Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Bloka hartu eta segi aurrera

Mikel Iturria 2005/05/28 10:24

Gipuzkoarrengandik gero eta hurbilago dagoen erakundeak blogari gipuzkoar askoren pazientzia agortzea lortu du. Gipuzkoako prentsa idatzizko komunikabide hegemonikoarekin izandako azken harremanak hautsak harrotu ditu eta kontua baretzen hasia zela uste nuenean, Diputacion de Gipuzkoa erakundeari Google bombinga egiteko ekimena sortu da.

Google bombing egitea zer den Garik adierazten du lotura honetan:

"Webgune multzo bat prestatzea Googlen bilaketa jakin bat egiten duen erabiltzailea aukeratutako webgune batetara bideratuz".

Eta kasu honetan Diputacion de Gipuzkoa Google-n bilatzerakoan Joxeren artikulua ateratzea izango litzateke kontua.

Eta hori gertatu da Anjel Lertxundiren hitzetan blogeatuta gauden aste honetan.

Frantziako bitakora batean irakurri dugunez bloc hitzaren alde egin dute han.

"Ne dites plus jamais blog ! La Commission générale de terminologie et de néologie a publié au Journal officiel du 20 mai un avis établissant une liste de termes et d’expressions destinés à supplanter les anglicismes sur Internet. Ainsi, "bloc-notes", que l’on pourra accepter sous sa forme abrégée "bloc", désignera "un site sur la Toile, souvent personnel, présentant en ordre chronologique de courts articles ou notes, généralement accompagnés de liens vers d’autres sites", soit un blog."

Aurreko asteetan, Catalunyako zenbait gauza begiratzen ari nintzela sarean, Vilaweb-en bitakora hauei bloc deitzen zietela konturatu nintzen. Eta polita iruditu zitzaidan. Hala ere, denek ez dute berdin esaten. Cataping direktorioak weblog hitza erabiltzen du.

Euskaltzaindia erakundeak zerbait esan arte itxoin beharko dugu.

Bitartean, bloka hartu eta segi aurrera. Edo Makarrovskiren hitzetan Bloga, bloga marinela.

Irungo AEKko beteranoak

Mikel Iturria 2005/05/25 07:30

Korrikaren 14. edizioarekin batera, aurkeztu bazuten ere, joan den astera arte ez nuen gertutik ikusi Irungo AEKko beteranoak diskoaren ale bat. Auzoko taberna batean zegoen salgai, Donostian. Azala gustatu zitzaidan eta, gainera, Irungo musikarien ekimena zenez, erostea erabaki nuen.

Julen Lekuona euskaltzale eta musikariaren hitzekin irekitzen da diskoa. Jarraian: Kuraia, Apurtu, Sagarroi, Skunk eta Apoa, Anti-Régimen, Fishotz Ruido, Izaera, Fermin Muguruza eta Xabi Strubell, L´ombre Raya, Oztopoka, Joxe Ripiau, Jeremiah Johnson, Baldin Bada, Minxoriak, Dut, Kortatu eta irakasleak. Gainera, bonus track gisa ageri da Afrikak edizio honetarako eginiko kanta ofiziala, Ni ere bai.

Musikari ezberdinen artean eginikoa denez, bariatua atera da diskoa: soinu gogorrak, festazaleak, lasaiak... Lasaiak? Zahartzen ari naizenez hauek dira nire atentzioa piztu dutenak.

Irunen ezaguna bada ere, Euskal Herrian ez hainbeste, Jeremiah Johnsonek eginiko kantua aipatu nahi dut hemen: Euskalduna naiz eta arraro nago. Negu Gorriak taldeak bere garaian eginiko euskalduntasunaren harrotasun aldarri hari, buelta eman dio kantautoreak.

Euskalduna naiz eta arraro nago

Etxetik ateratzen naizenean
kalean, INEMeko bulegoan
tabernan, diskotekan
eta leku guztietan...
Euskalduna naiz eta arraro nago
Parisen, Madrilen, Pernanbukon eta Donostian
Interneten, egunkarietan,
ETBn ta Euskadi Gaztean...
Euskalduna naiz eta arraro nago
Itsasoan, mendian,
euripean eta eguzkitan,
udaberrian, udazkenean,
udan eta negu gorrian...
Euskalduna naiz eta arraro nago...
Euskalduna ote naiz?
Euskalduna naiz eta arraro nago...

