegoen adi, bildutako denekin hitz egin nahian. Hori Bixio Gorriz zen. David lagunak gaur eman diogun elastikoaren antzekoa zeraman soinean eta Gorrizi asko gustatu zitzaion.

Ehunetik gora urte hauetan Realaren lekukoa eraman duten guztiei gure esker ona agertu nahi diegu eta hori Bixioren pertsona erabiliz egin nahi dugu. Berriro ere Ander Izagirrek idatzitako Mi abuela y diez más liburuxkara joko dut horretarako, Cappaterri oparitu dieguna. Honela dio Anderrek:

"Gorriz gipuzkoar peto-petoa da. Seguruenik gu guztiok ahal izan dugun onena da bera: arrakasta lortu eta lotsa puska bat sentitzen duen pertsona. Urtero dena ondo egiten duen gizasemea, apala, maitagarria, apur bat zozoa".

"Bizitza guztia Realean jokatu zuen, 21 eta 35 urte bitartean, inor baino gehiago jantzi zuen elastiko txuri-urdina (599 norgehiagoka!) eta taldeak dituen titulu guztietan hartu zuen parte".

(...)

"Alberto Gorriz jauna (...) bi Liga, Kopa bat, Superkopa bat, Europako Kopako final erdietara iritsi eta Mundu txapelketa batean golegile izan zena, partidak nik bezala beheko harmailetan ikusten zituen, toki nahiko merkean. Hunkitzen ninduen bera jende artean ikusteak, estadiora sartzeko ilaran zain (...) Mutikoek ez zuten ezagutzen. Helduek bai, noski, baina gipuzkoarrak garenez, serio-serio egoten ginen haren ondoan, normaltasun plantak egiten, gure emozioarekin hura endredatu gabe. Egun batean, estadioaren korridoreetan jada, berarekin gurutzatu zen zahar bat ikusi nuen; ezin izan zuen eutsi eta barru-barrutik "aupa Bixio!" zuhurra bota eta irribarre dardartiaz segitu zuen aurrera".

Egun batean izan nahi dudan zahar horren izenean, gaur esaten dizut, gaur esaten dizugu: "aupa Bixio!" eta "aupa Reala!".

P.S.: bide batez, "Mi abuela y diez más" euskaratu behar da. Fite!

¡Aúpa Bixio!, este apunte en castellano.

 

Musika egitea eta ezagutzera ematea

Mikel Iturria 2017/05/10 08:00
James Rhodes-ek pasa den asteburuan Donostian eskainitako kontzertuak eman du zeresana. Lerro batzuk horri buruz.

Ostiralean James Rhodes pianistak Donostian eman zuen kontzertuan egon nintzen. Publikoa hasieratik txaloka hartu zuen 75 minutuko showa.

Larunbat eguerdian María José Cano DVko kritikariaren zutabetxoa (Flickr-era lotura) irakurri nuen. Gauza batzuekin ados nago eta beste batzuekin ez.

Egunkariak musika klasikoko kritikarietako bat bidali zuen kontzertura (ez dut pentsatu nahi zer idatziko lukeen Emecék berari egin izan baliote enkargua. Seguruenik, barrea eutsi ezinik egongo ginateke honek idatzitakoari begira). Eta nire ustez ezin da Rhodes-ek egiten duena musika klasikoaren parametro hutsetan baloratu. Rhodes-ek berak badaki eta liburuan esaten du erdipurdiko pianista dela (besteak beste, berandu samar hasi zelako instrumentu hori ikasten).

Ados nago Canorekin honen atzean dagoen istorio garratzarekin geratzen dela zalea: ume moko bat zela, 5etik 10 urte bitartera, gimnasia maisuak bortxatu zuela salatuz egin baitzen ezagun James. Liburu horren milaka ale saldu ditu; Espainiako Estatuan, besteak beste, Jordi Evoléren programan atera zen hori kontatuz.

Duela urtebete Literaktum festibalean egon zen San Telmo Museoan. Nik ez nuen ikusi, baina badakit jendea zur eta lur utzi zuela.

Ez nintzen bakarrik joan emanaldira: ingelesezko taldean irakurri dugu pasa den hiruhilekoan liburua eta taldea osatzen dugun lau ikaskideok eta irakaslea hurbildu ginen antzokira.

Rock edo pop kontzertuetako kritikak egiten ohitura duen norbaitek zer esango lukeen pentsatzen egon nintzen Canorena irakurri ondoren. Ba atzo Mikel Arzak-ek idatzitakoa leitu dut: Dejad que los jóvenes se acerquen a mí. Izan ere, pop musikaren jarreratik eta merchandising ohituretatik askoz ere gehiago baitu gure gizonaren jardunak. Ikustea besterik ez dago emanaldiaren amaieran nola hurbildu zitzaion hainbat lagun disko eta liburuen sinadura bila.

James Rhodes

Artistaren istorioak direla eta, pasa den astean bertan Pau Donés egon zen gure hirian. Larriki gaixo zela iragarri zuenetik seguru jende gehiago doala hura taula gainean ikustera. Eskasiak ondo funtzionatzen baitu alor honetan ere.

Joserra Senperena pianistak bota zuen ostiralean bertan Twitter-en aspaldian ikusi duen musikaririk zirraragarriena iruditzen zaiola Asier L.I. Egun horretan bertan egon zen hura ikusten Lugaritzen. 20 lagun hura ikusten. Edo Juancar Etxeberriak azpiko txioan dioena.

Izan ere, gauza bat da musika egitea eta beste bat hura "saltzea".

Hacer música y darla a conocer, este apunte en castellano.

