Felix Zubia: «Talde moduan pentsatu behar dugu, koronabirusa gizartearentzat oso arriskutsua izan baitaiteke»
Felix Zubiaren zati hori bideo formatuan jarri dut, azpitituluak jarri dizkiot eta Youtubera igo dut zabaltzen errezagoa izan dadin, benetan merezi duela uste dudalako.https://t.co/0UY6XMBEIs
— Aiora (@probatxoa) August 17, 2020
Asteburuan ikusi nuen mugitzen ari zela kontua eta Aioraren txio horri esker ikusi dut bost minutuko zatia.
Osasun Etxea programako ohiko aurkezlea Arantza Arza da, baina merezitako oporrak izango ditu Arzak, asteburuan Eneritz Gorrotxategirekin aritu baitzen Felix berbetan.
Eneritz Gorrotxategi: Felix badakigu Internet herritar askorentzat informazio iturri dela, badakigu sare horretan denetariko informazioa topa daitekeela. Tartean, entzule batek ere guri helarazi zigun bideo bat. Nolabait esatearren koronabirusaren kontu hau asmakuntza bat dela diote zenbait iturrik edo batzuen interesen arabera antolatutako amarru moduko bat dela. Zuk, ordea, erietxeko egoera bertatik bertara ezagutzen duzunez, zer diozu zabaltzen ari diren teoria hauen aurrean?
Felix Zubia: Guztiz gezurrezkoak direla, eta ikusirik askotan zabaltzen ari direnak osasun profesionalak direla, zientzia-gizonak edo -emakumeak, etikaren aurkakoa iruditzen zait. Oso larria iruditzen zait horrelako informazioa banatzea. Eta zabaltzen ari diren 4 mezuren kontra egin nahiko nuke, ikaragarria iruditzen baitzait. Jendeak neurriak ez hartzea ekar dezake eta honek heriotza ekar dezake kasu askotan edo oso-oso gaizki pasatzea. Eta lau gauza hauek ukatu nahiko nituzke.
Gaixotasun arina dela
Esaten dute gaixotasun arina dela eta honek ez duela honelako neurririk eskatzen.
Egia da koronabirusa kasuen %95ean arina dela. Hori bagenekien lehen ere. Kasurik gehienak sintomarik gabe edo sintoma oso arinekin pasatzen dira. Baina % 5a okertzen da eta ospitalean bukatzen du eta heriotza % 1aren ingurukoa da.
Beraz, banaka hartuta arriskua ez da hain altua, baina hain kutsakorra izaki, populazio handi batean oso arriskutsua bihurtu liteke. Kasu larriak portzentualki gutxi izan arren, kopuruz asko direlako eta heriotza sorten dutelako.
Eta hau ez dit niri inork kontatu beharrik, edo hau ez da irakurri behar den zerbait, nik neuk ikusi dudalako.
Adibide moduan, gure lankide batek bi gurasoak galdu zituen, heriotzak guk bizi izan genituen, hemen gure zainketa unitatean 60 pazientetik gora izan genituen. Eta hau ukatzea astakeria handi bat da, baina oso arriskutsua da.
Sintomarik gabekoek ez dutela kutsatzen
Bigarren gezurra da sintomarik gabeek ez dutela kutsatzen. Hau da, sintomarik gabeko pertsonak ez direla gaixoak eta libre utzi behar direla, isolamendua bete beharrik ez dagoela eta ez direla arriskutsuak.
Beno, ba hau ikerketa askotan frogatu da ez dela hala. Benetan sintomarik gabeko pertsona hauek direla gaitza zabaltzen dutenak eta gero kasu larri horiek agertzen zaizkigula dagozkion portzentajeetan.
Eta hau nik neuk ikusitakoa da bi eretara:
- Ikusi genituen kasuak iristen hona eta ondoren etxean behaketa eginda sintomarik gabeko horiek atzematen. Hau da, etxean konturatu ez, gaitza izan eta gero guraso bat hona oso larri iristen. Hori nik ikusia da, hori ez dit inork kontatu.
- Eta era berean ikusi genituen gure bi lankide kutsatzen. Besterik gabe, istripu bat izanda: sintomarik gabeko pertsona baten bidez eta ospitalean bukatu zuten.
Beraz, sintomarik gabeko pertsonak arriskutsuak dira, atzeman egin behar dira eta hauen behaketan dago lan handi bat.
Eta horregatik neurri unibertsalak behar ditugu, zeren sintomarik gabeko pertsona guztiak atzematea ezinezkoa denez, babes neurriak denontzat eta jokabidezkoak izan behar dute.
PCR testek ez dutela balio
Hirugarren baieztapen faltsua da PCR testek ez duela balio. Hau da, positibo batek ez duela adierazten ezer dugunik.
PCR testek adierazten dute birusa dugula gure eztarrian. Lehen aipatu bezala, egia da hauetako batzuk sintoma gabe edo oso sintoma arinekin pasako dutela, egia da gaitza ez dutela garatuko, baina PCR test positibo batek koronabirusa duela adierazten digu % 95etik gora, % 97 inguruan dago. Beraz, PCR test batek ia beti esan nahi du koronabirusa dugula eta ia beti adierazten du kutsakorrak garela.
Beraz, testak egin beharra dago, atzeman beharra dago, behaketa lanak behar ditugu eta jendea isolatu beharra dugu gaitza gehiago hedatu ez dadin.
Aipatu dugun bezala, talde moduan pentsatu behar dugu: banakako moduan beharbada ez da hain arriskutsua, baina gizarte moduan (eta ezagutu genuen) oso arriskutsua izan daiteke. Ospitaleak gainezka jar daitezke, heriotzak sor ditzake (milaka heriotza izan genituen martxoa eta apirilean). Ez dadila berriz errepikatu, faborez.
Isolamendu neurriek ez dutela zentzurik
Azkenik, isolamendu neurriek ez dutela zentzurik diotenek, ba derrigorrezkoa zaigu gaixotasuna hedatu ez dadin, ikusi baitugu azken aste hauetan zer gertatzen ari den, lehen ospitaleratzeak hasi zaizkigu, kasu larriak hasi zaizkigu, eta nik neuk pertsonalki ikusi ditut aste honetan gazteak ospitaleratzen.
Beraz, nahikoa da, nahikoa da gezurrezko informazioa ematearekin, eta profesional horiek etika eta kontzientzia pixka bat eskatu nahiko nieke.