Foroa baino forroa
Igande arratsaldean DFoto izeneko Bideo-artearen eta Argazki Garaikidearen Nazioarteko Azokaren 3. ediziora joan nintzen. Kursaaleko kuboetan egiten den azoka da hau eta COFF fundazioak antolatzen du.
Gutxi dut esateko. Lehenengo aldiz egon nintzen feria horretan eta lekuz kanpo ikusi nuen nire burua. Interesgarria izango dela ziur nago, baina Ismael Manterola aditua ere aspertu egin zela irakurri dugu gaur.
Ostiraleko funtsa, dena den, hiriaren beste tenplu hiper-modernoan zegoen ekitaldia zen. Iban Zaldua idazleak etxean aurkezten zuen Mentiras, mentiras, mentiras liburua. 2000an argitaratutako ipuin haiek itzuli ditu Ibanek eta Lengua de Trapo argitaletxeak publikatu ditu orain.
Kasualitateak nahi izan du aurreko su-etenean idatzitako ipuin ausart haiek su-eten iraunkorraren garai honetan gazteleraz irakurtzeko aukera egotea.
Luxuzko bi aurkezle izan zituen Ibanen liburuak: Pedro Ugarte eta Juan Garzia egon ziren ring-ean.
Ring-a zergatik? Borroka egoten delako FNACen Forumean. Tokia zabaldu berritan, Jabier Muguruzaren "Abenduak 29" diskoaren aurkezpena egiteko emandako kontzertu laburrera joan nintzen. Pasa den urteko urrian izan zen hori eta orduan ez nintzen gustura geratu. Harritu ere egin nintzen tokia nolakoa zen ikusita.
Toki deserosoa zena okerragoa da egun: foroa eta kafetegia banatzeko gortina beltza jarri baitute. Batek esan zuen bezala "forro de los cojones". Honela ekitaldira joan direnek sufritu behar dute estalkiaren beste aldean kafetegiko bezeroek horrelako tokietan ohiko diren zalapartak armatzea.
FNACek jakingo du zer nahi duen. Bertan zer edo zer aurkeztu nahi duenak, edo aurkezpenera joan nahi duenak, jakinaren gainean egon dadila. Ring batean sartuko dira.