Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

José Ignacio Munilla, gotzaina

Mikel Iturria 2006/06/25 12:25

En castellano

Gaur goizean Euskadi Irratian edo Radio Euskadin (ez dakit non, zeren eta biak sintonizatu ditut esnatzerakoan), Zumarragako El Salvador elizako parroko gisa jardun duen José Ignacio Munilla, 44 urtekoa, gotzain izendatu dutela entzun dut.

Diario Vascon publikatu izan dituen artikuluak osotasunean irakurtzeko kemenik ez dut inoiz izan. Ezagun homosexual batek, kristaua bera, eman zidan noizbait gizon honen talantearen berri.

Kontua da Google-i galdezka joan naizela eta Autores católicos izeneko webgunea deskubritu dudala. Bertan argitaratu ditu Munillak artikulu mordoa. (Eguneratzea: 2009ko azaroaren 21ean. Gipuzkoako gotzain izendatuko omen dute laster Munilla. Hona hemen artikuluen lotura zuzena: José Ignacio Munillaren artikuluak).

Webmaster prestua du webguneak eta azkar aldatu diote titulua: jada Palentziako gotzain gisa aurkeztua da. Elizaren alderdi kontserbadoreena internet kontuetan iaioa ez dela esango duzue gero…

Google-n eginiko ehizaldiaren ondoren, Munillaren artikulu sorta gainbegiratzen egon naiz. Egia aitortzeko, ez dute balio irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina baterako, baina edonoren bilirrubina igoko lukeen artikulu batekin egin dut topo berehala. Izenburua Homosexualidad y esperanza.

Zera dio gure gotzainak:

"El cambio en la consideración de la homosexualidad, de trastorno psicopatológico a mera condición sexual alternativa, se ha debido más a las presiones de los influyentes lobbys gays, que a nuevas evidencias científicas. Fue en 1980 cuando estos grupos consiguieron una de sus mayores "victorias", al lograr que la Asociación Americana de Psiquiatría retirara la homosexualidad del manual de trastornos comportamentales (Diagnostic and Statistical Manual)".

(…)

"Existen, no obstante, profesionales de primera línea que se atreven a continuar afirmando lo que la psiquiatría siempre ha afirmado: estamos ante un trastorno neurótico (Van Den Aardweg, Bieber & Bieber, Aquilino Polaino, etc...)"

Ezin izan dut gehiago irakurri, baina honek ematen du gotzain berriaren kapazidadearen berri (gaitasuna jarri behar nuen, baina txiste errazegia litzateke; errazegia den bezala idaztea erreparatzeko artikuluaren interneteko loturaren amaierari).

José Ignacio: gaixo zaude.

Oharra: hau guztiau idatzi ondoren, Patxi Traperok gaia tratatu zuela ikusi dut. Otsailean edo. Hor doa:

"Jose Ignacio Munilla Zumarragako El Salvador parrokiako parrokoa da. Opusekoa, edo hor nunbaitekoa. Azeri hutsa negozioetarako. Zumarragako udalak 40 miloiko subentzioa ematea lortu zuen eliza berri bat eraikitzeko. Bertan bizi da, eta bertan dabil, bere eliztarren artzai".

Eguneratzea, 2009ko azaroak 22: Donostiako gotzain izendatu dute Munilla.

Jon Eskisabelen zutabea

Mikel Iturria 2006/06/23 08:00

Jon Eskisabel kazetariaren elkarrizketak eta artikuluak gustura irakurri izan ditut bai Berrian, bai Euskaldunon Egunkaria zaharrean ere. Kulturako orrialdetan agertu izan dira.

Pasa den denboraldiaren hasieran, blogak zabaldu zituen Euskal Herri mailako egunkaririk onenak (maltzurkeri pittin bat noizean behin, mesedez!). Blogak ireki zituenetik hiru dira jarraitzen ditudanak: Anjel Lertxundi, of course; Imanol Murua Uria, politika kontuengatik; Mikel Lizarralderen bloga musika kontuegatik, nahiz eta honenak oso gutxitan azaltzen diren bloglines-eko mezu berrien leihoan.

Dakizuenez, duela hilabete pasatxo diseinu aldaketa izan du Berriak. Kostatu zaigu, baina uste dut ari garela ohitzen. Lehengoan Fermin Etxegoienek kontatzen zuen taberna batean bazkaltzen ari zela, Mundialeko partida bat ea zer ordutan bota behar zuten galdezka joan zitzaiola norbait eta, urduri, ez zela gai izan aurkitzeko telebista programazioaren blokea. Otamendi sheriff-ak ez zuen zutabea irakurriko...

Beno ba, berritasunetako bat Plaza izeneko orrialdetan Sorbideak saila da, etxeko kazetari batzuen iritzi artikulua. Alberto Barandiaranen baten bat irakurri izan dut, baina sorpresa hartu nuen Jon Eskisabelen iritzi artikuluak irakurtzerakoan. Horrelako zutabeak gutxitan irakurri izan dizkiodalako? Agian. Uste dut iritziemaile gisa gutxitan aritu dela. Paperean irakurtzen dut beti eta gustura (orain arte behintzat). Hona hemen adibideak: Sareko zuloak, Musika live eta aste honetako Txikia izan, handira jokatu.

Hasiera batean pentsatu nuen artikulu guztien bukaeran jartzen duen e-maila erabiltzea Eskisabel zoriontzeko. Baina iritziz aldatu eta publiko zoriontzea erabaki dut.

Ba horixe. Purrustadak botatzen abilak gara-eta.

Basmatti da Sanjuan gauerako plana

Mikel Iturria 2006/06/21 08:00

-Kaixo tripontxi.

-Zer moduz?

-Aspaldiko… Zertan habil?

-Hementxe. Autobusaren zain.

-Joño! Ni ere bai. Astelehen itzela, ezta?

-Bai. Asteburu txarra pasa diat. Neskarekin haserretu ninduan.

-Ederra putadi! Datorren astebururako zer asmo?

-Ez zekiat. Foballa ikusiko diagu. Saudi Arabia-Feroe uharteak. Izugarrizko partida.

-Eta zergatik ez gaituk geratzen?

-Etor hadi etxera!

-Ostia… Plana egina zeukeat eta. Hau burua!

-Nora hoa ba?

-Ondarra tabernara. Jaia zegok…

-Zein arituko duk disko jartzaile lanetan?

-Soul Obsession, soul eta funk onena jartzen, motel. Ah! Eta aurretik Bassmatti.

-Bertsioak?

-Ez, ez, ez. Berak egiten dituen emanaldi bakarretako bat. Azarora arte ez omen dik gehiago egingo.

-Emanaldi bakarra? Hori duk fantasma!

-Lasai. Ez gaizki ulertu. Emanaldi horretarako propio egindako abestiak dituk. Gerora inon errepikatuko ez dituenak.

-Zer?

-Bai. Euskaraz prestatzen dizkik kantuak. EGA ateratzekotan zebilek-eta. Prestatu, jo eta ahaztu. Dena bat.

-Ez dauka itxura txarrik.

-Ez horixe! Portzierto, hire parada pasa berri duk…

-Mekaguen Bassmatti eta bere kontzertu bakarrak!!!

Giorgio Bassmatti "For her, with love"
Soul Obsession DJ
Elektro Radio Gramma festa
Ondarra (Donostia)
Ekainak 23

Eskerrak Lo, Post-tremolina eta Wikigida

Emetik bertso-kabareta eta Arrotz begi bertso-trama

Mikel Iturria 2006/06/20 07:00

En castellano

Ernest Lluch Kultur Etxeak, Erakusleihoa programaren barruan, egingo diren bi bertso ikuskizunen berri eman nahi dizue. Lehena, "Emetik" bertso-kabareta, ekainaren 20an izango da eta, bigarrena, "Arrotz begi" bertso-trama, ekainaren 22an. Ekitaldi biak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango dute.

Hiru emakume bertsolariren saio esperimentala da Emetik bertso-kabareta. Askotariko emanaldia, koloretsua, gordina, umoretsua eta pikantea. Taberna giroan, kabareten izpiritua bere eginez, entzuleei une entretenigarria eskaini eta emakumeen ahotsak eta bizipenak bertsotan ematea du helburu. Emanaldia girotzeko, eszenografia, musika, olerkiak, antzerki elementuak eta bestelakoak baliatuko dituzte. Partaideak Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Oihane Perea dira.

Arrotz begi, Donostian estreinatuko den bertso-trama, honela hasten da:

"Egia osoa esan behar dizuet. Ni ez naute zuen artera erakarri goseak edo jazarpen politikoak, horiek biak eguneroko ogia badira ere nire aberrian. Ezta gure erlijio nagusiaren agindu zorrotzak ere. Are gutxiago inolako gerra santurik zuen aurka pizteko asmo ezkutua. Egia esango dizuet: neure mendialdeko herrixkan ezagutu nuen euskaldun baten begi ederrek gidatu naute zeuen arteraino..."

Karlos del Olmo idazle eta itzultzailearen gidoi batetik abiatuta, narratzaile, musikari eta bat-batean arituko diren bi bertsolarik emango diote bizitza Marokotik abiatu eta hona datorren lagun bati.

Bi bertso-emanaldi hauek amaiera emango diote denboraldi honi, baina urrian asmo berdintsuarekin bueltatuko gara. Erakusleihoa 2004ko urtarrilean abiatu zen programa bat da, esperimentazio esparrutik gertu dauden formatu txikiko ikuskizunak aurkezteko asmoz. Ekaineko birekin batera, guztira 19 emanaldi izan dira bi urte eta erdi hauetan.

Rafa Rueda Elgetan

Mikel Iturria 2006/06/18 08:00

En castellano

Azken orduan animatu ginen Donostiatik Elgetara joaten eta merezi izan zuela idatz dezaket. Eguraldi txarra egiten zuen ostiraleko iluntzean errepidean jartzerakoan, baina ondo iritsi ginen Rafa Ruedaren kontzertura:

Egilea

Pilt taldeko garaiak albo batera utzita (behin ikusi nuen taldea, Ondarruko jaietan), Rafa Rueda Kea lehen diskoaren aurkezpen biran ikusteko aukera izan nuen, 2003ko udazkenean Altzan eman zuen kontzertuan. Disko hori etxean dut eta gustura entzun izan dut urte hauetan zehar.

Geroztik, Antzoki Zaharrean, Lauaxetari eginiko omenaldian master of ceremonies paperean, bandaren gidatzaile lanetan, ikusi nuen Broken Bihotz taldeko kide ohia (bai, ni ere herenegun enteratu nintzen talde horretan aritua zela Rafa).

Espaloian, berriz, pare bat aldiz egona nintzen (inoiz ez kontzertu batean). 2004ko uztailean Eibar.org-eko blog komunitate sortu berriaren ikastarotxo bat jaso ondoren, bertan bazkaldu genuen, Iban Mayok orduko Frantziako Tourrean zeozer egiteko aukera guztiak alferrik galdu zituen egunean. 2005eko apirilaren 17an, berriz, hauteskunde autonomikoak izan zirenean, lehenengo BST, Blogs and Beers, egin zen Elgetan eta orduan ere hurbildu ginen.

Ostiralean, bertan afaldu genuen Lok eta nik. Ibanen eskaintzari ezin muzin egin. Beraz, Rafa Ruedaren bandarekin, Xarra Gaztelupeko barne, eseri ginen mahaian. Eta plazera izan zen.

Gero, kafe antzokiko mahai bat aukeratu eta hantxe eseri ginen, diseinuzko aulki horietako batean. Loren hitzak neureganatuz, "salon pop" uneaz gozatzeko. Rueda atera zen gure tokitik metro erdi gorago zegoen eszenatokira. Hiru lagun atzean: Mikel Azpiroz teklatu jotzailea, David González baxu jotzailea eta Nacho Beltrán (Atom Rhumba) bateria jotzailea (ohiko Rufo Urbinaren lekua betetzen; asko gustatu zitzaigun Nachoren lana, bide batez). Mandoetan Jonan Ordorika.

Egilea

Zaila du Rafak publikoaren oniritzia biltzea, baina luzerako karrera egiteko moduan ikusten dut nik eta karrera (luze) horren ondoren, ziur naiz jasoko dituela fruituak. Pop kantak egiteko orduan abilezia aparta erakutsi du eta hiruzpalau kanta on borobiltzen ditu disko bakoitzeko. Saredun eskua diskoan, adibidez, "Umetan" edo single izateko baldintza guztiak betetzen dituen "Inoiz ez da bihar" abestietan. Aurreko lanean "Zuzen", bat esateagatik.

Lorekin eztabaidatzen egon nintzen. Kontzertuaz gozatzen ere bai, baina bere ustez musikari batek norberaren kantak, letrak, musikatu behar ditu. Ez omen dio ezer aportatzen beste letrista edo poetaren hitzak musikatzea. Ni ez nago ados baieztapen horrekin, baina aitortu behar diot Lori Rafaren kasuan ruedago ikusten dudala bere kantak musikatzerakoan, Gotzon Barandiaran, Edorta Jimenez, Unai Iturriaga edo Kirmen Uriberenak hartzen dituenean baino. Dena den, Iturriaga bertsolariarena ederto bereganatu duela iruditzen zait. Hori bai, eztabaida amaigabea izan daiteke hau eta ni ez naiz polemista jaio.

Elgeta ingurukoek aukera aparta dute Espaloian musika onarekin gozatzeko (eta gainerako kultur eskaintzarekin). Salon pop bihurtuta ikusi nuen atzo aretoa. Eta horren meritua Rafa Ruedak izan zuen, baita antolatzaileek ere. Xarma du tokiak. Estreinakoz egon nintzen bertan kontzertu bat ikus-entzuten, baina beste batean ere hurbilduko gara. Au revoir!

Soma 107 itxiko dute

Mikel Iturria 2006/06/17 13:03

En castellano

Ekainak 19, eguneratzea: Gaztelerazko blogean Lok utzitako komentarioari kasu eginez, obra egin eta ateak zabalduko dituzte. Beraz, Soma 107k izango du jarraipena.

Gaurko nire lehen asmoa etxean lasai egotea zen. Bigarrena Rafa Ruedak atzo Elgetan eman zuen kontzertuaren kronika moldatzeko gai ote nintzen ikustea. Baina Argentinako aurrelariak area ingurura hurbiltzerakoan, Serbia (eta Montenegro) selekzioko atezainari jartzen zitzaion kezka aurpegia jarri zait bi tokitan irakurri dudanean gaur, larunbata, egingo dutela Soma 107 aretoaren despedida-jaialdia. 9Cdr-en lehendabizi, Wikigidan ondoren.

Pasa den maiatzean, Ajo y Mastretta, poeta eta musikaria hurrenez hurren, bikotearen "Striptease cardiovascular" emanaldia antolatu genuen bertan eta oso gustura egon ginen kobazuloan.

Tristezia eta pena sentitu ditut horrelako toki xarmanduna itxi behar dutela jakin dudanean.

Animo eta ea beste nonbait elkar ikusterik dugun. Eskerrik asko pasarazi gaituzuen une on horiengatik.

Ez zara inoren panpina

Mikel Iturria 2006/06/15 13:08

En castellano

Gaur ere etxean izango dugun erakusketa baten propaganda egitera nator. Goizean izan da prentsaurrekoa eta arratsaldean inaugurazioa. Propaganda egitera nator, gainera, AEG eta Ceinpro ikastetxeetako irakasle eta ikasleek egindako lanak merezi duelako. Hona hemen pdf formatuan erakusketaren berri hedatzeko egin den postala. Hemen behean dagoen irudia erabili da:

Esan bezala nahi duenak erakusketa interesgarri hau osatzen duten 48 kamisetak ikusteko aukera izango du Ernest Lluch Kultur Etxean uztailaren 21a arte: astelehenetik ostiralera (16:00etatik 20:30etara) eta larunbatetan (16:30etatik 20:30etara).

Ekainaren 28an hitzaldi bat emango du emakumearen aurkako biolentziaren gaia jorratzeko Paz de Corral irakasle eta adituak.

Jarraian prentsa-oharretik hartutakoa. Ez zara inoren panpina / No eres la muñeca de nadie: erakusketa

"Ez nazazu jo, ez iezadazu garrasirik egin, ez nazazu mindu, ez iezadazu errespetua galdu, ez ezazu nire janzkera epaitu, ez itzazu nire esanak zuzendu, eta ez itzazu nire iritziak besteren aurrean justifikatu, ez itzazu nire mugikorreko mezuak irakurri, ez zaitez nire objektu pertsonaletan lardaskan ibili, ez nazazu zigortu, ez iezadazu esan norekin irten behar dudan, ez zaitez kalean niri segika ibili, ez nazazu beldurtu, ez iezazkidazu sentimenduak ezereztu… mesedez, ez iezadazu tratu txarrik eman. Ez naiz inoren panpina".

Erakusketa honek 2005eko azaroaren 24an izandako hitzaldi bat du abiapuntu. Donostiako AEG eta Ceinpro ikastetxeek, Emakumearen Kontrako Biolentzia Salatzeko Nazioarteko Eguna zela-eta, Paz de Corral Psikologia doktorearen eta EHUko irakaslearen hitzaldia antolatu zuten. Gure gizartean gertatzen diren mota honetako krimen kopurua eta horien kausak aztertu zituen Pazek.

Zentro bietako ikasleei arazo honi buruzko informazioa emateko eta sentsibilizatzeko asmoz, hitzaldia proiektu handiago baten barruan txertatu zuten: beraien ezagupen teknikoak, sormena eta sentsibilitatea erabiliz, Ceinproko Diseinu Grafikoa eta Publizitateko ikasleak zein AEGko Jantzigintza eta Patroigintzako ikasleak elkarrekin jarri zituzten arazo sozial honi buruzko kamisetak diseinatzen eta egiten.

Eta orain iritsi da proiektuaren azken unea, kamiseta diseinu horiek erakusgai jartzeko unea. 48 kamiseta egongo dira ikusgai Ernest Lluch Kultur Etxean. Kamiseta bakoitzak hiruzpalau lerroko esplikazioa du, euskaraz eta gazteleraz. Hauek bezalako esaldiak:

"Arrazoiari ihes egiten dioten gertakari hauek jorratzen saiatzeko era bakarra, behar bada, zenbatzen hastea da. 9 segundoro emakume bat hiltzen da munduan tratu txarren eraginez".

"Hezkuntzaren bidez gizon eta emakumeen arteko harremanetan aldaketak sortuko diren itxaropenez, eta jokabide erasotzaileak zein desberdintasunak desagertuko direla pentsatuz. Itxaropena sentitu nahi al duzu? Eskatu laguntza, hartu indarra, segurtasuna eta egin borroka zure askatasunaren alde".

"Oharra: Etxeko hilketak ez dira jada familian gelditzen, zigortu egiten dira legalki".

"Sufrimendua: Sufriaraztea ez da maskulinotasunaren sinonimo, eta beldurra eragitea ez da errespetatua izatearen sinonimo".

Gabiria eta Urikeriak

Mikel Iturria 2006/06/13 08:00

Julen Gabiriari bidali nion aurrekoan e-maila. Berrian irakurri nuenez, "Urikeriak" emanaldiaren gidaria zen bera. Bi galdera egin nizkion: ea zer zen eta ea zer moduzko boloa atera zitzaien Bilborock-en. Erantzuna gustatu zaidanez eta ez blogaria dela kontutan hartuz, beti ere bere oniritziarekin, hona ekartzea erabaki dut. Haren erantzunaren aurretik irakurri nuen Patxi Lurra aita barriaren mezua. Norbait ausartuko al da Donostiakeriak egitera?

Milar esker, Julen. Zer da Urikeriak

Narratzaile-aktore bat; bi bertsolari; hiru musikari; eszenografia: banku bat, tabernako barra bat, farola bat, pertxero bat arropekin (fular bat, gabardina bat, sonbreiru bat, betaurreko lodi batzuk -bertsolariek nahi bezala erabiltzeko edo ez erabiltzeko-); argazkiak atzeko pantaila batean proiektatuta (bertsolariak kantuan ari direnean ez).

Gai nagusia: Bilbo Zaharra eta San Frantzisko ingurua (hau da, baztertuen auzoa: kolore guztietako etorkinak, ijitoak, droga, prostituzioa, miseria... baina garai batean, hor egiten zuen bor-bor hiriak).

Nire rola: Ni eskale bat naiz (tabernaria beste batzuetan), Bilbo Zaharraren historia osoa ezagutzen duen eskale bat. Ez ikasketak ditudalako, baizik eta beti bizi izan naizelako bertan. Horrela bada, ezagutu izan dut Bilboko lehen auzoa izandako arrantzaleen asentamendua, geroagoko meatzeak (horrekin batera sortu zen langile-klasea eta langile-mugimendua, eta horrekin batera prostituzioa), sozialismoaren eta abertzaletasunaren sorrera, XX. mende hasierako urte zoro eta alaiak, frankismoa, trantsizioa eta gaur eguneko egoera, besteak beste.

Planteamendua: Publikoa, turista ingeles talde bat, auzoz nahastu da: Guggenheimera joan nahi zuten eta San Frantziskon agertu dira. Emanaldia hasi bezain pronto, joateko gonbita egiten diet, baina ez doaz (noski), eta emanaldia hasten da.

Eskaleak, 8 bat testuren bitartez, auzoaren historiaren berri ematen die, baina ez modu historizista batean, baizik eta modu pertsonalagoan. Hau da, sozialismoaren sorrera testuinguru bat izan daiteke, baina ez da sozialismoaren gaia aztertuko datuak eta izenak emanez, ezpada anekdota soil batetik abiatuta: giroa iradokiz, nolabait. Horrela, 8 gairekin, San Frantziskoko historia errepasatuz.

Testuak literarioak dira. Nik ez diet bertsolariei esaten "zu, Maialen, tabernaria zara; zu, Unai, etorkin beltza zara". Ez: nik testu bat irakurtzen dut, eta testu horretan egon daitezke 1, 2, 3, 4 edo x pertsonaia, eta bertsolariek harrapatu beharko dute gehien interesatzen zaien ikuspuntua.

Nire testuaren eta bertsolarien artean, musikariek 30-45 segundoko piezatxo bat jotzen dute, eta, bien bitartean, argazkiak proiektatzen dira.

Bertsolarien saioa guztiz librea da: beharbada, orain egingo dituzte hiruna bertso, eta gero seina, ezin da jakin. Saio osoa da inprobisazio hutsa.

Saioan zehar, musikariek ere izango dute protagonismoa, pare bat kantu luze ere joko baitituzte. Era berean, nahi izanez gero (horrela gertatu zen), musikariak sar daitezke bertsolarien musikaren barruan, eta bertsolariak kantuan ari diren bitartean musikariek ere doinu horiek jo ditzakete.

Beste detaile bat: bertsolariek eta narratzaileak haririk gabeko mikrofonoak daramatzate (aurpegian jartzen diren txiki horietakoak, tipo Madonna). Ze garrantzi dauka detaile horrek? Handia: bertsolariek ez dute ohiko mikrofonoaren babesik (Unai Iturriagak esana: "ez sinistekoa da hain gauza meheak zelako babesa ematen digun, zelan ezkutatzen garen haren atzean"), eta, era berean, orain eszenatoki osotik atzera eta aurrera ibiltzeko aukera dute.

Zer moduz joan zen ekitaldia

Beharbada ez nuke nik esan beharko, eta Patxi Lurrak egin du lan erdia: akojonantea izan zen. Zaila da kontatzen zer bizi izan nuen eszenatokitik, ikuspegia guztiz desberdina eta berria izan zelako niretzat. Gauza bitxi bat sentitu nuen: jendea ez zen ikusten (ilun zegoen), baina sumatu nuen dena ederto zihoala: jendearen barreak entzuten nituen, txalo-zaparradak, parte-hartzea ere bai batzuetan (nik galderaren bat airera bota eta norbaitek erantzutean)... Niretzat, hori izan zen eszenatokitik sentitu eta bizi izan nuen esperientziarik zirraragarriena: dena ondo egiten ari ginela sentitzea, eta konturatzea jendea (nik ikusi ez arren) ederto jasotzen ari zela guk botatakoa. Eta amaieran txaloak: sinistuko duzu, esaten badizut nire lana amaituta, 2 minututik gorako zaparrada jaso nuela? Izugarria.

Txita eta kaikuak

Mikel Iturria 2006/06/12 08:00

Atzo zortzi estreinatu zuen bere zerbitzua Txita enpresak. Zer den Txita? Donostian bisitariak hirian barrena paseatuko dituen txirringa txoferdun eta kapotaduna. Astean zehar irakurritako erreportajean, txita izena txirringa eta taxi hitzen laburdura dela jakin dut.

Atzoko eguna etxean pasa behar izan nuen derrigorrez (katarro puta batengatik), baina aurreko domekan bai ikusi nituela bizikleta hauek hirian barrena. Ondo. Dena den, Kaikuren publizitateak haserretu ninduen: dena gazteleraz zegoelako. Zergatik Donostiako herritarrek ikusi behar ditugu bizikleta horietan (ustez) euskal enpresa petoenetarikoak jarritako publizitatea erdara hutsean?

Eta Donostiako Udalak noiz hasi behar du zenbait hizkuntza irizpide jartzen horrelako kontratazioak egiterakoan? Beste aldera zergatik begiratzen duten galdetu beharko zaie politikariei.

Txita taxiak martxan jarri duen enpresaren aurka ez dut ezer. Bi gazte donostiar eta kataluniar bat dira bultzatzaileak eta munduko zortzerik onena opa (attá, inbiu txabolá) diet.

Bai irakurri dudala Eguzki taldearen salaketa, bidegorriaren zenbait toki estutan bizikletak desbideratzea ekartzen dutela txitek. Hori dela-eta, Udalari eskatu diote zenbait tramotan ez baimentzea haien pasoa. Ez dakit, gogorregia iruditzen zait, baina horrelako toki esturen batean beraiekin topo eginez gero, esango dizuet zer pentsatzen dudan.

Kaikuri, berriz, adierazi nahi diot horrelako publizitatea nire herrian egiten duen bitartean ez dudala beraien produkturik erosiko. Eta esan nahi diot ere, orain arte behintzat, asko gastatzen dudala astero haien produktuetan.

Oharra: Enteratu naizenez, publizitatea hilabetero berrituko da bizikleta hauetan.

Fermin Muguruzari eginiko hiru elkarrizketa

Mikel Iturria 2006/06/10 08:00

Jakina da aita hil zaiola Fermini duela egun batzuk. Izorratuta egonda ere, hortxe dago berriro errepidean. Hiru elkarrizketa aipatu nahi ditut apunte honetan. Portzierto, gero eta gehiago gustatzen zait azken lana.

Patxi Gaztelumendik Irratia.com-en

Herenegun entzun nuen Patxi Gaztelumendik duela egun batzuk Irratia.com-en eginiko elkarrizketa ederra. Mezu honetan sakatu eta entzuteko aukera duzue.

Gorka Erostarbek Entzun-en

Atzo jaso nuen etxean Entzun aldizkariaren azken zenbakiari dagokion ale bat. Creative Commons by-nc lizentziapean argitaratua estrainekoz. Eta hona ekarriko dut zati interesgarri bat.

Musikaria baldin banaiz, musika asko entzun dudalako da

"Hausnarketa handia egin behar dugu diskogintzaren inguruan. Hausnarketa, eta batez ere, joko garbia. Bada garaia kartak mahai gainean jarri eta iruditzen zaiguna esateko. Asko aipatzen da internet, pirateria… eta hori izan liteke diskogintzaren krisiaren faktoreetako bat, baina antzeko faktoreak betidanik izan ditugu. Ni musikaria baldin banaiz, hain zuzen ere, musika asko entzun dudalako da. Musikak egin nau ni musikari eta musika hori izan da bai erosi dudana, baina baita irratietatik dohainik jaso dudana, internetetik egun jasotzen den bezala, eta baita kopietatik jaso dudana. Musika kopiatu dut eta musika kopiatu didate. Musikariok hori esan egin behar dugu. Denok. Norbaitek esaten badit hori ez dela horrela, eztabaidatuko dugu, baina ea norbait ausartzen den. Metak ixtea golpe handia da bai, baina, lehenago beste batzuk ere itxi izan dira, eta horrelako krisialdiak izan dira lehen ere, eta hori da, neurri handi batean, gurean independentziaren alorrean mugitzen garelako. Egon zen Soinua, egon da Basati, egon da Suicidas… eta ez daude. Diskoak ez direla saltzen diote, baina norbaitek azaldu behar dit zergatik zabaldu berri duten musika denda handi bat Donostian, beste bat zabalduko duten Bilbon, zergatik Virgin iritsi den Baionara. Ez badira diskoak saltzen zergatik horrelako mugimenduak? Diskoak saltzen dira. Metak erreferentzia zen eta gogorra da desagertzea, baina, badaude beste erreferentzia batzuk: Gaztelupeko Hotsak, Elkar multzo erraldoia guztia, Gor ... eta autoekoizpena noski, zeina beti egon den. Azterketa zehatz bat egiteko garaia da, eta musikaren munduan autokritika egiteko garaia".

Radio Vallekaseko "La región perdida" saioan

Bukatzeko, bitxikeria: irratian egin eta ikusgai dago hemen Madrilgo Radio Vallekas-en eginikoa. Dirudienez, Radio Euskadiren bideari jarraikiz, irrati ikusgarria egitea erabaki du irrati libre madrildarrak.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter