Funtzionarioak
Abiadura handiko astea joan zaigu eta jada jarri behar hurrengoari begira. Merkatuek aginduko dute zer egin eta teknokrataz jantzitako morroiek esango dute zerbitzu publikoak murriztu eta langileak kaleratu behar direla.
Hilabete hasieran irakurri nion Andoni Egañari Funtzionario izeneko artikulua Berria egunkarian. Eta bertsolariak bertan botatzen dituen ideia nagusiekin ados nago.
Egañaren testuarekin gogoratu naiz gaur arratsaldean Mikel Elorzak Berrian publikatutako gaurko artikulua irakurtzerakoan. Erdiko koaderno hori ez dago (eta Elorzak ez du oraingoz bloga pizteko gogorik). Dena den zati batzuk ekarri nahi ditut hona:
“Askoren jomuga izaten da funtzionarioa, gizaki alfer, alproja, diruzale zorri hori. Badaezpada, gogoratu egin nahi dut: lan harreman finkoa, Administrazioarekin, duen langilea da. Langilea, azpimarratu nahi nuen. 'Ez zaizkit funtzionarioak gustatzen', eta, 'izorra daitezela' eta holakoak maiz entzuten dira. Niri ere ez zaizkit gustatzen. Batzuk. Beste batzuk bai. Iturginak ere batzuk ez zaizkit batere gustatzen. Eta dendari hainbat. Eta enpresa pribatuetako goi kargu gehienak, horiek ez ditut laket. Eta abar”.
“Erraza da haiek pagaburutzat hartzea. Lan harreman finkoa duen heinean, zorionekoa da funtzio publikoan diharduena. Eta, lan hitzarmenen bitartez, lan-baldintza onak izan ohi dituzte. Funtzio publikoaren sakoneko erreforma bat egin beharko litzatekeela? Seguruenera. Administrazioaren kontzepzio eta egituratzea, ofizial eta publikoaren nahastea eta halakoak berraztertu beharko liratekeela? Baiki. Baina ez dezagun horregatik hainbat langilek dituzten lan-baldintzak txartzea txalotu, saia gaitezen lan-baldintza horiek beste langileengana hel daitezen. Lanpostu eta lan-baldintza pribilegiatuak egongo dira haien artean, eta nik ere ez ditut maite pribilegioak. Eta ken daitezela. Baina publikoan bezala pribatuan”.
“Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dituen azken neurriak direla-eta, neurri horien detaileetan sartu gabe (…) ni bereziki kezkatzen nauena da murrizketek, azken batean, zerbitzu publikoaren deterioroa ekar dezaketela. Eta hori da, lan-baldintza zehatz batzuen gainetik, bereziki zaindu behar duguna”.
Apuntearen hasieran esan bezala, orokortzea ez dut batere gustuko. Ezagutzen ditut español jatorrak eta euskaldun kabroi askoak ere.