Asier L. I. Lugaritzen.
Itzela. pic.twitter.com/IFzkEunDUI

— Joserra Senperena (@jrsenperena) 2017(e)ko maiatzak 5

2014ko uda Albaniatik barrena

Mikel Iturria 2017/05/01 16:40
Udako oporrak buruan izango ditu batek baino gehiagok eta asteburuan okurritu zait 2014ko oporretako hainbat apunte garbira pasatzea, baita garai hartan ateratako argazki batzuk argitaratzea ere. Albaniatik barrena, Italiara joan-etorri eginez. Denbora asko pasa da eta gauza batzuk jada ahaztuta dauzkat. Gomendio bakarra: bisitatu herrialdea!

Lankide batek galdegin zidan aurreko batean ea emango ote nion Albaniako oporraldiari buruzko informaziorik. Udaberri honetan bertara joateko asmoa dauka auto-karabanan. Garai hartan idatzitako hainbat ohar praktiko bidali nizkion, lauzpabost folio.

Esan bezala, asteburuan argazkiei begira egon naiz eta batzuk igo ditut Flickr-era (Italia-Albania 2014 albuma osatu dut).

Nondik nora

Abuztuaren 19an atera ginen Hondarribiko aireportutik eta irailaren 5ean bueltatu ginen.

Abuztuak 19: Hondarribia-Madril-Erroma (abioia).

Abuztuak 21: Erroma-Napoli (trena).

Abuztuak 22: Napoli-Bari (trena); Bari-Durres (ferry); Durres-Tirana (autobusez).

Abuztuak 24: Tirana-Fusha Kruja-Kruja-Tirana (autobusez)

Abuztuak 25: Tirana-Berat (minibusa edo taxi kolektiboa).

Abuztuak 26: Berat-Vlora (minibusa).

Abuztuak 28: Vlora-Gjirokastra-Saranda (alokatutako autoa).

Abuztuak 31: Saranda-Dhermi (autoa).

Irailak 2: Dhermi-Vlora (autoa) eta Vlora-Brindisi (ferry).

Irailak 3: Brindisi-Erroma (abioia).

Irailak 4: Erroma-Madril-Hondarribia (abioia).

Mapari begiratuz gero, ikusiko duzue Adriatikoaren kostaldetik ibili ginen, batez ere. Barrualdean ere bai, baina iparraldea eta ekialdea ukitu gabe.

Albania: ezaugarri nagusi batzuk

Alderdi honetan hobetzen ari banaiz ere, ez zait gehiegi gustatzen bidaiak prestatzea eta Albaniara joan aurretik apenas irakurri nuen zerbait. Hori bai, oporretan bertan egondako hiru lagunekin hitz egin nuen. Gaztelaniaz dagoen gida-liburu bakarra 2010-2011 urtekoa zen garai hartan eta ez genuen kontsultatu.

Hau Tiranatik pasa ondoren irakurri nuen eta interesgarria da: Tirana, una visita a la otra Europa.

Beste erreferentzia bat: Things to do in Albania.

Jendea oso abegikorra da, baina Vloran geundela hau gertatu zen: Albanian car bomb kills businessman. Oraindik ere iltzatuta dut gogoan nola begiratzen nion telebistari gosaltzen nuen bitartean. Hoteleko gainerako turistek ez zuten inolako kezkarik adierazten.

3 milioitik gora biztanle ditu jada eta populazioaren %55etik gora islamiarra da, 2011ko zentsuaren arabera (Religion in Albania).

Zergatik

Alde batetik, 2013-2014an inguruko hiru pertsonek aipatu zidaten Albaniara zihoazela oporretan. Horietako bi amarekin joan ziren, 70etik gora urteko andrezkoa. Denek oso gauza onak kontatu zizkidaten.

Dhermi, Albania.

Bestetik, 2006an-edo Greziako Korfu irlan izan nintzen. Egun batean, hondartzan, iluntzean jada, parez pare ikusten ziren argi batzuei erreparatu nien. Ea nongoak ziren galdetu eta esan zidaten hura Albania zela. Uste dut egun hartan bertan hartu nuela herrialdea bisitatzeko erabakia.

Futbola

Eibar-Reala: 2014/08/24

Futbolarekin lotuta dauzkat 2014ko egun haiek.

Alde batetik, Erroman geundela Athletic-eko jarraitzaileren bat edo beste ikusi nuelako. Napolitik atera ginenean, egun bat edo bi falta ziren bi taldeek Champions League txapelketan parte hartzeko aurretiko joaneko partida jokatzeko.

Bestetik, Tiranan ikusi nuen Eibarrek Espainiako Lehen Mailan jokatutako lehen partida: nire ekipoaren kontra, Realaren kontra. 1-0 irabazi zuten armaginek faltaz sartutako gol bati esker. George W. Bush kalean ikusi nuen.

Are gehiago, Krasnodar-eko desastrea Vlorako hotelean ikusi nuen, eraikineko wifi-tik tira eta ETBren app-ari esker patrikako telefonoan: 3-0 irabazi zuten errusiarrek eta txuri-urdinek ezin izan zuten Europa League jokatu.

Erdi gaixorik banengoen ere, eskerrak Sarandan enteratu nintzela behintzat 4-2 galdu zuela Real Madrid-ek Anoetan.

Rruga George W. Bush

Ez ginen abioiez iritsi Tiranara, baina badakit bertako aireportuaren izena Teresa Kalkutakoaren izena duela. Era berean, Joan Paulo II.ak kale bat dauka hiriburuan.

Baina niretzat harrigarriena izan zen ikustea George W. Bush-ek ere beste kale bat zuela. Ez hori bakarrik: Fusha-Kruja herrian haren izena daraman jatetxearekin egin genuen topo, herrian bertan altxatu zuten eskerrak emateko estatuatik gertu (Albanian town thanks George W. Bush with statue).

George W. Bush: estatua (Frushe-Kruja, Albania)

Garraiobideak

Nondik-nora atalean aipatu ditut erabilitako garraiobideak: abioiez Erromara, trenez Italiatik barrena, ferry-a Adriatikoa pasatzeko eta bueltatzeko, albaniarrek erabiltzen zituzten autobusak, taxi kolektiboak, turistei begirako taxiren bat edo beste.

Durres-Tirana: bus

Ez genuen autorik alokatzeko asmorik, baina Tiranatik Berat-era gertatutako gauza batek erabakiz aldatzera eraman ninduen. Bederatzi lagun gindoazen furgoneta batean. Nengoen tokitik, bigarren lerroan, autoaren abiadura ikusten nuen (120 bat kilometro orduko) txoferra telefonoz hizketan, ezker eskuan segapotoa, eta eskuin eskumuturrarekin ibilgailua gidatzen. Pentsatu nuen: agian hurrengo batean hobe da nik eramatea.

Hori bai, ez zen erraza izan Vloran (eta bada hiri handia eta turistikoa) autoa alokatzea: ez genuen autoak alokatzeko zerbitzurik aurkitzen. Flamurtari futbol taldearen estadio aldamenean, kaitik gertu atzeman genuen, azkenean, bulego bat. Kosta egin zitzaigun elkar ulertzea: neskak ez zuen ingelesez hitz egiten (oso ohikoa hau herrialdean), italieraz baietz baina ez zitzaion nabari. Sinatu nituen paperak eta emazteari esan bezala: "dena albanieraz zegoen, ez dut ezer ulertu, agian autoa erosi egin dut alokatu beharrean, ez dakit zer nolako asegurua dudan, badakit noiz entregatu behar dudan kotxea... eta erosi badut ere, ez didate kreditu-txartelik eskatu. Beraz, goazen fite hemendik!"

Bueltan ez ziren oso abegikorrak izan, diru gehiago (ez asko) eskatzen zidatelako, baina, tira, dena eramangarria. Ez dakidana da zer gertatuko litzatekeen matxura bat tarteko.

Vloratik Brindisira joaten bazarete ferryan, lotu taxia edo garraioa Brindisiko hotelekoekin. Gu 19:00ak aldera iritsi ginen Brindisira. Euria ari zuen eta apenas zegoen inor kaian (irudikatu Pasaiako portuan zaudela galduta eta Donostiako zentrora etorri behar duzula, dena ilun). 20 euro eskatzen zuten hotelekoek eta taxiak hori kobratu zigun. Aldiz, Brindisitik aireportura joateko, egun argiz ez dago problema handirik. Animatzen bazarete, trena ere badago Erromara. 8 bat ordu beharko dituzue.

Hotelak

Urteak dira bidaiatzeko booking.com gunea erabiltzen dugula eta Italian zein Albanian ez genuen batere arazorik izan.

Erroman Termini tren geltokiaren alboan (200 bat metrora) hartu genuen ostatu (bai bidaiaren hasieran, baita bueltakoan ere). Lehenengo hotela Hotel Nizza zen eta bigarrena Giglio Dell´Opera. Hotel oso funtzionalak, geltokitik gertu zeudela aukeratuak. Kontsulatu aipatu webguneko prezioak eta listo.  Fiuminicino aireportutik Erromara bi aukera nagusi: trena eta autobusa. Taxista batek 60 euro eskatu zizkigun geltokian.

Napolin hartu genuen hotela ez dut gomendatzen, kokapenagatik: Hotel Tiempo. Gaizki begiratu nuen eta ustez Stazione Centralen zegoela ulertu, baina poligono industrial batean dago, hirigunetik aparte, eta trena edo taxia beharrezkoak dira bertara joateko.

Royalbue Hotel, Dhermi, Albania

Tiranan lagun batzuk gomendatu ziguten Hotel Areela izenekoa, zentrotik oso gertu. Afaltzeko edo bazkaltzeko pare bat toki turistentzat: Vila Logoreci eta Era pizzeria. Baina inguruan toki asko dago.

Belgrad Mangalem hotelean egon ginen Berat-en. Familia batek kudeatzen du hotela eta gizonezkoak hurrengo egunean eraman gintuen, ezer kobratu gabe, autobus geltokira (Vlorara joateko). Hiru kilometro egin genituen eta jada autobusa bidean zen: autobusa aurreratu, gelditu eta prezioa itxi zuen txoferrak. Gizon on puska!

Epirus Hotelean egon ginen Sarandan. Esango nuke jabeak greziarrak zirela.

Dhermi-n greziar batzuen hotelean egon ginen: Royal Blue Hotel.

Diru-kontuak

Guretzat, euskaldunontzat, merkea da Albaniatik barrena ibiltzea.

Bari-tik Durres-era eraman gintuen ferry-a gaueko 23:00ak aldera ateratzekoa zen, baina beranduago irten ginen. Hiru bat konpainia daude eta billete bakoitzak 60 bat euro balio ditu.

Dirua aldatzeko erabili kanbio etxeak edo atera dirua kutxazainetan (6 eta 12 euro kobratu zizkigun dirua ateratzeagatik, komisioak, gure bankuak).

Bazkaria: tiketa

Lek-a da bertako moneta: euro 1 = 139 lek.

Durres eta Tirana arteko autobusa: 130 lek (eurotan pagatu nuen; seguruenik 5 euro eta tipoak bueltak bertako monetan eman zizkidan). 30 kilometroko tartea dago. Kaian taxistek 30 euro eskatzen zituzten.

Tiranan bertan hotelera joateko taxi bat hartu genuen eta 5 euro pagatu genituen.

Tiranako hotelaren prezioa: bikote baten prezioa, gaueko 30 euro, gosaria barne.

Hiriburuan kanpoko zerbeza (Heineken, Amstel...): 250 lek inguru; bertako zerbeza (Tirana, adibidez): 120-150 lek.

Espresso bat: 60/70 lek. Capuccinoa 100 bat lek.

Bazkari eta afariak: 2000-2500 lek-engatik jan dezakezue bi lagunek, ondo gainera. Udan gutxi jaten genuen eta hainbat bazkari eta otordu egin ditugu 1000 lek inguru pagatuta.

Tiranan bertan hotelean taxi bat eskatu genuen autobus gunera joateko. Taximetroa jarri zuen txoferrak: 550 lek.

9 laguneko furgoneta batean joan ginen Beratera. 2 ordu luzeko bidaia. Biona 1000 lek pagatu genuen.

Autoaren eguneko prezioa: 35 euro.

20 euro pagatuz gero badago aukera ferryan joateko Korfura (Greziako irla), Vlora-tik.

Argazkiak

Albumaren lotura bi andrezko horien irudian klik eginez gero. Ez dira beste munduko ezer, baina ideia bat egiteko balio dute.

Por Albania de vacaciones el verano de 2014, este apunte en castellano

Bonus tracks: hiru bideo kutre. Soinuak eta paisaje batzuk ikus-entzuteko.

Italia-Albania: 2014

Futbola atzo, gaur eta beti?

Mikel Iturria 2017/04/19 20:20
Maiatzaren 18an, Ernest Lluch Kultur Etxean, Ángel eta María Cappa aita-alabak "También nos roban el fútbol" liburua aurkeztuko dute Donostian. Gonbidatu berezia izango da beraiekin batera: "Bixio" Gorriz. Ruth Pérez de Anucita ariko da jokoa banatzen.

Realsocialista egin naiz

Normalean #realsocialismo traola erabiltzen dut Twitter sarean Realari buruz hizketan aritzen naizenean (Ana Malagon da inbentoaren ama). Gainera, etiketa hori jarraikiz talde txuri-urdinaren zale batzuk ari ziren lanean informalki 2013. urteaz geroztik. 2016ko azaroan elkartu nintzen ni, jada talde hori elkarte bihurtu zenetik, eta zuzendaritza taldeko kide ere banaiz: RealSocialismo!

Oraingoz ez gara asko, baina hasi gara ere inguruan egon daitekeen jendea biltzen. Ikus Egin zaitez bazkide atala.

Ni bigarren maila batean nago, baina bai ariko naizela, batez ere, futbola zentzu zabalean hartuta hitzaldiak-eta antolatzeko abiatu dugun batzordean lanean. Lehen ekitaldia Donostia Kulturarekin batera (Ernest Lluch Kultur Etxeko Iñaki Gabarain zuzendariari esker gauzatuko dena) maiatzaren 18an izango da (data jarri aurretik konprobatu dugu egun horretan partidarik ez egotea).

Atzoko futbola? Gaurko futbola? 

Futbola ere lapurtzen digute

Pasa den urte amaieran edo izan nuen También nos roban el fútbol liburuaren berri, Ángel eta María Cappa bikoteak idatzitakoa. Hobeto esanda: aitak nondik-nora jo marraztu du eta alabak egin du lanik mardulena.

Liburuak hainbat gai jorratzen ditu:

  • Futbolaren jatorria eta zergatik bihurtu den hain kirol eta ikuskizun ospetsua, nola egin zuen salto Europatik Amerikara.
  • Zergatik pasa garen zale izatetik bezero bihurtzera eta hor telebistek izan duten paper nagusia (klubak enpresa bihurtuta, babesleak).
  • Zeintzuk izan diren Bosman legearen ondorioak, nola hustu egiten den Latinoamerika (2015eko urtarrila eta iraila bitartean, 14.000 jokalari atera omen ziren Latinoamerikatik).
  • Vázquez Montalbán idazlearen hitzak abiapuntu hartuta ("Herrialde honetako enpresari nazkagarrien kopuru handi bati eman zaio aukera kluben zuzendaritza taldeetara iristeko"), Espainiar Estatuko hainbat kluben eta gobernuen ustelkeria kasu batzuk zerrendatzen dira.
  • Komunikabideak kontsumitzaile fabrika gisa: "orokorrean komunikabideek audientzia, irakurleak, ume bihurtzen badute ere (...) kirol kazetaritzak oso modu eraginkorrean erabiltzen du metodo hori. Saltzea da gakoa, eta horretarako alde batera utzi beharra dago jokoaren analisia, heldutasuna eta lasaitasuna eskatzen dituelako, eta (futbolaren) inguruan gertatzen diren gauzetan jarri fokua".
  • FIFA. Adibidez, mundu mailako txapelketak antolatzeko orduan: Brasilentzat txapelketa horrek 15.000 milioi dolarreko kostua izan zuen. Gehiena estatuak jarri zuen eta soilik 510 milioi jaso omen zituen. FIFAk, aldiz, 4.000 milioi dolar irabazi ei zituen. Gauza gehiago VIII. kapituluan: La mano que mece la cuna.
  • IX. kapituluan Mariak Change FIFA taldeko ordezkari bat, David W. Larkin abokatua.
  • X. kapitulua teknologiari eskainia da eta oso kritiko agertzen dira futbola zenbakiekin neurtzeko joerarekin. Bide beretik doa ere Fernando Signorini prestatzaile fisikoarekin Angelek berak XI.ean izandako elkarrizketa: "Dena neurtzen dute, garrantzitsuena izan ezik: talentua".
  • Emakumeek futbolean kirolari gisa duten papera eta haur trafikoa zein beste delitu batzuk aipatu ondoren, itxaropenaren ordua: Stand Against Modern Football fanzinea eta klub herrikoi batzuk (accionariado popular, public company edota azionariato popolare). Hala nola, Unión Club Ceares, Club de Accionariado Popular Ciudad de Murcia eta Xerez Deportivo.

Azaroan egon ziren Iruñean, Katakrak-en, liburua aurkezten eta hemen duzue eskuragai audioa.

Katakrak-eko blogean argitaratu zuten Diario de Noticiasen kronika bat: El fútbol es un sentimiento.

Carne Crudan egindako elkarrizketa hau ere ondo dago.

Bideo erreportaje hau Xixongoa da, abendukoa.

2017ko hasieran hirugarren edizioa argitaratu zen eta azken aste hauetan berriro berpiztu da hainbat tokian aurkezpenak egin direlako edo egingo direlako. Horren adibide, hasieran esan bezala, Donostiakoa.

P. S.: Cappa zaharra nolakoa den jakiteko, hona hemen Miguel Ángel Valerón jokalari ohiak dioena.

¿Fútbol ayer, hoy, siempre? Este apunte en castellano.

Automatak

Mikel Iturria 2017/04/12 17:44
Banco Santander moduan autoizendatutako bankuaren bulego batean gertatukoaz bi lerro.

Duela aste batzuk irakurri nuen "También nos roban el fútbol", Ángel eta María Cappa aita-alabak idatzitako liburua. Ea datorren astean luzeago idazten dudan bertako hainbat konturi buruz, baina gaur beste zerbaitegatik ekarri nahi dut hona.

Fernando Signorini prestatzailea elkarrizketu zuen Ángelek libururako eta biek kontra egiten diote gaur egun eliteko futbolean oso hedatua dagoen praktika bati. Jokalariak erabat bideratuta daudela diote. Adibide gisa, ea nola den posible futbolista profesional bati partida baten aurretik prestatzaile fisikoak gidatu behar izatea beroketa ariketak egiteko orduan. Guardiola eta bere eskolakoak leudeke beste muturrean: berarekin jokalariek beren kabuz berotzen omen dute.

Are gehiago pinganilloa ere aipatzen da. Oker ez banago Vanderlei Luxemburgo Real Madrileko entrenatzaile izandako garaian adiskidantzazko partida batean aritu omen zen futbolistei aginduak ematen horrelako traste bat erabiliz, baina Uefak, Fifak edo dena delako erakunde batek ez zion utzi ahalegin hori partida ofizial batean gauzatzen. Signorinik eta Cappak dioten bezala, eskerrak zelaian futbolistak agintzen duela oraindik.

Honetaz gogoratu nintzen astelehen goizean. Banco Santander delakoaren bulego batera joan nintzen notarioaren aurrean ateratako ahalorde edo botere batekin. Epaile batek emandako agindua ere bai, nik ordezkatutako pertsona horren aldeko transferentzia egiteko. Ba, aizue, bulegoan hartu ninduenak esan zidan ezin nuela kobratu, erakundearen zerbitzu juridikoetara bidali behar zuela notario aurrean egindako agiria. To eta no! Madrilera, oker ez banago. Eskritura publiko bat!

Moztuta geratu nintzen eta ez nuen erreakzionatu (bertatik alde egin nuen), baina gertatukoari tiraka zera pentsatu dut:

  • Alde batetik, jendaurreko bulegoetako langileak erabat lelotu egin dituzte bankuek eta horrelako erakundeek. Gauza gehienak kontsultatu behar baitituzte.
  • Beste aldetik, erakunde eta korporazio hauek nahi dutena egiterik dute eta ez baduzu norbait ezagutzen, jai daukazu.

Automata eta burokrata bihurtu nahi gaituzte, pertsonak ezabatuz.

Autómatas, este apunte en castellano.

Hasier Etxeberria, "bon vivant"aren agurra

Mikel Iturria 2017/04/02 20:55
"Hasier Etxeberria Canales (Elgoibar, Gipuzkoa, 1957ko apirilaren 6a - 2017ko martxoaren 29a) euskal idazle, kazetari eta blogaria zen".

Goiko testua Wikipedian Hasier Etxeberriari eskainitako sarreratik hartua izan da gaur bertan. Lehen lerroak dira horiek.

Hasier Etxeberria by Lander Garro

Argazki eder hau Lander Garrorena da.

Bagenekien gaizki zegoela, baina seguruenik askok espero genuela amaiera ez zela hain azkar iritsiko. Tamalez, 60 urte betetzeko egun batzuk faltan hil da Etxeberria.

Hildakoei buruz ari garelarik, ez dela norbera gehiegitan agertu behar zioen Ortizek obituarioak idazteko garaian. Eta horrela izango da, baina hau ez da obituario bat eta ni ez naiz kazetaria, letrak bata bestearen atzean jartzen ahalegintzen den blogaria baizik.

Ez dut harreman esturik izan Konatxerekin, baina bai izan dugula elkarren berri. Nire gaztaroan kalean topo egin nuen lehen aldiaren irudi bat gordea dut memorian: telebistan ezaguna jada, Hondarribian ikusi nuen, uda partean, San Pedro kalean koñaka edaten kopatzar batean. Hori da berari buruz azpimarratu nahi dudan lehen ezaugarria: bon vivant-a zela.

"Proiektu handiak sortu zalea" azpimarratu zuten omenaldian, baina baita "gizon tematia, egoskorra eta setatia" zela. Eider Rodriguezek, adibidez, aipatu zuen Berrian argitaratutako Nire lagun kontrabandista testuan beraien arteko hasiera zaila. Ez da entzun dudan bakarra.

Hasierrek beti ondo tratatu ninduen eta horren atzean, seguruenik, bi arrazoi puska daude: alde batetik, Javier Ortiz-en itzal luzea, Hasierrek El Mundo del País Vasco periodikuan zutabe bat idatzi baitzuen hainbat urtez; bestetik, "Crematorio" liburuaren harira Rafael Chirbes bezalako idazlea deskubritu eta liburua jendaurrean aurkezteko parada eskaini niolako Donostian, Ernest Lluch Kultur Etxean, 2007ko urtearen bukaeran.

Gorka Erostarbek idatzitako obituarioan (Kultur eltzeko perrexila) zeharkako puntu batekin geratuko naiz: the organization-ek Zutabe (letra larriz) batean folio eta erdi eskaini izana Hasierri honek Gara egunkarian argitaratutako Patri maitea izeneko zutabeak (letra minuskulaz) gustukoak ez zituelako.

Abiatu eta bultzatutako hainbat proiektu geratuko dira denen oroimenean, urte hauetan guztietan egindako lan eskerga: euskaltzale, telebistan eta Interneten aritu zen sukaldaritzaz, literaturaz, arteaz... Bi azpimarragarri azken urte hauetan: Zuzeu agerkaria eta Sautrela (astelehenean, apirilak 3, saio berezia Hasierren inguruan, gaueko 22:15ean).

Noiz ezabatuko dugu Hasierren kontaktua gure agendatik? Bolada batez mantenduko dut, baina, seguruenik, egunen batean deskubrituko dudala haren WhatsApp-ean jada beste baten argazkia ageri dela eta, azkenean, amore eman eta ezabatuko dut.

Mila esker, Hasier.

Hasier Etxeberria, el adiós del "bon vivant"; este apunte en castellano.

Pertsonak eta erakundeak

Mikel Iturria 2017/03/25 15:25
Aste mugitua izan dut, kanpotik eta barrutik. Gertuko sentitzen nuen pertsona bat hil egin da (Tiburtzio "Diurtxio" Aranburu); enpresan agur esan diogu pertsona bati, jubilatu egin delako (Maria Antonia Plaza); asanblada orokor bat izan dugu, aspaldiko partez.

Tiburtzio Diurtxio Aranburu

Asteazken goizean deitu zidan amak esateko bezperan hil egin zela Diurtxio. 91 urte zituen eta gure mundutik at pasa zituen azken bospasei urteak #galtzeimerra -ren ondorioz.

Tiburtzio Diurtxio Aranburu

Ane Lardik eta Maitane Toledok Oiartzungo Gurutze auzoko koadrilatxoa elkarrizketatu zuten 2008an, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko Ahotsak izeneko proiektu txalogarriaren barruan. Tiburtzioren argazkia "Oiartzuarren baitan" gunetik jaso dut. Laukote hartatik bakarra bizi da: Santos Xantua Mitxelena. Pasarte osoak hemen daude ikusi nahi izanez gero: OIA-060 eta OIA-061.

Oiartzungo elizan izan zen hileta ostegunean eta horrek ere ukitu ninduen. Herrietan hildako zaharrak, behintzat, agurtzeko erritu hauek benetakoak direlako. Gorpuaren atzetik familia sartu aurretik, ni nintzen bertaratutako 200 lagunen artean gazteenetakoa eta, perpendikularrean nituen zaharrei begira, buruari bueltaka egon nintzen elizkizunak iraun zuen bitartean, XX. mendeari bisita egin izan banio bezala.

Amarekin autoan, baita Donostiarako joan-etorrian, Leonard Cohen-en "Songs from the Road" diskoa eraman nuen eta hauxe jarri behin baino gehiagotan: Hallellujah.

Maria Antonia Plaza

Aurreko batean kontatu nuen Victoria Eugeniako txartel-saltzaile honek erretiroa hartu zuela otsailaren erdialdean. Ostiral gauean hainbat lankide elkartu ginen mahai baten bueltan Parte Zaharreko soziedade batean (eskerrik asko Jontxuri eta sukalde lanetan ibili zirenei).

Erruben Egaña eta Maria Antonia Plaza

Ez nuen argazkiak argitaratzeko asmorik, baina tira. Uste dut ulertuko nautela. Goiko irudian ageri dira ezker-eskubi Erruben Egaña eta Maria Antonia Plaza. Ezkerrekoa oso ezaguna Egia Kultur Etxean lanean aritu izanagatik. Eskuinekoa, berriz, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugeniako leihatiletan 25 urte baino gehiago beharrean aritu izanagatik.

Afarian publikoki hitz egiteko asmorik ez nuen, baina ikusirik jendea horrelakoetan mutu gelditzen dela (eta alkoholaren laguntzaz) gauza bat edo beste esan nahi izan nuen, modu atropellatuan. Gauza bera gertatu zitzaidan asteazkenean izan genuen langileen asanblada batean.

Maria Antonia edo Erruben bezalako langileei eskerrak eman nahi izan nizkien urte hauetan guztietan egindako lanagatik. Hori zen nagusiki adierazi nahi nuena atzo. Beraiek gabe jai duelako erakundeak.

Ez dakit oso ondo zer gertatzen zaidan/zaigun, baina ikusten dut Donostia Kultura oso une kritikoan dagoela. Enpresa nazkagarri bat izango balitz, saiatuko nintzateke paso egiten. Baina herritarren zergekin (hobeto esanda: zergak pagatzen dituzten herritarrekin) finantzatzen da gehien bat. 200dik gora langile gaude eta 26 milioi euroko aurrekontua izango du (memoriaz ari naiz). Eta lana gustagarria da: nork ez du kultur munduan lan egin nahi, a priori?

Egoera honetan zuzendaritza taldeak du ardura nagusia (ez ditut fin ikusten eta askotan beren gurdiari aidaka soilik), baina dena ez da "goikoen ardura" bakarrik: onak eta gaiztoak manikeo hori ez dut gustuko. Zuzendaritzako kideek beren ardura dute, baina langileok ere badugu gure zatia. Zer egiten ibili gara hainbat urteetan? Zuzen jokatu dugu? Sentitzen gara osotasun baten parte edo gurean ere banaketak nagusi? Hausnartu beharra dugula uste dut.

Bero dago jendea, berriki lanpostuen balorazioa deritzon prozesua egin delako. Administrazioaren eremuan horrek esan nahi du bakoitzaren lanpostuaren funtzioak eta ordain ekonomikoak berrikusi egin direla. Pandora kutxa zabaltzea bezala izaten da eta urak nahasita ibiliko dira bolada batez.

Urak lausotu egingo dira, kalmatu, eta gero zer? Espero dezagun denok, ardura gehiena dutenek batez ere, buru-argitasun nahikoa izatea datozen hilabete hauetan erabaki zuzenak hartu ahal izateko.

Argazki pare bat gehiago: lehenengoan Kultura Patronatua zaharrean instituzio bat izandako Nekane Amiano. Egun 78 urte ditu eta jarraitzen du beti bezala inoren aurrean isildu gabe, gehiegi inporta gabe parean duen horren kargua zein den. Berarekin batera Maixabel Azpitarte.

Bigarrenean Maria Antonia Plazarekin batera urte hauetan lanean ibilitako batzuk. Gehienak txartel-saltzaileak dira edo izan dira.

Personas e instituciones, este apunte en castellano

Maixabel Azpitarte eta Nekane

Donostia Kulturako hainbat langile

Zuzeneko musika eta kontzertuak Donostian

Mikel Iturria 2017/03/15 08:15
Lagun batek bidalitako mezua dela-eta, Donostian kontzertu bat egiteko dauden hainbat aukera biltzea erabaki dut hemen. Bai, zuzeneko programazioak gure hirian arazo asko ditu, baina ez da post honen asmoa gaur horri buruz aritzea.

Gari Araolazak idatzi zidan aurreko batean. Melissa and the Jacks taldean ari da eta Donostiako taberna batean zuzenean aritzeko aukerei buruzko galdera luzatu zidan. Di-da erantzun beharrean, Donostia Kulturan galdezka hasi eta hainbat lerro bidali nizkion. Pixka bat gehiago landu eta blogean jartzea okurritu zait.

Melissa and the Jacks

Argazkia: Melissa and the Jacks

Sare publikoa edo parapublikoa

Donostia Kulturak hainbat gune ditu:

  • Victoria Eugenia Antzokia, kluba barne (120 lagunentzako areto aski polita) eta Antzoki Zaharra. Posta elektroniko honetara idatzi: .
  • Dkluba programaren helburu nagusia "musika independentea Donostiako auzoetara zabaltzea eta bertako musika taldeak sustatzea helburu duen programa da". Kultur etxeetan programazio nagusiena Intxaurrondo Kultur Etxean dago, baina egoten dira ere aukerak Larratxo, Egia eta Lugaritz kultur etxeetan. Nora idatzi? .
  • Bigarren puntu honekin lotuta, Musikagela izeneko zerbitzua du udalak : "Hiriko musika-jarduera sustatzeko eta dinamizatzeko proiektu bat da, entsegurako lokalak, kontzertuak, ikastaroak, aholkularitza eta beste ekimen batzuk barne hartzen dituena. Intxaurrondo eta Egia Kultur Etxeetan kokatuta dago". Aipatu loturan harremanetarako bideak zehazten dira.

Katapulta: "Katapulta plataformaren helburu nagusia Euskadirekin lotura daukaten sortzaileak bultzatzea da". Gainera, "Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak bultzatzen du, Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ekin elkarlanean". Azken elkarte honek Musikariaren txokoa izeneko gunea du sarean: Rincón del Músico.

Kursaal Eszena: bertako taldeen ligatik kanpo, baina 20 bat bolo antolatzen dira urtean zehar.

Kutxa Kultur Kluba: Kutxa Fundazioak Tabakaleran martxan duen programazioa.

Musikene: goi mailako ikastegiak ere badu auditorio bat. Irekiera kontzertu zikloa programatu dute eta horrek segida izango duela iragarri dute. Harremanetan jartzeko bideak.

Sare publikotik at dauden lokalak

Aldez aurretik, komeni da esatea pasa den urtean Udalak indarrean jarri zuela araudi bat hiriko hainbat gunetan egiten ziren kultur ekitaldiei baimena emateko. Komunikatu beharra dago jarduera eta hortik aurrera, ustez, ez da pega askorik edozein kultur jarduera taberna eta gainerako gunetan antolatzeko. Baina interesatzen zait jakitea zein den antolatzaileen iritzia. Beraz, nahi baduzue, utzi komentarioren bat azpialdean.

2019ko martxoko eguneratzea. Arteak Ireki egitasmoa musikariak eta musikazaleak batu ditu Eusko Jaurlaritzak lokaletan kontzertuak egiteko onetsitako dekretu murriztaile bat dela eta.

Dabadaba: une honetan bertan hiriko tokirik biziena rock-aren eremuan (hitz hori zentzu zabalean hartuz). Nazioarte mailako zirkuituan tokia egin duena hiru urteko epean.

Le Bukowski: 25 urtez kaña ematen ibili ondoren Egian (gure eszenako nork ez du bertan jo?), azken bolada honetan lasaiago dabil, baina bai egiten dituela kontzertu gutxi batzuk hilean zehar.

Doka Antzokia: Ez dira Dabadabaren kontzertu kopurura iristen, baina zuzeneko asko ere dituzu bertan.

Mogambo: hauek ere 25 urte bete dituzte Trintxerpen... eta jarraitzen dute jo eta fuego.

Guardetxea: aldaketak egon dira Urgulleko lokalean, baina bertan kontzertuak eta bestelako kultur jarduerak egin daitezke.

Altxerri Bar: jazz-aren tenplu bakarrenetakoa gure hirian. Pasa den urte amaieran, beste batzuek hartu omen dute taberna, baina jarraitzen dute musika zuzenean programatzen.

Be Club: garai bateko Be Bop zena. Salamanka pasealekuan dagoena, Kursaalari begira.

Eiger edaritegia. Musika beltza maite baduzu. Kontzertuak baino DJak.

Akerbeltz. Garai bateko beste erreferentzia ezinbestekoa. Hemen ere DJak gehiago.

Tanger Bar: Okendo kaleko klasiko bat. Kontzertuak egiteko asmoa bai, baina noizean behin.

Koh Tao kafetegia: goiko tabernaren alboan. Noizean behin ere emanaldiak dituzte.

La Taberna de Egia: Gazteszenarako bidean beti azken tragoa edo emanaldiaren ondoren lehena hartzen duzun toki hori.

Txondorra: Egian hau ere. Programazioa badute.

El Andén Café Teatro: Atotxako zelaia zegoen korner batean.

Kortxoenea bota egin zuten (snif!), baina gaztetxe gehiago dago hirian: Txantxarreka Antiguan, Letaman Intxaurrondon...

Ni Neu jatetxea: Kursaaleko eraikinean bertan dagoen jatetxea.

Via Fora jatetxea: Espai Catalunya topalekuaren egoitza dena.

Kafe Botanika: Urumea ibaiaren beste aldean. Eguraldiak laguntzen badu, toki ederra musika entzuteko.

Alboka Taberna: musikarien topagunea da eta, beraz, instrumentuak ateratzen dituzte noizean behin.

Convent Garden Easo kalean. Emanaldi asko antolatzen dituzte.

La Bodeguilla: Easo plazan dago eta saiatzen dira astero kontzertu bat antolatzen.

Picachilla: Kursaal jauregiaren frentean dagoen garagardotegia.

Bar Scanner: Sagues aldean dagoena.

El Muro: Sagues-eko beste bat.

La Piazzeta de Gros: Usandizaga kaleko jatetxea.

Belgrado denetatik un poco: Nafarroa hiribidean, Grosen hau ere.

Pandora taberna: itxi behar izan zuen Agus Rodriguez-ek Parte Zaharreko Rekalde, baina 2019ko hasieratik Txofre kalean daude.

El Cohete Bar: beste aukera bat Grosen, 2018ko ekainetik. Borja eta Javi Sánchez musikarien (La Buena Vida eta Ama) taberna.

Café-Bar Tomás Gros: Mirakruz kalean dagoen taberna.

Garai Taberna: Antigua auzoko beste lokal kastaduna.

P.S: eskerrik asko, bereziki, Idoia eta Juan Luisi informazioagatik. Gaizki esanak barkatu, ondo esanak kontuan hartu. Zuen lokalak ere zuzeneko musika eskaintzen badu, esan beheko komentarioetan eta egingo diogu tarte bat.

Música en directo en Donostia, este apunte en castellano.

Arduraz jokatu

Mikel Iturria 2017/03/07 21:50
Sareak eta komunikabideak. WhatsApp bidez zabaldu den kartzelan urte mordoa eman zuen bortxatzailearena, autobusa eta ETBko programa.

Alarma soziala

Pasa den astean bolo-bolo ibili dira WhatsApp bidez bortxatze batengatik kartzelan urte mordoa egin zuen Donostiako tipo baten argazkiak eta hainbat datu beldurgarri. Itxuraz, ertzain bat hasi zen lagun eta familia artean informazio hori zabaltzen. Ertzainaren ustezko senide batek grabatutako ahozko mezua ere ailegatu da zakurraren ipurdira. Noticias de Gipuzkoak egunkariak ere aipatu zuen gaia eta oraindik albiste irakurrienen artean dago.

Alarma soziala lehen komunikabideek bakarrik sor zezaketen eta gaur egun sare sozialak (ez bakarrik Twitter eta Facebook: arrisku handiagoa du hor WhastApp-ek) ari dira lan hori deblauki egiten.

Uste dugu komunikazioaz denok dakigula, baina ofizio bat da. Eta ez litzateke ibili behar jasotzen den edozer gauzari sinesgarritasuna ematen eta lau haizetara barreiatzen.

Ultraeskuindarren autobusa

Pasa den astean ultraeskuindarren autobusa zela-eta kontrolatzerik ezin duen txakurraren atzetik dabilen txakur-jabea bezala ibili gara. Uste dut kontu honetan ere hausnartu beharra dagoela serio-demonio. Sustatzaileek amestu ezingo luketen oihartzuna lortu baitute.

Euskalduna naiz eta ez nago (ETBz) harro

Ez, ez nago ETBz batere harro. Euskalduna naiz, eta zu? saioaz ezin dut gauza asko esan. Orain zabaldu den bideoaz aparte, programa baten zati bat ikusi nuen zuzenean eta ez zitzaidan gehiegi interesatu. Honetaz gain, dena den, zenbat programa dago ETBn une honetan, barkamena eskatu ondoren, parrilatik kentzea ozenki eskatzen ari dena?

Gauza batzuk komentatzearren.

  1. Euskaldunok libre samar ibili gara euskaraz hainbat gauza esaten, erdaldunei iristen ez zitzaielakoan. Baina gaur egun hori aldatu da edo aldatzen ari da. Ona ere bada jakitea euskaraz esaten direnak oihartzuna izan dezaketela, nahiz eta naif samarra geratu azken esaldi hau.
  2. Harrigarria egiten zait kameren aurrean esperientzia majoa duen jendea nola harrapatu dezaketen bideoan entzuten diren hainbat gauza esaten.
  3. Anekdota bat. Etorri zaio kazetaria lagun bati eta egin dio tesi doktorala balio duen galdera potolo horietako bat. Ezer prestatu gabe harrapatu du galderak, bat-batean, eta ez du gogorik erantzuteko eta tontolapiko moduan geratzeko. Behin baino gehiagotan gertatzen dira horrelakoak, baina batzuetan kazetariek ez dute ulertu nahi horrelako egoera batean hobe dela ezer ez erantzutea eta harroputz fama potolotzea.
  4. Boikotak eta prietas las filas. Ze pereza eta ze beldurra ematen duten!
  5. Programaren zuzendariak ezer esan du? Non da?
  6. Amaitzeko, asko gustatu zaizkidan lau erreakzio eta batere gustatu ez zaidan bat, azkena.

Actuar con responsabilidad, este apunte en castellano.

Martxoak 8. Goizeko 8:00ak. Joni Ubedak Josean Bengoetxearen hitz hauek aipatu zizkidan atzo gauean. Hauek ere merezi dute hemen agertzea. Eskerrik asko Joni eta Josean!

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter