Hiriaren kronista
Donostiako jaietan eta hiriari buruzko edozein kontu ilustratu behar denean edozein komunikabidetan topo egingo duzu Javier María Sadarekin. San Sebastian eguneko bandera igoeran eta jaitsieran, adibidez, Localia telebistan aritu da. Jaitsieraren ondoren, etxerako bidean, taxian, beste irrati batean entzun nuen hizketan.
Aitor dezadan: garai batean ezin nuen jasan. Gizon pisua iruditzen zitzaidan. Iritziz aldatu dut, baina. Lagun batek esan zidan behin tipoa miresten zuela. Ez dakit ze aurpegi jarri nion lagunari, baina xelebrekeriatzat jo nuen haren ateraldia.
Handik hilabete batzuetara, berriz, Sada bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen. Zorroaga elizaren obrak amaitu ziren 2004ko abuztuan. Eta eraikin berrituaren inaugurazioa egin zuten. Sadari XX. mende hasieran eraikitako edifizioaren historia kontatzea tokatu zitzaion. Labur mintzatu zen, baina garai hartako 10 bat lagunen izen-abizenak, karguak eta beste zenbait xehetasun bota zituen. Ez zuen paperik begiratu eta txundituta utzi ninduen.
Hau guzti hau pentsatzen nenbilela orojakileari galdetu diot eta cronista de la ciudad hitzen bilaketak 12800 lotura ekarri dizkit.
Orduan konturatu naiz Latinoamerikan espainiarren garaiko ofizioa (edo kargua) dela, gaur egun toki askotan mantentzen dena. Hemen, ordea, ez.
Donostiak badu kronista lanak egiten duen pertsona. Eta debalde ateratzen zaigu, askotan. Izan ere nork pagatzen dio gizon honi? (bazkariak eta afariak ez dute balio; gure gizartean pagatzea dirua ematea da).
Ah! Zalantza izan dut hiriko edo hiriaren kronistarekin. Badirudi hiri honek kronista bakarra duela (hiriko, beraz), baina kronista gehiago egon daitezke, ezkutuan (hiriaren, beraz).