Futbola eta liburuak
Liburuak
Aurreko batean, Alex Haley idazlearen «Raíces» liburua zela eta, aitarekin izandako istilu batekin gogoratu nintzen. Baserrian bizi ginen, 70eko hamarkada amaieran edo 80ko hamarkada hasieran. Beheko solairuan, ukuilua, sukaldea, komuna, sarrera eta gela bat. Lehen solairuan gurasoen eta bi semeon gelak, gehi egongela. Goian, nola ez, ganbara.
Ez dut gogoratzen zergatik, baina gauez ez irakurtzeko agindua nuen. Seguruenik, garai hartan oso garestia zelako argindarra. Erabat lotuta nengoen Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak bezeroei oparitutako liburu hori leitzen eta ez nuen errespetatu gau hartan agindua. Halako batean, aita altxatu egin zen. Geldirik geratu nintzen ohean. Eskaileretatik behera jarraitu zuen, komunera.
Lasai jarraitu nuen irakurtzen eta, bobo halakoa, ez nintzen konturatu goiko bidean aitak ate azpiko zirrikitutik ikusiko zuela gelako argia piztuta. Erabat haserre sartu zen, liburua hartu, nik ulertu ez nuen zerbait esan eta eskaileretatik behera bota zuen. Izututa geratu nintzen ohean, ezer ulertzen ez nuela. Zergatik erreakzio hura? Helduen gauzak.
Kontua da asteburu honetan amari eginiko bisitan, liburua niri begira deskubritu nuela eta, noski, etxera ekarri dudala. Behean ikusterik dituzue garai hartan hartutako kolpearen zantzu nabarmenak.
Futbolaren seme-alabak
Udazkenean plazaratu du Libros del Lince argitaletxeak Galder Regueraren «Hijos del fútbol». Athletic Club Fundazioan aritzen da lanean Galder eta, besteak beste, Letrak eta futbola zein Thinking Football jaialdiez arduratzen da.
Bi seme ditu, txikiena oraindik txikiegi (Danel) kontu hauetaz aritzeko. Sei urteko Oihanekin duen harremana erabiltzen du futbolaz eta bizitzaz hitz egiteko. Zenbat maitasun benetakoa semearekiko eta beste ilobekin batera San Mamesera eramaten zuen aititerekiko (Pablo Olabarri).
Oihan etxeko pasiloan, bere buruan bakarrik zeuden partidak jokatu eta speaker moduan kontatzen; buruz sartutako gola gol de cabeza-chilena moduan bataiatzen; aitari errieta egiten liburuak margotzeagatik, behin Galderrek erakutsitako umetako liburu bat ikusi ondoren; semearen lehen partida ofiziala eta, handik gutxira, lehen gola. Baina baita semeari futbol zaletasuna kutsatzeko orduan batzuetan agertzen duen zalantza eta, era berean, batzuetan lo egin ezinik pasatako gauetako aita kezkatu baten ardurak.
Hainbat pertsona ezagunekiko miresmena, errespetua, leialtasuna eta aitorpena. Bat aipatzekotan Miguel Sola Athletic eta Osasunako futbolaria: «el puto amo» Galderren hitzak erabiliz («Este Sola es el puto amo», ume garaian aitari entzundakoa). Horrek eramaten nau nik Javier Ortiz zenari 2000ko udan idatzitako lehen e-postaren izenburua gogoratzera: «Ortiz, eres el puto amo».
Gainera, Osvaldo Ardiles («Hasta la vista, Gardel» agurtuz Galder izenarekin hitz jokoa eginez); Galeano (Madrilen elkarrekin Bernabeun partida ikusten; gero, galdu bilbotarrek Kopa Barçaren aurka, baina idazle uruguaitarra zuri-gorri bihurtu); Juan Villoro; Nick Hornby-ri emandako lata Bilbora etor zedin, jakinik ez dela eztabaida eta hitzaldietan futbolaz aritzen; Eric Cantona (futboleko unerik gogoangarrienari buruz galdegin eta pase bat erantzun zuena, ez gol bat); Albert Camus («Futbolari zor diodana»); Rachid Mekhloufi (1958ko munduko txapelketa Frantziarekin jokatzeari uko egin eta Aljeriako LNFrekin munduan zehar bira egin zuena); Iribar atezainaren omenaldian Athletic-eko gizonezkoen lehen taldeko atea defenditu zuten txopo guztiak bildu zituzteneko hura, tartean atepean behin bakarrik egon zen Javier Alonso (jokalari profesionalen greba egon zen 80ko hamarkadan eta gazte mailako futbolariek jokatu zuten liga jardunaldi bat).
Haur eta gazte garaian, jokalari moduan ezagutu zituen taldeak: San Miguel eta Mungia ekipotan bizitako esperientzia txarrak, baina Haron lehengusuekin sortutako Lagun-Bi taldean izandako une pozgarriak.
Beti presente dagoen Bilboz gain, bizi izan den gainerako herriak: Ataun, Mungia, udetako Haro, Hondarribiko barnetegian euskaraz ikasten, Irlandako Waterford herrixkan ingelesa ikasten eta bizitza antolatzen, bertakoen errespetua lortzeko ahaleginetan (Eh miss, it was me)...
Tira, gainerakoa zuei uzten dizuet. Hartu liburua eta irakurri!
Amaitzeko, apunte hau Aitor Zabaleta zenari eskaintzen diot, 1998ko abenduaren 8an ultraeskuindar batek Madrilgo Vicente Calderon zelaian eraildako realzaleari. Asko hunkitu naiz gaur eguerdian Realeko lagunarteek egin dioten omenaldi xumea zuzenean bizitzen.
Fútbol y libros, este apunte en castellano.