Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Jamaika amets

Mikel Iturria 2020/05/10 18:45
«Jamaikarekin egiten dut amets. Mahai beltz baten atzean nago eserita, paperez inguratuta, horma baten aurrean. Horma horretatik zintzilik daude desolazioaren eta bakardadearen argazkiak, arreta eskatzen duten artikulu eta iritzi proiektu-mordoaren artean. Jamaikarantz noa hegan».

Gaurko egunez, maiatzak 10, duela urtebete, Donostian aurkeztu genuen Ortizen liburua (bideoaren lotura).

Etxean entzerraturik nagoen egun hauetan behin baino gehiagotan etorri zait burura nola egongo nintzatekeen COVID-19aren krisialdia urtebete aurreratu izan balitz.

Zenbat kultur proiektu jarri (eta jarriko) dituen hankaz gora egoera nunormal honek.

Horretaz galdetu die Alberto Moyanok gaur DVn hiru idazleri: Galder Reguera, Txani Rodríguez eta Emilio Sánchez-Mediavillari. Hirurek atzeratu behar izan dituzte udaberri honetarako zituzten planak.

Egoera berean dago Petti musikaria ere, «Manipulazio estrategiak» izeneko albumaren aurkezpena noiz egingo zain. Astelehenean hitz egin zuen horretaz Oier Aranzabalekin.

Atzeratuko direnak, tira. Larriagoa da zenbat kultur proiektu joango diren pikutara Rockdelux aldizkariarekin gertatu den bezala.

«Fosforo berdezko pantailak lehor begiratzen nau. Formatu eta pasahitzez osatutako eguneroko dosia eskatzen dit pazientzia gutxiz. Baina gaur –zer gertatzen zait?– apar zuriko islak baino ez ditut ikusten itsaso urdin bizi baten gainean. Itsasoa eguzkipean: Jamaikako Kinsgton portua betiko argitzen duen pasiozko eguzki basati horren azpian».

Este artículo del recordado Javier Ortiz era de imprescindible lectura cada seis meses o así. Desde marzo es conveniente leerlo una vez por semana. Mínimo.
Jamaica o muerte. Venceremos. pic.twitter.com/5ZuHg28QnA

— JorgeNagore Frauca (@JorgeNagoreF) May 6, 2020

 

Ilusioa egin zidan Jorge Nagore kazetariaren txioak. Javierren zutabe bati buruz galdetuz gero, Sueño con Jamaica ez litzateke aipatuko nukeen lehena, seguruenik. Baina Nagore bezainbeste irakurri duela aitortu du behin baino gehiagotan David Fernàndezek, etxeko kortxo batean duelako iltzatuta.

«Una especie de manual básico para sobrevivir con dignidad en las aguas pantanosas y emponzoñadas del periodismo. Debe de ser el artículo que más he leído nunca» dice @HiginiaRoig aquí.https://t.co/7K82iuTH1u

— Javier Ortiz Estévez (@jortiznet) May 6, 2020

 

Ez da izan Ortizekin zerikusia duen aste honetako kontu bakarra. 2007ko udan kultura eta kirola uztartzen zituen hiru mahai-inguru zuzendu zituen Tenerifen. Juan Carlos Fresnadillo zinegilea eta Daida eta Iballa Ruano surfistak egon ziren batean; Oscar Ladoire aktorea eta Ángel Cappa futbol entrenatzailea bigarrenean; azkenik, aste honetako nobedadea, Jose Saramago idazlea eta Peio Ruiz Cabestany txirrindulariaren artekoa.

Eta nobedadea da Fundación CajaCanariasek ostiralean jarri baitu bideoa Youtuben duen kanalean.

Igande arratsalde honetan ordubete luze pasa dut mahai-ingurua ikus-entzuten eta zirrara berezia sortzen dit Ortizen ahotsa entzuteak, haren figura ikusteak. Hasiera kaotiko samar hori, bi gonbidatuak aurkezpen luzeegiari boikot egiten. Saramago kirolaren industriaren kontra eta inoiz anbizioa ez duela izan aipatuz behin eta berriro, Peioren harridurarako.

Gehien gustatu zaidan uneetako bat da Saramagok (orduan 84 urte zituen) esaten duenean berari ariketa fisikoa egiteko gomendatzen diotela behin eta berriro, baina ez duela inor sumatzen kirolariak irakurketara bideratu nahian.

Haserrearen maila gorantz dagoen garai hauetan, entzun dezagun Pettiren kanta berria. Badirudi disko ederra egin duela. Eta badirudi diot, ez baitut osorik entzun. Zart Kolektiboak noiz kaleratuko zain.

«Ez naiz inoiz Jamaikan izan, eta litekeena da inoiz ez ikustea. Berdin zait. Hobe horrela bada».

Jamaica, este apunte en castellano.

Eraikinetik alde egin du Elvisek

Mikel Iturria 2020/05/02 19:15
Ia 50 egun pasa direnean, etxetik ateratzeko baimena eman digute hegoaldeko helduoi paseatzeko edo kirola egiteko.

Konfinamendu estuaren azken ostirala, Langileen Nazioarteko Eguna, maiatzak 1. Etxean ditudan liburuei asper-asper eginda begiratzen nien bitartean, Javier Ederren «Perro de prensa» artikulu bildumarekin egin nuen topo.

Joño, pentsatu nuen, aspaldian ez nuen Javierren berri. Non ote dabil gizona?

Liburua zabaldu eta 1995ko uztailean Bilintx Megadendan erosi nuela daukat eskuz idatzita.

Gaur sarean Javier Eder jarri eta haren webgunearekin egin dut topo: edder.org.

Bertan hainbat filmaren zatiak eta blogariaren komentarioak daude.

Adibidez, Jorge Oteizaren bideo sorta bat dago Oteiza etiketapean.

Baina niri gaurkoaren laburpen moduan egokiagoa iruditu zait beste hau: Elvis ha salido del edificio, Elvis has left the building.

Ezin dut hemen itsatsi Ederren bideoa. Beraz, sakatu goiko lotura eta ikusi.

Euskaraz, kontzertuetarako, Mauriziaren «Hauxe da despedidia» izan daiteke ordaina, baina ingelesez kitto moduan uler daiteke (ukitu dramatikoarekin askotan, baita norbaiten heriotza aipatzeko ere).

Umore puntu bat jarriz, esan beharra dago 2018an Trump-ek ez zuela asmatu behar den bezala esaten esaldia.

Trump fondly recalls how when he saw Elvis in Vegas, an announcer said, "Elvis has left the house."

(The famous saying was actually "Elvis has left the building") pic.twitter.com/WA5y5Vd2bM

— Aaron Rupar (@atrupar) 2018(e)ko azaroaren 16(a)

 

1956ko hartan Horace Logan emanaldiaren sustatzaileak jendea etxera bidaltzeko erabili bazuen ere, nik gaur kontrako zentzuarekin erabili nahi dut.

«Eraikinetik alde egin du Elvisek» baino «etxetik atera da Elvis».

P.S.: Frank Zappak kanta egin zuen: «Elvis has just left the building».

Elvis ha salido del edificio, este apunte en castellano.

Berrogeialdia

Mikel Iturria 2020/04/26 22:10
Berrogei egunetik gora egin dugu etxe barruan jada. Eta honek ez du esan nahi amaitu denik etxealdia (kartzelaldia, Jakoba Errekondo dixit).
Berrogeialdia

Kontxako hondartza autobusetik

Gauza onen artean, aipatzekoa liburuak, diskoak eta paperak garbitu eta antolatu ditudala. Eta hori ez da gutxi. Etxeko liburuak, diskoak eta paperak ordenatzen dituenak bere bizita ordenatzen baitu.

Beste gauza bat da trastelekua. Baina hori ez dugu orain ukituko.

Hamar urte egin zituen otsailean mahaigaineko ordenagailuak eta apirilaren hasieran berria erosi dut. Hori izan da internet bidez egindako erosketa bakarra.

Okerren daramadana da telelanak dakartzan haserrealdiak baretzea. Kirola egiteari behintzat ez diot utzi. Eta hori ere bada gauza on bat.

Irakurri nahi baino gutxiago irakurri dut, baina banabil. Gehiago kostatzen zait pelikulak, serieak eta telebista ikustea. Pantaila aurrean hainbat ordu pasa ondoren, gutxien nahi dudana beste pantaila bati begira egotea baita.

«Berrogeialdia = haserrealdia» ez da soilik nire kasua. Horretarako nahikoa da sareak begiratzea. Norberarenak. Ez baita ahaztu behar erraldoi horien azpiegiturak guk erabili eta moldatzen ditugula.

Hildakoak. Batzuek besteek baino gehiago kolpatzen dute. Martxoaren 31n Rafa Berriorenak bereziki.

Heriotza urteurrenak pilatu zaizkit egun hauetan: Diurtxio; Hasier Etxeberria; Tia Joxepa amabitxia; koinata baten ama, Begoña; Josetxo Mayor, gaurko egunez duela hiru urte hil zena.

Baina gehiago izan dira urtebetetzeak, zorionez. Trago bana hartu dut Beñat, Rosa, Koldo, Arantxa, Lola, Ane, Judith, Maider, Charo, Julio, Miguel, Ione, Iñaki, Fermin, Pablo, Maddalen, Aimar, Karmele, Nagore... Agendan ikusi dut datorren astean gehiago datozela.

Halere, aste honetako efemeride garrantzitsuena beste bat da: Javier Ortizen heriotzaren hamaikagarren urteurrena beteko baita apirilaren 28an.

Musika jarri nahi nien lerro hauei eta Elena Setien aukeratu dut. Etxean grabatu eta gaur sarera igotako kontzertu labur hau. Amaieran kantu argitaragabe bat entzuteko parada izango duzue.

Cuarentena, este apunte en castellano.

Miren Arzalluz: «Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat»

Mikel Iturria 2020/04/22 20:30
Museoei buruz hitz egin du gaur goizean Miren Arzalluzek DK Irratian.
Miren Arzalluz: «Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat»

Palais Galliera. Kreditua: Palais Gallieraren webgunea.

Urrian izena aldatu zioten Casares Irratiari eta programazio berria abiatu DK Irratiaren izenpean. Apirilaren hasiera arte, Ion Olano Carlosek Bestalde irratsaioa aurkeztu du egunero. Hemendik nire aitortza egindako lanagatik. Mila esker, Ion.

Apirilaren 14tik aurrera, Oier Aranzabalek Ispilu Beltza kultur magazina aurkezten du astelehenetik ostiralera, goizeko 8:00etatik 10:00etara.

Greba digitalaren bigarren egunean museoei buruz aritu dira gaur. Irratsaioaren hasieran Miren Arzalluz izan da (entzun 7 min 50 segundutik aurrera). Parisko Modaren Museoko (Palais Galliera) zuzendariak kontatu du, bi urtez berritzen ibili ondoren, egun hauetan zabaldu behar zutela berriro. Baina COVID-19 etorri da... Haren hitzak transkribatu ditut hemen. Hamabost minutuko elkarrizketa da.

Apirilaren 24ko eguneratzea. Hemen ere entzungai.

Atzerapena

Bi gauza ziren: alde batetik, museoa berriz irekitzea eta, beste aldetik, atzerabegirako erraldoi bat zegoen. Bi urtez prestatzen aritu gara eta justu ireki behar genuenean, museoa itxi behar izan dugu irekieratik bi astetara.

Horrek zer suposatzen duen? Baditugu arazo batzuk: mailegu batzuk ez dira iritsi, beste batzuk bidean gelditu dira, ez dakigu noiz ireki beharko dugun... Maileguen aldetik arazo bat dugu, beste museo batzuetatik datozen soinekoak eta artelanak baitaude... Katalogoak ere bidean zeuden... Ezjakintasuna da momentu honetan nagusi.

Hipotesi ezberdinak

Guk hipotesi desberdinak ditugu, inork ez baitauka informazio zehatza. Udal museo bat gara eta Pariseko udaletxetik dator guk daukagun informazioa. Baina ez da informazio falta. Egunetik egunera, astetik astera, Gobernuak erabakiak hartzen ditu eta orain ezarri dute maiatzaren 11 konfinamenduaren bukaera gisa, baina konfinamenduaren bukaera hori nola antolatuko dugun ez dakigu eta beraiek ere ez dakite. Antza, horretan dihardute.

Kultura oinarrizko zerbitzu publikoa da?

Normalean, kulturan lan egiten dugun guztiok pentsatzen dugu kultura eskubide bat dela eta zerbitzu publiko bat izan behar duela. Izugarrizko garrantzia duela gizartean eta ez bakarrik hezkuntzan, baita ongizaterako eta osasunerako ere. Osasun mentalerako, adibidez, orain ikusten ari garen bezala. Konfinamendu egoera honetan zer garrantzitsua den kultura kontsumitzea ez zoratzeko.

Guretzat argi dago. Gero kontua da lehentasunak jartzea. Baldin badaude beste zerbitzu publiko batzuk jendeak gehiago estimatzen edo behar dituenak. Nork jartzen dituen lehentasun horiek, azken finean.

Museoak: publikoak, pribatuak...

Argi dago museo publiko eta pribatu asko dagoela. Museo pribatu asko desagertu egingo dira, seguraski. Eta finantzazio publikoa duten museo txiki askok oso gaizki pasako dute.

Bilduma iraunkorra duten museoek bilduma horren bidez izango dute aukera bat beti zerbait (artea edo dena delakoa) erakusteko eta kontatzeko, gure gizartea interpretatzeko artelan edo objektu batzuen bitartez.

Beste museo batzuek erakusketa tenporalak baino ez dituzte. Hau da, oso programazio anbiziotsuak dituzte, baina ez dute bilduma propio bat. Nola jokatuko dute hauek hain egoera ekonomiko larrian?

Kudeaketa modelo eta museo modelo desberdinak daude eta museo askok oso gaizki pasako dute. Batzuek itxi egin beharko dute, beste batzuek desagertu egingo dira, beste batzuek programazioa zeharo murriztu beharko dute...

Modelo ekonomikoak eta artistikoak auzitan

Guk gure programazioa aurkeztua eta Udaletxeak onartua genuen 2023ra arte. Halere, guzti hori orain berrikusi egin beharko dugu. Nahiz eta ezjakintasunean bizi, badakigu 2020, 2021 eta 2022ko aurrekontuak ez direla pentsatzen genituenak izango.

Alde batetik, museoen modelo ekonomikoa auzitan dago. Bestaldetik, modelo artistikoa ere bai. Gure finantzazioa erakunde publikoetatik dator gehienbat, baina gero eta gehiago dator erakunde pribatuetatik ere. Eta museo batzuek beste batzuekin konpetentzian gaude erakusketa gero eta handiagoak egiteko, gero eta bisitari gehiago erakartzeko... Neurri batean museoak erakunde turistikoak bilakatu dira. Eta honek, nire ustez, baditu bere mugak eta bere ahuldadeak.

Bestalde, erakusketa bera auzitan dago. Nola azaltzen ditugu, nola erakusten ditugu, nola aurkezten ditugu ideiak museotan? Artearen ingurukoak, gizartearen ingurukoak edo historiaren ingurukoak... Beti objektu batzuen bitartez, erakusketa baten bitartez. Formatu hori zaharkituta al dago? Ez ditugu beste medio batzuk esploratu eta hausnartu behar garai digital hauetan?  Ez dakit, badago hausnarketa oso sakon bat egiteke museoen inguruan.

Badago hausnarketa sakon bat ICOMen, adibidez, museoen nazioarteko erakundean, museoaren definizioaren inguruan. Oraindik XIX. mendeko definizioa baitarabilgu: bilduma bat, kontserbazioa, erakusketak...

Zetorrenaren azelerazioa

Seguraski, krisi honek ekarriko diguna da etortzear zegoen aldaketa oso modu azkarrean iristea. Nire ustez, iraultza gehienetan hori gertatzen da. Iraultza batean datozen aldaketak ez dira zerotik hasten. Normalean martxan zegoen prozesu baten azelerazioa izaten da.

Pentsatu dugu ez genukeela guk kudeatuko, baizik eta gure seme-alabek edo haien atzetik zetozenek, baina guk kudeatu beharko dugu. Gauza bera planetari buruz hitz egiten dugunean.

Guri tokatuko zaigu hausnarketa egitea eta martxan jartzea beste bizimodu bat. Nik ez diot beldurrik. Niri hori apasionantea iruditzen zait.

Aldaketa gogorrak datozenean denok gaude desorientatuta. Ezjakintasuna oso estresantea baita.

Ni historiagilea naiz eta, agian, horregatik iruditzen zait aukera bat dugula. Ez bakarrik bizitzea, baizik eta gauzak egin ahal izatea ere. Gure belaunaldia protagonista izatea horrelako transformazio une batean bada oso gogorra, baina baita zoragarria ere.

Erantzukizunari ezin zaio beldurrik izan.

Miren Arzalluz: «Nos va a tocar reflexionar y poner en marcha otro modo de vida», este apunte en castellano.

Denek zuzentzen naute, baina denek diferente

Mikel Iturria 2020/04/19 18:45
Duela hainbat urte entzun nion esaldia Kike Amonarrizi eta askotan errepikatu dut. Orain inoiz baino gehiago emakume haren harridura eta amorrua aldarrikatzeko tenorea da.

Kikek kontatu zuen bezala, edo nik gogoratzen dudan bezala, bizkaitarra zen andrea, edadetua eta, galdera gogoratzen ez badut ere, edade horretan euskara ikasteak zer suposatzen zion edo zer sentitzen zuen galdetu zion tolosarrak.

Ondo baino hobeto gogoratzen dut erantzuna: «Denek zuzentzen naute, baina denek diferente».

Horrela sentitzen dut nire burua hainbat unetan COVID-19ari buruzko kontuak irakurtzen ditudanean.

Kaos honetan patxada pizarra eskatu diezaiogun beste andrazko bati. Zuekin, Natalia Lafourcade!

Todos me corrigen, pero todos diferente, este apunte en castellano.

Eleuterio

Mikel Iturria 2020/04/13 19:55
Aspaldiko partez, atzo gauean hiru ordu pasa nituen telebistari begira. Tartean, ETB2k botatako «Eleuterio Sánchez contra el Lute» dokumentala ikusi nuen.

Frankismo garaiko mitoa izan zen El Lute eta horren kontra egin du Eleuterio Sánchez-ek. Hori kontatzen du ordubeteko dokumentalean.

Mertxeroa, nomada, pobrea, 19 urterekin kartzelara bidali zutena sei oilo lapurtzeagatik. Bi urte luze pasa zituen, besteak beste, Langraizeko presondegian.

1965ean, 23 urterekin bitxi-denda baten aurka egindako lapurretan hartu zuen parte. Zaintzailea hil zuten eta horrek eraman zuen berriro kartzelara. Hasierako heriotza zigorra bizi guztirako kondenagatik aldatu zioten.

Madrilen zuen beste epaiketa batera zeraman trenetik ihes egin zuen eta ia bi aste egin zituen aske. Berriro lortu zuen alde egitea, kasu honetan Puerto de Santamariako presondegitik. 1970eko urtezaharretan irten eta eta bi urte luze kosta zitzaien harrapatzea. Berriro barrura 1984ko ekainean legalki irten arte.

Dokumentalean bere bertsioa kontatzen du, batez ere, Sánchez-ek. Halere, badaude beste testigantza batzuk ere: El Caso egunkariko sortzaile eta zuzendari izandako Eugenio Suárez (torturaren apologia egin eta heriotza zigorraren alde agertzen dena), gaztetxo garaian Las Hurdes-eko herrixka batean bi urtez hartu zuen familiako partaide bat, berarekin batera Puertotik ihes egiten ahalegin zuen CNTko presoa, bi seme (nagusia eta gazteena), emazteetako bat (bigarrenarekin oso gaizki bukatu zuen)...

Apirilaren 15ean 78 urte beteko dituen Eleuteriorengatik gehien harritzen nauena da duen berezko inteligentzia eta hain baldintza kaskarretan hazitako pertsona batek gaur egun duen diskurtsoa (presondegian ikasi zuen irakurtzen eta idazten), zein seduktore ageri den kamera aurrean ahantzi gabe.

Gaur goizean berriro egin dut topo berarekin sarean. Kasu honetan, Twitter-en ikusi dut La Directa-k zabaldutako elkarrizketa hau: «La meva pàtria és la llibertat» (Nire aberria askatasuna da).

Eleuterio Sánchez. Argazkia: Christian González

Argazkiaren egilea: Christian González.

Gogoratu naiz El Lute: camina o revienta (El Lute: habil edo lehertu) filma egin zuela Vicente Arandak 1980ko hamarkadaren bigarren zatian. Imanol Arias eta Victoria Abril aktoreek jokatu zituzten rol nagusiak.

Arratsaldean Pablo Iglesiasek 2016ko maiatzean eginiko elkarrizketa hau azaldu zait.

Eleuterio, este apunte en castellano.

Errukia

Mikel Iturria 2020/04/05 20:35
Gure baserria (Lekunberri) zenaren ondoan bazegoen «Ezurriki» izeneko beste bat. Nik ezagutu nuen garaian jada ez zen inor bizi bertan. Bizilagun bati entzun nion izena nondik zetorren. Etxetzarra zen eta norbaitek esan omen zion «urrikituko» zela hura eginez gero. Berak ezetz eta erantzun gisa etxearen izena. Halere hitz horren beste esanahi bat ekarri nahi dut gogora gaur.

Egun hauetan COVID-19aren bueltan ari gara denok. Nahita nahiez. Baserri eta baratzeko kontuak aipatu zituen aurrekoan Jakoba Errekondok: Jende zakurra, baratzera joatea galarazi diguna.

Bigarren paragrafoa eta hirugarrenaren zati bat ekarriko ditut hona:

«“Gure amaren etxea” esaera baliatzen dut nik, eta noski, etxea ez da ateak biltzen duena. Etxea gure eta guretarren bizitzari eusteko denboran zehar osatu den kontzeptua da. Gure etxea gara, gu geroni, erleak, abereak, mendietako eskubideak, larreak, soroak, baratzea, fruitu arboladiak, lanerako tresnak eta abar. Hori dena, behintzat, bada etxea.»

«Etxea eraikuntza soil bat dela pentsatzen duenari motxetik ibiltzea gustatuko zaio... Nik ezagutu dudan emakumerik jakintsuenetako batek, bere etxera noiznahi joateko esan eta aurrez jakinarazi beharrik ez zela adierazteko hala esaten zidan: “Katuaren mugarrien barruan hemen izango gara”.»

Jakoba bere ere bada gizon jakintsua. Horren zati bat partekatzen du larunbatero entzuleekin Euskadi Irratian. Tarte bera okupatzen du beste batek igandetan, Felix Zubia medikuak. Ze patxada biek ala biek eta zein beharrezkoak bokazio publikoa duten pertsona eta programa hauek. Haiekin aritzen den Arantxa Arzak izango du merituren bat horretan.

Urriki. Errukia. Batzuetan idazten hasi aurretik garbi dut izenburua. Beste batzuetan ez. Gaur oso garbi nuen. Errukia, otoi!

Euskaltzaindiaren hiztegitik lehen adiera: «Norbait besteren gaitzak, nahigabeak edo zoritxarrak deitoratzera eta haietan parte hartzera bultzatzen duen sentimena».

Haurrak aipatu dira, baratzera doazenak ere bai... Nik buruko gaitza duen jendeaz akordatu naiz aste honetan.

Pare bat bideo dabiltza inguruko WhatsApp taldeetan. Bata emakume ezaguna da hirian eta neurri gabe omen dabil azken boladan. Bestea gure hiriko kaleetan barrena biluzik ageri den gizonezko bat da.

Hiru aste pasa ditugu jada etxean sartuta, batzuk besteok baino erosoago. Ez nuke nahiko buruko gaitza duen edonoren lepoan egon horrelako egoera batean.

Erruki zaitezte, arren, eta ez partekatu bideo malapartatu horiek zuen telefonotan, are gutxiago sare publikoetan.

Aste honetan hil den Rafa Berriori egin kasu: kendu eskua gainetik!

Compasión, este apunte en castellano.

Rafa(el) Berrio (1963-2020): in memoriam

Mikel Iturria 2020/03/31 23:25
Hitzik gabe geratu naiz gaur iluntzean jakin dudanean Berrio hil dela.

Oso presente dut lehen aldiz entzun nuenetik Lieder proiekturako egileak berak egindako «In memoriam» kanta sinple bezain terriblea. Thomas Canet argazkilariarenak dira irudiak. Egitasmo horretan hiru kanta egin zituen Berriok eta hirurak daude beheko aldean.

Azkar pasatzen da denbora, baina pare bat bideotan «Lento» txakurra ageri da. Urte askotan abeslariaren lagun fidela izandakoa eta jada ez dakit duela zenbat urte hil zena.

Elkarrizketa egin behar genion Rafa Berrio nor zen jakin gabe joan nitzen zitara duela 6 bat urte... pic.twitter.com/if6ENU9yaA

— Gari Garaialde (@GariGaraialde) March 31, 2020

Gari Garaialde argazkilariaren txio hau ikusi dut. Oker zebilen: 2011ko azaroan egin zion erretratua (duela zortzi urte pasatxo, beraz). Gorka Erostarbek izandako solasaldiaren ondoren argitaratutako elkarrizketa ilustratzeko erabili baitzuen Berriak.

Eduardo Ranedok ere bidali du zerbait Rock De Lux aldizkarira. Gemaren hitzak jaso ditu oharrean: «Rafa es underground hasta para morir. Ha salido del confinamiento».

Goian aipatutako lehen kantaren letra kopiatu dut. Tamalez, Rafa(el) Berrioren izena ere gehitu behar zerrendan.

Bebe in memoriam

Gasco in memoriam

Blanco in memoriam

In memoriam

Pepe in memoriam

Domi in memoriam

Seve in memoriam

In memoriam

Neira in memoriam

Chinto in memoriam

Piti in memoriam

In memoriam

Ane in memoriam

Aran in memoriam

Karen in memoriam

In memoriam

Santi in memoriam

Ataitz in memoriam

Mene in memoriam

In memoriam

Derek in memoriam

Turmix in memoriam

Poch in memoriam

In memoriam

In memoriam

In memoriam

Apirilaren 1eko eguneratzea: Juan González Andrés-ek beste montaje bat egin du «In memoriam» kantarekin. Azkena da.

Interneten letuz ilustratzen gera

Mikel Iturria 2020/03/29 12:30
Edo halako zerbait: Ramon Saizarbitoria, Maria Cristina Hotela, Enric Juliana, Ane Irazabal, Bruselako korrespontsalak, Xabier Lete.

Gaur goizean Alberto Moyanok Ramon Saizarbitoriari eginiko elkarrizketarekin hasi naiz eta, egia esatea nahi baduzue, barre pizarra egin dut aho bilorik gabe hitz egiten duen gizon erretxindu bezain samur honekin.

Bi gauzekin akordatu naiz:

1.- Ramonek Irutxulori (Hitza izan aurretik) aspaldi emaniko elkarrizketa bat. Donostian zer dago soberan galderari, erantzuna (buruz emango dut): Donostian soberan dagoena da Diario Vascok egiten dituen inkesta txatxu horiek, ea kaleko bankuak urdinez edo gorriz margotu behar ote diren. Denbora pasa da eta jada ez ditu soilik DVk egiten horrelakoak: garai hauetan Interneten askok egiten dute gauza bera eta galdetzen dizute ea zenbat denbora iraungo duen entzierroak edo zer iruditzen zaigun COVID-19aren krisiak, guk horrelako gaiei buruz zerbait jakingo bagenu bezala.

2.- Ramonek berak kontatutako anekdota bat. 1980ko hamarkada hasieran, Saizarbitoriak Ongizate saileko ardura izan zuen zinegotzi gisa. Orduan udalaren baliabideak urriak ziren. Halako batean, eskale bat joan omen zen Udaletxera laguntza eske. Berarengana bidali omen zuten eta berak Maria Cristina Hotelera bideratu. Erabaki horren ondoren, ez zioten beste eskalerik bidali bulegora.

Bigarren honekin gogoratu naiz atzo irakurri bainuen Donostiako Udalak Maria Cristina Hotela jarriko duela Osakidetzaren esku. Harrigarria egin zitzaidan horretarako egotea bost izarretako hotela, baina beste hiri batean ere antzeko bidetik jo dutela entzun nuen. Horra hor aukera makabroa bost izarretako hotel batean bolada bat pasatzeko. Nik ez nuke nahiko.

🏥@DonostiakoUdala|k @osakidetzaEJGV|ren esku jarri du @hotelmariacris, #COVID19 duten gaixo arinak sendatzeko. @FomentoSS, hotelaren zuzendaritzaren eta @MarriottIntl|en kudeaketari esker, euskal osasun sistemaren esku jarri dira bertako 120 oheak. pic.twitter.com/Otb9j4b6mC

— Eneko Goia (@EnekoGoia) March 28, 2020

Denok dakigun bezala, Espainiako gobernuburu Sánchez atera zen atzo arratsaldean datozen hamabost egunetan neurriak zorrozteko erabakia gaur ofizial egingo dutela esanez. Enric Juliana kazetari katalanari irakurri diot gobernu barruko eztabaidak ez direla soilik alderdien artekoak (hots, PSOE eta UP), baizik eta transbertsalak direla. Hazienda (Montero) eta Ekonomia (Calviño) ministroak omen dira neurri horiek hartzeko traba gehien jarri dituztenak.

EAJkoak, Urkullu buru, ez daude ados neurriekin. Lehendakariak gutuna helarazi dio Sánchezi. Torrak beste tonu bat erakutsi du.

▶️ Vull agrair al president del govern espanyol que hagi escoltat finalment les demandes de Catalunya. Ara cal intensificar el suport al sistema de salut i als serveis d’emergències i de protecció civil per guanyar aquesta lluita compartida per l’esperança i la vida #Covid19 pic.twitter.com/cszggZsDFn

— Quim Torra i Pla (@QuimTorraiPla) March 28, 2020

Ez nuke nahiko horietako inoren lepoan egon bizi dugun egoera zail honetan.

Twitter-en ikusitako beste bi kontu:

Esto es insuperable pic.twitter.com/qNR4UI78KA

— Ane Irazabal (@AneIrazabal) March 26, 2020

EL CORRESPONSAL EN BRUSELAS

1) Los periodistas q hay que leer más son los corresponsales en Bruselas. El suyo es un oficio complicado: tienen q moverse en la anomia política y descifrar acuerdos-decisiones fraguados en el caos -aparentemente ordenado- dl funcionalismo monnetiano

— Giaime Pala (@GiaimePala) March 28, 2020

Propina, Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak.

Ilustrándonos en (por) lo digital, este apunte en castellano.

Jone Alastuei itzultzen Robert Forster entzuten nuen bitartean

Mikel Iturria 2020/03/22 19:50
Berezko izenburua: «Goiza Jone Alastuei-ri eginiko elkarrizketa bat itzultzen pasa dut, Robert Forster-en disko bat entzuten nuen bitartean». Baina luzeegia zen eta murriztu egin dut. Alastueiri eginiko elkarrizketaren egilea Reyes Ilintxeta da.

Elkarrizketa ez da gaur-gaurkoa, baina ez da oso zaharra ere: 2019ko abenduaren lehen hamabostaldian argitaratu zuen Argia aldizkariak: «Soilik turismoa bultzatzea, menpekotasuna sustatzea da».

Irakurri nuenean gustatu zitzaidan eta bere horretan geratu zen, konfinamenduak hura berreskuratzeko aukera eman didan arte.

Besteren bat ere badaukat gordea, tonu berean egindakoa, baina ez dut aurreratuko zer den.

Jone Alastuei. Argazkilaria: Dani Blanco (Argiarentzat).

Alastuei Uztarrozeko alkatea da. Gaztea (1991koa), Iruñean jaio zen eta aitaren herrira jotzea erabaki zuen duela hainbat urte. Erronkaribarreko Batzordeko burua ere bada eta hezkuntza du ogibide.

Zentzuzko gauzak esaten ditu bertan Alastueik: zer den herri txiki batean bizitzea (lan kontuak, etxebizitzak topatzeko zailtasunak); jardun politikoa; turismoaren alde onak eta txarrak; lehen sektorea galbidean dagoela (abeltzaintza nabarmen); eskia ondo dabilela, baina aldaketa klimatikoaren gillotina duela; hartza eramateak ze nolako ondorioak izan dituen eskualdean; Iparraldearekin dituzten harremanak; ehiza eta gizonen mundu hori; emakumezkoen sareak eta elkarteak...

Zeregin hauetan nenbilela, argia behar nuen eta egun hauetan Robert Forster (The Go-Betweens ohia) australiarra ari naiz entzuten. Kasu honetan, 2015ean kaleratutako Songs to Play diskoa. Hemen behean itsatsita uzten dudan I'm so Happy for You kanta argitsuak bezalakoak ditu albumak.

Besterik ez. Nahi baduzue, irakurri Reyes Ilintxetak Jone Alastueiri eginiko elkarrizketa euskaraz (nik egindako gaztelaniazko itzulpena hemen dago) eta entzun Forster jaunaren musika.

Animo!

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter