Gauza aspergarrien lehiaketa
Gauza aspergarrien lehiaketa antolatu nahi dut. Saririk gabekoa.
Adibidez: meza bat.
Bat, bi, Irun,
nahi duenak erantzun.
Honek badu nahikoa eskarmentu gai hauetan.
Urteurrenak
Gure mundua, gizartea, jendartea, herria edo dena delakoa buru belarri sartu da urteurrenen zurrunbiloan. Gogoratzeko behar-beharrezkoa al da urteurrena? (Bide batez, orain gogoratu dut niretzat Zurrunbilo amarenetik gertu dagoen baserri baten izena dela, Irungo eta Oiartzungo mugetan dagoena).
Bilintx jaio zela 175 urte beteko dira aurten. Pio Baroja zendu zela 50 laster batean. Igandean Jose Artetxe idazlearen jaiotzaren mendeurrena bete zela gogorarazi zigun Anjel Lertxundik bere txokoan pasa den larunbatean. Mozart jaio zela 250 urte 2006an. Francisco Ayala idazle espainiarrak 100 urte beteko ditu hilaren 16an eta bizi-bizi jarraitzen du. Apirilaren 26an, 25 urte Realak lehenengo liga irabazi zuenetik… eta bizi-bizi jarraitzen du idatziko dut.
Urteurrenekin ez ote gara pasatzen ari? Hau da, gogoratu behar dena eta ez dena, beti gogoan. Askotan maila berean, gainera. Eta hori ez da gauza serioa!
Kultur munduan erakunde publikoetan lanean gabiltzanok askotan erortzen gara ere tranpa horretan. Ez bakarrik gu, herri eragileak ere antzeko-parezido. Zer esanik ez politikariak, baita komunikabideak ere. Den-denak.
Kontuz gero, norbaiten anibersayua gogoratu gabe pasatzea, eh? Denok txorakeria dela horrelakoetan gogorarazi beharra jendea, baina kasu, gutarraren anibersayuaren berri eman gabe pasatzen bada.
Batzuk herriko semea (alaba gutxitan) erabiltzen dute herria bera mapan kokatzeko. Marketing, propaganda, publizitatea.
Ados jarri beharko genuke zifrak ospatzeko orduan: 25-50-75-100-125.
Edo, bestela, auto markek babestea urteurrenak: Seat-ek Pepito Grilloren 127. urteurrena babesten du; Peugeot-ek Fruits de mer zeraren 307.a edo 405.a.
Tira, has dadila moda berria. Edo zaharra, izan ere auto berrien izenak aldatu dira eta gutxitan dituzte tartean zenbakiak. Eskerrak.
Oharra: blog honen 230 post-aren jaialdira gonbidatuta zaudete. Ez esan inori.
11 M, arratsaldea Hendaian
Hitzordua genuen atzo Thalassotherapie Serge Blancon. Gurasoei eginiko oparia bueltan etorri zaigu.
Duela egun batzuk deitu genuen eta atzo arratsalderako hartu zita. Nire poza, ordea, laburra izan zen. Igurtzi sensitiboa hartzeko txandetan ez zen agertzen nire izena eta, dirudienez, ezinezkoa zen arratsaldeko 17:00etan bi pertsonek bi masaje hartzea batera.
Gauzak lasaiago hartzen ikasten den garaira iristen ari naizenaren beste zantzu bat atzokoan: ez nintzen haserretu. Hurrengo ostegunerako hartu nuen hitzordu berri bat.
Sorkun bertan utzi, txamarra ondo lotu, goardasola zabaldu eta euritan ibiltzera atera nintzen Hendaiako hondartzaren pareko pasealekutik.
Itsasoko urak mugituta zeuden. Surfer jendea zebilen alde batetik bestera, baita ni bezalako paseanteak. Hiru ordu laurden paseoan aritu ondoren, taberna batean hartu nuen bière pression bat, baionarren errugbi taldearen partida telebistaz sintonizatuta zuen garagardotegian. Bi pantaila handi eta beste bi ttikiagoak, 80 metro koadro izango dituen tabernan. Ez dago gaizki!
Paseoan barrena ariketa zenbait jarri nion nire buruari: hortik datorren bikotea Hegoaldekoa edo Iparraldekoa da? Gutxitan egin nuen, baina inoiz ez nuen hankarik sartu. Mugan gaude, baina bakoitza alde banatan. Gutxi batzuk besterik ez alde bietan. Eta hori berehalakoan nabaritzen da, nahiz eta globalizazioak denok berdinduko gaituen.
Lerro hauek tabernako barran idatzi nituen atzo, Biarritz Olympique eta Munster taldeen artean iaz Anoeta Estadioan jokaturiko partidaren oroigarri gisa BOren jokalariek sinaturiko kamiseta bat parean nuela. Beharrezkoak dira horrelako saio gehiago. Aurten ere, oker ez banaiz apirilaren 2an, beste norgehiagoka bat jokatuko dute Miarritzekoek gure etxe santuan.
Bitxikeriak
Lerrook idatzi ondoren, aldamenean jarri zitzaidan Hegoaldeko hirukote bat. Tipoa Ducados paketea eskatzera ausartu zen.
Beste gauza bitxi bat, komunaren berri ematen zuen errotulua: "Qui, c´est ici!!!". (Bai, hemen dago).
Kaña bat: 2,80 euro. Iuffi!
Irunen
Irunera joan ginen gero: Hondarribiko eta Irungo Euskara liburua eta atera berria den Aguafuertes Vascas, Roberto Arlten kronika liburua erosi nituen Elkar Megadendan.
Donostian
Eraikuntza nazionalaren kalterako, Realak 0-1 irabazi zuen atzo A Coruñako Deportivo taldearen aurka. Ba zen garaia.
"Perdo...nada" fasea
Atzo ikusi nuen, aspaldiko partez, Vaya Semanita telebista saioa. Bost minutu labur izan ziren, baina barre algara batzuk bota nituen.
Sketch batean hilzorian agertzen da ezker abertzaleko kide den gizon bat. Haren semea alboan du, ospitalean. Gizonak bihotza beste pertsona bati emateko asmoa agertu du.
Halako batean, bi guardia zibil sartzen dira gelan. Semeak esaten die ea hain trantze gogorrean ere ez ote diren kapaz aita bakean uzteko. Ezetz, bikoteak, ez dela hori, lasai egoteko, eskerrak ematera datozela, aitaren bihotza guardia zibilen mando bati egokitu zaiolako.
Semea atsekabetatuta gelditzen da. Aitari esaten dio egoera hori ezin duela berak onartu, atzera botatzeko hartutako erabakia.
Aitak, berriz, ezetz. Heriotz bidean deskubritu duela bizitzan ustez hain garrantzitsuak ziren zenbait gauza, ez direla hain inportante.
Hurrengo eszenan mandoa hil denaren abisua ematen diete guardia zibiliei eta gelatik ateratzen dira korrika.
Aita-semeei bihotza jasoko duen hurrengo pertsonaren berri ematen diete. Aralarrekoa dela esaten diete ere.
"Ni-pa-dios!" edo antzeko zerbait esaten du aitak.
Guzti hau zertarako? Ez nuen grebarik egin atzo eta, zorionez, inork ez dit lanean aritzeko trabarik jarri. Baina denek ez dute berdin jokatu.
Ez dakit grebarekin duen zerikusia, baina goizean norbaitek olioa bota omen zuen Alde Zaharreko kaleetan. Askok estropezu egin zuen, nire ezagun bat tartean. Erori eta besoa puskatu, gainera.
Beste pasadizo bat bururatu zait: "¡Perdona, eh!" esan zuen emakumeak eta "perdo…nada" erantzun zion Juanitok.
Fase horretan segitzen dugu hemen: "perdo… nada" fasean.
Tutti tregua
Hemen izan nuen Salvatore Tutti izeneko tipo baten berri. Pasa den maiatzean izan zen hori. KMn ikusgai egon zen Artista Berrien XLI lehiaketan aukeratutako lanen inaugurazio-egunean. Beste arrazoi batengatik hurbildu nintzen hara eta ez nion kasu askorik egin Salvatoreren showari. Uste dut bera izan zela irabazle, gainera.
Pasa ziren egun batzuk. Bueltatu nintzen erakusketa behar zen bezala ikustera. Eta arreta gehiago eskaini nion artista honen lanari. Ausardiaz jokatzen zuela iruditu zitzaidan, probokazioaren eremutik gertu.
Beste egun batzuk aurreratu zen egutegia. Artelekura joan nintzen beste ekitaldi batera. Han ere ikusi nuen Salvatorek eginiko lanen bat. Edo arrastoren bat nonbaiten. Ez naiz oso ondo akordatzen.
Beste egun batean Arantxa Iturbek Euskadi Irratian aurkezten duen "Arratsaldekoa"n ostiraletako kolaboratzaile ere bazela konturatu nintzen.
Aste honetan jakin dut Ainara Hernandok eginiko elkarrizketa baten bidez (Noticias de Gipuzkoan argitaratutakoa) bere azken proiektu artistikoak the organization duela jomugan: "etatregua" du izenburua.
Esango nuke, gainera, honi buruzko zer edo zer ikusi nuela Artelekun pasa den udararen atarian.
"Artea beti, inkontzienteki, erakusketekin edo galeriekin lotzen dugu, baina ez du zertan horrela izan behar. Kalea ere sorkuntzarako gune bat izan daiteke".
"etatregua" jardueraren mekanika erraza da: jendeari galdetzea ea lelo hori duen kamiseta jantziko ote lukeen. Galdetzea eta erantzuna jasotzea. Kalean.
Jendeak horrelako ekintza bat probokaziotzat har dezake? "Badago joera bat arte modernoa probokazioarekin lotzen duena. Hori akats bat da".
"Arte garaikideak gizartearen arazoak azpimarratu beharko lituzke eta horretan saiatu naiz ni".
"Nire ibilbidea erabat artistikoa da. Eta hori lan egiteko moduan nabaritzen da, happening antzeko bat baita proiektua. Dena ikusentzunezko dokumental batean jasoko da gero".
Ez dakit probokazioa ote den, baina otutzen zait proiektu hau gauzatzeko tokiren bat edo beste. Happening bat izan daiteke edo hostia bat. Biak "h" hizkiaz hasten dira, baina ez dute bukaera bera.
Animo.
Oharra: Salvatore Tutti Lasarte-Orian jaio eta Bartzelonan bizi den Xuban Intxaustiren alter egoa da.
Euskal Herria eta Jamaikaren arteko talka
Berriak zekarren sueltoa atzokoan: Ferminek disko berria maiatzaren 4an aterako duela eta "Euskal Herria Jamaika Clash" izango duela izenburu. Metak disketxearen itxieraren ondoren, zain nengoen ea norekin ateratzeko asmoa zuen komandanteak eta bere kabuz aterako duela argitu du. Zigilu berriaren izena Talka Records izango da.
Sueltoa irakurri ondoren, hileko lehen egunetan Ferminek komunikatua plazaratzeko ohitura hartu duela gogoratu dut. Harenean ez dago RSSrik, ez dago harpidetzeko aukerarik, ez feed, ez e-mail eta norberak joan behar du noizean behin bisitan.
