Mendilibar kalera, Clemente da entrenatzaile berria
Kirolari buruz idatzitako harrikada gehienak, Realari buruzkoak izan dira, baina gaur Athletici buruz idaztea otu zait. Ez naiz athleticzalea, baina ezta talde zurigorriaren etsai amorratu horietakoa ere. Sorpresa hartu nuen Mendilibar kaleratua izango zela enteratu nintzenean. Lagun batek esan zidan komunikabideak deituak izan zirela astelehen eguerdirako. Eta Clemente izango zela entrenatzaile berria. Ogi bila atera nintzela, elektrotresnak saltzen dituen denda bateko telebistan ikusi nuen Barakaldoko rubioa Ibaiganeko prentsa-aretoan, pozik. Jokalari gisa ezagutu nuen nik Mendilibar, oker ez banago Sestaon aritzen zen Espainiako 2. mailako txapelketan. Gero, entrenatzaile titulua atera zuen eta Athletic taldearen beheko kategorietan aritu zen.
Lezamatik joan, edo kanporatua izan zenean, ez dakit non sartu zen, baina 2002-2003 denboraldia bukatzear zela, Amorrortuk Eibar utzi eta Realera etorri zenean, jakin izan nuen Mendilibar Lanzaroten ari zela lanean. Eta orduan zabaldu zen Zaldibarkoak beteko zuela Deustukoak libre utzitako tokia, nahiz eta Jose Luis Ribera futbolari ohia eta Amorrorturen laguntzailea, hautagaien artean egon. Azkenean, Mendi (horrela deitzen zion atzo Etxeberriak Lezaman eskainitako prentsaurrean) izan zen hautatua eta bera buru zela kanpaina aparta egin zuen talde armaginak.
Txingurri Valverdek Katedralean ez jarraitzeko erabakia hartu zuenean (arraro samarra izan zen kontua), Lamikiz presidentearen juntak aukeratu zuen Mendilibar 2005-2006 denboraldiko entrenatzaile. Luzerako apustua izango zela, entrenatzaile gaztea, Athletic taldeak une horretan behar zuen pertsona, besteak beste.
Denboraldi-aurrean Intertoto lehiaketan kanporatu eta UEFA txapelketa jokatzeko aukerarik gabe gelditutakoan, hasi ziren lehenengo zalantzak eta komeriak.
Ligako lehenengo partida, Realaren aurka jokatzea tokatu behar, Zubiaurre auzia puri-purian zegoela. Partida jokatu aurretik, Mendilibarrek bidali zion mandaturen bat garai batean jefe izan zuen Amorrorturi. Ez zen oso delikatua izan, baina 3-0 gailendu ziren Mendilibarrenek eta dena poza zen Katedralean.
Hortik aurrera, aldiz, apenas asmatu duen. Ez du partidarik irabazi eta Lamikiz jaunak, gosetuta, hitza jan egin du. Akabo luzera begira eginiko proiektua: 10 jardunaldi luze egiten baitira taldea azken postuan dagoenean.
Bizkaia aldean mugitzen diren zenbait fedabidek (Iñaki Segurolaren Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo liburutik lapurtua) giro txarra zabaldu du. Eta nondik puskatu da soka? Alde ahulenetik, nahiz eta ondo ordaindua izan.
Aitor Manterolak atzoko Berrian zioen bezala kirolaz kanpoko arrazoiak gailendu direla dirudi Clemente entrenatzaile jartzeko. Orain kontua da ea Clemente kapaza izango ote den zalegoa batzeko, taldea lasaitzeko eta sailkapenean aurrera egiteko. Zalantza asko dut nik, baina ez dut ezagutzen Bizkaiko futbolaren ingurua.
Izan ere konplikatua baita gaur egungo futbolaren ingurua eta entrenatzaile a(h)ulkiak elektrikoak bihurtzen dira.
Te voy a meter la polla en la boca...
