25 urte
Pasa den larunbatean, Altzako Casares Kultur Etxearen 25. urteurrena betetzeko ekitaldi nagusian egon nintzen. 1986. urtean jaio baitzen kultur etxe hau. Aunitz jende bildu zen plazan, baita Tomasenen egin zen ekitaldian ere.
Bertara hurbildu nintzen eta gogoratu nituen 2002ko irailetik 2003ra iraila bitartean etxe santu hartan pasatako orduak. Eta ezagutu nuen Poxpolo, Casareseko lehen arduraduna, egun Eibarko Udaletxeko kultur teknikaria Portalean. Nire memoria oso ona izan da, baina izan jarri beharko diot hemendik aurrera. Agurtu nituen garai hartako hainbat ezagun eta kosta egin zitzaidan aurpegi haiek izenekin lotzea. Adibidez, orain zalantzatan nago ea Poxpolorekin ez nuen beste batean topo egin... Tira.
Larunbat arratsaldean, Ander Izagirrereren Josetxo de plata artikulua irakurri nuen. Josetxo Mayorrek 25 urte daramatza ere Ulia mendia garbitzen. 1986. urteko irailetik, hain zuzen ere. Bere kabuz hasi zen, mendia penagarri zegoela ikusirik. Ez nuen gizon hau ezagutzen, baina Cuidadores de mundos liburuan izan nuen haren berri. Gizon maitagarria egin zitzaidan hasiera-hasieratik. Ez du meritu makala Zemoriakoak! Egunero goizeko 7:00etatik 10:00etara egoten da Ulian. Hilean behin izan ezik... erretiro-pentsioa kobratzera joaten den egunean.
Hori da gaur kontatu nahi nuena... eta 74 urte gaur beteko dituen Ixabeli, nire amari, lerro hauek eskaini.
Barça eta Madriden liga
Larunbat arratsaldean gogotsu joan nintzen Anoetara 2011-12 denboraldiko Realaren etxeko lehen partida ikustera. Bartzelona zen kontrarioa. Baina lehen zatia ikusi ondoren (partida beharrean kataluniarren rondo bat zirudien zelaikoak) asper-asper eginda nengoen eta haserre ikuskizun harekin. Izan ere, nik ere pentsatu nuen lehen zatiko hamaikagarren minuturako dena esanda zegoela. Zorionez, bigarren zatian, lo atera ziren blaugranak eta ederki lortu zuten txuri-urdinek berdinketa (minutu batean).
Garai batean Barça gustuko nuen, baina azken urte hauetan zenbat eta gehiago ikusi zuzenean, orduan eta gutxiago gustatzen zait taldea. Telebista aurrean ere aspergarria egiten zait talde bat baloia hartu eta alde batetik bestera mugitzen ikustea, arerioak zer egin ez dakiela dagoen bitartean.
Real Madrid ere ez dut gogoko eta bi erakunde oilar horiek besteen gainetik pasatzeko duten joera hori gorroto dut: gainerakoekiko duten aldea (telebista-eskubideen banaketa adibide bat baino ez da), inguruan mugitzen den edozer harrapatzeko ahalegina (Madrilek Realeko bi gazte iritsi berri fitxatu nahi omen zituen abuztuaren bukaeran)...
Eta gero Liga bera dago: jardunaldiak amaitezinak bihurtzen dituzten ordutegiak, irratiei eskubideak kobratzeko asmoa... Zer esan daiteke Astiazaran presidente duen erakunde bati buruz? No comment, Toshack-ek esango lukeen bezala.
Batzuetan pentsatzen dut onuragarriagoa dela bi horiek beren liga propioa sortzea (europarra nahi badute) eta gainerakoen arteko lehiaketa jokatzea. Gauzak dauden bezala, txapelketa berdintze aldera, ondo legoke bigarren taldeekin jokatzea.
La liga del Barça y del Madrid, este apunte en castellano.
Oporren bueltan...
Cadizen jo zuen Rafak abuztuaren 21ean. Bertan grabatutako bideoa ikusi dugu haren blogena: Hotel Utopía. Benalup. 21/08/2011.
Jabierrek, berriz, lan berria aurkeztuko du urrian: Bikote bat. Gitarra alde batera utzita pianoa eta akordeoia izan ditu lagun, baita Mikel Azpiroz ere. Bideoa Angel Katarainena da.
Go, Ibiza, Go! eta Miguel Noguera
Azken urte hauetan, Miguel Nogueraren izena gero eta ezagunagoa egiten ari da underground zirkuluetatik haratago. Ez dakit umoregile etiketa aplikagarria den, baina gauza da jendeak barre egiten duela Nogueraren ikuskizunetan. Adibidez, pasa den apirilean agertu zen Buenafuenteren telebista-saioan.
Noguera, beraz, performer-umoregile bat da, gidoirik gabe azaltzen dena jendaurrean.
Joan den astean irakurri nuen La Vanguardiaren Cultura/s gehigarrian Los Pioneros del Siglo XXI izeneko batzuei buruzko erreportajea. Haien lana ezagutzeko gogoa piztu zitzaidan eta haien blogean eta youtube kanalean aritu nintzen begira. Hor ikusi nuen umore-saio honen lehenengo elkarrizketa Miguel Noguerari eginikoa dela, 2010eko udazkenean.
Bi aldiz ikusi ondoren, oraindik ez dut berau definitzeko hitzik topatu. Beste bi bideo daude Los Pioneros del 2000 izeneko youtubeko kanalean: Jordi Costari eta Nacho Vigalondori eginiko bi sasi-elkarrizketa.
Go, Ibiza, Go! o cómo descolocar a Miguel Noguera, este apunte en castellano.
Usopop Festibala #2
Abuztuak 27. Sara (Lizarrieta).
Kartela:
François & The Atlas Mountains + Mursego + MobyDick + Mars Red Sky + The Suicide of Western Culture...
Informazio gehiago: Usopop webgunean.
Margatània: L´equip petit
Apuntatu izen hau: P.L.V. HAVOC
P.L.V. HAVOC. Oker ez banago, gaur zuen lehen entsaioa banda berriarekin. Abuztuaren 13an Sonoraman arituko da.
Zikiro: 23 urtetan zigorrik jaso ez duen entrenatzailea
"Gaztetan Beti Gazte eta Real Union taldeetan futbolean aritu zen Jose Luis Altzugarai, ‘Zikiro’ lagunentzat. Baina gero palista profesionala izan zen hamabi urtez Bilbon, «palarik garairik onenean». Bilboko garai hartatik, Marino Lejarreta txirrindulari handia pisukide izan zuela gogoan du eta «betirako laguna» duela berekin. Behin pala utzita, ustekabean, Beti Gazteko nesken futbol taldea entrenatzen hasi zen, duela 23 bat urte eta geroztik han-hemen entrenatzaile aritu da, txartelik ikusi gabe".
«Txartelik inoiz ez ikusteko sekretua arbitroaren lana errespetatzea da», Aitor Arotzenak eginiko elkarrizketa. Ttipi Ttapa aldizkarian agertu da. Argazkia ere Aitorrena da.
Via Juanma Molinero.
Mikropolis Donostia, bideo polit bat
Lerro hauek astearte gauean idazten ditut, baina bihar goizean argitaratuko ditut. Gaur (atzo zuentzat) asko mugitu zen blog, twitter (@transistoria), facebook eta sareko txoko ezberdinetan Donostiako ikus-entzunezko gabinete batek, Transistoria izenekoak, eginiko bideo polit hau. Oinarrian, Haritz Rodriguez dago horren atzean, baita laguntzaileren bat edo beste.
Vimeon, une honetan, gaueko 23:00ak inguru, 2.210 bisitatik gora ditu Mikropolis Donostia bideoak. Sustatun irakurri dudanez, til-shift teknika erabiliz egina dago. Hau da, maketak imitatzeko efektua lortzeko erabilitako teknika bat.
Euskal musikaren gainbeherari buelta eman behar zaio
Atzo ohiko komunikabideak gainbegiratu nituen jakiteko zer zioten atzo arratsaldean Donostiako Udalak jakinarazitako Saguesko kontzertuen bi aldaketak zirela eta ez zirela. Izenburu asko Bildu zuten subjektu. Guztien artean gehien harritu ninduen titularra hauxe izan zen: Bildu “euskadiza” los gustos musicales. Arraroa egiten zait Euskadi eta Bildu lotzea.
Aurreko Kultura zinegotziak, Denis Itxasok, jarduneko azken egunean aurkeztu zuen Sagueseko 8 gauetako kartela. Delegatu berriak, Nerea Txapartegik, Espainiako bi talde kendu eta bi euskal talde sartu ditu, “euskal kulturaren presentzia indartzearren”. Nik pena hartu dut La Mala Rodríguez Donostian ikusteko aukerarik egongo ez delako. Emakume bat gutxiago kartelean. Ona da Berri Txarrak eta Su Ta Gar Donostian egotea, nahiz eta ez dakit nola dauden egun eibartarrak.
Euskal taldeak eta kultura herrikoiaren apustua egitea ez dakit Saguesen egin behar ote den. Loveof74k dioen bezala zenbat talde gehiago dago horrelako plazak betetzeko? Are gehiago, ez da etsigarria izango gune horretan jende gutxi ikustea? Begiratu, adibidez, pasa den asteburuan Zarama taldeak BBK Live jaialdian emandako kontzertua. Seguru oso ondo pasa zutela, baina amorragarria behar du izan hain jende gutxiren aurrean jotzea.
Zergatik du hain prestigio gutxi euskal musikak une honetan? Gorka Bereziartuak pasa den otsailean idatzitako apunte batekin gogoratu naiz: Iaz disko asko... eta erdaraz (zenbait burutazio ingelesez kantatzeko hautuaz). Oso interesgarria da apuntea eta mamitsuak ere komentarioak. Datu bat hartu dut bertatik:
“300 diskotik gora kaleratu ziren 2010ean, 16 diskoetxeren bitartez, baina, batez ere, autoekoizpena ardatz hartuta. Pozteko datuak, baina… ez. Inaxio Esnaola kazetariak editorialean dioen legez, iazko urteak erdaraz kantatu baitzuen gehienbat”.
Duela ia bi urte Delorean taldeko Ekhi Lopetegik Noticias de Gipuzkoa egunkarirako Juan González Andrések eginiko elkarrizketan hitz gogorrak zituen Euskal Herriaz:
“Es una sociedad muy encorsetada, aunque hay fugas y gente que está haciendo cosas interesantes. Mi opinión personal, que no tiene por qué ser la de todo el grupo, es que los cánones culturales de Euskadi están estrechamente vinculados a los cánones políticos, y eso hace que el universo se nos cierre. Me irrita el localismo, la cultura en Euskadi se ha ritualizado al máximo y la gente parece atrapada. Hay que abrir líneas, establecer relaciones con el exterior... Es un mundo tan cerrado en sí mismo que habría que vaciarlo, la gente debería desertar”.
80. hamarkadako Euskal Rock Erradikalaren eztandatik (batez ere gaztelaniaz eman zena), ia 30 urte ez dira alferrik pasa. Askoz ere talde gehiago dago gaur egun, kontzertu asko daude agendetan, taldeen kalitateak gora egin du, baina... euskal musika gainbeheran dago.
Gauza asko ditugu aldatzeko. Kontua da ea gai ote izango garen eszena berri bat muntatzeko. Aurreko batean baietz nioen: ez zela soilik mugimendu musikala izango. Ea ba.
Oharra: Sustatun irakurri dut ikurrinak 117 urte bete dituela gaur. 2004ko uztailaren 14an publikatu nuen bizirik dagoen lehenengo harrikada: Mariano Ferrer-en agurra. Ha da, blogak ikurrinak baino 110 urte gutxiago ditu.