«Running-a» garestia da
Duela aste batzuk, buruan sartu zitzaidan sansilbestre bat korrituko nuela urte amaieran. Urteko lasterketa bakarra, korrika egin bai, baina nire kabuz ibiltzen bainaiz.
Arazo pertsonalak medio, larunbatera arte, hilak 30, ezin izan dut jakin non egongo nintzen hilaren 31n. Beraz, erabakia ezin lehenago hartu.
Lasterketak izeneko webgunean ikusi nuen egokiena Donostian bertan korritzea izango litzatekeela. Donostiako San Silbestrea abenduaren 31n arratsaldeko 16:00etan abiatuko da etxe ingurutik, Benta Berriko kiroldegitik eta, 8,2 kilometroko ibilbidea eginda, Easo plazan amaituko da.
Sartu naiz webgunean eta ikusi dut mezu hau Twitter-en.
INFO. Inscripcion con chip desechable agotada. Todavía podeis inscribiros con chip amarillo propio 16€, o con compra chip amarillo por 32€. Eskerrik asko!!! 💪😉
— S.SILVESTRE DONOSTIA (@SANSILDONOSTIA) 2017(e)ko abenduak 29
Nik ez dut txip-ik eta, beraz, 8 kilometro egiteko 32 euro pagatu beharko nituzke. 8,2 kilometro korritzeko gehitxo iruditzen zait jada 16 euro ordaintzea, baina gehiegizkoa iruditzen zait 32 pagatu behar izatea. Zer ematen dute horren truke?
Are gehiago, nire datuak El Diario Vascori eman behar baitizkiot. Kirolprobak gunea DVren esku dagoelako orain eta bertan egin behar baita izen-ematea.
Oso ondo iruditzen zait Donostiako lasterketa hori egotea, baina ez nago prest eskatzen duten prezio hori pagatzeko. Garestia da running-a. Garestiegia.
Eta nola ez, Luis de la Cruz-en liburuaz akordatu naiz: Contra el running.
P. S.: haize zakarra dago gaur Donostian. Kontuz ibili.
¡Qué caro es el «running»!, este apunte en castellano