Realaren hurrengo presidentea Miguel...

Mikel Iturria 2005/05/24 07:30

Loturak taldeak zer egingo duen ikusteko badago ere, ez da izan behar oso abila hurrengo presidentearen izena Miguel izango dela jakiteko. Pasa den ostiralean aurkeztu zuen hautagaitza Miguel Santos agente ezagunak. Lehenago egin zuen agerraldia Denonerreala hautagaitzak, Miguel Fuentes jokalari ohia buru dela.

Fuentes buru dela esatea, gehitxo esatea da, aurkezpenean talde-lana aipatu baitzuen eibartarrak. Ez dirudi bera denik liderra, askoz hobeto moldatzen da paper horretan Iñaki Alaba, adibidez. Atzo esan zutenez, Jesus Mari Zamora arduratuko da kirol arloaz.

Orain arte aurkeztu direnen artean konfiantza gehien ematen didan taldea da Denonerreala (nahiz izena horrela idatzita ez zaidan batere gustatzen). Harritzen nau DVk hauen alde egiteak. Edo hori iruditu zait Santosen aurkezpenaren berri ematen duen notizia irakurri eta argazkiari erreparatuz gero: «Ser representante no es un inconveniente, es una suerte que la Real tenga mis conocimientos». Harroputz samarra horrelako adierazpenekin ateratzea. Argazkian, berriz, dantzarako prest ageri da Santos. Gipuzkoa Basket proiektua, bertako presidente da, Realean integratu nahi du

Taldekideen artean Karpin da esanguratsuena, nahiz eta oraindik errusiarrak ez duen baietzik eman. Gainera, Mardaras, Eibarreko presidente ohia; Juan Luis Larrea, Gipuzkoako Futbol Federazioaren presidentea; Bruesa enpresako kontseilari delegatua den Fernando Ramírez.

Garak kontatzen duena askoz ere neutroagoa da. Eta Berria ere berdintsu

Izen ikusgarriak botako ditu kanpainan zehar. Ilusioa piztuko dutenak. Nirea, ez.

Portzierto, euskarak jai du bi hauekin.

Sinadura: bost akzio dituen realzaleetako bat.

Josemi, beste gu

Mikel Iturria 2005/05/22 21:51

Maiatzaren 11n Josemiren mezua jaso nuen: "Bihar botako dute telebistan aurrekoan egin zidaten elkarrizketa. Pasa abisua besteei". Besteak Josemiren lankide ohiak ziren eta enkargua bete nuen. Dani Arizalak aurkezten duen Beste gu saioan bota zuten maiatzaren 12an elkarrizketa. Grabatu eta aurreko batean ikusi nuen.

Aurrekoan idatzi nuen hemen Kataluinan iaz sortu zen Altres andalusos taldeari buruz. Etxe erregionalen gune kontrolatuetatik kanpo zeuden jatorri andaluziarra duten ekintzaile batzuk sortutako taldea da. "Noizko beste andaluzak Euskal Herrian?" idatziz bukatu nuen.

Beno, ez dakit noiz sortuko den horrelako talde bat Euskal Herrian. Agian ez da inoiz sortuko, agian ez dugu behar. Hala ere, Andaluziako telebista autonomikoan botatzen duten Jesús Quinteroren antza du Beste gu saioak, otsailaren 3an ETB1n botatzen hasi ziren programa, ETB 1-ek azken boladan parrillan jarri duen programarik interesgarrienetakoa.

Josemi gurekin ibili zen lanean 2004ko abendura arte. KZguneko monitore gisa aritu zen. Oso tipo maitagarria eta baikorra (baikorregia zela zioen elkarrizketan). "Morro handia daukat" ere esan zuen, Danik alfer fama zuela esan zionean. Hau da, alferra etxeko lanak egiteko: aspaldian ez omen du ohea egin, adibidez. Badu espaloitik ibiltzeko hiru gurpildun motorra eta horrekin baduela erosketak egiterik, baina ez dituela egiten aitortu zuen.

Horrela esanda dena polita dela dirudi, baina ongi dakigu denok bizitza kabroia dela askotan. 1993an Josemi 23 urteko gazte arrunta zen, aurrera begirako planak egiten hasia zena. Halere, buruko tumorea antzeman zioten medikuek. Hilabete pasa zuen zaintza berezietako gelan gehi beste bi hilabete gela arrunt batean.

Etxera bueltatzerakoan dena zen ezberdin: ibiltzen ikasi behar izan zuen, hitz egiten ere bai. Pixkanaka egin zuen aurrera.

Nik 2003ko irailean ezagutu nuen, kultur etxera heldu nintzenean. 2004ko abenduan, esan bezala, bukatu zitzaion kontratua. Pare bat hilabetez egon da langabezian, baina duela gutxi hasi da lanean Gudat enpresan. Noizean behin badator bisita egitera.

Bide batez saioa asko gustatu zitzaidala esan behar dut. Dekoratu hori, ona da. Dani elkarrizketatzaile gisa irratian baino gehiago gustatu zitzaidan. Uste dut badakiela non dagoen muga eta ez duela gainditzen.

Josemik nahi baino gehiago kontatu zuen eta meritua Arizalarena da.

O Caminho de Santiago, Diários de Bicicleta

Mikel Iturria 2005/05/21 11:25

Ez, ez dut bizikleta hartu Santiago bidea egiteko asmoz, nahiz eta garai honetan hemendik alde egiteko gogo asko izan. Lagun batzuen bidez deskubritu dut hilaren 18an bi brasildar hasi direla bide hori egiten bizikletan. Kazetariak dira biak, José Ramalho eta Irineu Masiero. Eguneroko abenturak webgune batean kontatuko dituzte. Ezagun samarra omen da bikotea Brasilen eta mezu dezente jaso dute jada bidaia hasi besterik ez denean.

Nik ez ditut ezagutzen tipo hauek. Juliok eta Susanak bai, ordea. Eta hauek nire lagunak dira. Ramalho ezagutu zuten duela urtebete Sirian oporretan egon zirenean. Geroztik harremana mantendu dute internet bidez.

Brasildarrak Santiago bidea egiteko asmoz etorri dira, batez ere, baina laupabost egunetan zehar ibiliko dira On Kixoteren eremuetan, ibilbidean ikus daitekeenez.

Bidaiaren inpresioak, usainak eta sentsazioak, kontatuko dituzte egunero Grandes aventuras izeneko webgunean. Irineuk idatziko du eta Ramalhoren argazkiak sareratuko dituzte.

Maiatzaren 16an, iritsi ziren Hondarribia-Irun aldera. Brasildik atera zirenetik Hondarribira iritsi ziren arte (Madril-Hondarribia autoz) 30 ordu behar izan zituzten. Hurrengo egunean Donostian egon ziren.

Donibane Garazi-Orreaga etapa osatzeko eman zituzten lehenengo pedalkadak, maiatzaren 18an. Oraindik Euskal Herrian daude, zeren eta atzoko eguna Iruñean bukatu baitute.

Babesleak ditu bidai honek eta, gainera, egunero idatzitako ohar hauekin joango dira Brasilera ekainaren 12an. Ekaina-uztailean zehar ohar horiek zuzendu eta liburua ateratzeko asmoa dute irailerako edo.

Nola azalduko gara euskaldunak? Adibidez,

“Euskadi é o nome do país basco. Sua língua é o Euskera, um dialeto dificílimo e que somente alguns dominam. Nas placas da cidade (Irun), embora espanhola, exibe a informação em Euskera e logo abaixo em espanhol. É um povo que não aceita ser dominado, e faz tudo para demonstrar essa disposiçao”.

Nahi izanez gero utzi zuen mezuak hemen. Euskarazko mezuak nahi omen dituzte, gainera.

Atabal tabernak Santi izeneko anfitrioi aparta du

Mikel Iturria 2005/05/18 07:30

Bada taberna bat Amara Berrin Atabal izena duena. Sartzen zara eta zulo puta bat dirudi. Eskailera meheak jaitsi eta ke artean ibiliko zara. Hala ere, barraren alde bietan aurkituko duzu Santi eibartarra. 30 urte egingo ditu tabernari Donostian, bere hitzetan "rock & rollaren katedralean".

