Pertsonekin hitz egin behar
Etxean gosaltzen nuen bitartean, Del Pinoren irratsaioan entzun dut kale erreportaje labur bat hirietako supermerkatuetan ugaltzen ari diren auto-ordainketa kutxei buruzkoa.
Irratia itzali, kaleko arropak jantzi eta erdialdera joan naiz lagun batekin geratuta nengoelako. Handik Trintxerpera abiatu gara oinez.
Donostiako erdialdera bueltatu aurretik, lagunak esan dit supermerkatu batean erosketa pare bat egin behar zituela.
Euskal Herrian egoitza duen, eta kooperatiba ez den, tamaina ertaineko batera sartu gara.
Zuzenean harategira jo dugu.
Ez zegoen jende asko bertan. Zenbaki pare bat gure aurretik.
Hiru senide zeuden txandaren zain. Tokatu zaienean edadeko andre batek hartu du hitza eta harakin gazte bati galdetu dio ea arkumerik ba ote zuten.
Zerbitzariak esan dio aste honetan antxume eskaintza zutela eta kantatu eta kontatu dizkio antxume haragiaren alde onak. Modu profesionalean eta adeitsuan, beti ere.
Andrearekin batera gizonezko bi. Itxura guztien arabera bata senarra. Telefonoak jo eta gazteak hartu du. Aiton-amonekin zegoela esan dio beste aldean zegoenari.
Bigarren harakina emakumezkoa zen. Bezeroari galdegin dio ea ondo ote zegoen, itxura eskasa zuela. Andrazkoak baietz, gau txarra pasa duela, baina bihar famili bazkaria zuela eta erosketak egin behar zituela.
Jarraitu dute beraien artean hizketan eta antxume erdia erostea erabaki. Lehen zerbitzariak esan dio bost lagunentzako nahikoa eta sobera zuela.
Bilobari erreparatu diot. Itxura eskasa zuen hark ere, nabaria zen dutxatik pasa gabea zela aspaldi.
Emakumearen senarrak, aldiz, ez du ezer esan.
Nire lagunak erosketak egin eta alde egin dugu supermerkatutik, geratuta baikinen osasungintza publikoaren aldeko manifestaziora joateko.
Goizeko erreportajean gazte pare bat elkarrizketatu dituzte. Bata auto-ordainketa kutxen alde zegoen, bestea, aldiz, ez hain alde, batez ere edadeko jendearen kasuan. Esan du gehiago kostatzen zaiela ordainketak bere kabuz egitea eta, gainera, supermerkatuetako langileekin hitz egiten ez bazuten, ea norekin hitz egingo zuten bakarrik bizi diren asko.
Konbentzitu du laguna. Ez da gutxi.
P.S. Lerro hauek idatzi ondoren, aste honetan Twitter-en ikusitako beste honetaz gogoratu naiz.
Baten récords de beneficios mientras personas mayores tienen que arreglárselas para todo. Esta imagen impensable hace unos años explica lo de los beneficios. pic.twitter.com/Ely3zRvvbi
— La Celda (@24601LaCelda) February 22, 2023
Bestalde, Giorgio Bassmatti lagunak esteka hau bidali dit: kutxa eta ilara motelak Herbehereetan.