Hilerrietako isiltasuna ez puskatu, mesedez
Goiko laburpenean esan bezala gertatu ziren gauzak. Pare bat txio bota nituen atzoko egunean eta gaur Irungo Udalaren SAC zerbitzuan kexa utzi dut hemen behean itsatsiko dudana.
Irungo hilerria: Radio María
Kaixo.
Ostiralean, urriak 27, amarekin hurbildu nintzen hilerrira 13:30ak aldera. Hainbat lore eraman nahi genituen hildako gure senide eta gertuko beste hainbat pertsonen hilobietara.
Halako batean konturatu nintzen bozgorailuak jarrita zeudela hilerriko hainbat tokitan eta bertatik irrati bat entzuten zela.
Hasiera batean ez nion kasu askorik egin, baina gero eta zailagoa zen mezu hari ez erreparatzea. Susmoa nuen Radio María izan zitekeela eta hala zela frogatu nuen eskuak garbitzera hurbildu nintzenean sarrera nagusian dagoen komunera eta esatariak izen hori bota zuenean.
Grabazioaren zati bat daukat hemen jarrita:
Ez, tamalez beste hau. pic.twitter.com/oa6qGjA72a
— Mikel Iturria (@iturri) 2017(e)ko urriak 27
Kexaren arrazoiak bi dira:
1.- Gero eta toki gutxiago gelditzen zaizkigu zaratatik libre gure gizarte zaratatsu honetan eta garbi daukat horietatik bat hilerriek izan beharko luketela. Ez dut ulertzen zergatik dagoen megafonia sistema jarrita, beraz.
2.- Eskandaluzkoa iruditzen zait hilerrietako isiltasuna Radio María bezalako irrati ultrakatoliko batek puskatzea.
Beraz, honen bidez eskatzen dizuet errespetatzea hilerrietako isiltasuna, mesedez eta arren.
Mikel Iturria Aristizabal
Urriaren 30eko oharra: Twitter bidez erantzun dit @Irun_informa kontuak. Ostiralean bertan aipamena egin bainien. Hauxe erantzuna.
Baina halabeharrez gertatu zen, ez zegoen horretarako interes berezirik. Areago, handik gutxira, proba amaitutakoan, itzali egin zen. 2/2
— Irun_informa (@Irun_informa) 2017(e)ko urriak 30
No perturben el silencio de los cementerios, por favor. Este apunte en castellano.