Eta joan egin naiz webgunera eta honekin egin dut topo:
Komunikazioa 030
Aupa lagunok:
Irungo Mosku auzotik idazten berriro ere. Jamaikan izandako azken egunak nahasketak burutzeko izan ziren, baita beste zenbait musikarien bisitak jasotzeko eta parte hartzeko egitasmoan. Benetan zirraragarriak U-Roy, Luciano, Masta Blasta eta Lisa Dainjah abeslariek buruturiko kolaborazio ezberdinak. Pasatako asteburuan Pariseko Translab estudioetan izan naiz masterizazio prozesua egiten Pompon Filkestein soinu ingeniariarekin eta dagoeneko, argitalpenaren inguruan zenbait datu eman ditzaket:
Izenburua: EUSKAL HERRIA JAMAIKA CLASH
Argitalpen data: 06/05/04 (Aurtengo maiatzaren 4ean izanen da kalean)
Disketxea: TALKA Records (Hona hemen nire marka berria, autogestioan bidea eginez)
Diseinuak lantzen ari naiz Carlos Undergroove lagunarekin eta aldi berean Jamaikan izandako esperientziaren inguruko dokumental bat ere prestatzen ari naiz.
Laster berri gehiago. Ah! Eta Kingstonen grabaturiko bertsioa, Kortatu taldearen "La Línea del frente" kantuaren reggae birmoldaketa da. 1986.ean idatzitakoa, 20 urte eta gero berbisitatua. MORE FIRE!
Besarkada handi bat:
Fermin Muguruza
Hurrengo komunikazioa: 06/04/01
Zorteko zu, Pilar Manjón
Noticias de Gipuzkoa periodikuaren gaurko alean izan dut Pilar Manjón andreak atzo Radio Euskadin egin zituen adierazpen batzuen berri.
Emakume hau M-11 biktimen elkarteko buru da. Zur eta lur geratu naiz ondorengoa irakurri dudanean:
"Asimismo, Manjón explicó que la presidenta de la Comunidad de Madrid, Esperanza Aguirre, le dijo que "tenía suerte porque los 10.100 euros" que recibió por el asesinato de su hijo "valían más que los de la lotería, porque no cotizaban a Hacienda".
Goizean zehar ez dut horri buruzko beste berririk jaso, ez dut beste ezer entzun. Hala ere, etxean, arratsaldean, Bloglineseko nire kontuaren bidez Terricabras filosofo kataluniarrak gaur idatzitakoa irakurtzeko aukera izan dut. Zita ez da berdin berdina, baina gauza bera adierazten du:
"Qué suerte tenía porque los 10.100 euros que me dieron por la muerte de mi hijo valían más que los de la lotería, porque no cotizaban a Hacienda".
Eitb.24 webgunean egon naiz begira, bila, zer edo zer aurkitu nahian. Elkarrizketaren berri hemen, baina hor ez dago Aguirreri buruzko aipamenik. Ez dakit beraz Radio Euskadin esan ote duen hori edo beste toki batean.
Googlek ez dit oraingoz inolako laguntzarik eman.
Dena dela hau idatzi dut. Normalean alderantziz izaten da: lehenengo euskaraz, gero gazteleraz.
Aguirreri buruz zer esan. Errespetuz idatzi dudala bere abizena: Aguirre, berak nahi duen bezala. Agirre jarri beharko nuke nire estilo liburuaren kontra? Ez. Ez dut egingo.
Aguirre: ez dago esperantzarik.
Zaloñaren harriak
Lagun batek harriak erditu zituen aurreko batean. Otsailaren 23an, gainera. Bere izena María Zaloña da eta notiziaren berri e-mail bidez eman zigun. Mezua eta harrien irudia nire harrikaden artean jartzea otu zait.
Musu bat, Marieta.
"Havia de ser el 23 F, dia de records xungos, però a partir d’ara tindrè alguna cosa a celebrar:
Ahir, a les 14 h 10’ vaig parir, es diu pedra, fa 120 mm de llargada, és de colors diversos, te moltes punxes i arestes, i li agradava donar-me la llauna.
S’ha acabat el calvari!!!!!!, al menys per ara. Sis anys inoblidables, però espero no reincidir.
Salut i molta aigua!!!
Us envio un record, dues perspectives del trosset que em quedava dins".
Basterretxea aitáren kontra
Nestor Basterretxea aitáz akordatu da Berrian.
Galdera: Txillidaz Oteizaz bezain oroitzapen onak dituzu?
Erantzuna: Ez. Nevadan (AEB) euskal artzainen omenezko eskultura egiteko lehiaketa irabazi nuen behin. Hori baino lehen, Larrea, Mendiburu eta hirurok bildu ginen, eta lehiaketa horretara aurkeztea pentsatu genuen. Txillidak gure asmoen berri izan zuen, bere agentearen bitartez. AEBetan zer edo zer egiteko aukera bazegoela jakin zuen. Hegazkina hartu eta han azaldu zen, gu hirurok ezer ez ginela esanez. Euskal eskultore bakarra bera zela esan zien amerikarrei. Oteiza ez zuen aipatu ere egin, jakina. Egunen batean Beste Txillida idatziko du norbaitek. Besteen gainetik gailentzeko, edozer gauza egiteko gai zen. Ahalegin biziak egin zituen gu erditik kentzeko. Faxista hutsa zen. Bere aita Molaren gizonetako bat izan zen Gipuzkoan. Jendeak ez zuen benetako Txillida ezagutu, ez daki nolakoa izan zen, edo bai, baina ez dugu memoria historikorik. Pena da, zeren memoriarik gabe ez gara ezer. Memoriarik gabe lehengo faxistak oraingo demokratak dira.
Irune Berrok eginiko elkarrizketa osorik
Goienkaria ekarri dit kopilotuak
Futbolaz idatz nezakeen apuntea, baina nahikoa da aipatzea aurreko batean Urliak esan zidana: eraikuntza nazionalari Athleticek eta Realak egin diezaioketen ekarpenik handiena, aurten biak eskutik agarrata bigarren mailara jaistea dela. Urliaren tesia betetzeko-edo, txuri-urdinek pauso polita eman zuten atzo bide horretan.
Utz dezadan futbola albo batera, baina Anoeta Estadiotik irten gabe. Neurri batean, behintzat. Izan ere, liburu trukean ibili ginen aurrekoan Kopilotua eta biok. Hark utzi zidana letu dut, baina oraindik ez diot itzuli. Nik utzitakoa atzo ekarri zidan bueltan.
Eta ez hori bakarrik: Goienkaria berrituaren azken hiru aleak pasa zizkidan. Mandatua fin bete du, beraz.
Autobusean, etxerako bidean, bistadizo bat eman nien hiru aleei eta produktua gustatu zaidala esan behar dut. Sari asko lortu ditu Europan zehar Goienkariak diseinuagatik eta Goio Aranaren azken lana ere fina da. Ez bakarrik diseinua: barruko kargamentua ere ez da makala.
Interneti inoiz baino lotuago nagoen bolada honetan, sekula egin ez nuena egin nuen duela zenbait aste: Argia aldizkariko harpide bihurtu. Ez dakit zergatik, baina aldizkari hori paperean irakurtzeko beharra neukan.
Inoiz ez dut pulamentuz jarraitu euskal komunikabideen erreferentzia den medio hori. Euskarazko prentsa irakurtzen Euskaldunon Egunkaria eta Irutxulorekin hasi nintzelako, besteak beste. Baina orain bai: orain Argia behar nuen etxean.
Eta ez nik bakarrik: Realak ere behar du. Nahiz eta horrela espainolago izan.
Amen.
Oharra: dena idatzi ondoren, Reala eta Athletic-en webguneen bila egon naiz. Loturak egiteko. Eta "Athletic.es da, Reala.com gara" idatzi dut. Baina ez: Reala .es ere gara. Eta Athletic .net ere bada.
Bigarren oharra: eskerrak ez nuen futbolaz idatzi behar...