Egun nafar bat (edo bi)
Aspaldian nuen gogoa inguru hauetan ibiltzeko, baina azken bolada honetan ez ginen pasatzen Baztandik. Oraingoan, urriaren 24an eta 25ean, Bertizen egon ginen, bai, baina aurrera jarraitu genuen.
Bueltaxka bat eman genuen hango parajeetan barrena eta Elizondora joan ginen bazkaltzera. Eskisaroi itxita zegoenez, bertakoek Galarzan bazkaltzeko esan ziguten eta oso aukera ederra izan zen ere.
Arratsaldepasa Iruñean egin genuen. Erdialdean. Lotsatzeko modukoa da, baina urteak ziren Iruñera arrimatzen ez nintzela.
Iluntzerakoan, berriz, Quinto Real ostatura jo genuen. Fernando Goñi pilotariak hartu gintuen eta oso gustura egon ginen bertan. Hurrengo batean bueltatu behar dugu eta inguruko mendietan barrena ibili. Itxura ederra baitauka inguruak. Eta jatetxea ere probatu nahi dugu, Fernando!
Astearte goizean, Altzuzako Oteiza Museoan geratu ginen Donostiatik eta Gasteiztik etorritako beste lagun koadrila batekin. Ederra museoa, pena ez zegoela ez audio-gidarik, ezta bisita antolaturik ere. Eta horrela ea nor (au)sartzen den Oteiza handiaren unibertsoan.
Huarteko Zubiondo jatetxean bazkaldu genuen. Ederto hemen ere. Eta arratsaldepasa berriro ere Iruña aldera.
Baten bat txankamela samar joan zela ikasi genuen: hau da, udazken garai horretarako pulamentuzko arroparik gabe. Baina hori beste istorio bat da eta ezin da hemen kontatu (bestela, larrutuko naute).
Hona hemen bi egun horietan telefonoarekin ateratako 14 bat argazki.