Donostian inauguratu zen atzo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVI. Astea. Astearekin batera, iaz abiatu ziren Fantasiazko eta Beldurrezko Komiki Jardunaldiak. Aurten, beraz, 2. edizioa. Ez naiz bereziki oso zinemazalea eta genero hau gutxiago gustatzen zait, gainera. Dena den, Euskadi Fantastikoa I erakusketa paratu dugunez gurean, atzo, iaz bezala, gaueko inaugurazio jaialdira hurbildu nintzen. Ekitaldia Bataplan diskotekan ospatu zen. Gutxitan joaten naiz horrelakoetara. Pintxo batzuk jan, zerbeza batzuk edan eta ezer gutxi. Gau giro aparta aprobetxatzeagatik, terraza estalira atera ginen. Barruan egon beharrean, Santa Klara uhartea eta Mediterraneoko badia baten antza gehiago zuen Donostiako itsaso hari begira hobeto geunden.
Gaua pasa ahala, gero eta jende gehiago joan zen biltzen. Halako batean, tipo bat pasa zen gure aldamenetik. Patrikako telefonoa eskuetan irten zuen. Norbaitekin ari zen berbetan. Apuntearen izenburua daraman esaldia botaz pasa zen gertutik. Belarria behartu gabe ere entzun genuen bere ateraldia.
Harritu, ez ginen asko harritu. Zer nahi duzue esatea! Frikilandian geundelako, batez ere. Baina, ezaguna egiten zitzaigun haren aurpegia. Zein ote da Inglaterrako Charles printzearen parekide hau? Nor da bikotekideari telefonoz hain esaldi samurrak oihukatzen dizkiona?
Azkenean, minutu batzuk pasa ondoren, etsita, zinema produktore kabroi bat izango zelakoan, amaitutzat eman genituen gure kezkak. Akabo.
Akabo? Ez. Harrikoa egiten ari nintzen gaur, bazkaldu ondoren. Irratia piztuta. Ez dakit zergatik, baina aurpegi haren jabea nor zen etorri zait burura. Izen-abizenak jarri dizkiot gizon hari.
Noski baietz. Badakit nor den! Kazetaria da. Klaroooo! Zinema eta telebista kritikak idazten dituen kazetari espainola.
Tatxan-tatxaann!
Izen-abizenak jartzen ditut hemen bi gauzengatik: lehena, bera ez delako enteratuko; bigarrena, enteratzen bada ere, ez delako apuratuko.
Estimatzen dut tipoa.
Ijitoak
Aste honetan jaio da nire anaiaren lehen semea, Oier Iturria izenekoa. Ospital batera pozik joateko otutzen zaidan arrazoi bakarrenetakoa da jaioberri baten gurasoei bisita egitea. Koinataren gela berean, aldameneko ohean, haurra izan duen 13 urteko ama sartu zuten atzo. 13 urtekoa!!! Amonak ez omen zituen 30 urte. Beraiekin batera ijito familia guztia. Hamarren bat lagun gelan. Oier gaixoa aztoratu egin zen.
Azken apuntean aipatu nuen ijitoei buruzko kontutxo bat. Ladinamo aldizkariaren azken zenbakiaren ale bat ailegatu zait etxera aste honetan. Madrilgo aldizkari interesgarrian zegoen erreportaia grafikoak ijitoen arteko ezkontza bat jaso du.
Eta gogoratu naiz nola behin, Victoria Eugenia antzokian ikusi nuen José Mercé abesten. Donostiako talde batek, orain gogoan ez dudanak, ireki zuen kantaldia. Dotore-dotore jantzitako ijitoz gainezka zegoen oraindik XXI. mende honetan ateak ireki ez dituen teatroak. A zer nolako festa gure payo begientzat! A zer builak! Gutxitan ikusi dut horrelako zeozer erreginaren izena duen antzokian. Barreak, zarata, alde batetik bestera "Manuel" edo "Pepe" oihuka. Eta payo gutxi batzu nora begiratu ez genekiela. Harrituta.
Irungo ijitoak ere gogoan ditut orain. Gure baserri inguruan akanpalekua jartzen zuten ijitoak. Ez ginen ondo moldatzen haiekin. Okerrago oraindik ijito yonkiekin.
Haietako batzuen aita zen Berrio ijito nagusiaren irudia ere gogoratu dut. Irungo taberna batean. Ni kafea hartzen. Edo zerbeza. Bera txikito bat edateko prest. Álvarez Raboren komiki baten azalari begira, bertan agertzen zen buztanari begira, "Menudo rabo que tiene el tipo ese" esaka.
Ijitoak eta payoak. Payoak eta blogariak. Blogariak eta ijitoak. Dena dago urrun.
Eskritore batzuk nerbioso jartzen direnean...
Atzo irakurri nuen Gerardo Markuletak Asteleheneko Goienkarian idatzitako Blog, blog, blog zutabea. Joan den astean Harkaitz Cano egon da "Galde-eskean" atalean Berria egunkarian eta hemen aipatu nuen. Ez dakit zer gertatzen zaien eskritore batzuei, baina uste dut blogekin nerbioso jartzen direla...
Markuletarena
Joan den astean idatzi zuen Gaztelumendik bere blogean Lauaxetari eginiko omenaldi diskoari buruzko apunte bat. Erantzun asko izan zituen horrek, mezuaren azpian ikus daitekeenez.
Markuletari ez zitzaion gustatu eta Goienkarian duen zutabea aprobetxatu zuen bere argudioak-edo botatzeko. Kontua da argudio gutxi bota zituela (tartea ere ez da oso handia) eta blogari batek idatzitakoa kritikatu beharrean, blogak orokorrean kritikatu zituela.
Canorena
Uxoa Aramendik galdetu zion domekan: "Aspaldi prentsa idatzian ez da zure zutaberik ageri. Itzuliko al zara inoiz?"
"Halako batean itzuliko naiz. Autopistan ibiltzea bezala da zutabeak idaztea, nolabait: abiadura bat eskatzen du, erreflexuak, gaurkotasuna jarraitzea... Izotz gainean patinatzearen antzekoa da: gauza politak egin daitezke, baina zutabea zurian uzterik ez dagoenez... laprast egiteko aukera ere hortxe dago. Blogei arrisku hori ikusten diet, etengabe iritziak sortzen ari gara hamaika lekutan, ondo iragazi gabe askotan. Oso seguru gaude, nonbait, gure iritziak munduari interesatzen zaizkiona. Baina autobideak utzi eta bidezidorretara apartatzeko gogoa sortzen zait niri behintzat, boladaka".
Ez dakit zergatik aipatu behar dituen Harkaitzek blogak. Aipatu daitezke, noski. Harkaitzek egin du, baina blogen kontu honekin askok uste dute egunero idatzi behar dela eta hori ez dakit nondik atera duten. Bakoitzak ahal edo nahi duen maiztasunez idazten du. Hau da: ez da egunero idatzi behar.
Eskritoreak eta blogak
Sustatun zenbait erantzun ditu Markuletarenak (tartean Gerardoren bat ere zutabea hobeto ulertzeko-edo balio duena). Hasier Etxeberriak dioenarekin ados nago: "Nire ustez, energia galtzeko modu handia da idazleentzat, bai behintzat, benetako blog literarioak sortzen ez diren bitartean".
Idazleak gosetuta egon behar duela dio. Horrelako zeozer gertatzen zaie idazle batzuei prentsako kolaborazioekin. Cano izan daiteke bat edo Pako Aristi bestea. Erabaki dute prentsan azaldu beharrean, indarrak gorde eta literaturan xahutzea. Ederto.
Ijitoak eta blogariak
Azken finean, blogekin orain gertatzen ari dena da behin niri Irungo Mosku inguruan gertatu zitzaidana. Ezagun batekin geratuta nengoen taberna batean. Zain nengoen bitartean, leihotik edo atetik plazara begira nengoen. Eta nire talaiatik ijito koadrila ikusten nuen. Hara begira ari nintzela, laguna iritsi zen eta nire lehenengo hitzak:
"Zenbat ijito dabilen inguru honetan, kopon!"
"Ijito asko... Payo gehiago ikusten dut nik".
Arrazoi zeukan lagunak. Bost ijito eta dozenaka gizon-emakume payo. Eta nik zeri jarriko arreta eta ijitoei.
Kendu "ijito" hitza eta jarri "blogari". Lau pelakatu baino ez gara eta. Toki guztietan agertzen garela? Hori ez da horrela!
Lehen baino gehiago agertzen garela. Hori bai.
Zaharrak berri
Gaur bukatuko dira Donostian 80 urteko bi pertsonei buruzko erakusketa bana. Bata Un tal Eusebi. L´artista pensionista; bestea, Patxi Olideni buruzko Itxastresna 1970-1978 Donostiako Liburutegi Nagusiaren Ekitaldi Aretoan paratu dutena. Gandiaga Topagunean, berriz, aste honetan zabaldu dute Manuel Lasarteren omenez eginikoa.
Joan den asteartean, Eusebirena aitzaki hartuta, María Socorro Luis poeta eta Jose Ramon Salsamendi margolaria izan genituen hizketan kultur etxean. Biak 80 urte ingurukoak.
Gure zaharrek diotena kontutan hartuko al dugu? Arreta gehiago eskainiko al diegu? Apunte batzuk honi buruz.
Zaharrak eta gazteak
Zenbat pertsona dago inguruan oraindik gazte sentitzen dena? Joder! Gaizki daramat nik kontu hau. 37 urte ditut: nola izango naiz ni gaztea? Ez, jada ez naiz gaztea. Bizitzaren beste fase batean nago: kreditua dut buruan, etxea, ez dakit zer kezka...
Behin bilera bat izan nuen elkarte bateko kideekin. Etorri ziren niregana laupabost lagun. Aurkezleak: "Elkarte hau 20-34 urte bitarteko gazteek osatzen dugu...". Ez nituen ezagutzen, baina barru-barrutik atera zitzaidan: "Ez nekien 34koak (orduan adin hori nuen nik) gazte ginenik". "Barkatu?". "Ba horixe, ez nekiela 34 urte ditugunok gazteak ginenik?" "Ba ni gazte sentitzen naiz". "Bai, tira, hori beste gauza bat da. Zuk esan duzu: ez zara gaztea, gazte sentitzen zara".
Luis eta Salsamendi: gauzak egin bizirik jarraitzeko
Oriotarra da Salsamendi. Esan bezala 80 urte ditu, baina honek bai sasoia! Gizon langilea, geldirik egoten ez dakien horietakoa. Ebanista, pelukeroa, pintorea. Kontatu zuen nola 30 urtetan atera den igande eta jai-egun guztietan pintatzera, Loiola auzoko Rezola margolariarekin. Azken hau hil ondoren, gaur egun honen semearekin ibiltzen omen da.
Hona ekartzeko moduko gauza bat: "Pena hartzen dut herrian, arrantzale izandakoak portuan ikusten ditudanean ez dakitela zer egin. Aspertu egiten dira eta taberna noiz ireki zain egoten dira".
María Socorro Luis emakume samurra bezain zaildua da. Maistra izandakoa, sei seme-alabaren ama, jubilatzeko ordua iritsi zenean, gogoz kontra hartu omen zuen albistea.
Azken urtean eskolaz aldatu egin zutela esan zigun. Lankideekin ondo moldatzen omen zen destino berrian, baina jubilatzekotan zegoela enteratu zirenean beste modu batez begiratzen ziotela. Okerrago, noski.
Erretreta hartu ondoren, Martuteneko gartzelara joan omen zen atzerritarrei gaztelera klaseak ematera. Poesia liburu bat argitaratu du eta gaur egun ere baztertutako jendearekin ari da lanean.
Lasarte eta Oliden bikotea
Manuel Lasarte eta Patxi Oliden lagunak dira. Lasarte ezaguna da. Nahiz eta ni ez izan oso bertsozalea, jarraitu dut haren ibilbidea, Lasarte, Lasarte baita nire familian.
Oliden, berriz, ez nekien nor zen, surf mundua urrutitik jarraitzen dut-eta. Lehengoan Berrian irakurri nuen hari egindako elkarrizketa interesgarria. Urriaren 20an publikatu zuten Tartea gehigarrian eta sarean ez dagoenez kuadernillo hori, ezin jarri loturarik hemen.
Bi gauza bukatzeko
Baga: garrantzitsua dela gure zaharrei kasu egitea. Asko ikasiko dugu beraiek entzuteko denbora bat hartzen badugu. Gaurko Berrian Villabonako 80 urte inguruko aiton-amonekin aurrera eraman behar duten proiektu baten berri irakurri dut (hau ere Tartean). Diotenez, Eibarren Asier Sarasuak eta konpainiak egiten ari direnaren antzekoa. Eibartarren ahotan.
Biga: María Socorro Luis poetaren berri galdetu diot orojakileari eta apenas aurkitu dut pulamentuzko loturarik. Emakumeak ez dira agertzen sarean?
Euro mordoa sarietan...
Atzoko Berrian galde-eskeak sailean Harkaitz Cano erantzule eta Iker Elizalde galdegile:
"Euro mordoa sarietan... horrela gastatzen ditu Jaurlaritzako Kultura sailak gure sosak. Dagoeneko non inbertitu badakizu?"
Harrituta eta perplejua gelditu naiz galdera hori irakurtzerakoan.
Canori 15.000 euro emango dizkiote (edo tokatu egin zaizkio, fale). Haziendari pagatu behar diona kontutan hartuz, hori "euro mordoa" dela pentsatzea, zer nahi duzue esatea ba? Letxe txarra behar dela.
Ez-dakit-non irakurri ditudan Harkaitzen adierazpenak, lasaiago ibiliko dela sariaren diru horrekin eta beste urtebete irabaziko duela bere nobela berria idazteko. To! Hortxe daukak inbertsioa.
Lotsagarria iruditzen zait 15.000 eurori dirutza esatea. Batez ere, aste honetan Espainian, Planeta Saria eman diotenean Maria de la Pau Janeri. 600.000 euro jaso ditu irabazleak eta iskanbila egon da.
Duela aste batzuk César Vidali (izena bakarrik idaztearekin goragalea sortzen zait) eman diote Torrevieja Saria. Ez dakit zenbait mila euro tokatu zaizkion honi ere.
Berrian idazten duen zutabegileak zenbat irabazten du? Badaki Elizaldek zenbat irabazten duten El Paísen edo El Mundon ari diren puntako zutabegileek? Anjel Lertxundi bikainak zenbat irabaziko luke Hitz beste hori gazteleraz eta aipatu bi egunkarietako batean publikatzeagatik? Igual 5000-6000 euro hilabetean. Ez dakit zenbat irabaziko duen Berrian, baina kendu zero bat eta igual ez da iritsiko hori irabaztera ere hileko.
Euro mordoa? Idazleak Euskal Herrian airetik bizi ote dira? Inbidia zer den, kopon!
FTI-Antzerkiola Imaginarioa Erakusleihoan
Datorren ostegunean,urriaren 20an, arratsaldeko 19:30etan, Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxeko areto nagusian FTI-Antzerkiola Imaginarioa taldearen bisita izango dugu. Sarrera doakoa izango da eta ERAKUSLEIHOA programaren baitan gauzatuko da.
Ez dakit jakingo duzuen (donostiarrek seguruenik bai, baina kanpotarrek ez), kultur etxea Anoeta Estadioaren barrualdean dagoela. Areto nagusia, hain zuzen ere, 7 eta 8 ateen artean, Bakearen Usoaren parean dago kokatua.
Taldeko dramagile eta ikerlaria den Jon Gerediagak idatzitako lehendabiziko poema liburutik sortutako irakurketa drama da Fitola balba, karpuki tui. Bere hitzez gain, irudiak, musikantak eta aktoreen ekintzak baliabide poetikoak bihurtzen dituen lana da hau.
lagunen ausentziaz beteriko ohe hutsa
eta ohearen parean
hamaika gizaseme isil eta ilun
infinitorantz zihoan ilara batean
ohea betetzen zuen ausentzia horri
azken hitzak esateko txandaren zain.
Fitxa teknikoa:
Testua: Jon Gerediaga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Ander Lipus eta Alex Gerediaga.
Musika: Aitor Agiriano.
Eskenografia: Aritz Merino.
Bideoa: Aritz Merino eta William Miller.
Zuzendaritza: Alex Gerediaga.
Ekoizpena: FTI-Antzerkiola Imaginarioa.
Azaroaren 17an, berriz, Harkaitz Cano, Patxi Santamaria eta Itziar Lamuedra etorriko dira "Ahulkiak" errezital antzeztua eskaintzera. Harkaitzek idatzitako testua du oinarri, idazleak berak eta aipatutako beste bi aktoreek taularatuko dutena.
Abenduaren 15ean Larrujolearen semena ikuskizuna eskainiko dute Josu Martinezek eta bi Txaberrek (Larreategi eta Fernandez). Martinez ezaguna da blogari izateagatik, baina ez dakit esaterik ba ote dagoen nor den bera. Artista ganberroa eta gaztea da. Hori bai.
Beno ba, animatu eta ea jendea agertzen den "Fitola balba, karpuki tui" emanaldian. Hurrengo biei buruzko informazio gehiago, unea iristerakoan.
Reala, makala
Realaren egoera ekonomikoa oso txarra denean eta inguruan hil kanpaiak baino entzuten ez zirenean (ez da broma, hilabete honetan Javier Yubero jokalari ohia, Mario Soravilla gazte mailako taldearen kapitaina eta Darko Kovacevic-en ama zendu dira), suspertu egin da taldea: Zaragozara joan, partida serioa jokatu eta hiru puntuak Donostiara.
Beheko tabernara iritsi naizenean ikusi dut nola epaileak penaltia adierazi duen Realaren alde. Errepikapenetan ez zen ezer ikusten (zelaiaren alde ilunean gertatu baita), baina epaileak txilibitua jo duenez... Xabi Prietok (speaker-ak behin eta berriro Txabi deitzen zuena) hartu du baloia. Paradinha eta guzti gainditu du apenas bere lekutik mugitu den etxeko atezaina. Hik bai potroak, dedio! (kanpora bidali ezkero, a zer nolako mekaguendioskak!) Hortik aurrera, esan bezala: partida serioa, Aranbururi txartel gorria eta kitto.
Hala ere, Realaren egoera ekonomikoa dela-eta (Administrazio Kontseilu berriak publiko egin duenarekin) zenbait zalantza dut. Prentsaurrekoa izan eta egun batzuetara, Joseba Iturriak zioena irakurri nuen Gara egunkarian. Berak dioenez, egoera ez omen da esaten dena: puztuta omen daude zorrak. Kazetari honek ere baditu potroak horrelakoak esateko, hori ezin zaio uka.
Beraz, nork dauka arrazoi? Aurreko kontseilua zegoenean eginiko auditoriak edo orain Fuentes eta enparauek agindutakoa (teknikoki auditoria ez dena)? Ezjakina naiz gai hauetan, baina Gipuzkoako prentsa idatzizko errege den periodikuan, eta talde bereko irrati eta toki telebistan, irakurri eta entzuten ari naizenak ez nau komentzitzen.
Kudeaketan delitu aztarnarik ea antzeman ote zuten galdetu zion kazetari batek prentsaurrekoan Fuentesi. Eta honek, edo bere taldeko beste norbaitek, ezetz erantzun. Orain LFP-ko buru den aurreko gure presidentearen kudeaketa eskasa izan zela argi dago (berak bai egin duela karrera: nonbaiten irakurri nuen kilo erdi euro poltsikoratuko zituela urtero).
Beraz, ez dakigu 17 milioi euro (hori uste dut dela aurrekoek botatako kopurua) edo 31 milioi euro (gehi beste 11 milioi denboraldi amaierarako: beraz, 42 milioi) zor ote ditugun. Diru asko da, dena den.
Orain etorriko dira gure atzetik, spam mediatikoa eginez: Gipuzkoako gizartea zein arduratsua den, nola maite dugun talde txuri-urdina, inoiz ez dugula huts egin hark gure babesa behar zuenean... eta auskalo beste zenbat esaldi merkezurrean erositakoak.
1991n, orduan bai, 42.000 pezeta jarri nituen Real Sociedad kirol elkarte anonimoaren bost akzio erosteko. Eta 2006an, zer demontre egingo dut nik? Zer demontre egingo dugu realzaleok?
Oharra: "Reala, makala; Reala, makala; Reala, makala" abesten zidaten, umeago zirenean, Ondarruko ilobek.
Bloglari ez, mesedez
Azkenean iritsi dira blogak Berriara!!! Zorionak, beraz. Asko poztu naiz, gainera, Anjel Lertxundirena delako horietako bat. Dena dela, gaur goizean periodikuan ikusi dudanean bloglari hitza, harritu egin naiz. Euskal blogosferan, nik dakidala behintzat, inork ez du hitz hori aipatu orain arte.
Ez dakit blokaren alde egin behar ote den, nahikoa hedatuta baitago jada blog hitza. Bitakora mantentzen duenari blogari edo blogile edo... esatea ondo deritzot, baina bloglari ez, mesedez. Ahoskatzeko zaila iruditzen zait-eta.
Aurreko batean Vilaweb-en irakurri genuen Catalunyako Termcat erakundeak ontzat eman dituela bloc eta blocaire, azken hau egilea izendatzeko. Alferrikakoa izango da Euskaltzaindiari argibideren bat eskatzea edo presa pizarra sartzea erabakiren bat hartzeko, baina, ea Berria egunkariko norbaitek baduen argibide gehiago ematerik.
Albistea Sustatun irakurri nuen, baina lehenago aipatu zuten Irratia.com-en Jabi Zabalak eta Patxi Gaztelumendik. Hona hemen saioaren lotura
Oharra: mezu hau Sustatu-ko albiste horren erantzunetan utzi dut.
Spam telefonikoa
Nazkatuta naukate. Telefono bidez etxean sartzen zaizkigun saltzaile horietaz ari naiz, e-mail bidez jasotzen ditugun spam mezuak (guk eskatu gabe jasotzen ditugun mezu komertzialak) baino askoz ere deserosoagoak eta desegokiagoak. Gehienetan arratsaldeetan harrapatzen naute, telebistaren aurrean lo kuluxka egin nahian. Eta beti "zenbaki pribatua" mozorropean ezkutaturik.
Telefono aparatua jaso orduko, badakit zertara datorren hariaren beste aldean dagoena. Modu arretatsuan, oraingoz, esaten diet ez dudala ezer jakin nahi eta, mesedez, ez deitzeko berriro. Ez dut uste kasu handirik egiten dutenik, halere.
Processblacken post honek gogoratu dit spam telefonikoarena. Mezu horrek badu esteka interesgarri bat: Minid.net teknofilo ospetsuak gai honi buruz idatzitako mezua. Komentario asko eta interesgarriak daude haren azpian. Batzuk atera ditut handik eta hona ekarri.
Seinfeld-en ikusitakoa
Andrés-ek dio:
Seinfelden ikusi nuenean grazia handia egin zidan gauza bat egiten dut nik:
Deitzen duenak: Arratsaldeon, XXXXXX enpresatik deitzen dut ondorengo informazioa emateko…
Nik: Buf, orain ezin zaitut atenditu. Nahi izan ezkero etxeratzerakoan, gaueko 12:00etan-edo, hots egingo dizut eta kontatuko didazu nahi duzuna.
D: Kontua da 12:00etan jada ez nagoela lanean.
N: Beno, berdin du, emaidazu etxeko telefonoa eta harea deituko dizut.
D: Buf.. Etxeko telefonoa... ezin dizut eman.
N: Zergatik? Ez duzu etxera deitzerik nahi?
D: Ez.
N: BA NIK ERE EZ DUT NAHI ZUK NIRE ETXERA DEITZEA!!!
Eta moztu egiten dut elkarrizketa.
Lasai mozteko dio batek
Lagun bat daukat horrelako zerbitzu batean lanean ari dena (Sykes enpresan, hain zuzen ere, Uni2 taldekoa). Ematen dizkieten ikastaroetan nola jokatu behar duten erakusten diete. Formulario bat dute eta lau aukera dituzte:
a) Jarrera ona du
1) Interesatzen zaio
2) Ez zaio interesatzen
b) Ez du jarrera onik
Eta berdin-berdin egiten dute lan, eta kobratu, zuk telefonoa eskegi edo ez eskegi.
Langile puteatuak dira
Argie 01k dio:
Ezagutzen dut egunero 8 ordu lanean ari den jendea, lau pezetagatik, aulki ergonomikorik gabe, ezin jantzi jean galtzarik, ezin joan komunera bi aldiz baino gehiago eta, gainera, derrigorrez eseri behar aulkian modu jakin batean (tente eta hankak junto-junto). Datuak ematen hasi naizenez, hona hemen datu gehiago: Gurutze Gorriarentzat ari ziren lanean. Honek esklabu-enpresa baten zerbitzuak kontratatu baitzituen...
Typephases ere antzera mintzo da
Behin, promozio basati hauek egiten dituzten jendea zegoen lokal batean egon nintzen. Gogoa kentzeko modukoa zen han ikusitakoa. Toki txiki-txiki batean sartuta, telefono zenbaki zerrenda batekin, neska haiek eguna pasa behar zuten jendea izorratzen eskatu gabeko dei horiek eginez.
Neska hauen tokian jartzen naiz eta, noski, beraiek ez dute errurik jatekoa horrela atera behar izateagatik (nahiz eta denok bezala, noizbait oso gaizki erantzun dudan dei desegoki bat jasotzerakoan).
Eskua sartu beharko litzaieke aukera hauek baliatzen dituzten enpresei. Spam-a baino askoz ere okerragoa da.