Mano Negra
Euskal jendearen oroimenean txarrerako txertatuta geratu zen eguna da gaurkoa. 2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zigutelako.
Gainera, gaur itxi ditu ateak Tobacco Days liburu dendak Grosen. Eta berriemaile berezia izan dut bertan.
💔 @tobaccodays-eri agurra: pic.twitter.com/nxVlptG06D
— Maddalen Marzol (@madmarzol) February 20, 2023
Igeldorako igoera hasi aurretik hitz egin dut Maddalen-ekin.
Etxetik atera aurretik jaitsitako audio bat entzuten egin dut gainerako bidea: Les Nuits de France Culture saio bati zegokiona.
1987. urtean sortu zuten Manu Chao eta enparauek Mano Negra musika talde ospetsua Parisen. Eta 1990. urtean aipatu elkarrizketa egin zioten Radio France-ko Opus irratsaioan.
Garai hartan lan erdiak eginak zituen taldeak, diskografiari erreparatuz gero bai behintzat, Patchanka eta Puta's Fever kaleratuta. Loturan arakatuz gero konturatuko zarete erreportajearen lerroburuak dioela orduan zegoela banda olatuaren aparretan.
80 minutu pasatxokoa da saioa. Kantu ezagun asko entzuten dira, baina abesti artean Manu Chao, Toño Chao eta Jo Dahan-ekin Pigalle-n izandako solasak tartekatzen ditu kazetariak.
Bestalde, gaur arratsaldean garai hartako Frantziako rock eszenako hainbat talderi eskainitako erreportaje gehiago kargatu zaizkit podkast zerbitzuan (begiratu hemen).
Poz-pozik nentorren, baina ikusi dudan gauza batek izorratu egin dit iluntzea. Ez dakit esku beltza tartean ote dagoen, baina lotsa gutxi behar da bide bazterrean hauxe botatzeko 2023 urtean.
Ez dugu erremediorik.