Maiatzaren 12an hasi egin zen Poltsiko Antzerkiaren XIV. jaialdia. Donostia Kulturak, kultur etxeek antolatzen duten programa honen bidez, formatu txikiko antzezlan eta kontzertuak hiriko tabernetara eramaten ditu.

Egun horretan abiatu zen zikloa Amaran Antzerkiola Imaginarioa talde bilbotarraren Kaputen Kanta musikalarekin. Antzerkiola, gainera, 13tik 15era izan da Egiako kultur etxean estreinatu berri duen Au revoir, triunfadoreak antzezlanarekin.

Ikusi behar zen Lipus ostegun gauean Santiren tabernarekin enamoratuta. Lotu dute gainera Ardoaz antzezlanaren emanaldi bat taberna horretan. Seguruenik ekainaren 2an egingo da. Espero dut inor ez haserretzea data hemen jartzeagatik. Martxa honetan Bilbotik Donostiara etorri beharko dute antzerkiolakoek.

Norbaitek esan zuen aurrekoan anfitrioi aparta dela Santi eta gustatu zitzaidan definizio hori. Guri kristoren erraztasunak ematen dizkigu lan egiteko orduan, ez du inolako pegarik jartzen, dena dago ondo, eskertzen du berataz akordatzea, taldeei esaten die etxean bezala daudela, ez dizu uzten trago bat pagatzen ("nire gorpuaren gainetik pasa beharko duzu"), ohiko bezeroei esaten die sartzeko barran eta ateratzeko 3 kaña aktoreentzako edo ez-dakit-norentzako, bera antzezlana ikusten edo beste batekin hitz egiten ari baita...

Horrelakoa da Santi. "Ni Ipuruakoa naiz eta aurten Eibar igoko da lehen mailara eta igotzen ez bagara ere, berdin du". Punk-rock talde piloaren afitxak daude eskegita haren tabernaren paretetan. Realaren eta Coruñako Deportivoren bi bandera ere bai, eta ez galdetu zergatik. Egunkarietako musika-agendak begiratuz gero, ikusiko duzu nola ostiral eta larunbatetan normalean emanaldiak dauden.

Iaz kontatu zidan bere ama hil egin zela eta hark utzitako diruarekin tabernan zenbait berrikuntza egingo zituela. Eta egin ditu zenbait gauza, bai. Hala ere, tabernak ez du galdu betiko toke hori, taberna bereziaren tokea.

Musika, bereziki, eta artea maite dituen pertsona bat dago zulo horretan. Beste donostiarrak egon badaude eta batzuk eibartarrak dira.

Blogak, plaza berriak

Mikel Iturria 2005/05/17 07:30

Pasa den astearte gauean, maiatzaren 10ean, jaso nuen Irutxuloko Hitza egunkariko Onintza Odriozola kazetariaren dei bat. Blogei buruz hitz egin nahi zuen nirekin. Donostiako blogariei buruzko artikulua egin gura omen zuen. Elkarrizketa telefonoz egin zidan asteazken eguerdian eta osteguneko zenbakiaren atzealdean agertu da.

Donostiako blogariak ea ezagutzen ote nituen galdetuta, ezetz esan nion. Euskal blogosferan ari diren zenbait blogari ezagutzen nituela, hori bai, baina blogari donostiarrik ez.

Ez dakit oso ondo adierazi ote nizkion gauzak kazetariari. Ordu laurdenez aritu ginen telefonoz eta ez dakit berak ez ote zuen ulertu blogari izateko komunitate batean egon beharra dagoela: ez, ez da beharrezkoa. Blogariak ez gara talde edo komunitate itxi batekoak. Kontrakoa esango nuke, gainera, plazara atera nahi dugun internautak gara eta besteen blogak irakurtzen ere makina denbora pasatzen dugu, inporta gabe zein sorotan dabiltzan.

Bloglines.com zer den saiatu nintzen adierazten. Ez da agertzen artikuluan: blogak jarraitzeko tresna da, norberak bere iturriak irakurtzeko. Hau da, gustuko ditudan blogetan arakatzen aritu ordez mezu berrien bila, Bloglines.com jario biltzailean emana dut izena eta bertan gustuko ditudan nire iturriak gehitu ditut. Publikoak dira iturri horiek eta hemen daude.

Ordenagailuan dut programa txiki bat eta berak abisatzen nau nik aukeratutako blogen artean ordu erdiro (edo orduro) blogari horiek notizia berriak kargatu ote dituzten. Norberak aukeratzen du gero mezu horiek irakurri edo ez irakurri, ezabatu edo beranduago kontsultatu.

Euskarazko blogosfera jarraitzeko tresna egokia da Aurki.com betikoan sortu berria den Jarioa.

Hirutxuloko Hitzako artikuluan beste bi blogari aipatzen ditu Onintzak: Xabier Mendiguren Elizegi eta Patxitrapero. Mendiguren editore eta idazle gisa da ezagunago, baina Trapero udaltzaina zela ez nekien. Hau bai elementoa!

Artikulua ezin da sarean aurkitu eta, beraz, nik kopiatuko dut hemen azpian.

Oharra: Honaino 19 aldiz aipatu dut blog hitza. Errekorra.

Beste ohar bat: blogari izateko ez da teknofilo izan behar. Bi adibide artikuluan: Mendiguren eta ni neu.

Blogak, plaza berriak

Blogak, norberak bere intereseko gaiez idazteko eta iritziak elkartrukatzeko aukera ematen dute

Blogak "plaza berriak" direla idatzi zuen Anjel Lertxundik Berrian. Mikel Iturria bat dator definizio horrekin. Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria da eta blog propioa du. Gertatzen zaizkion gauzez edota irakurri eta ikusi dituen kontuez idazten du bertan Iturriak.

Teknologia berriek dakarten tresna baliagarria da blogena. Informazioa nahi den unean web orri batean argitaratzekoa aukera eamten dute. "Bloga medio bat da, esan edo idatzi nahi dizuna Interneten jartzeko. Bakoitzak erabilera propioa ematen dio tresna horri, norberak bere kontuez hitz egiten du", azaldu dio Iturriak IRUTXULOKO HITZAri.

"Plaza berriak". Izan ere, beste blogariekin harremanetan egoteko guneak dira, honetaz eta hartaz hitz egiteko txokoak. Iturriaren hitzetan, blogaren bidez gizartean sentitzen da bera, munduan; plaza batean.

Gipuzkoan euskarazko bi blog komuninate aipatu dizkigu: 2004ko uztailean zuten eibar.org eta aurtengo otsailean jaio berri den goiena.net. EHUk eta Deustuko Unibertsitateak ere badituzte ikasleek osatutako blog komunitateak. Euskal blogosfera oso berria dela nabarmendu du Iturriak.

Xabier Mendiguren Elizegik, beasaindarra den arren, Donostian egiten du lan azken 17 urteotan. "Filologoa da formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz"; horrela aurkezten du bere burua Egunen harian berak eginiko blogean.

Ia egunero idazten du Mendigurenek ere. Teknologia berrietan "ezgauza" dela dioen arren, etengabe berritzen du Interneteko bere txokoa. Literaturaz, zinemaz, eguneroko lanaz edota gertakariez idazten du; norberaren bizitzarekin lotura egiten saiatzen da beti. "Pertsona garen neurrian interesatzen zaizkigun kontuez hitz egiten dut", esan dio IRUTXULOKO HITZAri.

Euskarazko blogetaz galdetuta, aukera polita dagoela esan digu Mendigurenek. "Aukera mordoxka dago. Batzuk oso gomendagarriak dira, politak, biziak eta interesgarriak", azaldu du. Patxitraperoren bloga aipatu digu adibide gisa. Aisialdian irudimena eta umorea Interneteko Patxitrapero blogean husten duen udaltzaina da Patxi.

Literatura, zinema, eguneroko bitxikeriak... Donostiak ere badu tokirik gune horietan. Bidaiarien blogetan agertzen da batez ere.

Berria da euskal blogosfera, baina zabalduz doa. Blogariek esan digutenez, teknofiloa izan gabe ere, oso erraza da blogak maneiatu eta erabiltzea. Beraz, esateko zerbait duen edonor ausartu daiteke blog hauetako batekin.

Gutarrak irabazi du

Mikel Iturria 2005/05/15 11:24

Gaur goizean pantailaren aurrean jarri naiz. Korreo elektronikoa jaso eta bloglines.com-eko harpidetzak begiratu ditut gainetik. Berria begiratu dut gero eta ikusi dut Koldo Gilek irabazi zuela atzoko etapa Giroan.

"Helmugatik gertu harrapatu zuten bigarrenean, baina atzo, beste bietan izkin egin zion zortea aldeko eduki zuen. 2000. urtera arte egin behar da atzera Giroan azkenekoz euskaldun batek besoak garaile noiz altxatu zituen bilatzeko".

Ea zer dioen Diario Vascok, seguru ere gutarra dela adieraziko duela. Ez naiz oker ibili

"Koldo Gil, del Liberty Seguros, logró la primera victoria española en la actual edición del Giro de Italia" dio. Eta aurretik "El navarro logró un gran triunfo tras marcharse en solitario en el último puerto".

Hau gurea da, bestea ere bai. Espainola, euskalduna, nafarra, auskalo nongoa.

Gaurkoa anekdota hutsa da. Askotan gertatzen da gure inguruko komunikabideetan. Garai batean, hasi berria zenean, Miguel Indurain Mikel zen, inkluso DVrentzat.

Hau dena erraz konpontzen da: kirolari hauei galdetuta ea euskaldun diren, espainol diren edo zer letxe diren.

Galdera: gai izango ginateke Koldo Gilek esan "ni nafarra naiz, ez euskalduna" eta berdin txalotzeko haren garaipenak?

Erantzuna: ez, seguru ezetz.

Garai hori iritsi bitartean, denona izango da garaipena.

Zorionak, Koldo Gil txirrindulariari, dena dela.

Catalunya (VI): Comissió de la dignitat

Mikel Iturria 2005/05/14 13:30

Apirilaren 23an Catalunyan Sant Jordi eguna ospatzen zen bitartean, Toni Strubell, Comissió de la Dignitat (CD) elkarteko bozeramailea, Villalar herrian egon zen. Izquierda Castellana alderdiak gonbidatu zuen Gaztela Herriaren eguna ospatzeko egin zen ekitaldira. Strubell-ek Salamancako paperak izeneko auzian izan duten jarrera eskertu nahi zien. Errenterian bizi da Strubell eta El Punt egunkariarentzat egiten du lan Euskal Herrian.

Ni bezala urruti samarretik Salamancako paperen auzia jarraitu duzuenontzat, laburpen txiki bat:

  • Guda zibila amaitu ondoren, 1939ko ekaina-uztailean eraman zituzten Salamancara Catalunyako erakunde, elkarte eta alderdiei harrapatutako paper mordoa.
  • Ez dakit zehatz-mehatz noiztik datorren paper hauek itzularazteko borroka, baina PSOE lehenengo aldiz boterera iritsi zenean egon ziren zenbait saiakera.
  • 1995ean, Kultura Ministerioan Carmen Alborch zegoenean, manifestazio jendetsua egin zen Salamancan paper horiek ez itzultzeko eskatuz. Alkate sozialista zuen hiri gaztelarrak, portzierto.
  • PPko gobernua gai hau hozten saiatu zen, baina kontrako ondorioa lortu zuen Catalunyan. Pilar Del Castilloren garaian sortu zen Comissió de la Dignitat. Besteak beste, Paul Preston, Mario Soares, Francesco Cossiga, Noam Chomsky, Adolfo Pérez Esquivel eta Rigoberta Menchú jaun-andreen babesa lortu zuen 2002ko otsailean. Gainera, Bartzelonan ere egin ziren manifestazioak.
  • 2004ko ekainean, sozialisten garai berri honetan, Adituen batzordea sortu zen. 2004ko abenduan eginiko diktamenean Catalunya aldetik eginiko eskaerak zuzenak eta legitimoak zirela erabaki zuen.
  • 2005eko apirilean hartu du Espainiako Ministro Kontseiluak paperak itzultzeko erabakia.

Eta pozez hartu dute erabaki hori Catalunyan. Gauzak horrela, Toni Strubell Villalar herrian egon zen eta han irakurri zuen eskerrak emateko diskurtso hau. Gustatu zait bertan irakurri dudana, baina gehien gustatu zaidana tonua izan da.

Sarean egon naiz begiratzen zeintzuk diren bueltan etorriko diren dokumentu eta agiri horiek. Ez omen dago garbi. Hala ere, Enric Borràs CD taldeko kide ohiaren testu luze hau topatu dut. Artikuluan ezkor ageri da eta ederki astintzen ditu bai Comissió-a bai ERC alderdia.

Egia esateko oihartzun gutxi izan du jarrera honek sarean, bere anaia Xavierren blogean izan ezik.

Apenas ezagutzen dudan Strubell, baina estimatzen dut asko. Hurrengo batean ikusteko aukera izanez gero, galdetuko diot zertan den auzi hau.

Hona hemen kontutan hartzeko zenbait lotura:

Itxuraz hau da erakundearen webgunea

Volem papers adierazpena

Elkartearen helburuak

2003ko otsailean bete zuen lehen urtea batzordeak

Los archivos que Franco expolió de Catalunya liburua

2004ko urrian aurkeztu zen Volem els papers liburua

2005eko apirilaren 12an Strubell-ek eta Cruanyes-ek sinaturiko artikulua

2005eko apirilaren 15ean Bartzelonan eginiko ekitaldia yahoon eta Telenoticies-en

2005eko apirilaren 23an Gaztela Herriaren Eguna ospatzera gonbidatu zituztenekoa

10 udalen paperak ez dira itzuliko

Catalunya (V) Oleguer Presas

Mikel Iturria 2005/05/12 08:15

Futbola jarraitzen ez duzuenok ez duzue jakingo nor den. Futbola jarraitzen dugunok, badakigu Oleguer izeneko atzelaria dagoela Bartzelonaren plantillan. Bera da gaur aipatu nahi dudana. Zergatik? Jokalari gutxik hitz egiten dutelako berak bezain argi eta garbi.

Atzo jokatu zen Athletic-Betis norgehiagoka. Kopako finalaren atarian bueltako partida jokatu zen San Mamesen atzo. Sentitzen dut athleticzaleengatik, baina gaur enteratu naiz penaltietan geratu direla kanpoan. Betis bidegurutzean beste behin.

Futbolari gehienek "partidak 90 minutu irauten ditu", "beste taldeak ere jokatzen du", "oso kontrario arriskutsua da"... Jarrai dezakegu ez dakit zenbat esaldi osatzen. Hori bai, beti dago batere graziarik ez duten txorakeriak esateko prest dagoen norbait. Adibidez, Roberto Carlos.

Oleguer Presas Bartzelona futbol taldearen harrobiko jokalaria da. Apirilaren 24an sartutako golari esker atera zuen aurrera norgehiagoka talde katalanak. Ondoren emaniko prentsaurrekoan gol hori Sabadell herriko 14 urteko mutil bati eskaini zion. Gazte hau atxilotu eta salatu zuen Udalak alkatearen kontrako pegatina batzuk jartzeagatik.

Ordint la trama aldizkariak apirilaren 27an jaso zuen jokalariari eginiko elkarrizketa bat.

Parrafo bakarra aterako dut:

"És una mostra més de la política seguida pel consistori en els últims anys, una política de circ, més que de ciutat. No és la primera vegada que el regidor assumeix el paper de víctima quan realment les víctimes som els ciutadans que patim la seva incompetència a l’hora de gestionar la policia municipal. L’últim exemple és el d’aquest nano de 14 anys".

Atzoko El Mundok, berriz, NBAn jokalari onenaren saria jaso duen beste jokalari baten izena aipatzen zuen: Steve Nash Manifestu komunista irakurtzen ari omen zen berriki Che Guevararen bizitza hobeto ulertzeko.

Ametsetan ari ote naiz?

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter