Ken Zazpi taldearen kontzertua Lugaritzen
Ostegun gauean Nacho Vegasen kontzertuan egon nintzen Egiako Kultur Etxeko Gazteszenan.
Ostiral gauean, berriz, Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoan Ken Zazpi talde bizkaitarraren emanaldira hurbildu nintzen.
Ez nuen taldea apenas entzun emanaldira joan aurretik. Irratian noizbait kanturen bat. Lauaxetari eginiko omenaldi diskoan, Rafa Ruedak gidatutakoan, Eñaut Elorrieta abeslariak hartzen du parte. Diskoa etxean dut eta zuzenean ikusi nuen Donostiako Antzoki Zaharrean emandako kontzertua.
Esan zidaten neska gaztetxoen momentuko taldea zela. Eta hori horrela dela konprobatzerik izan nuen ostiral gauean. Ez dira 300 lagun sartzen aretoan, baina eserleku guztiak okupatuta zeuden. Berandu samar iritsi nintzenez, ez nuen ikusi publikoa nola sartu zen antzokian, baina bai ikusi nuela nola atera ziren.
Gurasoekin joandako zenbait gaztetxo tartean, 8-12 urte bitarteko haurrak ziren asko. Mutilen bat edo beste kenduta, gehiengoa neskak.
Kontzertuaren bisak jotzera atera zirenean, ikusle gazte askok ipurdia mugitu eta lehen lerroa okupatu zuten. 30-40 bat lagun bilduko ziren han aurrean.
Bitxia egin zitzaidan bukaeran gurasoak nola iritsi ziren haurren bila. Eta bitxia da ikustea fan mugimendu hau Euskal Herriko talde batekin. Bukaeran, puak eta baketak banatu zituzten musikariek zaleen artean.
Amaitu zen kontzertua, atera zen jende guztia teatroaren kanpoaldera eta hara non agertzen den Eñaut zaleekin egotera. 30-40 bat lagun berriro barrura. Abeslariak guztiei egin zien kasu: argazki bat atera batzuekin (telefono mugikorren argazki kamerarekin, gehienek) edo sarrera edo kartelaren gainean idoloaren sinadura bat idatzi.
10-15 minutu egon zen tipoa jendea atenditzen. Agur esan guztiei eta bakoitza bere zereginetara. Gaztetxoak etxera, adrenalina igoera hura lasaitzera. Ni, Oliyos tabernara zerbeza bat hartzera tipo zirikatzaile batek zapata bat bestea baino handiagoa nuela esaten zidan bitartean.
Zirikandok kolore ezberdinetako zapatak zituen soinean.