Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Rikardo Arregiren herrian izango da #kmk12

Rikardo Arregiren herrian izango da #kmk12

Mikel Iturria 2011/11/19 18:24
1966ko maiatzaren 22an Usurbilen, Rikardo Arregik emandako hitzaldi (mitin) laburra.

Urrian jaso zuen lekukoa Andoaingo herriak 2012ko Kilometroak antolatzeko. Eta atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen jaialdia (ikusi #kmk12 hashtag-a twitter sarean).

Aiurri aldizkariaren bidez 1966. urtean Rikardo Arregi euskaltzaleak igotako audio honen berri izan nuen atzo. Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura Usurbilen inauguratu zuten egunean botatako mitina da. 10 minutu inguru dira.

Uste dut lehenengo aldia dela Rikardo entzuten dudala. Joseba anaiak zer pentsatuko du gaur egun?

 

 

Eguneratzea: azaroak 29. Joni Ubedak bideoaren transkripzioa bidali dit eta hemen jartzera noa, Joniri eskerrak eman ondoren.

1966.5.22 Oroigarria zabaldu zen egun berean bazkari bat izan zen Usurbilen, eta ondorenean Rikardo Arregik egindako hitzaldia entzungo dugu.

Bazkalondoan Rikardo Arregik euskarari buruz esandakoak entzungo dugu, zoritxarrez balio ia osoa dute gaur egun orduan gazte hark azaldu zituen egoerak eta ideiak.

RIKARDO ARREGI:

“Udarregiren omenez egin zuten eskulturaren aurrean euskal herriko artistek egin behar zioten omen berezia. Nik gaur, orain, une honetan, euskal gazteriaren izenean eta euskal idazle berrien izenean Udarregiri omena egin nahi nioke.

Ez zaitezte beldurtu, laburra izango naiz.

Baina egia esateko beldurra ematen dit une honetan, bazkari on bat egin ondorenean esango ditudanak esatea. Baina gaurko gazteriak, gazte guztiak bezala, gauzak benetan esan nahi baldin baditu... badirudi Usurbilek bere semearen jaia ospatu duelako denok alai eta pozean egon behar gendukeela.

Baina, zoritxarrez, ez daukagu gaur egunean guk euskaldunok Xenpelarrek bere bertsoan zionez, "gu bai gera Euskal Herria". Ez dugu pozik eta alai izateko eskubiderik, hilzorian dagoen pertsonak, hilzorian dagoen gizonak ez du behin ere eskubiderik, ez du behin ere pozik eta alai izateko momenturik.

Horregatik gaur egunean martxa honetan jarraitzekotan, hemendik bi belaunaldietara, hemendik bi generazioetara, ez dira Euskal Herrian izango euskaraz hitz egingo duen Euskal Herrian Udarregiren bertsoak irakurriko dituztenik. Martxa honetan, ez baita izango hemendik urte batzuetara, gauzak aldatzen ez badira behinik behin, euskaraz hitz egingo dutenik.

Eta gu herri bezala hiltzekotan garen ezkero, ez dut uste alai eta pozik izateko eskubiderik daukagunik. Heriotzako orduak beti izaten dira tristeak eta gaur egunean Euskal Herriak euskaldun guztiok osatzen dugun Euskal Herriak momentu triste hori bizitzen ari da: hil edo bizi.

Eta horregatik nik pozik nahi nuke momentu honetan alaitasunezko eta pozezko hitzak adieraztea baina gure burua engainatau nahi ez baldin badugu, argi eta garbi gure errealitateari aurpegi eman behar diogu. Eta gure gaurko errealitatea hiltzeko zorian gaudela da.

Atzo zioten bertsolariak eta gaur ere zerbait entzun dugu, eta maiz gure artean entzuten dugu gurasoak, fraileak, mojak, euskaraz egiten baldin badute... euskaraz biziko dala.

Baina ez gaitezen engainatu, hori ez da egia. bestekorik ez dagoen bitartean hori gertattuko da, baina hori ez da eiga. Egun hauetan entzun ditugun abestiak egun hauetan ikusi ditugun antzerkiak, egunero radioetan, egunero telebistan, egunero gure egunerokoetan, egunero gure zineetan [euskara erabiltzen ez bada] alperrikakoa izango da gurasoei bere semeei euskaraz erakustea eskatzea. Egunero gure zineak, gure periodikoak, hitz batean esateko, gure gizartea euskaldun izatera iristen ez den bitartean alperrikakoa da pentsatzea gure hizkuntza zaharra eta gauza guzti horiek borondate on huts batez biziko direla. Ez. Gure problemak behar bezala sendatu nahi baldin baditugu, argi eta garbi eman diezaiogun aurpegi gure problemari eta gure errealitateari.

Eta gure errealitatea da gaurko gure Euskal Herria ez dela euskalduna, ez baitago euskaldunen mendean, ez baitago euskaldunen eskuetan. Eta alperrikakoa da gurasoei eskatzea bere semeei euskaraz erakustea, borondate onez ez da euskara salbatuko. Euskara salbatuko da Euskal Herriko zineak, Euskal Heriko legeak, Euskal Herriko gizartea euskaldunon eskuetan egongo den orduan. Gainontzekoak gezurrezkoak dira, ez dira benetako problemak. Horretara iristen ez garen bitartean, ez dezagun uste izan borondate hutsez, borondate onez bakarrik salbatuko dela euskara. Horregatik gure errealitateari aurpegi eman behar diogu eta horregatik ez gaitezen lainoetan ibili. Estatu batek bakarrik salbatu lezake Euskal Herriaren salbazioa. Beste diskusio bat izango da, beste eztabaida bat izango da estatu hori zer estatu izango den eta nolako estatua. Baina inork ere, bere buruarekin jator baldin bada, eta lehengoari eutsia ez baldin badago, inork ere ukatu ezin lezakeena da estatu baten bitartez bakarrik konponduko direla eta estatu baten bitartez bakarrik salbatuko dela Euskal Herria eta euskara.

Gaur Usurbilen lehenagoko, antzinako, gure aurreko bertsolari bat ospatzen genuen gaur Usurbilen: Udarregi. Baina Udarregiren omenez altxa da, jaso da, Usurbilgo enparantzan eskultura berri bat. Eta horrek zer esan nahi du? Euskal Herria lehenari begira ez dela salbatuko, gaurkoari eta biharrari begira. Horregatik hasieran esaten nuen bezala, ez dela momentua, ez dela unea pozik eta alai izatekoa. Baizik eta gure problemei behar bezala aurpegia ematekoa. Gaur egunean Euskal Herriak ez dauka arrazoi bat ere, dirua besterik, alai izateko. Gaur egunean, Euskal Herrian zenbait eta zenbait jende injustiziaren mendean bizi gara. Gaur egunean Euskal Herrian zenbat eta zenbat gizon gure osotasunera, gure zabalkundera iristeko milaka eragozpen eta oztopo aurkitzen ditugu. Une honetan nola izango gara ba alai? Ez gaitezen bizi lehengoan pentsatzen. Lehengoak bere balioa badu baina etorkizunari begira, itxaropenari begira eta horregatik iruditzen zait niri euskararen salbazioa ez dela etorriko jakintsu batzuk euskaraz asko estudiatzen dutelako, baizik eta euskara injustiziaren kontrako hizkuntza izatea iristen den garaiean. Horregatik iruditzen zait niri gaur Usurbilgo enparantzan ikusi duguna lehengo euskaldun jator baten omenez jaso den eskultura berri hori. Hori etorkizunerako dei bat da, euskaldunok lehengoa ez dugu ahaztu behar baina gaurkoari eta geroari begira bizi behar dugu. Ez dugu tradizioari eta lege zaharrari begira egon behar, Euskal Herria oraindik jasotzeko gizarte berri bat da. Euskal Herria ez da berpiztu behar den gizarte berri bat, oraindik jasotzeko dagoen gizarte berri bat da. Eta gizarte hori jasotzeko ez dezagun gure burua engainatu, ez dezagun uste bertso batzurengatik, ohitura batzurengatik eta sentimendu batzurengatik salbatuko dugula. Ez, Euskal Herria borroka eginik, denok gure gizatasuna osatzeko moduan altxa behar dugun Euskal berri hori izan behar dugu.

Eta horregatik eskultura horrek horixe bera esan nahi du, gaur egunean badira zenbait euskal gazte, badira zenbait euskal gaztedikoak borrokan dabiltzanak Euskal Herri berri hori jaso nahian. Eta zenbat aldiz, benetan aitortzen dizuet, itxaropena galtzen dugu ea iritsiko ote den Euskal Herri berri horren garaia.

Baina gaur artistak zorionez, pintore eta eskultore horiek adierazten digu badela posibilitate bat, badela ahalmen bat euskal gizarte bat, euskal pentsamendu bat, euskal arte berri bat sortzekoa.

Udarregi baliozko izan zen bere garaian, bere garaiko problemak bizi izan zituelako. Eta horregatik gaurko artista berri horiek [esaten] digute: "Euskaldunak begira dezagun aurrera, ez gaitezen lehengo ametsetan ibili. Euskal Herria oraindikan egin gabe dago, Euskal Herria gu bakarrik borrokarekin osatu dezakegu. Eta ez sentimenduetan eta konplazio txarretan biziak, baizik eta jatorki beti uste izan dugu euskaldunak jatorrak izandu garela, eta benetako gizonak. Askotan pentsatu behar dugu hori ez dela egia.

Horregatik bukatzera noa, eta nik nere adiskideen izenean, euskal idazle berrien izenean eta zenbait euskal gazteen izenean Udarregiren omenera juntatzen gara, batzen gara, bat egiten dugu Udarregiren omenaldiarekin, baina ez lehengoa bizi nahian baizik eta berria ekarri nahian. Besterik ez, gora Euskal Herria!”.

Joni Ubeda
Joni Ubeda dio:
2011/11/30 01:08

Eskerrak hiri! Utikan Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen, manifestu eta idatzi oro. Denak intentzio onenarekin eginak, hori bai, ez daitezela haserretu, baina behin aldarrikatzen hasita Rikardo Arregik esandakoa nahiago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter