Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Agur Amorrortu, agur jauna

Agur Amorrortu, agur jauna

Mikel Iturria 2006/01/31 21:56

Lehengoan agur Metak eta gaur agur Amorrortu. Bai, badakit futbolaren elite maila horrelakoa dela eta profesionalek dirutza irabazten dutela, baina Amorrortu kargutik kendu zutela enteratu nintzenean, astelehen eguerdian-edo, pena hartu nuen. Bere garaian Iruretak kluba utzi zuenean bezalaxe (gero, ez ahaztu, urtetik urtera emaitza ezin hobeak lortzeko Galiziako bi klubetan). Norbaitek esango dit Amorrortuk ez duela izango Iruretak izandako bide arrakastatsua. Ez, seguraski ez da horrela izango. Baina dotore aritu da Deustuko gizon umil hau Gipuzkoako talde txuri-urdinean egin duen urte eta erdian.

Hau idazten dudan bitartean Euskadi Irratian entzun dut Realaren informazioa jarraitzen duten kazetariek txalotu egin dutela Jose Mari Amorrortu, agur esateko emandako prentsaurrekoaren ondoren.

Ez da kirol krisia Realak duena. Krisi instituzionala da. Asko aldatu da futbola azken urteetan eta mila faktore izango dira sartzekoak kokteleran: jokalariek ez dutela garai bateko konpromisoa eta kasta, Atotxatik Anoetarako urratsa, zalegoak ez duela lehen bezala bultzatzen eta animatzen, ikuskizun mediatikoa gailendu, kirola bigarren mailan geratzen dela, etab.

Hori eta ez dakigula zer kristo den XXI. mendearen atarian dagoen Reala. Zer demontre gara? Harrobia lantzen duen taldea? Harrobia eta puntako jokalari kanpotarrak dituen taldea? Zergatik ez hitz egin argi eta garbi?

Zer pentsatua eman dit jokalari ohiek bultzaturiko gaur egungo administrazio kontseiluak nola jo duen kanpoko jokalariak fitxatzera gauzak gaizki jarri direnean. Zer ez luke ekarriko Miguel Santos jokalarien ordezkariak?

Zaleek ez dugu batere pazientziarik, ez diogu etxeko jokalariari behar duen denbora ematen. Beti gogoratzen dut Satrustegi mitikoak Lehen Mailan egin zuen lehenengo denboraldian oso makal aritu zela hilabete luzez. Garai hartan, jendea gai zen esateko hau txarra da, baina gutarra da.

Gaur egun, berriz, txistu eta marmarka ari dira asko eta asko etxeko jokalarien kontra. Eta horrela ez dira gauzak konponduko, bideratuko, ni-pa-dios!

Zorte onena opa diot Gonzalo Arconadari bere eginkizun berrian eta ea datorren urtean ere Lehen Mailan aritzeko moduan gauden.

Eta Amorrorturi, esan bezala, agur eta ohore, jauna.

etiketak: Kirol harrikadak
newton
newton dio:
2006/02/01 00:25

Esandako gauza askorekin erabat ados nago, baina zaletueek ez dugula pazientziarik ez dakit nik... Jokalariek asko kobratzen dute, garai batean ez bezala. Anoetan sufritzen jada denbora dexente daramago, hala ere zaletuak bertara hubiltzen gara; bestalde abonoak igo dituzte, hala ere zaletuak hor gaude. Astiazaranek eta bere lagunek webguneko foroa itxi egin zuten, eta zaletuek hor jarraitzen dugu, Astiazaranek eta bere lagunek transparentzi falta azaldu zuten, horrela jendea errealarekin eta Fuentesekin dago. Diru laguntza eskatu zuten Errealarentzat eta ez da gutxi lagundu duen jendea. Benetan esaten diztu kanpotik akaso badirudiela jendea ez dagoela taldearekin, baina Anoetan bazkide den jendea denboraldi dexente sufritu ditu bere eserlekuan, hala ere, talde bultzatzen saiatu da; horrek ez du esan nahi beste gutxi batzuk taldea kritikatzen egon ez direnik. Ea ilusioa lortzen dugun, Arkonadak dioen moduan.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/02/01 19:06

Gaur irratian entzun dot "Gara"-k artikulua argitaratu dauala Errealaren krisialdiari buruz eta abar. Galdera (gitxi gora-behera): "Zer gara gu, nor gara gu, Racing edo Valladolid bezalakoak?".

No pasa nada, tenemos a Arkonada.

Gara egunkariaren artikulu osoa.

PD Kuriositatez, artikulua sinatzen dauana Joseba Iturria da. Klubaren presidentea, Miguel Fuentes (Mikel Iturriaga). Harrikaden aita, Mikel Iturria. Neure amatxi izandakoa, Pilar Iturria.

Eibartarra
Eibartarra dio:
2006/02/01 03:43

Denboraldia amaitu aurretik Errealarekin fitxatzerakoan Eibarrekin erakutsi zuen ohore eta errespetu berdina diogu Amorrorturi: zero patatero!

anfield
anfield dio:
2006/02/02 18:51

Azterketa hotza eginda, harrigarria da Amorrorturekin gertatu dena. Kritika txarrak egin dizkioten gehienek bere nortasuna eta izateko era erabili dituzte ez duela balio esateko. Denboraldia hasi orduko irakurri eta entzun ditut horrelakoak hedabideetan eta Anoetan. Tristea dela, odolik ez duela, apaiza...horrelakoak izan dira berari buruz esandakoak. Baina, hara non, hedabide batzuetan beste alderdi batzuk kritikatu dizkiotenean berehala gehitu diren uste horietara hasieran bere izateko eragatik onartzen ez zutenak. Partidak irakurtzen ez dakiela, aldaketak gaizki egiten dituela eta antzekoak izan dira Amorrorturen kritikoek azkenaldian erabili dituzten argumentuak. Eta hasiera itzulita, galdera hau egiten diot neure buruari: aurreko denboraldian ez al zen tristea, odolik gabekoa, apaiza, partidak irakurtzen ez dakiena, aldaketak gaizki egiten dituena...? Zoritxarrez, emaitzen diktadurak harrapatu du aspalditik futbola, eta olatutza horrek eraman du aurretik Amorrortu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter